Mundu islamikoko zientzia Erdi Aroan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Al-Jazari, XIII. mendeko liburua

Erdi Aroko mundu islamikoko zientzia Islamdar Urrezko Aroan garatutako zientzia izan zen, VII. eta XV. mendeen artean, omeiatarren, abbadtarren, samandarren, ziyaridtarren, buyidtarren eta abbastarren agintaldietan.

Islamaren sustraiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu musulmanak arraza, hizkuntza eta kultura desberdinetako herriak besarkatu zituen, baina herri hauen guztien artean oinarri komun bat bazegoen: Arabiar penintsula, hain zuzen. Penintsula hau, garai hartan ere, basamortu izateko bidean oso aurreratua zegoen, eta beraz, gizakiek bizimodu normala izateko zailtasunak baino ez zituzten aurkitzen. Horregatik, tribu batzuk Persiar golkotik abiatu ziren, eta beste batzuk Siria eta Transjordaniako oasietan kokatu ziren. Hala ere, Arabiar penintsulako biztanleen eta penintsulatik at zeuden arabiarren artean ez dago bereizketa egiterik; bien arteko mugagabeko basamortu zabalek eta bizimodu nomadak eutsi baitzioten jatorrizko loturari.[1]

Mahoma predikua egiten, XIV. mendeko irudia.

Baina, basamortu horiek mundu islamikoaren kultura baldintzatzen zuten. Hasteko, basamortuek bizimodu tribala iraunarazi zuten, eta baita bizimodu mota horrek berekin duen guztia ere: elkarbizitzaren oinarria hurbiltasuna da eta hurbilekoa edo lagun hurkoa tribukidea da, hots, odol berekoa eta ez besterik. Hasierako kontzeptu fisiko hau, ahaidetasun espiritualera hedatu zen geroago. Bestalde, basamortuek gosearen mamutzarra plazaratzen zieten behin eta berriro. Beraz, uraren, bazkaren eta abereen urritasuna zela-eta, ondasun hauen guztien jabegoaren eztabaida oso garrantzitsua zen. Aldi berean, eguraldiaren zakartasun eta zailtasunak (hondar ekaitz batek biziaren azkeneko aztarna ere garbi zezaken) pentsamolde fatalista, ia arduragabetasuna sortzerainokoa, eta menturarako espiritua bultzatzen zituen. Mundu honek VII. mendera arte geldirik iraun zuen. Baina, Mahomaren bultzada espirituala dela eta, mundua konkistatzera abiatu zen mende horretan.[1]

Esandako testuinguru gogor honetan sortu zen Islama. Islamaren erlijio-ikuspegiaren funtsa, hauxe da: Munduaren jaun eta sortzaile den Jainko bakar batean eta haren azkeneko profeta den Mahomarengan sinestea. Baina, erlijio-helburuarekin batera, helburu soziala ere zekarren Islamaren jaiotzak, hau da, arabiar guztien batasuna lortzearena. Helburu hau erdiesteko, Islamak zenbait lotura-elementu desberdin bereganatu zuen: judu jatorriko sineskera batzuk (Testamentu Zaharreko aipamenak, bereziki), kristautasunaren beste batzuk (Jesus eta Ama Birjina) eta arabiar paganismoaren hondarrak (Kaabaren gurtzea).[1]

Islamaren hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islamaren hedapena:      Mahomarekin, 622–632      Rasidar kalifaldian, 632–661      Omeiatar kalifaldian, 661–750

Fedea, otoitzak, baraua, limosna eta bizitzan zehar gutxienez behin Mekara erromes joatea zeuden Islamaren erlijio-biziaren oinarrian. Oso laster, Gerra Santua gehitu zitzaien horiei. Hasieran, tribu nomaden harrapaketa-espedizioen ondorengoa baino ez zen azkeneko hau, nahiz eta geroago beste esangura berezi bat hartu.[1]

