2012ko martxoko Frantziako tiroketak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mohammed Merah» orritik birbideratua)
2012ko martxoko Frantziako tiroketak
Atentatuak izan ziren hiriak eta atentatuak burutu ondoren ezarri zen alerta bereziko egoeraren eremua.
LekuaMontauban eta Tolosa Okzitania (Frantzia)
Data2012ko martxoaren 11-19
Eraso motaAtentatu terrorista
ArmakPistola erdiautomatikoak
Heriotzak8
Zaurituak5
EgileaMohammed Merah

2012ko martxoko Frantziako tiroketak 2012 urteko martxoan Okzitaniako Tolosa eta Montauban hirietan Mohammed Merah gazteak frantziar militar zenbaiten eta judu eskola bateko irakasle eta ikasleen aurka tiroz burutu zituen hilketa jihadista izan ziren, segurtasun-indarren tiroz Merahren hilketaz amaitu zirenak. Lehen tiroketa martxoaren 11an izan zen, Mohammed Merah frantziar sarjentu parakaidista bat erail zuenean. Martxoaren 15ean hiru frantziar militar tirokatu zituen; orduan, horietatik bi hilik eta bat larriki zaurituta suertatu ziren. Martxoaren 19an judutar eskola baten aurrean bertako irakasle bat eta hiru haur hil zituen tiroz eta gazte bat larriki zaurituta utzi. Bereziki azken eraso honen ondoren, polizia operazio zabala garatu zen hiltzailea identifikatu eta atxilotzeko.

Martxoaren 21ean Mohammed Merah Tolosako bere etxean inguratu eta atxilotzeko operazioa hasi zen, gaztearen eta polizien arteko tiroketa baten ondoren, poliziak 30 ordutik gorako setioa egin zuen gaztearen etxe inguruetan. Setioa fratziar poliziaren elite talde batek eraso egin eta Mohammed Merah gaztea tiroz hil zutenean amaitu zen martxoaren 22an.

Hilketek erreakzio eta eztabaida biziak sortu zituzten presidentziarako hauteskunde kanpainan murgildurik zegoen Frantzian. Lehenik, hiltzailea identifikatu aurretik egindako espekulazioak sortu ziren, non hipotesi zenbaiten arabera atentatuak eskuin-muturrarekin lotu behar ziren; bigarrenik, Mohammed Merah identifikatzean, Frantziako segurtasun-indarrek gaztearen informazio susmagarri zehatzak izan arren, hilketak egin aurretik nolatan ez zuten kontrolatu eta bereziki lehenengo hilketaren ondoren berehala zergatik ez zuten atxilotu zioten kritikak direla eta. Aldi berean, Sarkozyk atenatuak frantsesen artean beldurra zabaldu, bere politiken aldeko iritzia zabaldu eta presidentziarako hautagaitza indartzeko. Areago, konspirazio teoriak ere sortu ziren, hala nola Merah zerbitzu sekretuek manipulaturiko gizabanakoa izan zela hilketak direla eta iritzi publikoa manipulatzeko.

Hasiera batean, Merah hiltzaile bakartia zelako espekulazioa zabaldu bazen ere, hil ondoren Abdelkader Merah bere anaia atxilotu eta hilketetan konplize izateagatik kartzelaratu zuten. Bereziki, Mohammed bere anai gaztea jihadismoan adoktrinatu izana eta hilketak burutzeko laguntza ematea leporatu zitzaizkion. Hirugarren pertsona ezezagun bat konplize izan litekeela ere aipatu da.

Tiroketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoak 11[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko martxoaren 11an, Mohammed Merahek marokiar jatorriko Imad Ibn-Ziaten frantziar armadako sarjentu buruarekin hitzordua du arratsaldeko laurak aldera Tolosa Okzitaniako auzo batean. Sarjentuarekin interneten jarritako iragarki baten bitartez jarri da harremanetan. Merahek burura egindako bi tiroz erailtzen du sarjentu burua, aurrez militarra zela egiaztatu ondoren eta "Tu tues mes frères, je te tue" ("Hik nire anaiak erailtzen dituk, nik hi erailtzen haut") adieraziz[1].

Martxoak 15[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tolosatik 50 kilometrotara dagoen Montauban hirian euren koarteletik gertu kutxazain automatiko batetik dirua ateratzen ari ziren uniformez jantzitako hiru frantziar militarrengana inguratu eta tirokatzen ditu eguerdiko ordubiak aldera. Mohammedd Legouad, 24 urtekoa, buruan egindako tiro bakar batez hiltzen da. Abel Chennouf, 25 urtekoa, buruan jota errematatu egiten du Merahek. Loïc Liber, 28 urtekoa, babesten saiatzen da baina bera ere buruan larriki zaurituta suertatzen da. "Allah Akbar" ("Ala Haundia da") oihu eginez alde egiten du tokitik bere motoan.

Martxoak 19[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goizeko 8ak aldera, Tolosako Ozar Hatorah judu eskolako irteeran, bete motozikletatik jeitsi eta eskolako irakaslea eta rabinoa den Jonathan Sandler eta Arieh eta Gabriel 5 eta 4 urteko bere bi semeak erailtzen ditu tiroz, aurreko bi tiroketetan erabilitako 11.43 mmko kalibreko pistola berbera erabiliz. Eskolako sarrera zeharkatu eta eskolan dauden pertsonen aurka tiro egiten du, ihesi doan eskolako zuzendariaren alaba den Myriam Monsonego 7 urteko haurra ileetatik helduta harrapatu eta buruan tiro egiteko kolpekariari eragiten dio; arma trabatu eta 9 mmko beste pistola bat ateratzen du eta, ileetatik tiraka betiere, lokian tiro egin eta erailtzen du. Alde egin aurretik, 17 urteko mutil gazte bat tirokatu eta larriki zauritzen du.

