Muskulu omohioideo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Muskulu omohioideo
Xehetasunak
JatorriaOmoplatoa
InsertzioaHioidea
ArteriaGoiko tiroide arteriaren adar infrahioideoa
Lepoko zeharreko arteriaren azaleko lepoko arteria
Mihi arteriaren adar suprahioideoa
Beheko tiroide arteria
NerbioaLepoko euskarria
Identifikadoreak
Latinezm. omohyoideus
TAA04.2.04.003
FMA13342
Terminologia anatomikoa

Muskulu omohioideoaomoplatohioideoa edo eskapulohioideoa ere deitua— eskapularen goiko ertzetik hioide hezurrera luzatzen den muskulu edo gihar zapal, luze eta mehe bat da. Muskulu digastrikoa da eta bere erdialdean tendoi zilindriko bat dago bi sabelak bereiziz. Goiko sabela muskulu infrahioideoetatik albokoena da, esternotiroideo eta tiroihioideo muskuluren alboan dagoelako.

Lotuneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko sabela eskapularen goiko ertzeko muxarradura korakoideoaren barnealdera lotzen da. Ondoren barrurantz eta aurrerantz jarraitzen du lepoko pakete baskulonerbiotsuaren azalaldetik igaroko delarik eta zain jugularraren gainean tarteko tendoia osatzen du. Tarteko tendoiaren ondoren goiko sabela agertuko da eta honek goranzko norabidea hartuko du. Goiko sabela hioide hezurraren kanpoko aldera eta honen adar handira lotuko da, esternokleidohioideoaren kanpoaldean.

Erlazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gihar honen eskapulako lotunea trapezio muskuluak estaltzen du. Eskapularen gaineko eremutik pasatzean, omohioideoaren aurreko aurpegia lepauztaiarekin eta muskulu subklabioarekin erlazionatzen da eta ondoren bere gainetik soilik aponeurosia eta azala egongo dira. Ondoren, aurreko aurpegi hori esternokleidomastoideoaren sakonaldetik igarotzen da eta gurutzatu ondoren berriz azalekoa bihurtzen da.

Muskulu omohioideoaren atal sakona muskulu zerradun nagusiarekin erlazionatzen da bere jatorrian. Ondoren eskaleno muskuluarekin, plexu brakialarekin eta lepoko pakete baskulonerbiotsuarekin (barneko jugular, karotida komun eta nerbio bagoz osatua) erlazionatuko da. Azkenik, muskuluaren atal bertikala tirohioideo eta esternotiroideo muskuluek banatuko dute tiroide guruinetik eta faringetik.

Muskulu omohioideoaren beheko sabelak lepoko atzeko hirukia banatzen du garondo hirukian (goiko hirukia ere deitua) eta lepauztaipeko hirukian (beheko hirukia ere deitua). Muskuluaren goiko sabelak berriz, lepoko aurreko hirukia banatzen du karotida-hirukian (goiko hirukia) eta muskulu-hirukian (beheko hirukia).[1]

Ekintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hioide hezurra jaitsarazteaz gain, inspirazioan lepoko zain zirkulazioa errazten du lepoko erdiko aponeurosia tinkatuz.

Inerbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu omohioideoa hipoglosoaren euskarriak inerbatzen du; C1, C2 eta C3 nerbioek osatzen dutena. Hala ere, goiko sabela hipoglosoaren euskarriaren goiko erroak bakarrik inerbatzen du, C1 nerbioaren zuntzak bakarrik dituenak.

Irrigazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irrigazio arteriala jasotzen du goiko tiroide arteriaren arteria infrahioideotik, lepoko zeharreko arteriaren lepoko azaleko arteriatik, mihi arteriaren adar suprahoideotik eta enbor tirozerbikaleko beheko tiroide arteriatik.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Jacob, Sam. (2008). Human anatomy. Elsevier, 189 or. ISBN 978-0-443-10373-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]