Mozorro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Mozorroa aurpegi bat irudikatzen duen eta begitartea estaltzeko erabiltzen den kartoizko edo oihalezko irudia da.

Mozorro ere deitzen zaio inauterian erabiltzen diren jantziei. Jantzi honen helburua atentzioa deitzea izaten da, helburu artistikoekin, erlijiosoekin edo bestelakoekin. Mozorroetan pertsona erreal bat edo irreal bat antzeztu daiteke, baita inauteri edo antzerkiak bezalako egoera berezietan erabili ere. Txamanek, adibidez, helburu erlijiosoekin erabili izan dute. Euskal Herrian oso erabili handia egon da inauterietako pertsonaia bereziekin.

Erlijio errituetan, antzerkietan eta jaietan erabiltzen da mozorroa, eta baita babes gisa ere. Sinbolismo eta indar espiritual handia dute, eta beren esanahia zein den jakiteko herri bakoitzeko kultura ezagutu beharra dago. Bi funtzio nagusi betetzen dituzte mozorroek: beste pertsona baten edo animalia baten irudia hartzea eta mozorroa janzten duena nor den ezkutatzea.

Antzina errituetan erabiltzen ziren batez ere mozorroak; hiletetako, gizarte sarrerako eta totemismoko errituetan. Aipatzekoak dira Egiptoko apaizek janzten zituztenak, Egipton eta Amerikan hildakoei ezartzen zizkietenak eta Afrikako, Amerikako eta Melanesiako tribu batzuek bere ospakizunetan erabiltzen zituztenak. Grezian erlijio errituetan erabiltzen ziren hasieran, baina garrantzi handiagoa izan zuten Dionisos, Demeter eta Artemisaren ohorezko jaietakoek. Grezian hasi ziren antzerkian gogo aldarteak adierazten zituzten mozorroak egiten. Antzerkirako mozorro aberatsenetakoak Txinakoak dira, XIV. mendetik aurrera erabiltzen direnak; zurez eginak dira, igeltsuzko geruza fin batek estaliak eta oso landuak. Aipatzekoak dira bestalde Japoniako borrokalarienak eta Zeilango medikuenak. Gaur egun maskarek ez dute antzinako esanahi sinbolikoa, baina artelan askoren iturri dira, eta oraindik ere erabiltzen dira, jaietan eta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]