Mikeldiko idoloa
| Mikeldiko idoloa | |
|---|---|
| Jatorria | |
| Aurkikuntza lekua | Durango eta Mikeldi baseliza |
| Ezaugarriak | |
| Materiala(k) | hareharria |
| Dimentsioak | 1,64 ( |
| Pisua | 1.560 kilogramo |
| Deskribapena | |
| Honen parte da | Euskal Herriko historia 100 objektutan |
| Kokapena | |
| Lekua | Euskal Museo Arkeologikoa, Etnografikoa eta Historikoa |
| Inbentarioa | 205 |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Herria | Bilbo |
| Koordenatuak | 43°10′27″N 2°37′59″W / 43.17405558°N 2.63296345°W |
![]() | |
Mikeldiko idoloa 1864an Durangoko (Bizkaia) Mikeldiko baselizan topaturiko eskultura zoomorfoa da. Hanken artean disko bat duen txerri arra (aketza) edo zezena da.[1] Ezezaguna da noiz egina den; adituen artean, gaur egungo teoria onartuena da II. Burdin Arokoa dela, K.a. V. eta I. mendeen artekoa.[2][3] Betoien gizataldeak eginiko aketz eskulturen antzekoa da,[4] nahiz eta beste aketz horiek diskorik ez eduki. Euskal Herrian ez da halako besterik aurkitu, baina betoiak bizi izan ziren lurretan, Iberiar goi-lautadan, ohikoagoak dira.[5]
Egun, Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan dago.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikeldiko idoloaren etimologia ez da guztiz argia. XI. mendean, gutxi gora behera, baseliza bat eraiki zen haren ondoan: Mikeldiko baseliza, San Bizenteri eskainia. Lehen dokumentuetan Biçenty, Miquendi edo Miçente gisa agertzen da (gogoan izan bedi Bizente santu izenaren aldaera bat, euskaraz, Bikendi[6] dela).[7]
Durango eta Iurreta artean, bazegoen Arrandia (Harri Handia) izeneko leku bat, akaso eskultura honi erreferentzia egiten ziona.[7]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskultura harearrizkoa da, bloke bakarrean egina dago eta animali baten forma eskematikoa erakusten du, aketz batena, ziurrenik. Animaliaren hanken artean eta sabelaren azpian disko bat dago txertatuta. Bizkarrean eta eskuineko alboan zulaketa batzuk ditu, "kaxolatxoak", ugariak antzeko eskulturetan. Zulaketa horiei esanahi magiko/erlijiosoa eman ohi zaie.[8] Gaur egun 1,64 metroko altuera du, eta oinarriak 34 zentimetro ditu zabaleran.[7] Gonzalo de Otaloraren XVII. mendeko deskribapenak iradokitzen du idazkun markak zituela, baina haien arrastorik ez dago ondorengo azterketetan.[3]
Burdin Aroaren bigarren zatikoa dela uste da, K.a. V. eta I. mendeen artekoa, eta Iberiar goi-lautadan zehar aurkitu diren beste eskultura zoomorfo batzuekin lotu da, aketz zeltiberikoekin. Gaur egun Zamora, Salamanca, Ávila, Segovia, Cáceres, Toledo, Ourense eta Pontevedran aurki daitezke halakoak, bai eta Portugalgo Trás-os-Montes eta Beira Alta eskualdeetan ere. Eremu horretatik kanpo aurkitutako bakarrak Mikeldiko idoloa eta Tortosan aurkitutako beste bat dira. Mikeldikoa da bakarra disko bat duena hankartean.[8]
Konparaziorako, ezkerrean Mikeldiko idoloa eta eskuinean aketz zeltiberiko tipiko bat, Lumbrales herrikoa, Burro de la Barrera esaten diotena («Hesiko astoa»).
