Edukira joan

Mugimendu Sozialista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mugimendu Sozialista
motamugimendu politikoa
ideologiakomunismoa
internazionalismo proletarioa
herrialdeaNazioartea
hizkuntzaeleanitza
prentsa-organoaGedar
Horitzó Socialista
Diario Socialista

Mugimendu Sozialista (MS) 2010eko hamarkadaren amaieran sortutako mugimendu politiko iraultzaile bat da. Elkarren artean harremana duten hainbat erakundek osatzen dute Mugimendu Sozialista, eta erakunde bakoitzak eragiteko esparru bat hartzen du. MS-ren egoitza politikoak eta sozialak zentro sozialistak deiturikoak dira, autogestioaren bidez kudeatzen diren zentroak.[1]

Abiapuntu politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu Sozialista nazioarte mailan antolatzen den mugimendu politiko bat da, bere hastapena Euskal Herrian duena. Maiz Mugimendu Sozialista Euskal Herriko Mugimendu Sozialistarekin nahasten da, baina Euskal Herriko Mugimendu Sozialista MS-ren parte bat baino ez da (parte sortzailea), alegia, Euskal Herrian mugimenduak hartzen duen antolakuntza. Beraz, Mugimendu Sozialista Euskal Herritik harago antolatzen den mugimendua da, gaur egun Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian antolatuta dagoena.

Mugimendu Sozialistak, esan bezala, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistan, hots, Euskal Herrian, du bere hastapen politikoa. ENAMen eremu soziologiko beretik dator bere militantziaren zati handi bat. Hala ere, bere hastapenetatik ENAM-ekin eta Ezker Abertzalearekin apurtu zuen Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak, Ezker Abertzaletik kanpo antolaturiko mugimendu bilakatuz.[2] Hortik aurrera beste lurralde batzuetan ere antolatzen hasi zen eta gaur egun maila internazionalean antolaturiko mugimendu politiko bat da.

Mugimendu Sozialistaren abiapuntua Euskal Herrian kokatzen da, 2010eko hamarkadaren amaieran. Ezker Abertzalearen estrategia aldaketak desadostasun ugari sortu zituen hainbat militanteren artean, eta militante horietako asko Ezker Abertzaletik urrunago kokatzen ziren mugimenduetara lekualdatu ziren, batik bat ikasle mugimendura eta gaztetxeetara. Denborarekin militante hauetako asko ideiak trukatzen hasi ziren, Mugimendu Sozialista izango zenaren oinarri ideologikoak osatzen hasiz. Prozesu horretan Borroka garaia da! gisako blogek garrantzia berezia hartu zuten, gerora Mugimendu Sozialista osatuko zuten pertsona ezberdinen testu eta hausnarketak argitaratzen bai ziren blog horietan.[2]

Ikasle mugimenduak garrantzi berezia izan zuen Mugimendu Sozialistaren sorreran. Ikasle Abertzaleak (IA) Ezker Abertzale ofizialaren tesietatik aldenduriko jarrerak hartzen hasi zen denborarekin, eta horrek tentsioak eragin zituen IA-ren eta Ezker Abertzalearen artean. Honen eraginez, 2018ko urrian Ernai gazte antolakundeak IA-rekin zituen harremanak moztea erabaki zuen.[3] 2019an IA-k antolakundearen VII. Kongresua burutu zuen, eta bertan aurrez sortzen zebiltzan oinarri ideologiko eta politikoak formalizatu eta gorpuztu ziren.[4] IA-k Euskal Estatu Sozialista onartu zuen hautu estrategiko gisara.[5]

2019ko otsailean Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu zen Gasteizko Auzolana Pilotalekuan.[6] GKSk gazte problematika klase ikuspegi batetik lantzea zuen helburu. Erakunde berria IArekin elkarlanean hasi zen, Mugimendu Sozialistari egun duen forma ematen hasiz. Bi antolakundeek ekintza ugari burutu izan dituzte elkarlanean, nagusia Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea delarik.[7] Urte berean Erraki sortu zen, gune autogestionatuen esparruan eragiteko sortua. Errakiren helburua gune horiek modu isolatuan izan zitzazketen mugak klase elkartasunez gainditu eta beren burua defendatzeko mekanismoz hornitzea zen.[8]