Erailtzailearen jokamoldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru tiroketetan Mohammed Merahek scooter bat baliatu zuen atentatu lekuetara joan eta haietatik ihes egiteko. Azken bi tiroketetan gutxienez, martxoaren 6an lapurtutako Yamaha T-Max 530 motako scootera baliatu zuen. Bi militar erail eta bat zauritu zituen atentatuan kolore beltzeko Yamaha scootera ikusi zuten lekukoek. Lau egun beranduago Tolosako eskolan eginiko atentatuan ibilgailu berbera erabili zuen, baina zuri kolorekoa orduan. Bi atentatuen artean, Merahek zuriz margotu zuen scootera. Martxoaren 6an bertan, Merahek Tolosako Yamaha kontzesionariora joan eta lapurtutako motozikletak zuen geolokalizatzailea nola indargabetu litekeen galdetzen du han. Erantzunik jaso gabe, motoan ibiltzeko txano bat erosten du. Kontzesionarioaren arrastoa izango zen gerora Merah identifikatuko zuena.

Hiru atentatuetan Merahek 11.43 mmko Colt 45 motako pistola bat erabili zuen. Tolosako eskolako atentatuan, arma hura trabatu eta 9 mmko Uzi pistola-metrailadorea baliatu zuen bere azken hilketa burutzeko. 11.43 mmko kalibreko armak bereziak dira: zehaztasun handikoak izaten dira eta horregatik, kirol tirotzaileek erabilitako arma izaten da; delikuentzia handian ere erabiltzen diren armak dira, tirokatzen den pertsona geldiarazi eta zauri larriak eragiten dituelako[2][3] . Merahren etxebizitzan, arma ugari aurkitu zituzten bi horietaz gainera: guztira 3 Colt 45 motako pistola, Uzi pistola-metrailadore bat, Sten II subfusil bat, Colt Python errebolber eta fusil bat. Guztira 20.000 euro gastatu omen zituen armak merkatu beltzean erosteko.

Merahek soinean zeraman bideokamara bat baliatu zuen atentatuetako irudiak grabatzeko, atenatuen lekukoek adierazi zutenez. Erailketak erakusten dituen irudiekin eta islamdar kantu eta otoitzekin osaturiko propaganda-bideo bat bidali zen Al Jazeera telebista-katera. Azkenean, ordea, biktimen familiei zor beharreko begirunez, irudi horiek ez zabaltzea erabaki zuten kateko arduradunek, frantziar estatutik irudi horiek ez zabaltzeko presioa ere kontuan hartu behar bada ere.

Hilketen ondorengo asteetan, Merahek atentatuak luzez eta xehetasunez prestatu zituela erakusten zuten informazioak plazaratu ziren, iturri ofizialen arabera betiere. Armak modu sakabanatuan eta diskrezioz erosi zituen. Hedabideetara bidali zuen bideoa modu profesionalean egina zegoela jakin zen, aldez aurretiko prestakuntza nabarmen batez. Atentatuen aurretik egin zituen interneteko komunikazioak erabateko segurtasunez burutu ere egin zituen. Denbora batez ihes eginda ibiltzeko prestatutako auto bat ere, dirua, armak, kanpin eta biziraupenerako materialarekin, hauteman zitzaion.

Mohammed Merah[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohammed Merah 1988ko urriaren 10ean jaio zen Tolosako Bellefontaine auzo pobrean, non bereziki magrebiar eta subsahariarrak bizi diren. Zulikha Azizi argeliar etorkinaren semea da, laugarrena bost anai-arrebetan. Haurra zelarik banatzen dira gurasoak eta amarekin geratzen da. 14 urte dituelatik etxetik alde egin eta Tolosako beste auzo batera doa, non droga eta delinkuentzia nagusi diren. Adin txikikoentzako zentro batean sartu eta bertan 16 urte bete arte egingo ditu ikasketak. Bitartean, delinkuentzia txikian murgiltzen da: lapurretak, erasoak eta karnetik gabe gidatzea. Erlijio eta politikan interesaturik ez dagoen gaztea da, diskotekak, neskak, porruak erretzea, autoak, motoak eta futbola gustuko dituena. Berea den gama altuko auto baten gainean rodeo bat egiten ikusten zaion bideo bat ere zabaldu zen[4]. Karrozeria-tailer baten lanean hasten da, lanbidea ikasteko.

2007 urtean, kartzelan sartzen dute lapurreta bat dela eta. Kartzelan hasten da islamari arreta jartzen, Korana irakurriz eta. Islamizazio prozesuan Abdelkader bere anai zaharraren eragina aipatu izan da; harek eginiko bisitetan otoitz egiteko alfombra, txilaba eta propaganda jihadista ekarri zizkion[5]. 2008an frantses armadara sartzeko frogak gainditzen ditu, baina bere aurrekari penalak ikusita baztertu egiten dute. 2010 urtean, Frantziako Atzerriko Legiora sartzeko izena eman baina azken momentuan atzera egitea erabakitzen du.