Ondorioak guztiz onak eta bat-batekoak izan ziren haientzat. Hori ulertzeko, kontuan hartu behar dugu bereganatu zituzten herrien egoera kaskarra; baina, hala ere, mende eskasean egindako hedapena ikusirik, harridura sortzen da: 636an Siria, Mesopotamia 637 eta 641 bitartean, Palestina 640an eta Egipto 642an. Aldi berean, Persiar golkoa eta Indiako ozeanoa inguratuz, Persian sartu ziren 637an, eta 656an menderatu zuten. 670ean Afrikako iparraldea eta Tunisia hartu zituzten, eta Maroko 698an. Iberiar penintsulan 711n sartu ziren, eta 721ean, Pirinioak gainditurik, Rodano ibaiaren ertzeraino iritsi ziren.[1]

Baina, 732an Poitiersko guduan jasan zuten hondamena zela-eta, Europako hedapena gelditu egin zen. Dena dela, ekialderantz jarraitu zuten, eta XI. mendearen hasieran Sizilia, ekialdeko Afrika eta Madagaskar berenganatu ondoren, Indiaraino heldu ziren. Hala ere, dinastien arteko borrokak eta sortutako sekta desberdinen arteko gorabeherak medio, mende horretan hasi zen Islamaren deseraketa politikoa nahiz erlijiosoa.[1]

Mundu islamikoko zientziaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbiziko urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beren hedapena hasi baino lehen arabiarrak ez ziren erabat isolaturik. Izan ere, mugetako zenbait tribu harremanetan zegoen erromatarrekin eta bizantziar grekoekin, eta zenbait ikaskizun jaso zuten haiengandik. Horregatik, arabiar batzuk Bizantziar Inperioaren zerbitzu zibilean lan egiten zuten, Sirian bereziki. Beraz, islamaren leherketa izan aurretik, arabiarren artean zenbait pertsona jakitun egon bazegoen, eta horrek erraztu zuen zientzia grekoaren ekarpen batzuk bereganatzea.[1]

Tribu hauetako batek, Omeia izenekoak, erromatarren aliatu izan ondoren Siria osoa hartu zuen eta, 661. urtean, Damaskon hasiera eman lehenengo kalifaldiari. Omeiatarrak hasieratik zeuden helenizaturik eta, Damaskon zientzialari batzuk elkartu ondoren, 700. urtean behatoki astronomiko bat eraiki zuten.[1]

Abbastar agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abbastar Kalifa-herriaren hedadura handiena, 850 aldean

Omeiatar helenizatu haiek, ordea, ez zeukaten erlijioaren fanatismoak sorrarazten zuen bultzada eta indarra, eta 747an abbastarren mendera erori ziren. Hauek Bagdaden ipini zuten beren hiriburua. Abbastarrak, helenizatu baino gehiago, persiartu egin ziren, menderatu zuten lurraldearen kultura bereganatu baitzuten. Horregatik, persiarren bideari jarraituz, medikuntza eta astronomiako eskola bat eraiki zuten Gundixapur hirian.[1]

Bigarren abbastar kalifak, al-Mansurek, kanpoko zientzialari batzuk ekarri zituen Bagdadera. Hauen arteko Kankah indiar astronomoak, bere herrialdeko jakintza liburu batzuk (Siddhantak, Txaraka Samhita eta Sushruta Samhita) itzuli zituen arabierara. Hirugarren kalifak, Harun al-Rashidek hain zuzen, lan grekoen originalak biltzea agindu zuen eta laugarrenak, al-Mamunek, Jakintzaren Etxea sortu zuen 828 inguruan lan horiek itzultzeko; behatoki astronomiko bat ere fundatu zuen. Garai hartan, al-Khwarizmik indiar zenbakiak eta kalkulu bideak mundu musulmanera sartu zituen.[1]

