Morgantina

Koordenatuak: 37°25′51″N 14°28′46″E / 37.4308°N 14.4794°E / 37.4308; 14.4794
Wikipedia, Entziklopedia askea
Morgantina
Datuak
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Enna
Italiako udalerriAidone
Eskualdea Sizilia
Koordenatuak37°25′51″N 14°28′46″E / 37.4308°N 14.4794°E / 37.4308; 14.4794
Map
Azalera0.045 km²
Historia
KulturaSikuloak
deadimorgantina.it

Morgantina[1] (antzinako grezieraz: Μοργάντιον, Μοργαντίνη) Italiako hegoaldearen zonalde arkeologikoa da, Sizilia uhartean erdialdeko ekialdean kokatua. Lekua Joniar itsasotik 60 kilometrora dago, Enna probintzian. Herririk hurbilena, Aidone, hego-mendebaldean, bi kilometrora dago. Tokiaren itxura zirkulu batez osatuta dago, Serra Orlando izenekoa, eta muino bat ipar-ekialdean Cittadella izenez ezaguna. Morgantina hainbat epetan populaturik egon zen. Hasieran, establezimendurik handiena Cittadellan izan zen K.a. 1000-900 urtetik K.a. 450 arte. Beste kokapen handi bat Serra Orlandon zegoen K.a. 450tik K.o. 50 arte. XX. mendeko hasieratik, Morgantinan indusketa arkeologikoak egin dira. Kenan Erimek Serra Orlando Morgantinarekin identifikatu zuen. Geroago, zenbait moneta aurkitu zituen HISPANORUM hitza zutela. Erimek, monetak eta Levyren pasarteak erabili zituen adierazteko Serra Orlando aurkitutako hiria antzinako Morgantina zela[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena, egileen arabera, hainbat modutan agertzen da: Morgantia, Murgantia eta Morgantium ikerketetan; antzinako iturrietan, Estrabonek Μοργάντιον erabili zuen, Diodoro Sikulok, berriz, Μοργαντίνη. Latindar idazleek modu anitzetan aipatzen zuten Murgantia, Murgentia eta Morgentia. Zizeronek eta Plinio Zaharrak murgentini deitzen zieten biztanleei. Sikuloen hiria zen baina Estrabonen ustez, Morgantina aurre-erromatar talde batek fundatu zuen, Reggioko morgeteek[3]. Datu hau Eforo Zimekoak eman zezakeen, Estrabonek askotan egile hau aipatzen baitzuen[4]. Dionisio Halikarnasokoak zionez, Morge erregeak morgeteak zuzentzen zituen[5]. Morgantinarekin lotutako erreferentziarik antzinena K.a. 459koa da. Diodoro Sikuloaren arabera, urte honetan Duzetiok, sikuloen buruzagiak, Meneno hiria fundatu ondoren, Morgantina eraso eta kontrolatu zuen[6]. Litekeena da Morgantina Duzetioren kontrolpean egotea Nomain gudan, Sirakusak gainditu zuen arte[7].