Iturri ofizialen arabera, Merahek Afganistan, Pakistan, Turkia, Siria eta Iraken egon zen 2010 eta 2011 urteetan egindako hiru bidaietan, hurrenik hurren, sare islamista-terrorista batean parte hartu nahian. Afganistandar poliziek Kandaharen atxilotu eta galdekatua izan zen. 2011ko azaroan gaixotasun bat dela eta Pakistandik itzuli zenean, Direction centrale du Renseignement intérieur izeneko frantziar informazio-zerbitzuek galdekatua izan zen, baina Merahek bidaian egindako argazkiak erakutsiz turista moduan joana zela frogatu bide zien. [6][7][8].

Atentatuen ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean atentatuen egileei buruzko hipotesi horu maneiatu ziren: eskuin-muturretik egindako atentatuak, jihadismotik egindako erasoak edo asmo ideologikorik gabeko ekintza zirelakoan abiarazi ziren ikerketak. Eskuin-muturreko hipotesia eraildako militarrak magrebiar jatorrikoak izateak indartzen zuen. Atentatuak burutzean egileak erakusten zuen hoztasuna, armak maneiatzeko trebezia eta bere gorpuzkera sendoa direla eta, frantziar armadako kideen ekintza izatea izan zen hasiera batean landu zen hipotesi nagusietako bat; bereziki, 2008 urtean Tolosan hildako militarraren erregimentu berberatik argazki batean bandera neonazi bat erakutsiz eta agur faxista eginez agertzeagatik frantziar armadatik kanporatutako hiru militarren arrastoa jarraitu zen[9], baina galdekatuak izan ondoren arrasto hori baztertu egin zen[10]. Arrasto horretaz gainera, frantziar armadako milaka militarren espedienteak ere ikertu ziren.

Aldi berean, motoa saltzeko internet iragarkia argitaratu zuen militarraren lehenengo erailketaren ondoren, iragarkia kontsultatu zuten IP helbideen zerrenda ikertu zen. Zerrenda horretan Merahren amaren helbidea agertzen da eta Frantziako segurtasun-indarrek Merah anaien aurrekari jihadista eta delikuentzia txikiarekin lotzen dute, arrasto berri bat zabalduz. Eskolako atentatuaren aurretik arrasto horren berri badute ere, ez dute behar bezala ikertzen eta, ondorioz, hirugarren atentatua burutu egiten da. Hirugarren atentatuan aurreko atentatuetako moto berbera erabiltzen da, baina zuriz margotuta; aldaketa horri jarraiki, poliziek eskualdeko moto kontzesionario eta tailerrak bisitatzen dituzte eta martxoaren 20an Tolosako kontzesionario batean informazio baliagarria eskuratzen dute: martxoaren 6an kontzesionarioan aspalditik ezagutzen zuten gazte batek Yamaha moto bati geolokalizatzaile bat nola kendu galdetu zuen; hori galdetu ondoren, motoan ibiltzeko txano bat ere erosi zuen. Mohammed Merah atentatuen egiletzat hartu eta Tolosako bere etxebizitzan hautematen dute martxoaren 20an bertan. Martxoaren 21eko goizaldean, Merah anaiak atxilotzeko operazioak abiarazten dira.

Ikerketa prozesuan DCPJ (Direction centrale de la police judiciaire delakoa) polizia-erakundeko sailek hartzen badute parte, SDAT (Sous-direction antiterroriste delakoa) terrorismoaren aurkako unitateak besteak beste, DCRI sailarekin (Direction centrale du Renseignement intérieur)[11] informazioa partekatuz[12].

Mohammed Merahren setioa eta hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohammed Merah atxilotzeko operazioa martxoaren 21eko goizaldeko hiruretan abiarazi zen Tolosako Côte Pavée auzoan Merahek duen etxebizitzan, lehenengo atentatua burutu zuen lekutik hurbil, RAID (Recherche, assistance, intervention, dissuasion) eliteko polizia taldearen eskutik. Merah eta polizien arteko hasierako tiroketan, polizia zenbait zauriturik suertatzen dira. Aldi berean, Merahren ama atxilotu zuten Tolosan eta bere anaia eta honen emaztea Tolosatik hegoaldera dagoen Auterive herrian. Hasierako tiroketen ondoren, Merah eta polizien arteko elkarrizketak hasi ziren. Merah berritsu agertu zen polizien aurrean. Al Kaidakoa zela eta atentatuak arabiar-israeldar gatazkan Israelgo armadak egindako palestindarren hilketen eta Afganistango gerran frantziar armadak izandako parte hartzearen mendeku gisa burutu zituela adierazi zien poliziei, modu nahasian bazen ere[13]. Poliziak Merahren autoa leherrarazi zuen, bertan lehergaiak zeudelakoan baina barruan metraileta bat soilik aurkitu zuten[14]. Goizeko bederatzietan, poliziarekin hiz egin ahal izateko walkie-talkie baten trukean, Colt 45 pistola bat jaurti zuen leihotik. Goizeko hamaikak aldera, elkarrizketak bertan behera geratu eta eraikineko bizilagunak ebakuatu zituzten segurtasun-indarrek. Arratsaldean elkarrizketak hasi ziren berriz ere, baina tarteka tiroketak ere gertatu ziren. Aldi berean, harro ageri zen «Frantzia makurrarazi izanaz» eta hilketa gehiago burutu izanaz damua adierazi zuen. Gauean, elkarrizketak hautsi eta poliziak etxeko eta inguruko argiak itzalita, Merahek "armak eskuetan" hilko zela adierazi zuen. Elkarrizketak TF1 telebista kateak jaso eta horien zati batzuk zabaldu zituen hilabete batzuk geroago, uztailean. Horietan, Merahek hiltzeko prest agertzen da:

