Mimosa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mimosa
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFabales
FamiliaFabaceae
LeinuaAcacieae
GeneroaAcacia
Espeziea Acacia dealbata
Banaketa mapa

Mimosa (Acacia dealbata) Acacia generoko zuhaitz espezie bat da, jatorria Australia hego-ekialdean (Hegoaldeko Gales Berria, Victoria, Tasmania eta Australiako Hiriburuaren Lurraldean) duena. Ez da nahastu behar Mimosa generoarekin.

Izen generikoa, Acacia, grezierazko akantha terminotik eratorria da, eta arantza esan nahi du; izan ere, akazia espezie askok arantzak dituzte. Izen espezifikoak, dealbata hitzak, zurixka esan nahi du, eta zuhaitzaren tonuari egiten dio erreferentzia. Mimosa izena mimo izenetik eratorria da, eta landarearen sentikortasuna adierazten du: argiaren arabera itxuraz aldatzen da, eta ukitu bat nabaritu (nahiz eta arin-arina izan), eta mugimendu ­azkarrez erantzuten du, folioloak uzkurtuz.

Ezaugarriak

Azkar hazten den hosto iraunkorreko zuhaitza da mimosa. 10 m garai izan daiteke, eta adaburua irregularra du.

Zurtoina – Azala

Zurtoinaren azala leuna, grisaxka eta zartatua da.

Hostoak

Bipinatuak, txandakatuak eta handiak dira mimosaren hostoak; eta folioloak (hostoxkak), luma itxurakoak, obalak eta berde-urdinxkak.

Loreak

Lore mordoak.

Urtarriletik martxora bitartean loratzen da mimosa. Loreak horiak eta usaintsuak dira, eta kapitulu ugariz osatutako panikulatan ageri dira.

Fruituak

Fruituak leka-motakoak dira, zapalak eta marroiak,10 cm-koak, eta uztailetik irailera heltzen dira.

Habitata

Jatorriz australiarra den arren, oso arrunta da parkeetan mundu osoan. Euskal Herrian ondo moldatuta dago kostaldeko klima epelean. Hain ondo moldatzen da, non edonon sor daitekeen, eta kimu asko eman.

Erabilera

Lorategietan erabiltzen da, apaingarri gisa.

Lekadun guztiek bezala, rhizobium izeneko bakterioak ditu mimosak sustraietan; aireko nitrogenoa konposatu nitrogenatua bihurtzen dute bakterio horiek, eta, horrela, ongarritu egiten da landarea. Beraz, oso aproposak dira lekadun guztiak lurzoruak ongarritzeko.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mimosa Aldatu lotura Wikidatan