Momo (eleberria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Momo
Momo Figuur Hannover.jpg
Datuak
Idazlea Michael Ende
Argitaratze-data 1973ko urtarrila
Generoa fantasiazko eleberria
Jatorrizko izenburua Momo oder Die seltsame Geschichte von den Zeit-Dieben und von dem Kind, das den Menschen die gestohlene Zeit zurückbrachte
Hizkuntza alemana
Herrialdea Alemania
ISBN 978-0-14-031753-4
OCLC 12805336
Euskaraz
Izenburua Momo
Argitaratze-data 1998
ISBN 9788481472301
Momo irudikatzen duen eskultura

Momo Michael Ende alemaniar idazleak alemanieraz idatzitako haur eta gazte literaturako fantasiazko eleberri bat da. 1973an argitaratua, Momo izeneko neskatoa du protagonistatzat[1]. 1998an argitaratu zen euskaraz.

Jatorrizko izenburu osoa Momo oder Die seltsame Geschichte von den Zeit-Dieben und von dem Kind, das den Menschen die gestohlene Zeit zurückbrachte da, hots, "Momo, edo denbora-lapurren eta jendeari denbora itzuli zion neskaren istorio arraroa".

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Momo Erroma kanpoaldeko anfiteatro suntsitu batean bizi den neskatxa umezurtz bat da. Oso lagunkoia da, hitz gutxikoa eta entzule ona, entzute hutsarekin bere lagunen arazoak identifikatzen baititu, eta haiei ohartarazi arazo horien konponbideez. Nahiz eta baliabide gutxiko neska izan, pozik bizi da, lagun asko dituelako eta ez dagoelako inoiz bakarrik. Giro lasai horretan, grisezko gizonak azaltzen dira, Denboraren Aurrezki Kutxaren ordezkariak, denbora aurrezteko ideia zabaltzen dutenak. Jendea denbora aurrezte horretan obsesionatzen da, gerora erabili ahal izango dutelakoan. Horrela, denbora galtzea dirudien edozer gauza egiteari uzten zaio: artea, imaginazioa, loa... bizitza antzu eta nekeza bihurtzen da. Errealitatean, zenbat eta denbora gehiago aurreztuta, are gutxiago du jendeak, grisezko gizonek zigarro moduan erretzen baitute denbora hori.

Momo izaera berezikoa da eta grisezko gizonek etsai nagusitzat daukate, ez baitute inor egoterik nahi euren eredu kontsumista hartatik kanpo, bera dagoen bezala.

Momo argia eta ausarta ere bada, Casiopea dortokaren laguntzarekin Grisezko gizonen diktadura amaitzen saiatzen da. Denboraren iturburura joan eta gizaki orori galdutako denbora guztia itzuliz akabatuko digtu risezko gizonak[2].

Liburuaren interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuak gure gizartea kritikatzen du, gizakien berekoitasuna eta anbizio pertsonalak islatzen ditu eta horiek norberarentzat kalte bihurtu ohi dira azkenean. Kontsumismoa nahikoa gogor kritikatzen du, edozein preziotan ekoitzi eta kontsumitzea, ahalik eta gauza gehien egin nahi izatea denbora epe motzean, kontuan hartu gabe gizabanakoaren jakin-minaren eta isiltasunaren garrantzia. Mezu hori helarazi nahi du eleberriaren bitartez[3][4].

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriak egungo gizartea ongi islatzen duenez, arazoak izan zituen Michael Endek argitaratzeko. Arazo horiekin guztiekin, 1973an argitaratu eta handik urtebetera, Alemaniako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi zuen[5].

Momo filma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Momo pantaila handira eraman zuten 1986an, baina ez zuen arrakasta handirik izan[6]. Filma euskaratua izan zen eta 2002an estreinatua[7].

Beste pertsonaia garrantzitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beppo garbitzailea: Gizon lasai eta eroapen handikoa da, batzuetan egunak ematen ditu galderei erantzuteko, buelta asko ematen baitizkie gauzei eta horrek egiten du jakintsu. Hala ere, herrikoek erotzat hartzen dute. Momoren lagunik hoberena da.

Gigi Cicerone: Girolamo izeneko ipuin kontalari arrakastatsua da eta bera ere Momoren lagunik hoberena, Beppo garbitzailearekin batera.

Casiopea apoarmatua: Ordu maisuaren apoarmatua da. Bere oskolean letrak irudikatuz komunikatzen da eta bihozkadak izaten ditu, ordu erdi aurretik badaki zer gertatuko den.

Grisezko gizonak: Grisez jantzita doaz, guztiak berdin. Denboraren Aurrezki Kutxaren izenean aritzen dira iruzurrean. Inguruko biztanleei denboraren garrantzia azaltzen diete, sobera duten denbora Denboraren Aurrezki Kutxan sartzeko, horrekin interesak lortu, etorkizunerako denbora gehiago irabazteko. Soberako denbora hori guztia ez da inoiz aurrezten, grisezko gizonek dena erretzen edo gastatzen dutelako, hortaz bizi baitira, aurreztutako denbora guztia denbora galdua da. Gizartearen materialismoaren errepresentazioa dira.

Ordu maisua: Denbora kudeatzen duen gizona da. Momori grisezko gizonekin duen gatazketan laguntzen dio[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ende, Michael. Noiz kontsultatua: 2017/11/24.
  2. a b Ende, Michael. (1998). Momo: edo denbora-lapurren eta, gizonei denbora itzuli zien neskaren istorio arraroa. Etxebarri, Bizkaia: Zubia ISBN 84-8147-230-1..
  3. Olivares, Juan Carlos. (1995). «Michael Ende, el escritor de los niños-adulto» Clij : Cuadernos de Literatura Infantil y Juvenil (78): 19-23. ISSN 0214-4123. Noiz kontsultatua: 2017-11-17.
  4. Etxaniz Erle, Xabier. (1996). Euskal haur eta gazte literaturaren historia. Noiz kontsultatua: 2017/11/17.
  5. Vázquez Sánchez, Amparo. (2008). «Heroínas en la Literatura infantil y Juvenil» Primeras noticias. Revista de Literatura (Bartzelona) (232) ISSN 1695-8365..
  6. (Ingelesez) Schaaf, Johannes. Momo. Noiz kontsultatua: 2017/11/17.
  7. Michael Enderen "Momo" lana, euskaraz. 2002/08/09 Noiz kontsultatua: 20174/11/24.