| ||
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen aipamenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1634n, Gonzalo de Otalorak aipatzen du eskultura honen existentzia, Micrología geográfica, del asiento de la noble Merindad de Durango, por Ambito, y Circunferencia liburuan:[9][7]
| « | ...ikusgarrienak Mikeldi izeneko Durango herriko ermita batean daudenak dira; bertan dago eta ikus daiteke harri handi bat, munstro formaz zein tamainaz, Abbada edo Errrinozero itxurakoa, globo eskerga du hanka artean, eta globoan landuta, karaktere bikainak eta ulertezinak eta, bukatzeko, galburu bat lurrean sartuta. Haize agerian dago (higatuta egotearen arrazoia). Ez dago berari buruzko oroitzapenik, baina antzinako idolotzat jotzen da. | » |
Errinozero edo portugesezko abbaba neologismoa erabiltzea bitxia da, izan ere animalia hori guztiz ezezaguna zen bizkaitar gehienentzat. Baliteke Albrecht Dürerren errinozeroaren irudi famatuan, edo Otaloraren familiak gortearekin zuen harremana zela-eta Javatik Portugalera etorritako 1584ko errinozero emea ikusi zuelako egitea erreferentzia hori.[7]
Hala ere, ez da hori lehen aipamena, nahiz eta ezagunena izan. Tabirako udalak bere armarria aldatu zuen, eta azpialdean globo bat zuen zezen bat ezarri zuten. 1623an egindako akta batean jasotzen da armarritik irudi hori kentzeko eztabaida, 24 bat urte lehenago armarri tradizionala aldatu baitzuten.[7]
Jatorriaren gaineko eztabaida politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enrique Flórezek Mikeldiko idoloa erabili zuen eusko-kantabrismoaren aurka ekiteko, argudiatuz idoloa afrikar jatorrikoa zela, kartagotarrek egiten zituzten elefanteak zirela eta, beraz, afrikarrak sartu baziren, erromatarrak ere erraz sartuko zirela euskal lurretan.[9] Horrek eztabaida piztu zuen adituen artean, modu horretan Mikeldiko idoloa eusko-kantabrismoaren eta foruzaletasunaren arloetako gatazkei lotu baitzitzaien. 1779an, Hipólito de Ozaetak, ziurrenik Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen iritziarekin bat, Cantabria vindicada y demostrada según la extensión que tuvo en diferentes tiempos liburuan idatzi zuen Mikeldiko idoloa armarri baten hasiera baino ez zela, eta, ziurrenik, Erdi Arokoa edo Aro Modernokoa. Horrela, Florezek proposatutako erromatar edo kartagotar jatorriari aurka egin zion.[9].
Astarloak 1785ean adierazi zuen eskultura naturalki sortua izan zela; Iturrizak, 1787an, Mikeldiko baselizaren mugarri bat baino ez zela; eta Truebak, 1864an, Erdi Aroan egin ohi ziren eskultura arraroetako bat zela.[9]
1864an, Juan Ernesto Delmasek idoloa berraurkitu zuen, eta modu duinean birkokatu nahi izan zuen; baina lursailen jabea zen Saturdina Isusik, berriro lurperatzera behartu zuen, pentsatuz kartagotarrek egintzat jotzen zuen eskultura hori bistan izatea idolatria zela.[9]:
| « | Mikeldiren eskultura zegoen etxaldearen jabeak oso gaizki hartu zuen harria aurkitzea, berriro leku berean lurperatzeko eskatzen zuen, eta Durangoko hiribilduarentzat lotsagarrizko marka bat zela suposatuz txiki-txiki egin izanaz kexatzen zen. Jokabide bitxi hori eta pentsamolde zentzugabe hori oso gaizki ulertutako abertzaletasunaren seme-alabak ziren; andere gaizki aholkatu hark uste zuen Delmas jaunak eta biok aita Flórezek bezala sostengatuko genuela kartagotarrak Durangora joanak zirela idolatriarako tenpluak eraikitzera. | » |
Arkeologia garaikidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Gerra Karlista amaituta, Mikeldiaren eta foruzaletasunaren arteko harremana desagertzen joan zen. Foruen amaiera Hego Euskal Herrian iritsi zenean, belaunaldi berriek ez zuten ikusi Mikeldiko idoloak mehatxu egiten zienik. Gutxi batzuek mantendu zuten kartagotar eskulturarena, baina arkeologo eta historialari gehienek Burdin Aroko piezatzat zuten, ziurrenik hilobi bat markatzeko egindakoa. 1896an, San Bizente ermitaren ondoan dagoen etxearen ondoan jarri zuten[9].
1920an, Bilboko arkeologia museoko zuzendariak, Jesús Larreak, lurren jabearen baimena lortu zuen idoloa museora eramateko, eta Durangon haren erreplika bat utzi zuen. José Patricio Ortueta Sagastagoia eta Justo Larrañaga Agirre industrialari durangarrek egin zuten, Federico Belaustegigoitia Landaluze idazlearen gestioen ondoren, eta 1921etik dago ikusgai Museoaren klaustroaren erdian[10].
1969ko irailaren 23an, idoloaren jabea den Mikeldi S.A. enpresak (Larrañaga, Ortueta eta Cía. errematxeak, torlojuak eta azkoinak fabrikatzen dituen enpresa) Aldundiari adierazi zioten gustura ikusiko luketela pieza Durangora transferitzea. Enpresa horrek berak Mikeldiko baseliza suntsitu zuen 1950ean, enpresaren egiturak handitzeko.[11]
2016ko apirilaren 19an, Durangoko Udalak Bilboko arkeologia museoarekin elkarrizketak hastea erabaki zuen, herrira eramateko.[12]
Durangoko kopia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durangon dagoen idoloaren kopia gaur egun Mikeldi kalean dago, jatorrizkoa aurkitu zen lekuaren ondoan. Lehenago Ezkurdiko plazan zegoen[13]. Durangoko udalak originala herrian izan nahi du, eta horretarako epaitegietara ere jo dute[14].
