Edukira joan

Murumendi

Koordenatuak: 43°05′30″N 2°12′08″W / 43.09167°N 2.20222°W / 43.09167; -2.20222
Wikipedia, Entziklopedia askea
Murumendi
Datu orokorrak
Garaiera867 m
Motamendia
Geografia
Map
Koordenatuak43°05′30″N 2°12′08″W / 43.09167°N 2.20222°W / 43.09167; -2.20222
MendikateaMurumendi-Urrakiko mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
Mendizaletasuna
Ohiko bideaItsasondoko Ioia auzoa edota Beasaingo Erauskin auzoa.
MendikatMendikat

Murumendi Gipuzkoako erdialdeko mendi bat da, izen bereko mendilerroan kokatua, Beasain eta Itsasondoko udalerrien lursailetan, Goierri eskualdean. 867 metroko garaiera du. Aldamenean Usurbe mendia du. Euskal sineskeren arabera, Mari jainkosaren bizilekuetako bat da.

Gailurrean oinarri lauki batean zutabe biribil bat duen monolitoa eta 1977. urtea adierazten duen gutunontziaz gain, bi oroigarri eta orientazio-mahai bat daude. Lehen oroigarria zementuzko oinarri batean finkatutako altzairuzko gurutze txiki bat da. Gurutze hau Viñamala mendian 1976. urtean zendu ziren Sebastian Sanchez beasaindarra, Fernando Terradillos ordiziarra eta Jose Luis Orbegozo azpeitiarraren omenez jarritako oroigarria da.[1] [2][3] Bigarrena, Goierriko mendizaleek 1994. urtean zendu zen Luis Pedro Peña Santiago mendizale eta etnologoaren oroimenez jarritako estela da.

Mendi tontor honetatik Euskal Herriko hego-mendebaldeko ehun tontor inguru ikusten dira. Mendi tontorrean kokaturiko orientazio-mahaian azaltzen dira mendi tontor horiek beren altuera, distantzia eta gainerako datuekin.

Orientazio-mahaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Murumendiko orientazio-mahaia 1997ko ekainaren 22an inauguratu zen. Estanislao Iturriotz Barandiaranek eskuz eta koloretan egindako marrazkian oinarrituta dago. Aizkorri Mendizale klubak Beasaingo udalaren laguntzaz, orientazio-mahaiak marrazkian oinarrituta gailurretik ikusten diren ehun tontorren izenak eta distantzia jasotzen ditu. Etxeberrietako Patxi Mujikaren laguntzaz garraiatu zuten material guztia Murumendiraino. [4][5]

Murumendi.

Mahaian agertzen diren altueratako batzuk, ez datoz bat gaur egungo katalogoekin, izan ere, neurketak egiteko metodoak lehen baino zehatzagoak baitira. Dena den, aldeak oso txikiak dira.

Orientazio-mahaian azaltzen diren mendi guztien kokapena eta igoera argibideak Tomas Salazar mendizale eta Aizkorri Mendizale elkarteko kideak Murumendi[5] liburuan jaso zituen 2001. urtean.

Murumendiko herri harresitua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Murumendiko gailurrean Burdin Aroko Murumendiko herri harresituaren aztarnak aurkitu ziren[6][7][8][9]

Historiaurretik jendea artzaintzan aritutako larreen erdigunea da Murumendi, eta horren lekuko dira baita ere ingurune horretan aurkitu diren arbasoen hilobiak. Aztarna megalitikoak ikus daitezke Murumendi mendilerroan. Guztira zazpi aztarna dira ikus daitezkeenak eta gutxienez beste bat desagertua dago.

Euskal mitologian herri kondaira oso errotu baten gordailua da. Gure ahozko tradizioan, Mari fedegabe handiaren bizilekua da. Erraietan gordetzen du tximistaren jabea, urrezko orraziarena, ekaitz erdian Muru kobazulotik bere Txindoki ondoko bizilekura suzko bolan bihurtuta gurutzatzen duena. [5]

Murumendiko dama ere deitzen zaio eta Murumendiko Ipar-mendebaldeko hegalaren behekaldean dagoen  Damazulo izeneko leizean bizi dela dio kondairak.

Beasainen 1990. urtean sortutako tradizioa jarraituz, Beasaingo Loinatzetan jaiei hasiera emateko Mari Loinazko San Martin plazara jaisten da hegan plazan dagoen suan erre eta udaletxeko balkoian jaien hasierako pregoia zabaltzera. Mariren Jaitsiera izenez ezagutzen da tradizio hau.

Murumendi inguruan egindako erromeriak 1950. urtea baino lehen, oso famatuak izan ziren . Udako igandeetan. Inguruko herrietako gazteak biltzen ziren bertan. Asto gainean igotzen ziren eta aho-soinua, eskusoinu txikiaren eta panderoaren doinuan dantzatzen zuten. Tonto-plaza izenez ezagutzen zen pagadiko zelaigunean dantza egiten zuten. [10][11]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Vignemaleko istripuaren 40. urteurreneko argazkiak» Goierriko Hitza 2016-09-28 (kontsulta data: 2025-07-30).
  2. (Gaztelaniaz) «El donostiarra Telmo Sánchez Ugalde transforma en arte la muerte de su tío abuelo en un accidente de montaña» www.donostitik.com 2025-05-28 (kontsulta data: 2025-07-30).
  3. (Gaztelaniaz) U, J.. (2016-09-30). «La sociedad Aizkorri proyecta hoy las fotos del accidente ocurrido en el Vignemale hace 40 años» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-07-30).
  4. Gerardo Fernandez. (2017-03-11). Murumendi y sus vistas desde un Drone. (kontsulta data: 2025-07-30).
  5. a b c Salazar, Tomas. (2001). Murumendi. in: Beasain esku eskura. Beasaingo udala ISBN 84-921541-6-0..
  6. «Murumendiko herrixka» Berria 2013-02-12 (kontsulta data: 2023-12-09).
  7. Peñalver Iribarren; San José Santamarta, Sonia; Lamia. (2003). «Bertan 20 - Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Kapitulo 7: Etxebizitzak» bertan.gipuzkoakultura.net (Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.) (kontsulta data: 2020-09-07).
  8. (Gaztelaniaz) Driessche, Koenraad Van den. (2013-02-22). «Castro Murumendi, de la edad de hierro a la antigüedad: Descubre en Ama Ata un nuevo análisis de Uncategorized» Ama Ata | Blog de Arqueología, Historia y Lingüística en Iruña Veleia (kontsulta data: 2025-07-30).
  9. Suhar Arkeologia. (2016-10-03). Murumendi 3D. (kontsulta data: 2025-07-30).
  10. «Igandetako erromeriak; udaran Murumendira - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (kontsulta data: 2025-07-30).
  11. Zufiaurre, Jose. (1999). «Beasaingo mendiak eta errekak» Beasain esku eskura (Beasain: Beasaingo udala) 1: 19. ISBN 84-921541-3-6..
  12. User, Super. «53. MARI-REN KUBAZULOA - BEASAIN - MURUMENDI - BEASAIN» www.tomasaizkorrikobira.com (kontsulta data: 2025-07-30).
  13. User, Super. «55. MATXINBENTA- MURUMENDI - BEASAIN» www.tomasaizkorrikobira.com (kontsulta data: 2025-07-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]