Edukira joan

Molotov-Ribbentrop Ituna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Molotov-Ribbentrop Ituna
Irudi
Motanon-aggression pact (en) Itzuli
secret treaty (en) Itzuli
Indarraldi1939 - 
Denbora-tarte1939ko abuztuaren 23a - 1941eko ekainaren 22a
Data1939ko abuztuaren 23a
Berrespena
Indarrean sartze1939ko abuztuaren 31
Honetan oinarrituaTreaty of Berlin (1926) (en) Itzuli
KokalekuMosku
Parte-hartzaileak
Sinatzailea
Lanaren edo izenaren hizkuntzaaleman eta errusiera
Honen ondorioaSobietar inbasioa Polonian
Neguko Gerra

Molotov-Ribbentrop Ituna, Alemania-Sobietar Batasuna Ituna[1] edo Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren arteko Ez Erasotzeko Ituna[1] hamar urterako erasoak ekiditeko hitzarmen bat izan zen, Alemania naziarenren eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) artekoa.[2] Bi herrialdeen Kanpo Harremanetako Ministroek sinatu zuten, Joachim von Ribbentrop eta Viatxeslav Molotovek, hurrenez hurren. Moskun sinatu zen 1939ko abuztuaren 23an, Bigarren Mundu Gerra hasi baino bederatzi egun lehenago.

Momentu hartan Alemania Nazia biziki antikomunista izan arren (horren erakusle da 1936ko Antikomitern ituna), nazismoaren zati batek aintzat hartu zuen Errusia eta Boltxebikeen iraultza, tartean Joseph Goebbels eta Gregor Strasser-ek.

Garaiko gizartearentzat ulergaitza zen hain ideologia kontrajarriak zituzten bi herrialde adostasunera heltzea. Eta honek bazuen arrazoi bat, izan ere, itunak bi zati zituen: agerikoa eta ezkutukoa. Ageriko zatia elkar ez erasotzeko akordioa zen. Aldiz, ezkutukoa (bi gobernuetako agintarien ezagutzarako soilik),  gerra hastean, Poloniako Bigarren Errepublika eta beste lur batzuk euren bien artean banatzea, eta muga Vistula ibaian ezartzea. Baina bi herrien arteko etsaitasunak aurrera egin ahala, itunak indarra galdu zuen, eta 1941ean naziek erabaki zuten Sobietar Batasuna inbaditzea.

Itunak elkar ez erasotzeko hainbat klausula barnebiltzen zituen. Baita ere, adostu zuten elkarren arteko gatazkak konpontzeko konpromiso bat hartzea, elkarri kontsultak eginez. Horri gehitzen zitzaizkion, bai nahimen bat harreman ekonomiko eta komertzialak estutzeko, elkarri lehentasunezko tratuak emanez, bai elkarrekiko laguntza ere. Elementu nagusia izan zen, partaideek debekatuta zutela bestearen aurkakoak diren aliantza politiko edo militarretan sartzea. Honek praktikan esan nahi zuen Sobietar Batasunak uko egingo ziola Alemania naziaren aurkako edozein blokean integratzeari.

Molotov Ribbentrop ituna, kopia alemana

Dena den, paktuak protokolo gehigarri ezkutu bat zekarren, non Alemaniak eta Sobietar Batasunak Ekialdeko eta Erdialdeko Europaren zatiketa zehazten zuten[3]. Horrela ezarri nahi zituzten,  bien arteko adostasun baten bidez, alemaniar eta sobietar influentziak. Adostasun horrekin erabaki zuten ez eragitea elkarren influentzia eremuetan eta elkarren interesak onartzea Ekialdeko Europako lurraldeetan.

Beraz, paktuak ezarri zuen Polonia influentzia eremu bilakatuko zela, bi estatuen artean banatuz eta bien interesak kontutan hartuz. Horrez gain, Sobietar Batasunak lortu egin zuen Alemaniak interes gune bezala aitortzea Finlandia, Estonia, Letonia eta Besarabia, beranduago Lituania ere batuz. Trukean  Sobietar Batasunak adostu zuen Alemaniak Vilna [4]hiriarekiko zituen interesak errespetatzea.