« Jakin ezazue zuen aurrean hiltzeko beldur ez den gizon bat dagoela; zuek bizitza bezainbat maite dut nik heriotza.[15] »


Gauaren hasieratik, auzoa ilunpean zegoen. Poliziak gasa, ura eta argindarra moztu zituen, Merah nekarazteko estrategia baten baitan. Hortik aurrera eta argitu arte, Merah uzkurtzearren poliziak leherketak eragin zituen bere etxe inguruan eta argi-izpi indartsuak pasarazi zituen fatxadatik. Merahek ez zuen inongo erantzunik ematen. Goizeko 10.30etan Merahren etxebizitzara sartzeko operazioa hasi zen: leherketa zenbaiten ondoren, RAIDeko poliziak bere etxebizitzara sartu ziren, urrutiko bideokamerak erabiliz. Etxea barrikadaz josirik zegoen. Merah etxeko bainugelan zegoen. Bideokamera bainugelara sartu zenean, Merah indar handiz oldartu zitzaien poliziei. Tiro batzuk jaso zituen, baina soinean zeraman balen aurkako txalekoak babesten zuen. Bainugelako leihotik ateratzean buruan poliziaren tiro bat jaso eta hil zen.[16]

Hilketen bideoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merahek bere hilketetan filmatutako bideoak tiro hots eta islamdar kantuekin batera muntatu zituen. Bideoaren kopia bat, gutun batekin batera, Al Jazeera telebista katera bidalia izan zen, Merah setiatua izan zen martxoaren 21ean zigilatuta[17]. Al Jazeeran bideoa zabaltzea edo ez eztabaidatzen zen bitartean, Nicolas Sarkozyk horren aurka ohartarazi zuen. Azkenik, ordea, Al Jazeerak bideoa ez zabaldu eta irudiak justiziaren esku jartzea erabaki zuen. Nicolas sarkozyk erabaki hori txalotu, baina bideoa zabalduko luketen hedabideei bitarteko guztiak (baliabide teknologikoen bitartez telebista-seinalea lausotuz, esaterako) erabiliko zituela ohartarazi zien aldi berean[18]. Frantziako zuzenbidearen aldetik, irudi horien zabalkuntza zabaltzeak zigor penal eta administratiboak ekar zitzakeela aipatu zen[19]. Mehatxu eta debeku horiek direla eta, Streisand efektuaren bitartez bideoa azkenean zabalduko zela uste izan bazen ere, azkenean bideoa ez zen publikora heldu.

Mohammed Merahren ustezko laguntzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mohammed Merah atxilotu aurretik, hilketa lekuetan jasotako testigantzek hiltzaileari buruz emandako deskribapen homogeneoek hiltzailea bakarrik, laguntzailerik gabe, aritzen zela ondorioztatzera eraman zuten, otso bakarti moduan, Anders Breivikek 2011ko Norvegiako atentatuak burutu zituen antzera[20]. Mohammed Merahek atxilotzean, bere ama, Abdelkader Merah bere anai zaharrena eta azken honen emaztea ere atxilotu zituen poliziak. Lehenengo biak kargurik gabe aske utzi ziren bitartean, Abdelkader anaia inputatu eta kartzeleratua izan zen, isolamendu egoeran, talde terrorista osatu, ekintza terroristak prestatu eta Merahek atentatuak egiteko motorra lapurtzen saiatzeagatik. Aurrerago, Abdelkader eta Mohammeden arteko ustezko harremanari buruzko datuak zabaldu ziren. Mohammed gaizkile txikia zen bitartean, Abdelkader islamista sutsua zen, gazte musulmanak Irakera borrokara bildatzen zituen sare batean nahasia eta horregatik ikertua, baina ondoriorik gabe azkenean. Itxura guztien arabera, Abdelkaderrek Mohammed erlijio erradikalizazioan parte hartze zuzena izan zuen, baina Abdelkaderrek bereziki erlijio-bidea nabarmendu eta jihad defendatzaile baten aldekoa zen bitartean, Mohammedek zuzenean eta berehala ekintza terroristak burutzearen aldekoa omen zen[21]. Hala eta guztiz ere, Mohammedek bere kabuz Ekialde Hurbilera egindako bidaietan sare islamista-terrorista baten bila ibili zen, antza. Hain zuzen, Merah hil zen egunean Pakistaneko talde batek Merahek egindako atentatuak bere gain hartu zituen.

Le 22 mars, jour de sa mort, un groupuscule islamiste pakistanais, Jund al-Khilafa, revendique les attentats de Merah, mentionnant un de ses pseudos non connus du public, Youssuf al-Faransi (Youssuf le Français). Même si aucune preuve n’apparaît à ce stade de l’enquête, Merah aurait pu être formé par un des leaders de ce groupe, Moez Garsallaoui. Son nom est cité par la DCRI dans le dossier, comme un formateur très actif qui « pourrait superviser les éléments opérationnels envoyés en Europe pour y commettre des attentats ».