Jakintzaren Etxeko itzultzaile nagusia Hunayn ibn Ishaq (809-877) nestoriotarra zen. Hark Galenoren medikuntzari buruzko idazlan gehienak itzuli zituen, eta baita Ptolomeoren Almagesto ere. Bera hil ondoren, laurogeita hamar bat ikaslek eraman zuten aurrera lan hori; haren seme Ishaq ibn Hunayn da aipagarriena. Honek Ptolomeo eta Euklidesen lanak itzuli zituen. Haren iloba Hubaysek, berriz, Hipokrates eta Dioskoridesen lanak.[1]

Seljuktar agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendetik aurrera, seljuktarrak kalifa-herriaren kontrola hartuz joan ziren; lortu zutenean izugarrizko gainbehera kulturala gertatu zen Bagdaden. Zenbait jakintsuk turkoekin segitu zuen; 1123an hil zen Omar Khayam olerkari eta matematikariak adibidez. Honek al-Khwarizmien matematika garatu zuen eta, azkeneko honek ekuazio koadratikoak baino estudiatu ez zituen bitartean, berak kubikoak garatu zituen.[1]

Beste batzuk, aldiz, ekialdera abiatu ziren; India musulmanera, hain zuzen. Al-Biruni persiarra, esate baterako, Gaznin, Afganistanen, gelditu zen eta Indiako historia idatzi zuen bertan. Hala ere, gehiengoak mendebalderantz jo zuen, Kairo aldera bereziki. Al-Masudik (896-956) historia natural entziklopedikoa idatzi zuen; munduan egindako haize-erroten lehenengo adierazpena irakur daiteke bertan. Errota haiek ardatz bertikala zeukaten, eta ontzi baten antzerako belak. Aipagarriak dira Alhazen fisikaria eta Ibn Yunus astronomoa ere. Egiptoko garapen zientifikoak aurrera egin zuen aiubtar sultanekin. Dinastia honen fundatzailea Saladin izan zen, mediku gisa Maimonides filosofo judua hartu zuena.[1]

Al-Andalus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Damaskoko lehenengo Omeiatar Kalifa-herriaren ondorengo batek fundatu zuen Al-Andalus izeneko erresuma independentea 755ean. 970ean, liburutegi bat eta akademia zientifiko bat ireki zituztenen Kordoban. Geroago, beste hirietan ere antzerako fundazioak egin ziren, Toledon bereziki. Garai hartan, Abulkasisek, Kordobako gorteko medikuak, hogeita hamar ataleko medikuntzari buruzko lan ikaragarria idatzi zuen. Azkeneko atalean kirurgia aztertzen da. Astronomian Az-Zarqali, Ibn Bajja, Ibn Tufail eta al-Bitruji nabarmendu ziren, eta Averroes filosofian. Kristauek menderatu ondoren ere, musulmanen zientziak segitu zuen zenbait hiritan, Toledon bereziki (hau 1085ean izan zen hartua). Bide horretatik zabaldu zen gero Mendebaldera, eta horrela iritsi zen papergintzaren txinatar teknika ere.[1]

Jakintza eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkimia eta kimika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jabir ibn Hayyan, arabiar alkimistarik ospetsuena.

Nahiz eta Alkimiaren aztarnak oso antzinatik etorri, arabiarren artean berebiziko garrantzia lortu zuen, IX. mendean bereziki. Jabir ibn Hayyan izan zen aitzindaria. Garbitasunaren Anaiak izeneko sekta mistikoak X. mendean egindako bilduman iritsi dira gureganaino haren lanak.[1]

Alkimiak, nahiz alde batetik erlijio mistikoarekin eta bestetik kimikarekin erlazionatuta egon, betidanik nolabaiteko alderdi ez-ofizial bat izan du. Islamean erlazio horiek beste inon baino argiago agertzen ziren. Erlijio musulman ortodoxo ofiziala suni izeneko sektarena zen, baina jendearen artean sufien mistika oso zabaldurik zegoen. Sufien arteko sekta erradikalenetako bat qarmata izenekoa zen; haien ustez, gizaki guztiak berdinak dira, eta berdintasun hori lortzeko hezkuntza da beharrezkoa. Horregatik eskolak eraikitzeari ekin zioten eta baita entziklopediak prestatzeari ere.[1]

