Euskaraz tokiko hainbat izen ditu, morikoa[1] eta balsamorroa adibidez.[2]Hiazintoen leinukoa izanik hainbat hizkuntzatan mahats hiazinto izena ematen zaio, ingelesez adibidez common grape hyacinth da.[3]
Giovanni Gussone eta Michele Tenore izan ziren Zientziarako deskribatu zutenak 1842. urtean Sylloge Plantarum Vascularium Florae Neapolitanae liburuan.[4]
Generoaren Muscari izenak musketa esan nahi du, zenbait animaliaren guruinek jariatzen duten gai usaintsua, izan ere antzeko usaina baitute genero horretako landareek. Espaziearen neglectum izenak "baztertua" edo "arbuiatua" esan nahi du.
Lurrazpian erraboil bat duen landarea da, 1,2-1,7 cm-ko diametroduna, eta 10-30 erraboiltxo agertzen dituena. Erraboil hartatik 14-20 mm-ko pedunkuloak ateratzen ditu, 1,5-2 mm-ko diametrodunak. Hosto sesilak ere ateratzen ditu, linealak, zurtoinak besteko luzera dutenak.[5]
Mahats mordoen antzeko infloreszentziak ateratzen ditu. Gainaldean lore antzuak izaten ditu (gehienez ere %20a), kolore arrexka edo urdin argia dutenak, eta haien azpian lore emankorrak daude. Loreak hexameroak dira eta tepaloak soldaturik daude, kanpai edo puxika itxura emanez. Kolore urdin iluna dute, batzuetan morea.[2]
Landutako soroetan (fruita arbola artean edo mahastietan adibidez)[2] eta bide ertzetan aurkitzen da, 100 m eta 1.300 m arteko altuerako larreetan. Lurzoru harritsuak eta erdi lehorrak atsegin ditu[5]. Lorategietan landare apaingarri gisa ere erabiltzen da.
Landarearen erraboilak muzilago ugari duenez sendabelar gisa ere erabili izan da txiza eta bestelako sustantzien isurketa estimulatzeko. Propietate emolienteak ere baditu, larruazala bigundu eta hezetu egiten du, horregatik erreduratan, gorrituriko larruazaletan eta granoen gainean ematen da.[7]
Erraboila jangarria ere bada eta Mediterraneo aldeko hainbat herrialdetan entsaladatan jaten da edo saltsatako osagaia izaten da. Zaporez mingotsa da, tipularen antzeko ezaugarriak ditu. Landarea loratu aurretik bildu behar da erraboila.[7]
1234Javier Peralta de Andrés, Mercedes Royuela Hernando. (2018).Nafarroako landare sorotarrak. Nafarroako Unibertsitate Publikoa,190or.ISBN978-84-9769-317-2..