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nicolas Sarkozy frantziar presidenteak Tolosako Ozar Hatorah eskola aurrean egin zuen agerpena atentatuaren egunean bertan. Aurretik, Parisen, hilketak tragediatzat jo, frantziar estatuak hiltzailea atxilotzeko baliabide guztiak jarriko zituela adierazi, maila goreneko Vigipirate alerta-egoera agindu zuen Tolosako inguruko eskualde osoan[22], Hollanderen ekimenari jarraituz hauteskunde kanpaina ondorengo egunetarako bertan behera utzi eta biharamunerako minutuko isilune bat agindu zuen Frantziako ikastetxe guztietan[23][24]. Gauean, Parisko sinagoga batean ospatu zen elizkizunera joan zen. Biharamunean, presidenteak Parisko eskola batera joan zen isilunea ospatzera. Bertan, ikasleei zuzendu zitzaizkien hilketak bertan gerta zitezkeela adieraziz[25]. Egun batzuk geroago, hilketak gertakari traumatikoa izan zirela adierazi zuen, Ameriketako Estatu Batuetan 2001eko irailaren 11ko atentatuek eragin zuten traumarekin alderatuz. Adierazpen horiek kritikak sorrarazi zituzten Frantzian, Sarkozy frantsesen artean beldurra zabaltzen ari zela leporatuz[26]. Aldi berean, hauteskunde kanpaina bertan behera bazegoen ere, Frantziako presidente gisa Sarkozyk egindako agerpen publiko eta adierazpenen ugaritasunak kritikak ekarri zituen beste politikari eta presidentziarako hautagaien aldetik, presidente babeslearen rola betez espazio mediatikoa bere interesen alde betetzen ari zela argudiatuz[27][28][29]. Ondorengo egunetan Sarkozy presidenteak egindako adierazpenetan zeuden esaldi batzuk ere gogor kritikatu ziren; adibidez, martxoaren 26an Montaubanen hildako bi soldaduak "itxuraz musulmanak" zirela aipatu zuen, bata musulmana eta bestea katolikoa ziren arren, identitate erlijiosoa eta itxura fisikoa lotuz[30]. Beste adierazpen batzuetan, berriz, islama eta terrorismoa ez zirela nahastu behar aldarrikatu zuen eta nazioaren batasunerako deia egin zuen[31] . François Hollande hautagai sozialistak eta François Bayrou eskubiko hautagaiak ere Tolosako eskolako atentatu-lekura joan ziren, Hollandek Sarkozyren mezua berretsi eta batasunerako deia zabaldu zuen. Bayrouk, ordea, hilketen zeharkako arrazoiak aztertu behar zirela adierazi zuen, eskubitik eta eskuin muturretik egiten ziren diskurtsoak atentatuen zeharkako arrazoitzat joaz, joera politiko horietatik kritika zorrotzak sorraraziz horrela; Bayrou izan zen gainera hauteskunde kanpaina bertan behera utzi ez zuen hautagai bakarra[32].

Batasunerako diskurtso horien ondoren, presidentziarako kanpaina berriz ere abiatzean, politikariek atentatuak direla eta elkarren aurkako kritika zorrotzak egiten hasi ziren. François Hollande PSFko hautagaiak, inkestetan faboritoa eta Sarkozyren aurkari nagusiak, azken urteetan Sarkozyren UMP gobernuko alderdiak garatutako segurtasun eta integrazio- politika kritikatu zituen mitin batean[33]. Aipamen horiek kritikak sorrarazi zituzten UMP alderditik, iraganean PSF alderditik beti segurtasun-politikak zorrotearen aurka agertu zirela adieraziz. Beste kritika batzuk FNko Marine Le Penengandik etorri ziren Frantzian: "gutxietsitako arrisku fundamentalista" aipatu zuen, talde politiko-erlijioso zenbaiten aurka laxismoz jokatzen zela kritikatu zuen eta heriotza-zigorra eta bizi arteko kartzela-zigorra aldarrikatu zituen[34]. Eva Joly presidentziarako hautagai ekologistak Sarkozyk azken urteetan izandako "bazterkeriazko diskurtsoak" gaitzetsi zituen, atentatuekin lotura eginez[35]. Oro har, kanpainako gai nagusia krisi ekonomikoa izatetik segurtasun eta integrazio gaietara aldatu zen. Ordura arte, gai ekonomikoak nabarmendu zituen Sarkozy aurkaria erasotzeko eta Sarkozyk nabarmentzen zituen segurtasun-gaiak interes publikotik saihestea lortu zuen. Gai nagusiaren aldaketak Hollanderen estrategia politikoaren aurka jotzen zuela aipatu zen[36].

Politikarien erreakzioez gainera, herritarren protesta ekitaldiak ere izan ziren. Eskolako atentatua izan zen egunean, milaka lagun bildu ziren Parisen manifestazio isil batean UEJF frantziar ikasle juduen elkarteak deiturik. Manifestaziora bildu ziren, baita ere, MRAP (Mouvement contre le racisme et pour l'amitié entre les peuples) eta Giza Eskubideen Liga. Manifestazioan politikari eta intelektual zenbaitek ere hartu zuten parte, Bernard-Henri Lévy kasu. Jean-Luc Mélenchon Front de gauche ezkerreko hautagaia oihuka bidali zuten manifestaziora sartzean[37]. Halaber, martxoaren 23an milaka lagun bildu ziren Tolosan atentatuen aurka protestatzeko[38].