Oso interesaturik zeuden eskulangintzan, eta eskulangile elkarteak garatu eta antolatu zituzten. Beren ideiak zabaltzeko, eskolak ireki zituzten zenbait hiritan. Horietako batean, Basorakoan hain zuzen, alkimiaren oinarrizko gorputza idatzi zuten. Gorputz hau, idazten ari ziren entziklopediaren atal bat baino ez zen. Entziklopedia hartan berrogeita hamabi ataletik hamazazpi gai zientifikoak ziren. Bagdadeko suni ortodoxoek heretikotzat hartu zuten lan hori, eta erre egin zuten. Azkenik, XI. mendean Garbitasunaren Anaiak ezabatuak izan ziren.[1]

Musulman ortodoxoek grekoengandik jaso zuten arrazoibide deduktiboaren aurka zeuden Garbitasunaren Anaiak. Misterioak ipintzen zituzten arrazoimenaren aurrean, eta haiek aztertzeko bide enpiriko bat erabil zitekeela onartzen zuten. Beren iritziz, unibertso osoaren mikrokosmos bat baino ez da gizakia. Ideia hau oso gustagarria izan da beti mundu osoko alkimista eta mistikoentzat. Ideia horren arabera, arabiar alkimistek plazaratu zuten lehenbiziko aldiz mundu ezagunaren egituraren eta gizakiarenaren arteko analogia.[1]

Kimikaren arloan substantzia naturalak bi sailetan banatzen zituzten: gorputzak eta espirituak. Sailkapen hau eta gizakiengan onartzen zituzten gorputza eta arimarena analogoak dira. Espirituak substantzia lurrungarriak ziren bitartean, gorputzak ez-lurrungarriak ziren. Alkimista musulmanek pentsatzen zuten gauza guztiak, eta metalak bereziki, merkurioaren eta sufrearen printzipioen arteko interakzioaren bitartez osaturik zeudela. Teoria hau ez zen erabat originala. Sufrearen printzipioa (esentzia eraginkorra, arra eta sukoia) txinatarren yang-a eta Aristotelesen Meteorologia-ren hats ketsua da. Merkurioarena, aldiz (esentzia hartzailea, emea eta likidoa), txinatarren yin-a eta Meteorologia-ren hats bustia. Musulman hauek metalen transmutazioa onartzen zuten eta, beraz, metal batetik hasi eta beste bat lor zitekeela sinesten zuten. Grekoek ezagutzen ez zituzten substantzia kimiko batzuk erabiltzen zituzten, hala nola, azido mineralak eta gatzua. Azken honi Txinako elurra deitzen zioten.[1]

Astronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeru esfera, 1144, Persia.

829an, al-Mamunek behatoki astronomiko bat fundatu zuen Bagdaden. Bertan, al-Farghanik hasiera eman zien bere behaketa astronomikoei. Hau hil ondoren (850 aldean) al-Battani eta Thabit ibn Qurra sabeoek, hots, astroen gurtzaileek, jarraipena eman zioten lan horri. Gizon horiek Mesopotamiako Harranetik zetozen. Han antzinako babiloniar erlijioak, bere astrologia eta astroen adorazioarekin sabeo izeneko sektaren itxura hartuz, tinko iraun zuen XIII. mendera arte, hau da, mongolek desegin zuten arte. Al-Battanik lortutako ekliptikaren inklinazioaren eta ekinokzioen prezesioen balioak, Ptolomeorenak baino zehatzagoak izan ziren. Bide batez, eguzkiaren eszentrikotasuna aldatuz zihoala ere aurkitu zuen. Kairon lan egin zuen XI. mendean Ibn Yunus astronomoak. Aurreko bi mendeetan egindako behaketa astronomiko guztiak bildu ondoren, taula astronomiko berriak prestatu zituen.[1]