Itunaren artikuluak:[3]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939ko abuztuaren 23a

Alemaniako Reicheko Gobernuak eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko Gobernuak,  Alemaniaren eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren arteko bake-kausa indartu nahian, eta 1926ko apirilean Alemaniaren eta SESBen artean sinatutako neutraltasun-akordioaren oinarrizko xedapenetatik abiatuta, honako akordio hau lortu dute:

I. artikulua. Bi alderdi kontratugile gorenek beren burua behartzen dute atzera egitera edozein indarkeria-egintzatatik, edozein eraso-ekintzatatik eta elkarri egindako edozein erasotatik, banaka edo beste potentzia batzuekin batera.

II. artikulua. Alderdi kontratugile gorenetako bat hirugarren potentzia baten gerra-ekintzaren xede bihurtzen bada, beste alderdi kontratugile gorenak ez dio inola ere hirugarren potentzia horri laguntzarik emango.

III. artikulua. Bi alderdi kontratugile gorenen gobernuek, etorkizunean, elkarrekin etengabeko harremana izango dute kontsultarako edo informazioa trukatzeko beren interes komunei eragiten dieten arazoei buruz.

IV. artikulua. Auziak edo gatazkak sortzen badira alderdi kontratugile gorenen artean, parte hartuko dute beste alderdiari zuzenean edo zeharka zuzentzen zaion edozein potentzia-taldetan.

V. artikulua. Alderdi kontratugile gorenen artean eztabaidak edo gatazkak sortzen badira mota bateko edo besteko arazoengatik, bi alderdiek iritzi-truke adiskidetsuaren bidez soilik ebatziko dituzte gatazka edo gatazka horiek, edo, hala badagokio, arbitraje-batzordeak eratuz.

VI. artikulua. Itun hau hamar urterako sinatzen da, salbu eta alderdi kontratugile gorenetako batek epe hori amaitu baino urtebete lehenago aurreratzen ez badu, itun honen indarraldia beste bost urtez luzatuko da automatikoki.

VII. artikulua. Itun hau ahalik eta lasterren berretsiko da. Berrespenak Berlinen trukatuko dira. Hitzarmena sinatu bezain laster sartuko da indarrean.

Protokolo sekretua:

1. Baltikoko estatu eremuetan (Finlandia, Estonia, Letonia eta Lituania), lurralde eta politika egokitzapen bat eginez gero, Alemaniaren eta SESBen eragin eremua Lituaniako iparraldeko mugak ezarriko du. Alde horretatik, alderdi biek onartzen dute Lituaniak Vilna inguruan duen interesa.

2. Poloniako estatuko eremuetan lurralde eta politika egokitzapen bat eginez gero, Alemaniaren eta SESBen eragin eremua Narew, Vistula eta San ibaiek ezartzen dituzten mugak izango dira gutxi gorabehera.

Bi estatu sinatzaileek poloniar estatu subiranoa mantenduko duten hala ez, eta mantentzekotan, poloniar estatu horren mugak zein izango diren, etorkizunean izan daitezkeen gertakari politikoek erabakiko dute.

Dena den, gai hori bi estatuen artean erabakiko dute, baina, betiere, adiskidantzaz.

3. Europako hego-ekialdeari dagokionez, SESBek adierazi nahi du Besarabia interesatzen zaiola. Alemaniak adiezazten du ez duela inolako interes politikorik eremu horietan.

4. Protokolo hau guztiz sekretupean tratatu beharko dute alde biek.

—Mosku, 1939ko abuztuaren 23an

Alemaniako Reicheko gobernuko ordezkari Joachim von Ribbentrop

SESBeko gobernuko guztiahaldun Viatxeslav Molotov.