2020ko urrian ITAIAk, ordurarte emakume sozialiston sarea zenak, antolakunde forma hartu zuen, emakume sozialiston antolakundea izatera pasaz.[9] Aldaketa honen bidez ITAIA Mugimendu Sozialistaren baitan genero problematika lantzen duen antolakundea izatera pasa zen. Urte berean, Kontseilu Sozialista Iruñerria aurkeztu zen Berriozarko Musika Eskolako aretoan. Antolakunde berriak osotasunari ikuspegi sozialista batetik heltzea zuen helburu, eta belaunaldiartekoa izango zela adierazi zen.[10] Denborarekin Euskal Herriko eskualde ugaritan aurkeztu ziren Kontseilu Sozialistak. 2021ean Ekida sortu zen, artea ikuspegi sozialista batetik lantzea helburu duen antolakundea.[11]

Hedapena eta nazioarteratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian hasi zena nazioarte mailan hedatzen joan zen poliki-poliki. Mugimendu Sozialistaren estrategietako bat da baldintzak sortzea nazioarte mailan, batez ere Europan, alderdi komunista bat osatzeko. Kapitalismoa internazionala den heinean MS-ak ulertzen du antolakuntza komunista ere internazionala izan behar dela, nazio eta estatuetatik harago antolatuko den egitura zabalago bat.[12][13] Estrategia horri jarraiki, ideia bera partekatzen zuten nazio ezberdinetako komunistek elkartzeari eta estrategiak partekatzeari ekin zioten eta Mugimendu Sozialista nazio edota herrialde ezberdinetan antolatzen hasi zen, hala nola Herrialde Katalanetan,[14] Galizian[15][16] eta espainiar estatuko lurraldeetan.[17][18][19] Gaur egun aipaturiko lurraldeetan dauka Mugimendu Sozialistak antolakuntza, baina helburu dute beste nazio eta lurraldeetara hedatzen jarraitzea eta Europa mailan egitura eta antolakuntza bateratu bat errotzea. Beraz, Mugimendu Sozialista nazioarteko proiektu politiko bat da, nazio eta herrialdeen arteko gatazkak gainditu eta nazioarteko proletalgoa batzeko, antolatzeko eta askatzeko asmoa duena.

Lurralde eta nazio bakoitzean Mugimendu Sozialistak lurralde horietako ezaugarri eta kontseilu propioekin jarduten du, mugimendu internazionala den heinean mugimendu eleanitza ere bada; alegia, nazio edota lurralde bakoitzean bertako hizkuntza propioetan dihardu MS-ak. Hizkuntzen aniztasuna babesten eta praktikara eramaten duen mugimendu komunista bat da.[12]

Ildo politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunismoa eta internazionalismo proletarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu Sozialista (MS) sozialismoaren eraikuntzaren bidetik gizarte komunista bat gauzatzeko helburua duen nazioarteko mugimendu politiko iraultzaile bat da. Sistema kapitalistan langileriaren askapen politikoa eta zapalkuntza ezberdinen gaindipena ezinezko ikusten ditu, hortaz, sozialdemokrazia edo bide erreformista baztertzen duen mugimendua da. Kapitalismoa nazioartean antolaturik dagoen moduan, MS-k uste du komunismoa eta kapitalismoa irauli eta gaindituko duen alternatiba ere nazioartean antolaturik egon behar dela, hori internazionalismo proletarioaren bidetik eta nazioarte mailan, Europa mailan bederen (influentzia geografikoagatik), alderdi komunista kohesionatu eta estrategikoki bateratu bat antolatzetik ulertzen du; nazio bakoitzeko errealitatetik abiatuta baina, finean, nazioarte mailako estrategia eta antolakuntza bateratu eta operatibo batetik.[20][12][13] MS-ren ustez, kapitalismoa eta hau leuntzen, baina, azken finean mantentzen duen sozialdemokrazia langileria despolitizatzen eta klase kontzientzia apaltzen duten eragileak dira, bidegabekeri sistematikoa iraultzeko eta gainditzeko aukerak urruntzen dituztenak. Despolitizazio makinaria hori gelditu eta langile botere independente, kontziente, politizatu, formatu, artikulatu eta antolatu bat eraikitzea da mugimendu politiko honen lehentasuna alternatiba sozialista iraultzaile bat eraiki ahal izateko. MS-ren helburu estrategikoetako bat, masa alderdi komunista bat antolatzea da, estatu mugez gaindi antolatua, langileriaren askapenerako alternatiba sozialista egikaritu ahal izateko.