2023an Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak Mikeldi idoloaren egurrezko eskultura handia sortu zuen eta Durangoko Madalenoste plazan kokatuta zuen lau metro garai eta sei metro luze den artelana. Industria-enpresek emandako egurrezko paletekin egin zuten, hots, enpresek behar ez zuten materiala birziklatuz.[15]
Kultura-eragin modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikeldiko idoloaren eragina igarri da euskal historiografian eta kulturan XIX. mendetik. Haren eraginez, Mikeldi gizonezko izen bat bilakatu da euskaraz; Bilboko Zinebi zinemaldiko sarien izena ere bada (sari oroigarriak idoloaren irudia erreplikatzen duelarik); eta XIX. mendeko konposizio musikal batek ere Mikeldiko Idorua izena du,[16] non idolo hitzaren euskaratze etimologiko bat ere igartzen den, idoro aditzaren partizipio bat bailitzan, Mikeldiko aurkikuntza nolabait.[17]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Jatorrizko testua, gaztelaniaz: «[...] Ay antigüedades notables, y las más en las lomas y altos : las más vistas son en una Ermita de la villa de Durango llamada Miqueldi, se halla, y se vee una gran piedra, así monstruosa en la forma, como en el tamaño, cuya hechura es una Abbada, o Reinoceronte, con un globo grandísimo entre los pies y en el tallados caracteres notables, y no entendidos, y por remate una espiga dentro de tierra, donde está eminente de más de dos varas : está en campo raso (causa de mostrarse deslavado) no se tiene memoria del, si bien corre por ídolo antiguo»
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ortíz-Osés, Andrés. (2007). Los mitos vascos: aproximación hermenéutica. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 86 or. ISBN 978-84-9830-683-5..
- ↑ Aranbarri, Marta. (2010-4-8). «El ídolo regresa a Mikeldi» El Correo.
- ↑ a b Mikeldiko Idoloa. Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa.
- ↑ (Gaztelaniaz) Nortes Nolasco, Andrés. (2009-11-06). «El toro y el espacio vetón: el proceso de labra en granito de un "verraco" y su revisión deconstructiva» eprints.ucm.es (Universidad Complutense de Madrid, Servicio de Publicaciones) (kontsulta data: 2025-07-16).
- ↑ Irazabal Agirre, Jon. (D.L. 2012). Duranguesado : breve historia. Gerediaga Elkartea ISBN 84-940017-3-6. PMC 851346242. (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ (PDF) Santutegiko izen ohikoenak. Euskaltzaindia.
- ↑ a b c d e f Valdés, Luis; Arenal, Isabel; Almagro Gorbea, Martín; Aldecoa Ruiz, Arturo Ignacio. (2022). Luminoso ídolo oscuro: Miqueldi, historia y significado. Fundación Popular de Estudios Vascos = Fundazio Popularra ISBN 978-84-09-44587-5. (kontsulta data: 2025-07-16).
- ↑ a b «Idolo de Mikeldi (Prospecto Esp/Eus).qxd» webcache.googleusercontent.com (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ a b c d e f Fernández, Fernando; Portilla, Miguel Unzueta. (2013). «El misterio de Mikeldi» Astola: ikerketa eta historia (7): 132–143. ISSN 1888-234X. (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ «El Museo Vasco de Bilbao rectifica y clarifica que no recibió el ídolo de Mikeldi como donación, sino como "depósito"» Mugalari Kultura 2017-09-02 (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ Moreno, Amaia Basterretxea. (1992). «Intervención arqueológica en la ermita de San Vicente de Mikeldi en Durango (Bizkaia)» Kobie. Paleoantropología (20): 141–155. ISSN 0214-7971. (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ «EL MUSEO DE BILBAO FALTABA A LA VERDAD · Los propietarios del Mikeldi requirieron en 1969 a Diputación el ídolo para cederlo al Ayuntamiento de Durango» Mugalari Kultura 2016-04-23 (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ «Mikeldiko idoloaren kopiak kokaleku berria du, izen bereko kalean - Durango» Anboto.org (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ «Mikeldiko Idoloa Durangora ekartzeko epaitegietara joatea aztertuko du udalak - Durango» Anboto.org (kontsulta data: 2022-11-26).
- ↑ «[ARGAZKI GALERIA Mikeldi erraldoia inauguratu dute Durangon - Durango»] Anboto.org (kontsulta data: 2024-01-03).
- ↑ «Euskal kantutegia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2022-11-30).
- ↑ Amatiño. «Mikeldiko idorua» eibar.org (kontsulta data: 2022-11-30).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz):[1] Arturo Aldekoaren Mikeldi idoloari buruzko artikulua Euskonews agerkari digitalean, 777.zk. 2023-02-15 / 2023-04-12.
