Benito Mussolini
Benito Amilcare Andrea Mussolini (Dovia di Predappio, Forlì-Cesenako probintzia, Emilia-Romagna, 1883ko uztailaren 29a - Giulino di Mezzegra, Comoko probintzia, Lombardia, 1945eko apirilaren 28an) italiar politikari, kazetari, eta Alderdi Nazional Faxistaren burua izan zen. 1922-1943 bitartean Italiako Erresumako lehen ministroa izan zen.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1900. urtean Alderdi Sozialistan sartu zen, eta Avanti, alderdi sozialistaren aldizkari ofizialaren zuzendari izendatu zuten. Lehen Mundu Gerran Frantziaren alde agertu zelako salaketapean, alderditik bota zuten. 1919an, Italiako fascioak sortu zituen, 1921ean eratu ziren Alderdi Nazional Faxistaren oinarri izan zirenak. Gerraosteko italiar suminari probetxu ateraz, 1922ko urrian Erromarako Martxa antolatu zuen, aginpidea lortzeko asmoarekin. Egun batzuk geroago, Viktor Emanuel III.a erregeak gobernua antolatzeko agindua eman zion. Antzinako Erromako buruzagi militarren antzera, duce (latinez: dux, «gidaria») titulua hartu zuen eta legez kanpo utzi zituen alderdi eta sindikatu ez faxista guztiak eta indarrik gabe prentsa askatasuna. 1925. urtean eman zion hasiera erregimen faxistaren diktadurari.
Etiopia eta Albania inbaditu zituen, eta Espainiako Gerra Zibilean Francori laguntza eman zion. 1940an, Bigarren Mundu Gerran, Hitlerren alde jarri zen. Gerran Italiak izan zituen hondamendi militarren ondorioz, Kontseilu Faxista Nagusiak atxilotu egin zuen 1943an. SSetako komando batek askatu ondoren, Italiako iparraldean Saloko Errepublika faxista aldarrikatu zuen, eta zapalkuntza latza bideratu zuen. Aliatuak Italian barrena aurreraka zihoazela eta, alemaniarren babesa galdu zuenean, Suitzara ihes egin nahi izan zuen, baina Italiako erresistentziako talde batek atxilotu eta, Clara Petacci neska-lagunarekin batera, fusilatu zuen.
Mussoliniren kanpo-politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mussolini boterera iritsi baino lehen ere, Italiak Mediterraneoan eta Balkanetan zuen eragina hedatu nahi zuen, eta inperio kolonial bat sortu Afrikan. Gainera, 1919-1920ko Parisko Bake Konferentziak (Italian "garaipen mutilatu" izenez ezaguna) eragindako etsipenak berekin ekarri zuen italiar errebisionismoa.
Mussolinik suspertu egin zituen helburu horiek, eta kanpo-politika oportunista bultzatu zuen, helburutzat zuena Italia potentzia bilakatzea. 1920tik 1930era bitartean, Saint-Germaineko Ituna eta Balkanen gaineko politika berraztertzen saiatu zen, baina apenas sortu zuen emaitzarik, Fiume okupatzea (1924) eta Albaniarekin adiskidetasun-itun bat sinatzea (1926) izan ezik (itun horrek Italiaren estatu satelite bilakatu zuen Albania).
1930eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Mussolinik joera argiro espantsionista hartu zuen, eta Alemaniarekin aliantza bat egin zuen. 1935-1936an, italiar tropek Etiopia inbaditu zuten. Nazioen Elkarteak gaitzetsi egin zuen konkista hura. Erresuma Batua eta Frantzia Mussolinirengandik urruntzen joan ziren, eta italiar agintaria Hitlerrengana hurbiltzen hasi zen. Italiaren eta Alemaniaren arteko harremana estutu egin zen, Espainiako Gerra Zibilean partu hartu zutenean Erroma-Berlin Ardatza sortu zutenean (1936).
Mussoliniren botereak 1925ean[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Botere betearazlearen agintari gorena da: bere ministroak aukeratzen ditu, eta ministro horiek erantzukizuna dute bai erregearen aurrean, bai bere aurrean; hark erabakitzen du zenbat ministerio izango diren, eta bere gain har ditzake hainbat ministerio; errege-familiako kideen tutoretzako kontseiluan parte hartzen du eta koroaren txanbelan funtzioa betetzen du; ganberek ezin dute inolako gairik eztabaidatu, hark aldez aurretik baimenik ematen ez badu; bi ganberetako batek lege-proiekturen bat baztertzen badu, berriro aurkez dezake hiru hilabeteko epea igaro ostean (...). Inork gobernuburuaren bizitzaren, osotasun fisikoaren edota askatasunaren aurka egiten badu, gutxienez hamabost urteko espetxe-zigorra izango du; eta atentatua hilgarria bada, heriotza-zigorra ezarriko zaio. Inork gobernuburua iraintzen badu, bai hitzez, bai ekintzez, sei eta hogeita hamar hilabete bitarteko espetxe-zigorra izango du."
1925eko abenduaren 24ko legea.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/2/15 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|