Mugimendu Sozialistak nazionalismoa arbuiatzen du. Nazionalismoa nazio ezberdinen langileria banatzeko, elkar gorrotatzeko eta hauek langileriaren zein gizateriaren bake eta askapenena lehenetsi beharrean nazioa lehenesteko erabiltzen den herraminta ideologiko burgesa dela deritzo, nazio batengatik beste nazio bateko langileak hiltzeko behartu eta adoktrinatzeko erabilia. Internazionalismoa da aldarrikatzen duena MS-k eta proletalgoaren askapenaren alde borrokatzen duela dio, hau aurkitzen den lekuan aurkitzen dela, nazio batena edo bestekoa dela. Bandera gorria da MS-k aldarrikatzen duen bandera, mundu osoko komunistena.[21]

Borroka antifaxistari garrantzi handia ematen dio mugimendu politiko honek[22] eta mobilizazio zein manifestazio andana deitzen ohi ditu aldarrikapen honen pean.[23][24][25][26][27][28][29] MS-ren ustez komunistak antifaxismoaren lehen lerroan egon behar dira eta antifaxismoa eduki komunistaz betetzeko konpromisoa ere hartua du.[30] Antifaxismo borrokamolde ezberdinak defendatzen ditu; alde batetik ezinbesteko ikusten du antifaxismoaren inguruko borroka ideologikoa eta langileria irizpide antifaxistetara batu eta antolatzea, bestetik, autodefentsa antifaxista eta faxismoaren kontrako ekintza zuzena ere aldarrikatzen du, faxismo mota guztiei aurre egiteko eta espazio publiko guztiak kentzeko.[23] MS-ren ustetan faxismoa kapitalismoaren aurpegi biolentoa da, kapitalismoaren krisi garaietan sistema honek elikatu eta areagotzen duen ideologia, sistema beraren biziraupenerako eta biolentzia zein beldurraren bidez indarrean mantentzeko.[23] Mugimendu honek uste du sozialdemokraziak eta irizpide iraultzaileak baztertu dituen ezker erreformistak eta elektoralistak erreakzioaren gorakadan eragina dutela, modu pasiboan bada ere.[31] MS-ren aburuz, sozialdemokraziak langileriak pairatzen dituen egiturazko arazoak konpontzeko duen ezintasunak eta ezkerreko alternatiba iraultzaile bat ez egoteak langileriaren sektore bat faxismoaren itxurazko propaganda iraultzailera hurbiltzea ekarri dute. Beraz, Mugimendu Sozialistak langileriaren sektore horiek faxismoaren itxurazko propaganda iraultzailetik ateratzeko ezinbestekoa ikusten du borroka ideologikoarekin batera benetako alternatiba sozialista iraultzaile bat eraikitzea, instituzio burgesen ezintasunak eta mugak gaindituko dituen programa iraultzaile bat lantzea.

Emakumeen kontrako zapalkuntzaren auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MS-k emakume langilearen kontrako zapalkuntza gainditzeko aukera bakarra sozialismoaren eraikuntzarekin batera ikusten du. Emakume langilea da MS-k aldarrikatzen duen subjektu iraultzailea, eta emakume langileak jasaten duen zapalkuntza halabeharrez zapalkuntza mota oro gaindituko duen alternatiba sozialista eta iraultzaile baten bidetik soilik etorriko dela uste du. Kritikoa da feminismo interklasistarekin eta ferminismo erreformistarekin, MS-ren aburuz emakume langilearen jazarpenaren gaindipena ez da sekula etorriko estatu kapitalista baten eskutik, eta beraz, ezta sistema kapitalistaren barruan ondutako programa feminista erreformista baten bidetik ere. Sozialismoa aldarrikatzen du emakume langilea askatzeko programa gisa eta emakume langileak alternatiba antikapitalista eta iraultzaile baten inguruan antolatzea aldarrikatzen du. Mugimendu Sozialistaren barruan emakume langileen zapalkuntzaren auzia modu zehatz batean lantzeko antolakundeak daude, Itaia emakumeen antolakunde sozialista horren adibide da.[32][12][33]