Alde bakoitzaren argudioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi alderdiek bere arrazoiak zituzten akordioa sinatzeko. Alde batetik, Alemania nazia Bigarren Mundu Gerrarako prestatzen zebilen eta ez zuen bi fronte mantentzeko gaitasunik, horregatik, tratatu hori sinatu zuen Ekialdeko frontea ezabatzeko asmoarekin. Horrez gain,  Hitlerrek Lebensraum edo espazio bital baten sorrera beharrezko ikusten zuen, hau da, bere arraza nagusitasunaren ideiek arrakasta izan zezaten lurralde baliagarrien anexioa bilatzen zuen. Lurralde horietako baliabideak (lehengaiak, lurrak, eskulana…) bereganatu nahi zituen, horregatik sinatu zuten naziek paktua, ezkutuko klausularen bidez beraien ustez beharrezkoak ziren lurraldeak bereganatzeko. [5] 

Bestalde, Sobietar Batasunak zioen ez zuela beste aukerarik akordioa sinatzea baino, bere segurtasuna lehenetsi nahi bazuen behintzat. Ikuspuntu honek dio Sobietar Batasunak bakea baino ez zuela nahi eta egindako ituna defentsiban egin zuela. Gainera, ituna justifikatzeko, esan zuten Molotov-Ribbentrop ituna Municheko Konferentziaren ondorio zela (Txekoslovakiako Sudeteen auzia konpontzeko konferentzia). Haien hitzetan, hori hala zela onartzen ez zutenek “Mendebaldeko Europako demokraziei barkatzen die, eta beraz, Hitlerrekin egin zuten ituna justifikatzen dute”.[6]

Hala ere, gerora azaleratu ziren dokumentuek erakusten dute Stalin ez zela biktima soil bat izan, eta agerian geratu ziren bi herrialdeek adostutako zabalkunde politika inperialistak. Dokumentu horietan ikusten zen, Hitlerren eskaintzak Stalini balio ziola aspalditik zituen helburu batzuk betetzeko. Sobietar Batasunaren mugak mendebalderantz bultzatu nahi zituen, Buh ibairantza, eta Besarabia anexionatu nahi zuen hegoaldean.

Ribbentrop-Molotov itunean adostutako mugen mapa, eta 1939an benetan lortu ziren mugen mapa.

Itunak Europa harritu zuen,  nahiz eta Stalinek hilabeteak eman zituen Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin[7] segurtasun kolektiborako akordio bat negoziatzen. Askorentzat ulertezina zen horren aurrez-aurre zeuden bi potentzia ados jartzea hain denbora laburrean eta ez erasotzeko itun bat sinatzea. Europako faxistek  ukatu egiten zuten horrelako akordioa egitea ideologia komunistagatik "etsaitzat" jotzen zen estatu batekin. Baita ere,  haserretu egin ziren Sobietar Batasuneko jarraitzaile komunista asko, erregimen naziarekin "erasorik ez egiteko ituna" sinatu zutelako, beti arerio nagusitzat hartua izan zena.

"Wonder how long the honeymoon will last?" Hitler eta Stalinen karikatura

Hala ere, Kominternen buru ziren alderdi komunistek, Sobietar Batasunaren eraginpean zeudenak, ituna justifikatu zuten, eta Stalinen aginduei jarraitu zieten, faxismoaren aurkako propaganda eteteko eta Alemania naziaren etsai ziren herrialdeak erasotzeko. 1939ko irailean Frantziak Alemaniari gerra deklaratu zion. Orduan, Frantziako Alderdi Komunistako militanteek uko egin zioten soldadutza egiteari (sobietarren posizioari jarraiki), eta Frantziako gobernuari "gerra inperialista" abiaraztea leporatu zioten. Hala, bere herrialdearen ahalegin belikoa saboteatu zuten. Antzeko jokabidea ikusi zuten Erresuma Batuko eta beste herrialde batzuetako komunistek. Alemaniak, berriz, Antikomintern Ituna alde batera utzi zuen.