Eremu erlijiosoetatik ere erreakzioak izan ziren, bereziki eskolako atentatua juduen aurkakoa izanik. Hunkidura izan zen komunitate juduaren berehalako erreakzioa, baina ondoren eskolako atentatuaren izaera antisemita nabarmendu eta diskurtso eta ekintza antisemitekin izandako jokabide axolagabea gaitzetsi zen. Islamarekiko lotura oro ukatu, baina integrismoaren aurka ekiteko deia egin zuten ordezkari judu zenbaitek [39]. Aldi berean, Merahren ekintzen kausa eta arrazoia bilatu eta ulertzeko ahaleginak [40] eta islamiar fundamentalismoekin izandako laxismoa gaitzetsi zen ordezkari juduen aldetik. Judu jatorria duen Bernard-Henri Lévy pentsalariak islamaren inguruan osaturiko sare ideologiko erradikalaren eta islamaren gaixotasunaren aurka ohartarazi zuen[41]. Beste alde batetik, Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomazia-buruaren eta Tariq Ramadan intelektualaren adierazpenak kritikatu ziren: Ashtonek eskolako atentatuko biktimak Gazan hildako haurrekin parekatu zituen[42] eta Ramadanek Merah frantziar gizartearen biktima zela adierazi zuen[43].

Musulmanen aldetik, frantziar gobernuaren eta islamaren arteko harremanak kudeatzen dituen Conseil Français du Culte Musulman erakundeak atentatuak gaitzetsi, islamaren eta jihadismoaren artean loturarik ez egiteko deia egin eta frantziar gobernuari gorrotoa sustatzen duten ideologia erlijiosoen aurka ekiteko eskaria egin zuen[44][45]. CFCM erakunde ofizialetik alde egin, bere burua Anaia Musulmanak erakundetik gertukotzat izan eta Frantziako musulman gehien biltzen dituen UOIF (Union des organisations islamiques de France) izeneko erakundeak ere gaitzetsi zituen atentatuak[46], baina atentatuetan eta Merahren hilketan "itzalguneak" ere hauteman zituen[47]. Sarkozyren jokabidearen aurkako adierazpen gogorrak izan ziren talde fundamentalista zenbaiten aldetik[48]. Eliza kristauen aldetik, azkenik, hunkidura izan zen erreakzioa. Biktimei elkartasuna adierazi eta horien aldeko otoitzaldiak antolatzearekin batera, antisemitismoaz ohartarazi zuten[49][50].

Atentatuen inguruko polemikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merahren heriotza eta lurperatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merahren aurkako erasoaren antolaketak Mohammed Merah atxilotu edo eraila izatea bilatzen zen polemika sortu zen. Gizon bakar bat modu garbian atxilotzeko ezintasunak galderak piztu zituen. Horrelako zalantzak poliziaren talde berezien arduradun horien aldetik ere sortu ziren, "operazioa eskema taktikorik gabe" burutu zela adieraziz, horretarako antzeko egoeretan izandako atxiloketen aurrekarietan oinarrituta (Merah neutralizatzeko gasak edota etxean zuen kokapen zehatza jakiteko kamara termikoak zergatik ez ziren erabili ere planteatu zen adierazpen horietan)[51]. Iturri ofizialen arabera, Merah bizirik harrapatzeko ahalegin guztiak burutu ziren, 30 ordutik gorako setioa froga gisa aurkeztuz[52].

Merahren hilketagatik ere polemika sortu zen. Mohammed Benalel Merah bere aitak frantziar estatuaren aurkako salaketa jarri behar zuela adierazi zuen, bere semea erailtzeagatik, estatuak bere semea atxilotzeko baliabideak bazituela argudiatuz[53]. Sarkozy presidenteak eta presidentziarako bere hautagai nagusia zen François Hollandek adierazpen horiek gogor gaitzetsi zituzten, zekenak eta lohiak zirela adieraziz. Sarkozyk, gainera, adierazpen horren aurkako neurriak hartuko zituela esan zuen[54]. Gerora, aitak bere adierazpenak zehaztu eta RAID poliziaren aurkako salaketa jarri behar zuela adierazi zuen[55].

Merahren gorpua non lurperatu behar zen gaiaren inguruan eztabaida izan zen. Hasiera batean, familiak Aljerian lurperatzea erabaki zuen, Frantzian hilobiratuz gero bere hilobia profanatuko ote zuten beldurrez, baina azken momentuan aljeriar gobernuak ez zuen horretarako baimenik eman, ordena publikoa argudiatuz erabaki horretarako. Horren ezean, Tolosan lurperatzea erabaki zen, baina Tolosako alkateak horren aurka agertu eta 24 orduko atzerapena ezarri zuen frantziar estatuak lurperatzeko beste toki bat bila zezan. Sarkozyk presidentea ere parte hartu zuen aferan eta, Merah frantziarra izanik, Frantzian lurperatu eta horri buruzko polemikarik ez sortzeko deia egin zuen. Azkenean, Tolosan lurperatu zuten hilobi anonimo batean, bere senideak eta auzoko lagun batzuren presentziaz.

Beste alde batetik, irakasle batek ikasleei Merahren hilketa gauza ona al da? gaiari buruzko idazketa bat proposatzeagatik zigortu zuten. Lehenago, Merahren heriotzagatik eskola batean minutu bateko isilunea eskatu zuen beste irakasle bati ere zehapena ezarri zioten [56].