Nazio zapalduen auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu Sozialista nazio zapalduen autodeterminazioaren alde dago, baina mugimendu nazionalista edo abertzaleek autodeterminazio prozesua prozesu interklasista bat bezala planteatzen duten bitartean, Mugimendu Sozialistak autodeterminazioa langile klaseak burutu beharreko prozesu gisa ulertzen du. Beraz, MS-k nazio zapalduen langileriaren autodeterminazioa aldarrikatzen du, ez prozesu burges edota interklasistarik. Nazio zapalduen autodeterminazioa eta independentzia estatu sozialista bat eraikitze aldera babesten du, eta horretarako nazioarte mailan estrategia komunista bateratu eta antolatu bat ezinbestean egon behar dela uste du, nazio zapalduen langileen autodeterminazio prozesua babestu eta lagunduko duena.[32][34][35]

Hizkuntzen auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MS nazioarteko mugimendu bat den heinean mugimendu eleanitza ere bada. Hizkuntzak gizateriaren ondare bat direla uste du eta hizkuntza guztien errespetu, elkarbizitza, biziraupen eta garapenaren alde agertzen da MS. Hizkuntzen minorizazioaren eta zapalkuntzen kontra dago eta hizkuntzen normalizazioa bultzatzen du. Mugimendu Sozialista estaturik gabeko eta hizkuntza propioa duten nazioetan ere antolatuta dago, eta bertako hizkuntza minorizatuen aldeko normalizazioan eta garapenean aktore aktiboa da. Hizkuntza-komunitate bakoitzean bertako hizkuntza propioan edo propioetan jarduten du.[12]

Mugimendu Sozialista hizkuntzen aniztasunaren alde dago eta hizkuntzen minorizazio eta zapalkuntza borrokatzearen ade dago. Hizkuntzen auzia ez du ikuspegi identitario nazionalista batetik ikusten, hizkuntza-komunitate bakoitzak bere hizkuntza propioan edo propioetan bizi eta jarduteko duen giza eskubide unibertsaletik baino.

Auzi ekologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapitalismoak gizateriaren eta planeta beraren bizitzaren gaitasuna kolokan jartzen duela uste du MS-k. Kapitalismoak gizateria eta planetaren baliabide naturalak burgesiaren irabazien metaketaren pean jartzen ditu, gizateriaren sektore ahulenak eta langileak miseriara kondenatzeaz gain planetaren ekosistemak eta biodibertsitatea etengabe suntsituz. Mugimendu politiko honek uste du kapitalismoa eta naturaren suntsipena txanpon beraren bi aurpegiak direla, eta kapitalaren pilaketa berak naturaren suntsipenaren beharra duela sistemarekin jarraitu ahal izateko. Sozialismoa aldarrikatzen du krisi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko eta gizarte komunista defendatzen du gizateria, naturaren parte den heinean, naturan modu orekatuan eta jasangarrian bizi hala izateko.[12]

Mugimendu Sozialistak auzi ekologikoa klase auzitik erreparatu behar dela uste du, finean, estatuak, burgesiak, elite eta oligarkia ekonomikoak, enpresa multinazionalak eta dirudunak dira gehien kutsatzen dutenak eta baliabide naturalak irabazi asmoekin esplotatzen dituztenak, ez langileria eta jendarte xumea; alegia, aberatsenek jet pribatuetan hegan egin eta itsasoak luxuzko yatetan zeharkatzen dituzten bitartean, proletalgoaren gehiena bizi baldintza kaskarretan (lan prekarioak edo langabetuak eta etxe proiektu ziurtasunik gabekoak) eta bizi estilo oso xumeetan bizi da. Estatu kapitalistek eta multinazionalek gidatu nahi duten trantsizio energetikoarekin kritikoa da eta krisi ekologiko eta klimatikoa eragin dituen sistema ekonomiko berarekin jarraitzeak aterabiderik gabeko gurpil batean egotera kondenatuko gaituela uste du. Sistema kapitalista dudan jartzen ez duen trantsizio energetikoak kapitalismoaren erreforma berde bat baino ez lukeela ekarriko uste du, kapitalismoaren eta energetiken multinazionalen aurpegi zuriketa bat (ingelesez "greenwashing" deritzona) suposatuz eta epe luzera konponbidetik urrun arazo ekologikoak betikotukoz. Kapitalismoak, kapitalismo berdeagoa bada ere, bere sistemaren erreprodukziorako naturaren baliabideak modu asegabe batean esplotatzen jarraituko duela uste du mugimendu komunista honek, izan gasa eta petrolioa ustiatuz ala ekosistema ordezkaezinak energia berriztagarrien makroproiektu eta makroegiturez betez. Kapitalismoak burgesiaren eta, kasu honetan, energia berriztagarrien multinazionalen irabaziak pilatzeko asmoarekin jarraituko duela uste du MS-k, horretarako suntsitu beharreko guztia suntsituz. Beraz, kapitalismoaren barruan ondutako trsantsizio energetiko bat babestu beharrean, ekonomiaren pilaketan oinarritzen den sistema kapitalista bera desegin eta energia berriztagarriekin batera sozialismoa eraikitzearen beharra ikusten du.[12]