1939ko irailean Alemaniak Polonia inbaditu zuen. Sobietar Batasunak ez zuen alemaniaren jokabidea gaitzetsi, kontrara, Poloniaren aurkako inbasio propioa egin zuen hamasei egun geroago. Era berean, Alemania isilik geratu zen Sobietar Batasunak Finlandiaren aurka egindako erasoaren aurrean, urte hartako abenduan, Neguko Gerran. 1940ko ekainean, Sobietar Batasunak Estonia, Lituania eta Letonia anexionatu zituen, Alemaniak Frantziako Gudua irabazi ondoren, eta Errumaniako Erresumako lurraldeak ere bereganatu zituen.

1940ko ekainean Wehrmacht-ek Frantziako Gudua irabazi ondoren eta Bigarren Mundu Gerran jada, harreman germaniar-sobietarrak gero eta tirabiratsuagoak bihurtu ziren, nahiz eta bi estatuek merkataritza truke garrantzitsua izan hilabete askotan. Hitlerrek ez zuen germaniar-sobietar ituna betierekotzat jotzen, ez zion uko egin alemaniar lurraldea ekialderantz hedatzeko eta komunismoa deuseztatzeko ideiari. 1940ko uztailaren 31ko isilpeko konferentzia batean, alemaniarrek 1941eko udaberrian Sobietar Batasuna inbaditzeko erabakia hartu zuten, "Bizargorri Operazioa" izena zuen plan batean.

Nazi-sobietar harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi herrialdeen arteko harremanak okertzen hasi ziren hainbat arrazoirengatik. Batetik, Finlandian eta Errumanian alemaniar tropak zeudelako. Bestetik, Viatxeslav Molotov kezkatuta zegoelako Alemaniaren garaipen belikoengatik eta bere indar militar handiagatik.

Hala ere, 1940ko otsailaren 11n, Alemaniak eta Sobietar Batasunak merkataritza itun bat sinatu zuten. 1940ko abuzturako, sobietarren inportazioak Alemaniaren itsasoz bestaldeko inportazio guztien %50 inguru ziren. Merkataritza itun berriak Alemaniari blokeo britainiarra gainditzen lagundu zion. Lehenengo urtean, Alemaniak milioi bat tona zereal, milioi erdi tona gari, 900.000 tona olio, 100.000 tona kotoi, 500.000 tona fosfato eta beste bizi-lehengai asko jaso zituen, Mantxuriako milioi bat tona soja igarotzearekin batera. Horiek eta beste hornigai batzuk Sobietar Batasuneko lurraldeetan zehar garraiatzen ari ziren. Trukean, Sobietarrek jaso behar zituzten: itsas kruzero bat, Bismarck korazatuen planak, itsas arma astunak, beste itsas aparatu batzuk eta Alemaniako azken 30 gerra hegazkin (horien artean, Bf 109 , Bf 110 eta Ju 88 modeloak). Baita ere jasoko zituzten,  petrolioa eta ekipo elektrikoak, lokomotorak, turbinak, sorgailuak, diesel motorrak, itsasontziak, makina-erremintak eta artilleria alemanaren laginak, tankeak, lehergailuak, ekipo kimiko-belikoak eta beste hainbat baliabide.

Sobietarrek Alemaniari ere lagundu zioten britainiar itsas blokeoak saihesten, Base Nord itsaspeko base bat eskainiz Sobietar Batasun iparraldean, Murmansketik gertu. Horrek, gainera, hornikuntza eta mantenimendu leku bat eskaintzen zuen, eta aireratze puntu bat, sarekadak eta bidalketen aurkako erasoak egiteko. Gainera, sobietarrek Alemaniari Iparraldeko Itsasoaren Ibilbiderako sarbidea eman zioten, bai karga-ontzientzat, bai erasotzaileentzat.