Salbuespen-neurriak: Interneten kontrola eta ideologia-askatasuna mugatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interneteko aukerak baliatuz, gorrotoa zabaldu, indarkeria eta terrorismoa sustatu eratutako foro eta sareak kontsultatu ohi dituzten pertsonen jazarpena iragarri zuen Nicolas Sarkozy presidenteak Merahren hilketaren biharamunean, Interneten ugari diren sare islamista eta fundamentalistek indarkeria-ekintza eta atentatuen oinarrian daudelakoan[57]. Erabaki hori XXI. mendearen hasieratik terrorismoaren aurkako gerran hartu ziren salbuespenezko neurrien multzoan kokatzen da. Zuzenbide-adituek, ordea, aparteko neurri horiek frantziar konstituzioaren eta giza eskubideen europar itunen aurkakoak zirela adierazi zuten[58]. Politikarien aldetik ere, Sarkozyren asmoek salaketak ekarri zituztenak. Esaterako Jean-Luc Mélenchon ezkertiar hautagaiak Sarkozyren prezipitazioa kritikatu, terrorismoaren apologia zuzenbidean zigortuta zegoela iada eta hiritar guztiak susmagarritzat ezin zirela jo adierazi zuen; Alderdi Piratak ere arbuiatu zituen presidentearen adierazpenak[59][60].