Mugimenduaren erakundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu Sozialistak herrialde bakoitzean bere prentsa-organoak ditu, herrialde bakoitzaren hizkuntza propioetan argitaratuak. Gaur egun Gedar,[36] (Euskal Herriko prentsa-organoa) Horitzó Socialista[37] (Katalan Herrietako prentsa-ornagoa) eta Diario Socialista[38] (espainiar estatuko prentsa-organoa) kazeta digitalak dira nagusiak. Erakundeen artean honako hauek osatzen dute Mugimendu Sozialista nazioarte mailan:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Gedar. «[ARTEKA: "«Zentro Sozialistak Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialak dira»"»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-14).
  2. 1 2 «Komunismoa helburu» Argia (kontsulta data: 2022-02-04).
  3. ↑ SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-10-05). «Ernai eta Ikasle Abertzaleaken arteko «aliantza estrategikoa bertan behera» gelditu da» naiz: (kontsulta data: 2022-02-04).
  4. ↑ (Gaztelaniaz) admin. (2021-10-15). «Radiografía de GKS, una organización del Mugimendu Sozialista» Contracultura (kontsulta data: 2022-02-04).
  5. ↑ «Euskal eskola nazionala eta euskal estatu sozialistaren aldeko apostua berretsi dituzte» Argia (kontsulta data: 2022-02-04).
  6. ↑ «Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute Gasteizen» Argia (kontsulta data: 2022-02-04).
  7. ↑ «Asteazken honetan hasiko da Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea» Argia (kontsulta data: 2022-02-04).
  8. ↑ «Erraki sortu dute, gune autogestionatuen babes sarea» Argia (kontsulta data: 2022-02-04).
  9. ↑ Gedar. «Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista sortu dute» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2022-02-04).
  10. ↑ «Ahotsa.info» ahotsa.info (kontsulta data: 2022-02-04).
  11. ↑ «EKIDA sozialiston kultur ekimena sortu da» ZUZEU 2021-02-16 (kontsulta data: 2022-02-04).
  12. 1 2 3 4 5 6 7 GALDE. (kontsulta data: 2026-02-12).
  13. 1 2 (Gaztelaniaz) «EHKS: “Es el momento de construir una oposición clara por parte de la clase trabajadora independiente de las instituciones”» Insurgente. Tu diario de contrainformación 2025-04-30 (kontsulta data: 2026-02-12).
  14. 1 2 (Katalanez) «Neix l'Organització Juvenil Socialista (OJS) a Catalunya» Horitzó (kontsulta data: 2026-02-09).
  15. 1 2 (Gaztelaniaz) «Nace en Galiza la Coordinadora da Mocidade Socialista» Insurgente. Tu diario de contrainformación 2025-09-08 (kontsulta data: 2026-02-09).
  16. 1 2 «CMSocialista» cmsocialista.gal (kontsulta data: 2026-02-09).
  17. 1 2 «CJS» cjsocialista.com (kontsulta data: 2026-02-09).
  18. 1 2 (Gaztelaniaz) «Nace en Madrid la Coordinadora Juvenil Socialista» Insurgente. Tu diario de contrainformación 2024-03-11 (kontsulta data: 2026-02-09).
  19. ↑ (Gaztelaniaz) «“No es quién gestiona la autonomía, sino que la clase trabajadora carece de una herramienta política propia para dejar de ser gestionada”» Diario Socialista 2026-02-15 (kontsulta data: 2026-02-15).
  20. ↑ «“Batasun estrategikoa lantzen ari gara Europako Alderdi Komunista sortzeko”» Argia (kontsulta data: 2026-02-14).
  21. ↑ Gedar. «[ARTEKA: "Bandera gorri bat"»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  22. ↑ Gedar. «[Gedar TB / Sarkin: "Faxismoa, Autoritarismoa, Erreakzioa"»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  23. 1 2 3 Gedar. «[IKUSPUNTUA Ane Ibarzabal: "Indartu dadila faxismoaren aurkako antolakuntza"»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  24. ↑ Gedar. «[AGENDA 2026ko otsailaren 14a: Egun Antifaxista»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  25. ↑ Gedar. «[AGENDA 2026ko otsailaren 26tik martxoaren 3ra: Faxismoaren eta inperialismoaren aurka. Ikasleon unea da!»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  26. ↑ (Gaztelaniaz) «CJS reúne a un millar de jóvenes en Madrid y llama a 'Romper lo atado y bien atado'» Diario Socialista 2025-11-24 (kontsulta data: 2026-02-12).