Barbarossa operazioaren mapa

Hitlerrek Sobietar Batasunaren aurkako hedapen proiektuari ez zion uko egin (Mein Kampf idatzi zuenetik egina), baina aldi berean “Unthernhmen Barbarossa”o Barbarroja operazioaren (Sobietar Batasuna erasotzeko operazioa) prestaketak egiten hasi zen. Sobietar Batasuna erasotzeko erabakia Hitlerrek gerra batzar batean berretsi zuen 1940ko abenduaren 18an. Alemaniak Sobietar Batasuna eraso zuen 1941eko ekainaren 22an, 1939ko irailean Sobietar Batasunak atxikitako poloniar lurraldea inbaditu zuenean. Horrela,  1945eko maiatzera arte amaitu ez zen kanpaina militar bat hasi zen.

Klausula sekretuak deskubritzea eta argitaratzea:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itunaren sinadura frogatzen zuten dokumentuek bizirik iraun zuten Berlingo Erorketaren ondoren gertatu zen nazien dokumentuen erretzetik. Gerraostean, tropa britaniarrek Itunari buruzko Alemania naziaren dokumentuak aurkitu zituzten Hirugarren Reichak bertan behera utzitako artxibo batzuetan, tartean zegoen, protokolo gehigarri sekretua. Handik gutxira, argitara atera ziren. Gerra Hotzean, Sobietar Batasunak ukatu egiten zuen halako klausula sekreturik zenik. Argudiatu zuten tropa aliatuek dokumentuak faltsutu egin zituztela Bigarren Mundu Gerran Armada Gorriaren rola desprestigiatzeko, eta soilik elkar ez erasotzeko ituna zela onartzen zuen[8].

1989an, Sobietar Batasunak  ordezkari berezi bat jarri zuen Klausula Sekretuen existentzia aztertzeko, eta ondorioztatu zen benetakoak zirela[9]. Nazioarteko presioaren eta gizarte protesten ondorioz, Gorbatxoven gobernuak, bere Glasnost marko politikoaren barruan, aldarrikapen ofizial bat egin zuen esanez protokolo gehigarri sekretua egiazkoa zela[10]. Onartu zuen “banaketa“ nazi-sobietar bat egin nahi zela Ekialdeko Europan, “influentzia zonaldeetan”, eta ituna gaitzetsi zuen.

1989ko abenduaren 24an, Sobietar Batasuneko Herriaren Diputatuen Kongresuak Tratatuaren Protokolo gehigarri sekretuaren sinaketa kondenatu zuten, baita Alemania naziaren eta Sobietar Batasunaren arteko gainerako dokumentu ezkutuen sinaketak ere. Dena den, ez zuten okupazio bezala kalifikatu sobietarren 1940ko interbentzio militarra, Estoniak, Letoniak eta Lituaniak egin duten bezala.

2019ko ekainean, sinaketaren 80. urteurrena betetzear zegoela, Errusiako kanpo harremanen Ministerioko Departamendu historiko-dokumentalak dokumentuaren irudi originalak argitaratu zituen[11]. Urte berean, Defentsa Ministerioak Sobietar Batasunaren Poloniako inbasioarekin lotutako zenbait dokumentu argitaratu zituen.

Ludo Martens eta Grover Furr bezalako historialariek beste narratiba alternatibo bat ikustarazi dute. Bertan azaltzen dute Ituna beharrezkoa izan zela Sobietar Batasuna berrantolatzeko, mobilizatzeko eta industria militarra garatzeko (Alemania nazia Bigarren Mundu Gerran garaitzea ahalbidetuko ziona)[12][13].  

Nazioarteko Gaitzespena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019ko irailaren 1ean, gatazkaren eztandaren 80. urteurrenean, Alemaniak barkamena eskatu zion Poloniari Bigarren Mundu Gerran eragindako biktimengatik[14].