Magna Graecia

Tuzididesen arabera, K.a. 424an, Hermokrates Sirakusakoak su-eten bat sinatu zuen, alde batetik Sirakusa eta hiri doriarrak, eta bestetik Camarina, Siziliako kalkistar hiriak, sikuloak eta Atenas. Tuzididesek zioen Sirakusak Gelako Kongresuan onartu zuela, indemnizazio gisa, Morgantina Camarinari ematea[8]. Kartagotarrek Camarina suntsitu zuten K.a. 405ean, beraz Morgantina independentea izan zitekeen data honetatik aurrera. Alabaina, K.a. 396an, Dionisio I.a Sirakusakoak berriro konkistatu zuen Esmeneo hiriarekin batera[9]. Sirakusak Morgantina kontrolatu zuen (zenbaitetan modu teorikoan baino ez) Bigarren Gerra Punikoara arte. Hiri hau abegi eman zion Agatoklesi Sirakusatik egotzi zutenean baita laguntza ere Sirakusara bueltatzeko eta tirania berrezartzeko. Morgantinan praetor aukeratu zuten eta geroago dux[10]. Bigarren Gerra Punikoan, Morgantina Sirakusaren zati bat zenez, goarnizio erromatar batek okupatu zuen, Hieron II.a Erromako menpekoa bilakatu zenean. Erromatarrek alea gordetzeko biltegiak eraiki zituzten. Hala ere, biztanleek, K.a. 214an, hiria kartagotar Himilkon jeneralari eman zioten[11]. Geroago, Hipokrates Sirakusakoak kontrolatu zuen eta azkenean, Erromak konkistatu. Marko Klaudio Martzelok Sizilia utzi zuenean K.a. 211an, hiria matxinatu zen. Marko Kornelio Zetegok hiria eta honen lurraldeak errekuperatu ondoren, Hispaniako mertzenario talde bati, Mericus[12] zuzenduta, eman zizkien. Lehenago, gudari hauek kartagotar armadatik ihes egin zuten erromatarren alde borrokatzeko. Erromatarren menpean zegoelarik, hiriak nolabaiteko garrantzia izan zuen. Morgantinan hil zen Lehenengo Gerra Serbilaren[13] buruzagia, Euno[14]. Bigarren Gerra Serbilean, K.a. 102an, Trifon eta Atenion matxinatutako buruzagiek, hiria setiatu zuten, baina azkenean, setioa altxatu behar zuten[15][16]. Zizeronek, K.a. lehenengo mendearen erdian, esan zuen Morgantinaren eremuak, Siziliako beste hiriarenak bezala, oso aberatza izan zirela, baina Verresen gobernuaren ostean, abandonaturik zeudela. Morgantinaren azken aipamena Estrabonek egin zuen. Geografo honen arabera, hiria ez zela jadanik existitzen[17]. Zenbait informazio iturrik azaltzen dute Morgantina eta haren ekonomia. Aipamen ospetsuena vitis murgentina zen, hau da, mahats mota bat. Katonek, Columelak eta Plinio Zaharrak aipatu zuten. Mahats honetatik egindako ardoa preziatua zen. Plinioren ustez ardo hau lehena zen Siziliako guztien artean, horregatik K.o. II. mendean, mahatsa Italiar Penintsulara aldatu zen.


Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. 147. araua: Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
  2. Erim, Kenan (1958). "Morgantina". American Journal of Archaeology 62 (1): 79–90. doi:10.2307/500463. JSTOR 500463. http://www.jstor.org/stable/500463?&seq=1#page_scan_tab_contents
  3. Strabo, Geographica 6.1.6 http://www.perseus.tufts.edu/hopper/text?doc=Strab.+6.1.6
  4. Estrabón, Geografía VI,2,4.
  5. Dionisio Halikarnasokoa, Roman Antiquities 1.12.3 http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Dionysius_of_Halicarnassus/1B*.html#12.3
  6. Diodorus Siculus, Bibliotheca historica 11.78.5 http://www.perseus.tufts.edu/hopper/text?doc=Diod.+11.78.5
  7. Diodorus Siculus, Bibliotheca historica 11.91 http://www.perseus.tufts.edu/hopper/text?doc=Diod.+11.91
  8. Tucídides, Peloponesoko Gerraren Historia IV,65,1.
  9. Diodoro Sículo XIV,78.7
  10. Justin, Historiarum Philippicarum 22.2.1
  11. Tito Livio XXIV,36
  12. Tito Livio XXVI,21.
  13. https://en.wikipedia.org/wiki/First_Servile_War
  14. Diodorus Siculus, Bibliotheca historica 34.2
  15. Diodoro Sículo XXXVI, excerpta Focio.
  16. Ricardo Martínez Lacy, Rebeliones populares en la Grecia helenística p.127, Universidad Nacional Autónoma de México (1995), ISBN 968-36-4525-9.
  17. Strabo, Geographica 6.2.4

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Morgantina Aldatu lotura Wikidatan