Kordobako Az-Zarqalik (1029-1087) toledoar taula astronomikoak egin zituen 1080an, eta Ptolomeoren zeruaren eskema aldatu egin zuen. Aristotelesen eragina zela-eta, munduaren sistema fisikoki errealaz sinesten zutenez gero, al-Andalusko musulmanek Ptolomeoren sistema gogor kritikatzen zuten. Averroesen (11261198) lanetan aurkitu zuen korronte horrek bere islapen filosofikoa.[1]

Zaragozako Ibn Bajjak (1095-1139) eman zion hasiera higikunde horri; geroago, Granadako Ibn Tufailek (1105 inguru-1185) eta al-Bitrujik (1204an hila) eman zioten jarraipena. Ptolomeoren epizikloaren adierazpidea arbuiatu egin zuten, beren ustez planetek puntu geometriko baten inguruan ez eta zentro-gorputz erreal baten inguruan biratu behar dutelako. Beraz, Aristotelesek onartutako Eudoxoren esfera zentrokideen sistema oinarritzat hartuz, zeruen sistema berri bat eraiki nahi izan zuten. Saiakera horretan ez zuten arrakastarik izan. Eudoxok berak ez zuen planeten hurbilketa eta urrunketa adierazterik lortu eta, pentsa daitekeenez, XII. mendean ezagutzen ziren zeruko gorputzen higiduren zailtasunak adierazteko askoz ere korapilatsuagoak ziren.[1]

Matematika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Al-Khwarizmiren aljebra tratatuaren orri bat.

Islamiar matematikariek bildu, antolatu eta argitu zituzten Antzinako Egipto, Grezia, India, Mesopotamia eta Persiako ekarpenak, eta zenbait berrikuntza sortu zuten. Aljebra josteta gisa erabili zen batez ere, erabilera praktiko gutxi baitzuen garai hartan. Geometria praktikoa topografiarako eta figuren neurketarako garatu zen; geometria teorikoa, berriz, garrantzi handikoa zen astronomian eta optikan. VIII. mende amaieran, Bagdadera iritsi ziren indiar astronomoek Indiako astronomian baliatzen ziren oinarrizko teknika trigonometrikoen berri eman zuten. Garai hartan itzuli ziren arabierara antzinako lan grekoak, hala nola, Ptolomeoren Almagesto eta Euklidesen Elementuak. X eta XII. mendeen artean izan zuen goren aldia islamiar matematikak. Lanak arabieraz, eta batzuk persieraz, idatzi ziren.

Al-Khwarizmi (780 aldean-846) aljebraren aitatzat hartua da. Berak sartu zituen mundu musulmanean Indo-arabiar zifrak. Al-Kitab al-Jabr wa-l-Muqabala aljebra tratatua idatzi, ekuazioak bakuntzeko metodoak sortu, eta euklidear geometria erabili zuen. Haren izenetik dator algoritmo hitza. Al-Karajik (953 aldean – 1029 aldean) aljebra geometriatik askatu, eta ehunka urte iraun zuen aljebra eskola bat sortu zuen. Al-Baghdadiren (980 aldean- 1037) lana garrantzitsua izan zen zenbaki-sistema hamartarra hobetzeko.[2] Omar Khayyamek (1048-1131) ekuazio kubikoak ebazteko metodo geometriko bat asmatu zuen.[3] Al-Kashik (1380 aldean-1429) trigonometriako teorema batzuk lortu zituen, kosinuaren teorema barne.[2]

Medikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medikuntzaren alorrean, al-Razi (865-925) dugu lehenengo idazle musulmana. Hau Bagdaden aritu zen lanean, eta ehun lan baino gehiago idatzi zituen. Ezagunena Liburu Osoa izenekoa da; bertan aurki daitezke garai hartan ezagutzen ziren medikuntza grekoa, indiarra edo Ekialde Hurbilekoa. Behar bada, txinatar medikuntzari ere zerbait zor zitzaion, zeren jakin izan denez txinatar jakintsu bat urtebete baino gehiago egon zen al-Razirekin, arabiera ikasten eta Galenoren lanak txinerara itzultzen.[1]

