Muonioko geografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pallas muinoa.

Muonioko geografia Muonio Lappi eskualdeko mendebaldean, Torne ibarrean, eta Muonionjoki ibaiaren ertzean dagoen udalerriaren geografia da. Bizilagunak, Enontekiö iparraldean, Kittilä ekialdean, Kolari hegoaldean eta, Kiruna eta Pajala suediarrak mendebaldean dira. Nahiz eta udalerria nahiko laua den, muino gehien dauden Finlandiako eremuetako bat da; ezagunenak, udalerriko muino garaiena den Pallas, Olos eta Keimiö dira. Tunturien Lappi izeneko barrutian dago eta 2.037,91 km²-ko azalera dauka, ia Bizkaia lurraldea bezain handia. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira. Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; 600 metro goitiko ingurunetan ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Elurrak udalerriko lurra estaltzen du urritik maiatzera eta aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.

Udalerria Zirkulu Polar Artikoaren gainean dagoenez, 150 bat km iparrera, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 25etik uztailaren 19ra; gau polarraren garaia aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, abenduaren 15etik eta 28ra izaten da. Udalerriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira. 600 metro goitiko muinoetan berriz, klima polarra nagusitzen da. Samitarrek antzinean, eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri ziren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [1][2].

 
2013ko Muonioko klima datuak[3]
Muonio
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -0,1 3,5 2,5 9,1 28,4 27,5 26 22,9 18,9 12,7 0,7 5,7 13,1
Batez besteko maximoa ºC -8 -6,3 -5,8 3,8 14,3 18,3 18,6 18,6 11,7 3 -3,7 -4,7 4,9
Batez bestekoa ºC -12,6 -9,8 -12,5 -1,6 8,7 13,2 13,8 13,1 8,9 -0,5 -8,3 -9,5 0,2
Batez besteko minimoa ºC -17,6 -14,1 -20,3 -7 2,8 9,1 9,1 7,8 5,5 -4,1 -14 -14,9 -4,8
Minimoa ºC -33,6 -30,5 -34,5 -22,5 -6,6 1,6 4 0,9 -0,8 -14,8 -28,6 -38,4 -16,9
Prezipitazio-egunak 13 13 8 15 7 13 15 11 17 24 30 28 194
Pasaivo aintzira.

807 metroko Pallas, udalerriko muino altuena da. Garaiena izateaz gain, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren ikur nagusia da Ylläs muinoarekin batera. Muino honen zazpi tontorrak ezagunak dira Lappi osoan; 807 metroko Taivaskero, 785eko Laukukero, 775 metroko Pyhäkero, Lehmäkero, Palkaskero, Orotuskero eta Pallaskero. Udalerrian dauden beste muino ezagun batzuk, Keimiö eta eski-azpiegiturak dauden Olos muinoak dira.

Ez dago aintzira asko Muonion eta ur-eremua bere azalera guztiaren %6,6a baino da, 134,04 km²; ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da. Aintzira ezagun eta nagusienak Äkäsjärvi, Jerisjärvi, Kangosjärvi, Keräsjärvi, Pakasaivo eta Vuontisjärvi aintzirak dira. Ibaiak bestalde, muonioarren bizimodua baldintzatu izan du betidanik; Suediarekin muga egiten duen Muonionjoki ibaia esaterako, Finlandiako ibai emaritsu eta oparoenetakoa da. Bertan, izokinak eta hegoaldeko ur-lasterrak dira nagusi, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-kirolzale erakartzen dituztenak. Ibai hauek, urteen poderioz, Torne ibarra sortu zuten, Finlandia eta Suediako ibar ospetsuenetako bat [4].

Elur-oreinak Pallas muinoko Taivaskero tontorrean.

Faunari dagokienez, animalia artiko batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota ugari klima hotza dela-eta. Uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltz eta belatz txikia bezalako harrapariak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arruntak, kaskabeltz arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-eskinosoak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokokerrak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurkitu daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira [5].

Ugaztunen taldea berriz, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatun ospetsuek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, ur-ipurtatsek, ur-satitsu hankazuriek eta elur-orein basati eta etxekotuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat. Hauek, udalerriko eremu babestuan gerizatuak daude, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]