  27. ↑ (Gaztelaniaz) Ugena, Roberto. (2025-11-24). «Madrid atraviesa una resaca roja tras el 20-N: volveremos todas, de cada manifestación, más fuertes y unidas» El Plural (kontsulta data: 2026-02-12).
  28. ↑ (Katalanez) «L’OJS del País Valencià convoca actes contra el feixisme i la reacció» Horitzó (kontsulta data: 2026-02-12).
  29. ↑ (Katalanez) webinnovo. «Manifestació de la OJS a Badalona contra la reacció i el feixisme» independentbadalona.cat (kontsulta data: 2026-02-12).
  30. ↑ Gedar. «[EDITORIALA: "Antifaxismoa eduki komunistaz betetzeko unea da"»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  31. ↑ (Gaztelaniaz) «La falacia de los frentes electorales antifascistas» Diario Socialista 2026-02-19 (kontsulta data: 2026-02-19).
  32. 1 2 (Galizieraz) «“Si participamos en las instituciones lo haremos para ahondar en la estrategia comunista”» www.elsaltodiario.com 2024-02-03 (kontsulta data: 2026-02-12).
  33. ↑ (Gaztelaniaz) Gedar. «I. Kongresua egin du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, borrokarako norabidea berretsita» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  34. ↑ Gedar. «Euskal langileriarentzat autodeterminazioa aldarrikatu du EHKSk Aberri Egunean» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-12).
  35. ↑ (Gaztelaniaz) «EHKS reivindica la ruptura política en Durango, en el Día de la Constitución española» Diario Socialista 2025-12-07 (kontsulta data: 2026-02-12).
  36. ↑ Gedar. «[Mugimendu Sozialista / KONTSEILU SOZIALISTAK»] Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2021-11-21).
  37. ↑ (Katalanez) «Un mitjà per la lluita de classes» Horitzó 2026-02-19 (kontsulta data: 2026-02-19).
  38. ↑ (Gaztelaniaz) «Diario Socialista» Diario Socialista (kontsulta data: 2026-02-19).
  39. ↑ Gedar. «Euskal Herriko Kontseilu Sozialista sortu dute» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-09).
  40. ↑ «Etxebizitza Sindikatu Sozialista» EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (kontsulta data: 2026-02-09).
  41. ↑ «Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista sortu dute, langileriaren autodefentsa antolatzeko» Argia (kontsulta data: 2026-02-09).
  42. ↑ «Langile Autodefentsa Sarea» langileautodefentsa.net (kontsulta data: 2026-02-09).
  43. ↑ Gedar. «Ikerketa Sozialisten Institutua aurkeztu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-09).
  44. ↑ «ISI – Ikerketa Sozialisten Institutua» isi.eus (kontsulta data: 2026-02-09).
  45. ↑ Gedar. «Gazte Koordinadora Sozialista sortu dute, gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-09).
  46. ↑ «Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista» Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (kontsulta data: 2026-02-09).
  47. ↑ Alberdi, Iosu. (2025-11-29). «Ikasle Abertzaleek izena aldatu dute: Ikasle Antolakunde Sozialista izango dira aurrerantzean» Berria (kontsulta data: 2026-02-09).
  48. ↑ itaia – Emakumeon Antolakunde Sozialista. (kontsulta data: 2026-02-09).
  49. ↑ Gedar. «I. Kongresua egin du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, borrokarako norabidea berretsita» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2026-02-09).
  50. ↑ Gedar. «Ehunka pertsonak hartu dute kalea Donostian eta Iruñean, okupazioaren aurkako ofentsibaren aurrean, espazioen gaineko langile kontrola aldarrikatzeko» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2021-11-21).
  51. ↑ «"Artista librea da ala merkatuaren barruan ari da ekoizten?"» Argia (kontsulta data: 2021-11-21).