Mikrofiru

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aktinazko mikrofiruak zelula baten barnean.

Mikrofiruak Zelula eukariotoetako zitoeskeletoaren osagaiak dira eta aktina izeneko proteinaz eratuta daude. Zelularen periferian kokatzen dira eta zelula mintzaren puntu espezifikoetatik sintetizatzen dira. Zelularen itxura eta mugimenduaren erantzuleak dira.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

G-aktina proteina globularra bada ere, polimerizatzerakoan hariak eratzen ditu (F-aktina). Aktinazko bi hari elkar kiribiltzen dira eta 7 nm-tako firuak eratzen dituzte. 166º biratzen dute hariek, itxura helikoidala emanez[1]. Firuaren alde positiboa haritsua da eta mutur negatiboa puntan amaitzen da. Firua mutur negatibotik hamar aldiz azkarrago hazten da puntadun muturretik baino[2]. Firu hauekin sarea eratzen da eta tarteka firuen muturrekin multzoak eratzen dira. Aktinari lotzen zaizkion proteinek eratzen dituzte nodulu hauek. Aktinazko mikrofiru hauek erregulatzeko lanetan beste hainbat proteinek hartzen dute parte: proteina motorrak, seberinak, adarkatze-proteinak, polimerizazio promotoreak, txano-proteinak...

Antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goian: zelula mintza eta aktinazko mikrofirua.
Azpian: mikrofiruen funtzioak.
- Mugimendu ameboideoa
- Korronte zitoplasmatikoak
- Zitozinesia
- Muskulu-uzkurdura.

Mikrofiruak zelula mintzaren alde zitoplasmatikoan kokatzen dira eta aktinari loturiko proteinek (ARP2 eta ARP3) transmitituriko seinaleei erantzunez bertatik polimerizazio bidez luzatu edo laburtu egiten dira. Erantzuna azkarra izaten da.

Luzapen dinamikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora tarte baterako agertzen diren tamaina aldaketak dira, zelulari mugimendua ematea helburu dutenak. Lamelipodioak (lamina itxurakoak) edo filopodioak (hari itxurakoak) izan daitezke. Eremu basalean desplazatzen diren zelula epitelialetan zelula mintza proiektatzen da lamelipodioak eratuz eta hauetatik filopodioak luzatzen dira. Filopodio hauek ingurua aztertzen dute eta horren arabera zelulak aurrera jarraitzen duen edo ez erabakitzen du[3].

Mikrofiruen luzapen dinamikoaren beste adibide bat eraztun uzkurkorra da. Zelula zatiketaren amaieran agertzen da eta zitozinesia burutzen du[2].

Luzapen iraunkorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora luzean mantentzen diren firuak dira. Hauen adibide dira barne belarriko zelulen estereozilioak eta gihar ehunetako aktina eta miosina zuntzak. Gihar ehunetako mikrofiruei miofiru izena ematen zaie[2].

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelularen uzkurpen eta mugimendu mota guztietan parte hartzen dute. Horretarako, miosinarekin lan egiten dute, izan ere miosinari ezagutzen zaion funtzio bakarra, aktinaren presentzian indar mekanikoa sortaraztea da.

Landare zeluletan korronte zitoplasmatikoak eragiten ditu. Horren bidez elikagaiak eta hondakinak zelulako alde guztietara sakabanatzen dira. Organuluei ere lotzen zaizkie mikrofiruak lekuz aldatzeko[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George Engelmann botanikari estatubatuarrak 1879. urtean aipatu zuen landare zeluletako korronte zitoplasmatikoak eta protozooen mugimendu amebideek muskulu uzkurduraren iytxura zutela, askoz sinpleagoak baziren ere. 1930. hamarkadan Albert Szent-Györgyi hungariarrak egiturazko proteinak aztertu zituen eta mikrofiruen inguruko aurkikuntza ugari egin zituen[4]. 1942. urtean aktina isolatu zen eta zelula batek dituen proteinen %20a osatzen duela ikusi zen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Cooper, Geoffrey M.. (2000). «Structure and Organization of Actin Filaments» The Cell: A Molecular Approach. 2nd edition . Noiz kontsultatua: 2020-02-08.
  2. a b c d (Ingelesez) Editors, B. D.. (2017-04-14). «Microfilament» Biology Dictionary . Noiz kontsultatua: 2020-02-08.
  3. Gunning PW, Ghoshdastider U, Whitaker S, Popp D, Robinson RC. (2015). The evolution of compositionally and functionally distinct actin filaments. Journal of Cell Science. 128 (11): 2009–19..
  4. (Ingelesez) Wayne, Randy O.. (2009-09-15). Plant Cell Biology: From Astronomy to Zoology. Academic Press ISBN 978-0-08-092127-3 . Noiz kontsultatua: 2020-02-08.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]