Hala ere, dirudienez Galenok ez zuen eragin handirik izan txinatar medikuntzan, baina txinatarren artean oso garrantzi handia izan zuen pultsuaren esanahia Ibn Sinaren Medikuntzaren Kanona izeneko lanean agertzen da. Ez al-Razik eta ez Ibn Sinak ez zituzten Galenoren teoriak hobetu, baina praktika aldetik askoz droga kopuru handiagoa ezagutzen zuten.[1]

Begia Hunayn ibn Ishaqren arabera, 1200 aldean

Maimonides (1135-1204) Saladin I.aren sendagilea izan zen. Jakintsu judu horren lan gehiena filosofikoa izan zen, baina medikuntzaz ere arduratzen zen, Galenoren zenbait teoria kritikatuz. Kairon bertan, pixka bat geroago, aritu zen Ibn al-Nafis (1210-1288) medikua zehatzagoa izan zen kritika horietan. Honen iritziz, eta Galenoren ustearen aurka, bihotza banatzen duen horma (septuma, alegia) solidoa eta pororik gabekoa zen, hots, odolak bere barnetik ez zeukan pasatzerik eta. beraz, eskuineko bentrikulutik ezkerrekora joateko biriketatik iragan behar zuen. Horregatik, Ibn al-Nafisek zirkulazio txikiko teoria plazaratu zuen, baina zoritxarrez bere teoria hau ez zen zientziaren gorputzean sartu eta ahaztuta gelditu zen.[1]

Optika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alhazen (965-1038) basoratarra Kairon kokatu zen. Jakintsu hau optikaz arduratu zen batik bat, eta Euklides eta Ptolomeoren teoriaren aurka zegoen. Haren ustez, argi izpiak ikusten ziren objektuetatik zetozen begietara, eta ez alderantziz, antzinakoek pentsatzen zuten bezala. Bestalde, izpi hauek edozein iturritik esferikoki hedatzen zirela esaten zuen. Berak egindako leiarrei buruzko ikerketa esperimentalak zirela eta, gaur egungo leiarren teoriatik oso hurbil ibili zela esan behar da. Errefrakzioaren arloan Ptolomeoren legea frogatu zuen, hots, bi inguruneren arteko distantzia batean errefrakzio-angelua eta eraso-angelua proportzionalak izatea egia dela (baldin angeluak oso txikiak badira, eta ez bestela).[1]

Papergintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatarrengandik jaso zuten musulmanek papergintza, eta Mendebaldera eraman zuten geroago. 704. urtean, Samarkandako Guduan, musulmanek zenbait txinatar papergile harrapatu zuten, eta hauek beren teknika erakutsi zieten. Ondorioz, [[751]n papera egiteko musulmanen lehenengo lantegia ireki zen Samarkandan bertan. Bigarrena, 793an eraiki zen Bagdaden. 900. urterako, Egipton zegoen teknika hau, 1100 inguruan al-Andalusera sartu zen, eta handik Europako iparraldera.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa Bandres Unanue, Luis «Islamiar zientzia, kultur zubi» Elhuyar zientzia eta teknologia, aldizkaria.elhuyar.eus, Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/islamiar-zientzia-kultur-zubi/. Noiz kontsultatua: 2018-6-20.
  2. a b O'Connor, J J; Robertson, E F «Arabic mathematics: forgotten brilliance?» history.mcs.st-andrews.ac.uk http://www-history.mcs.st-andrews.ac.uk/HistTopics/Arabic_mathematics.html. Noiz kontsultatua: 2018-6-22.
  3. Prada Coronado, Ana María; Angulo Escamilla, Henry Alejandro «Un método geométrico para resolver ecuaciones cúbicas» funes.uniandes.edu.co http://funes.uniandes.edu.co/5584/1/PradaUnm%C3%A9todoGeometr%C3%ADa2008.PDF. Noiz kontsultatua: 2018-6-22.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mundu islamikoko zientzia Erdi Aroan