Ildo beretik, Sarkozyk Frantziar Errepublikaren balioen aurkako diskurtsoak sustatzen dituzten atzerritar estremista politiko eta erlijiosoak kanporatu eta Frantziara sartzea debekatzea iragarri zuen[61]. Horrela, apirilean ospatzekoa zen UOIF frantziar musulmanen erakundeko kongresuan parte hartu behar Youssef al-Qaradawi predikatzaile musulman osptesuaren sarrera debekatu zuen[62].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) Merah : "Tu tues mes frères, je te tue", Le Point.fr, 2012-03-22.
  2. (Frantsesez) FUSILLADE DE TOULOUSE: QUI POSSÈDE UN PISTOLET DE 11,43 MM?, www.slate.fr, 2012-03-19.
  3. (Frantsesez) De Al Capone à Toulouse via la Résistance, l'histoire du 11.43mm, www.slate.fr, 2012-03-20.
  4. (Frantsesez) Merah: Rodeo BMW, www.youtube.com, 2012-04-25ean kontsultaturik.
  5. (Gaztelaniaz) La poderosa influencia del hermano de Mohamed, www.elmundo.es, 2012-03-26.
  6. (Frantsesez) Des crimes mûrement préparés, www.leparisien.fr, 2010-05-13.
  7. (Gaztelaniaz) ¿Era Merah confidente de los servicios secretos?, www.elpais.com, 2010-03-27.
  8. (Gaztelaniaz) Vida y muerte de un pistolero, www.elpais.com, 2012-03-25.
  9. (Frantsesez) Une piste néonazie, www.lepoint.fr, 2012-03-19.
  10. (Frantsesez) Tueries de Toulouse et Montauban : la chasse à l'homme est ouverte, www.lepoint.fr, 2012-03-20.
  11. Ameriketako Estatu Batuetako FBI erakundearen parekoa.
  12. (Gaztelaniaz) Merah : retour sur une traque sans précédent, Le nouvel Observateur, 2012-03-23.
  13. (Frantsesez) OPÉRATION CONTRE MOHAMED MERAH. 30 HEURES DE SIÈGE, www.parismatch.com, 2012-03-22.
  14. (Frantsesez) Cas d'école et amalgames[Betiko hautsitako esteka], www.lesgrandesoreilles.com, 2012-03-27.
  15. (Gaztelaniaz) Sabed que tenéis ante vosotros a un hombre que no tiene miedo de morir, yo la muerte la amo como vosotros amáis la vida”, www.elpais.com, 2012-07-08.
  16. (Frantsesez) L'assaut du Raid pour interpeller Mohamed Merah à Toulouse, www.nicematin.com, 2012-03-22.
  17. Bideoa nork bidali zuen ere zalantzazkoa da. Merahek posta-kutxara setio-egunaren bezperan bota ote zuen espekulatu da.
  18. (Frantsesez) Comment Sarkozy peut brouiller les vidéos des tueries de Merah, www.francetv.fr, 2012-03-27.
  19. (Frantsesez) Diffusion des images des tueries de Merah : ce que dit le droit, www.lemonde.fr, 2012-03-28.
  20. (Frantsesez) Le tueur de Toulouse «a le désir de toute puissance, www.leparisien.fr, 2012-03-20.
  21. (Frantsesez) Mohamed Merah avait projeté un attentat à Paris, www.lemonde.fr, 2012-05-16.
  22. Alerta-sistema 1978 urtean ezarri zenetik, lehenengoa aldia izan zen alerta gorena ezarri zela.
  23. (Frantsesez) Déclaration de M. Nicolas Sarkozy, Président de la République, sur la fusillade devant un établissement scolaire de confession juive, à Paris le 19 mars 2012, www.vie-publique.fr, 2012-04-06an kontsultatua.
  24. (Frantsesez) Tuerie de Toulouse : à quoi sert la minute de silence dans les écoles ?, Le nouvel Observateur, 2012-03-20.
  25. (Frantsesez) Tuerie de Toulouse : l'opposition critique les propos de Sarkozy à des collégiens, www.lemonde.fr, 2012-03-20.
  26. (Frantsesez) Sarkozy compare « un peu » le drame de Toulouse aux attentats du 11 Septembre, 2012-03-30.
  27. (Frantsesez) Fusillade de Toulouse: Nicolas Sarkozy occupe le terrain médiatique, 2012-03-20.
  28. (Frantsesez) Tuerie de Toulouse : François Hollande est tombé dans le piège de Nicolas Sarkozy, Le nouvel Observateur], 2012-03-21.
  29. (Frantsesez) Toulouse : "Sarkozy peut apparaître à nouveau comme un président protecteur", www.lemonde.fr, 2012-03-23.
  30. (Frantsesez) Le "musulman d'apparence" de Sarkozy agite Twitter, www.lanouvellerepublique.fr, 2012-03-26.
  31. (Gaztelaniaz) Toulouse : le président Sarkozy met en garde contre les «amalgames», Zaman France, 2012-03-22.
  32. (Frantsesez) «Combattre ceux qui font flamber les passions noires», www.liberation.fr, 2012-03-21.
  33. (Frantsesez) "C'EST PLUS DE RÉPUBLIQUE QUI NOUS PERMETTRA DE VAINCRE" (AURILLAC, LE 22 MARS), fracoinshollande.fr, 2012-04-08an kontsultatua.
  34. (Frantsesez) L'UMP accuse Hollande et Le Pen d'«instrumentaliser» Toulouse, www.leparisien.fr, 2012-03-21.
  35. (Frantsesez) Toulouse : Eva Joly critique les "discours discriminants" de Sarkozy, www.lemonde.fr, 2011-03-21.
  36. (Frantsesez) Le point sur la campagne présidentielle, www.franceculture.fr, 2012-03-24, 2012-04-06an kontsultatua.
  37. '(Frantsesez) Tuerie de Toulouse : plusieurs milliers de personnes rassemblées à Paris, Le nouvel Observateur, 2012-03-20.
  38. (Frantsesez) Des milliers de personnes rassemblées à Toulouse en hommage aux victimes, www.lepoint.fr, 2012-03-23.
  39. (Frantsesez) Terrorisme : questions à l'islam, www.crif.org, 2012-04-02.
  40. (Frantsesez) DRAME DE TOULOUSE : RÉACTION DU GRAND RABBIN DE FRANCE GILLES BERNHEIM[Betiko hautsitako esteka], www.grandrabbindefrance.com, 2012-03-20.
  41. (Gaztelaniaz) Lévy, Bernard-Henri: Toulouse, Francia, el islam, www.elpais.com, 2012-04-01.
  42. (Frantsesez) Attentat de Toulouse : les propos indécents de Catherine Ashton..., www.israel-froncophone.com, 2012-03-20.
  43. (Frantsesez) France : Pour Tariq Ramadan, le djihadiste de Toulouse est une victime de la société française, www.postedeveille.ca, 2012-03-22.
  44. (Frantsesez) Communiqué du CFCM sur les tueries de Toulouse et Montauban, Conseil Français du Culte Musulman, 2012-03-22.
  45. (Frantsesez) Le CFCM approuve la fermeté contre l'islam radical, www.lefigaro.fr, 2012-03-30.
  46. (Frantsesez) Communiqué - Tueries de Toulouse et Montauban, www.uoif-online.com, 2012-03-21.
  47. (Frantsesez) Après Toulouse, l'islam de France plus divisé que jamais, www.slate.fr, 2012-04-06.
  48. (Frantsesez) Guéant veut interdire une vidéo à la gloire de Merah, www.lefigaro.fr, 2012-03-26.
  49. (Frantsesez) Communiqué du Conseil d'Églises chrétiennes en France après l'attentat et les assassinats de Toulouse et de Montauban, www.eglise.caholique.fr, 2012-03-20.
  50. (Frantsesez) RETOUR SUR LA VEILLÉE DE PRIÈRE SUITE AUX ATTENTATS DE TOULOUSE[Betiko hautsitako esteka], www.catholique78.fr, 2010-04-21ean kontsultatua.
  51. (Frantsesez) Mort de Mohamed Merah: Le Raid a-t-il raté son intervention?, www.20minutes.fr, 2012-03-23.
  52. (Frantsesez) Voulait-on vraiment Merah vivant ?, www.algerie-focus.com, 2012-03-29.
  53. (Frantsesez) Le père de Merah veut porter plainte contre la France pour "avoir tué" son fils, www.lemonde.fr, 2012-03-26.
  54. (Frantsesez) Sarkozy et Hollande «indignés» par le père de Mohamed Merah, www.leparisien.fr, 2033-03-27.
  55. (Frantsesez) Le père de Mohamed Merah veut poursuivre le Raid, www.lejdd.fr, 2012-03-31.
  56. (Frantsesez) Une prof de français suspendue pour une dissertation polémique sur la mort de Merah, www.lemonde.fr, 2012-04-13.
  57. (Frantsesez) https://web.archive.org/web/20120426164037/http://tempsreel.nouvelobs.com/societe/20120322.FAP1899/sarkozy-propose-de-punir-les-internautes-qui-visitent-des-sites-faisant-l-apologie-du-terrorisme.html, Le nouvel Observateur, 2012-03-22.
  58. (Frantsesez) Terrorisme et Internet : la mesure de Nicolas Sarkozy bancale juridiquement, ZDnet.fr, 2012-03-23.
  59. (Frantsesez) Mélenchon: "précipitation" de Sarkozy, www.lefigaro.fr, 2012-03-22.
  60. (Frantsesez) Propositions Sarkozy : Agite ton pédonazislamiste, et je te dirai qui tu censures!], www.partipirate.org, 2012-03-28.
  61. (Frantsesez) Sarkozy veut accélérer l'expulsion des "extrémistes" et refuser ceux qui ont des "propos infâmants", www.huffingtonpost.fr, 2012-03-27.
  62. (Frantsesez) Sarkozy contre la venue de Youssef al-Qaradawi, www.lefigaro.fr, 2012-03-26.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]