2019ko irailaren 19an, Europako Parlamentuak Europako memoria historikoaren garrantzia Europaren etorkizunerako izeneko ebazpena onartu zuen. Ebazpen horretan, besteak beste, honako hau dio erakundeak:

  • 1. Agerian jartzen du Bigarren Mundu Gerra, Europako historiako gerrarik suntsitzaileena, 1939ko abuztuaren 23ko nazi-sobietarren ez erasotzeko itun ziztrinaren, baita ere Molotov-Ribbentrop Ituna izenez ezaguna, eta bere protokolo sekretuen emaitza izan zela. Baita ere dio, gerra honek aukera eman ziela bi erregimen totalitario Europa bi eragin eremutan banatzeko.
  • 2. Gogoan dauka nazien eta komunisten erregimenek hilketa-masiboak, genozidioak eta deportazioak egin zituztela, eta XX.mendean giza bizitzaren eta askatasunaren galera eragin zutela, ordura arte gizateriaren historian inoiz ikusi ez zen eskalan; gogoan ditu, halaber, erregimen naziak egindako Holokaustoko krimen lazgarriak; gogor gaitzesten ditu egin ziren erasoak, izan erregimen komunistarenak, zein naziek eta bestelako erregimen totalitarioek egindakoak. Baita ere, kondenatzen ditu gizateriaren aurkako krimenak eta giza eskubideen urraketa masiboak ".[15]

Ebazpena onartu egin zen aldeko 535 botorekin, kontrako 66 botorekin eta 52 abstentziorekin.[16]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Jackson J. Spielvogel. Historia universal editorial mcgrawhill. (kontsulta data: 2026-05-08).
  3. 1 2 (Gaztelaniaz) Pacto Germano Soviético (23 de Agosto de. 1939-08-23 (kontsulta data: 2026-05-08).
  4. (Ingelesez) LastName, FirstName MiddleName. (2023). The Latvians: A Short History. Hoover Institution Press ISBN 978-0-8179-9303-0. (kontsulta data: 2026-05-08).
  5. (Gaztelaniaz) universidadobrerablog. (2018-04-23). «El Pacto Ribbentrop-Molotov: ¿prueba de la amistad entre comunistas y fascistas?» UNIVERSIDAD OBRERA (kontsulta data: 2026-05-08).
  6. (Ingelesez) Mitrovits, Miklós. (2020). «Background to the Molotov–Ribbentrop Pact» Central European Horizons online magazine 1 (1) ISSN 2732-0456. (kontsulta data: 2026-05-08).
  7. www.tandfonline.com  doi:10.1080/07075332.2018.1458043. (kontsulta data: 2026-05-08).
  8. Nóvosti. Molotov-Ribbentrop ituna, Informe historikoa. (errusieraz). .
  9. Plakans, Andrejs. Concise History of the Baltic States. , 174. or or..
  10. (Gaztelaniaz) AFP. (1989-08-14). «La Unión publica el protocolo secreto de 1939 entre Hitler y Stalin» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2026-05-08).
  11. (Errusieraz) «Опубликованы советские оригиналы Договора о ненападении между СССР и Германией — Фонд «Историческая память»» Фонд «Историческая память» 2019-05-31 (kontsulta data: 2026-05-08).
  12. Vértiz, Juan M.. (2024-11-21). Informe de lectura - Ludo Martens - Otra mirada sobre Stalin.docx. (kontsulta data: 2026-05-08).
  13. (Gaztelaniaz) universidadobrerablog. (2018-04-23). «El Pacto Ribbentrop-Molotov: ¿prueba de la amistad entre comunistas y fascistas?» UNIVERSIDAD OBRERA (kontsulta data: 2026-05-08).
  14. (Gaztelaniaz) Chouza, Paula. (2019-09-01). «Alemania pide perdón a Polonia por la Segunda Guerra Mundial» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2026-05-08).
  15. www.europarl.europa.eu (kontsulta data: 2026-05-08).
  16. (Ingelesez) «Europe must remember its past to build its future | News | European Parliament» www.europarl.europa.eu 2019-09-19 (kontsulta data: 2026-05-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]