Murgilketa (hizkuntzalaritza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Argia aldizkariaren 2.647 zenbakiaren azala. Gaztelania irakasteko euskara erabat debekatzea, historikoki murgiltze eredu mota bat izan da, —menderatze eredu deitu izan zaio—. Ikuspegi hori nagusitu zen urtetan Euskal Herriko hainbat eskolatan.

Hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzan Murgilketa edo Murgiltze[1] esaten zaio hizkuntza jakin bat ikasteko ikasleak hizkuntza horretan hazi eta hezteari, hizkuntza hori ikasleen lehen hizkuntza ez delarik. Ikasleak ikasi beharreko hizkuntza horretan hainbat ekintza egin beharko dituzte, hizkuntz horrekin harremanetan ordu asko emango dituzte. Hizkuntza batekin ordu luzetako harremanen ondorioz, hizkuntza ikasteko bidea irekiko da.

Murgiltze ereduek ikasleen elebitasuna lortzeko helburua izan dezakete, ikaslearen lehen hizkuntzarekiko errespetua erakutsiz, edo, aldiz, ikaslearen lehen hizkuntza azpiratzeko helburua. Gaztelaniaz elebitasuna bilatu eta ikaslearen lehen hizkuntza errespetatuz egin nahi den murgiltzeari "inmersión" hitzarekin izendatzen zaio. Ikaslearen lehen hezkuntza azpiratzeko, menderatzeko asmoa dagoenean, hizkuntza horrekiko errespetu gutxi edo batere ez dagoenean "sumersión" hitza, "azpiratze", erabiltzen da. Murgiltze eta menderatze edo azpiratze hitzak erabili izan dira euskaraz.

Beste murgiltze eredu bati menderatze eredua, azpiratze eredua deitu izan zaio[2]. Menderatze eredu bat erabili izan dute historian zehar hainbat eta hainbat eskola sistemek. Frantzian, esate baterako, etxetik frantsesez ez zekiten ikasle askok, frantsesez jasotzen zituzten eskola guztiak, frantses hutsean, euren lehen hizkuntza eskolan erabat baztertuta geratzen zelarik. Horrela, edozer ikasteko frantsesa zela medio, frantsesa ikastea ezinbestekoa bihurtzen zen. Horrelako sistemek hizkuntza bakarra, kasu honetan frantsesa, irakatsi nahi dute, beste tokian tokiko hizkuntzekiko inolako ardurarik hartu gabe.

Murgiltze eredua, azpiratze eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Germà Bel-ek[3] honako koadroa argitaratu zuen.

« Murgiltze eredua
Metodologia
Ikaslearentzat lehenengo hizkuntza ez den bigarren bat erabiltzen da hainbat arlotan.
Helburu orokorra
Ikasle bakoitzak bi hizkuntzetan nahikoa komunikazio gaitasuna izatea, ikasleak elebidun orekatuak izateraino. Horretarako ikasleen lehen hizkuntzan ere prestakuntza jasoko dute.
Arrakasta lortzeko baldintza
Lehen hizkuntzarekiko eta bigarren hizkuntzarekiko errespetua sustatuko da.
»
Azpiratze eredu batzuetan baztertu nahi zen hizkuntza erabiltzeagatik zigortu egiten zen. Ordenagailuz sortutako irudian, Galesen erabiltzen zen zigorra, galesez hitz egiten zuen ikasleari "Welsh Not" egurrezko idazkuna ezartzen zitzaion lepoan. Ikasleak elkarri zainduz, elkarri pasatzen zioten lepokoa, eta egunaren amaieran, idunekoa zeukanari...
« Menderatze eredua, Azpiratze eredua
Metodologia
Curriculumeko arlo guztiak landuko dira gizartean lehen hizkuntzatzat hartzen den hizkuntzan, ikaslearen beste hizkuntzak baztertuz.
Helburu orokorra
Gizartean nagusitzat hartzen den hizkuntza ondo ikastea beste hizkuntzak baztertuta.
Arrakasta lortzeko baldintza
Ikasleek dakizkiten hizkuntzak ez dira baloratzen, gizartean lehentasuna daukan hizkuntza besterik ez da baloratzen.
»

Hizkuntza erregistroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hizkuntza erregistro»
Gehiago jakiteko, irakurri: «Jim Cummins (irakaslea)»

Murgiltze ereduetan bigarren hizkuntzak ondo ikastea izaten da helburu. Ikasleek lagunartean ibiltzeko moduko hizkuntza erregistroaz jabetuko dira alde batetik, eta bestetik, bizitza akademikorako beharko duten hizkuntza erregistro jasoa ikasi beharko dute. Jim Cumminsek BICS eta CALP akronimoak asmatu zituen irakasle bati ikasle baten hizkuntza gaitasuna ebaluatzen eta kalifikatzen laguntzen dioten prozesuak izendatzeko.

Ohikoa izaten da CALP hizkuntza lantzea edozein sistema akademikotan, baina teoriko askok defendatu dute hizkuntza gutxiagotuak eskola sisteman bakarrik lantzen direnean BICS hizkuntza mota ere landu behar dela.


Frantziako Eskolim sarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolim sarea Frantziako Estatuaren menpe diren lurraldeetako hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduak sustatzen duten eskolek osatzen dute, hala nola, Seaska (Ipar Euskal Herrian) Diwan (Bretainian), Bressola (Ipar Katalunian), ABCM Zweisprachigkeit (Alsazia Moselan), Calandreta (Okzitanian), eta Scola Corsa (Korsikan). Ipar Euskal Herrian, Seaskak lehen ikastola zabaldu zuen 1969an, Arrangoitzen (Lapurdi); helburu argia zuten orduan: ikasgai guziak euskaraz ematea, eta ikastetxe barneko bizia ere euskara hutsean egitea. Hura eredutzat hartuta, beste hainbat herrialdetan sortu zituzten murgiltze ereduak, bertako hizkuntza gutxituetan, horiek ere, helburu argi batekin: herrialdeko hizkuntza mintzo duten hiztun osoak sortzea.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Murgiltze (eredua)» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-03).
  2. (Gaztelaniaz) Garcia, Cesar. (2016-11-09). «Inmersión vs submersión lingüística» didactics (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  3. Bel i Queralt, Germa.. (2013). Anatomía de un desencuentro : la Cataluña que es y la España que no pudo ser. (1. ed. argitaraldia) Destino ISBN 9788423347278. PMC 868637337. (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  4. Teyseyre Koskarat, Oihana. (2021-05-30). «Mehatxuen aitzinean, tinko» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]