Edukira joan

Mutil koxkor bat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mutil koxkor bat
Xabier Lete Bergaretxeren musika-lana eta literatura-lana
Egilea(k)Xabier Lete Bergaretxe
Argitaratze-data1904
Ezaugarriak
Genero artistikoazortziko handia
Hizkuntzaeuskara
Deskribapena
Honen parte daElizanburu-Etxahun-Otaño (albuma)
HitzakPello Mari Otaño
Pello Mari Otaño

Limosnatxo bat, Mutil koxkor bat edo Mutil koxkor bat itsuaurreko izenburuarekin ezagutzen da Pello Mari Otañoren bertso sorta ezaguna. Haien metrika hamarreko handia da. Erritmoaren aldetik, zortzikoa da, konpas berezi bat, 5/8koa, azentuazio bereizgarria duena.[1][2]

Alkar olerkien bilduma (1904). 1934ko edizio hau familiak erabiltzen zuena da.

Elizanburu-Etxahun-Otaño albumean 2001ean Xabier Letek kantu hori grabatu zuen Berrehun urtez bertsotan bertso klasikoen antologiaren barruan. Lan horretan, Joan Batista Elizanbururen, Etxahun Barkoxeren eta Pedro Mari Otañoren bertsoak bildu zituen, herri-doinuekin kanta bihurtuta. Grabazioak Elkarlanean estudioan egin ziren, Karlos Gimenez zuzendaritzapean, 1999tik 2001 arte. [3] CD gisa plazaratu zen. Diskoan Otañoren sei bertso hauek sartu zituen Letek:[4]

  1. "Euskaldunak Arjentinan" 07:26 (herri-doinua)
  2. "Limosnatxo bat" 05:43 (herri-doinua)
  3. "Txepetxarenak" 05:38 (herri-doinua). Ombuaren Itzala filmean entzun daiteke.
  4. "Ameriketatik bueltan" 04:29 (herri-doinua)
  5. "Aita-semeak" 05:19 (herri-doinua)
  6. "Amerikako panpetan" 05:29 (herri-doinua)

Patxi Bisquertek zuzendutako Ombuaren Itzala filmean entzun daiteke laugarren bertsoaren hasiera aldean txantxa puntu bat duen eszena batean: 1890rean, Otañori —Joseba Usabiaga—, Argentinatik itzuli berria dela, itsu batek —Eriz Alberdi aktoreak— eta haren laguntzaileak —Amaiur Macíasek― bidean datorrela, bertso horietako bat kantatu diote (Odola bero eta burua... limosnatxo bat eskatu behar jainkoaren izenean) aumoina eskatzeko. Itsuak eta laguntzaileak ez dakite oinez datorrena Otaño bera denik, eta inozo hari dirua erraz aterako diotelakoan daude. Otañok erantzun die bertso hori zaharra dela, eta bere bertso berri bat kantatu (Amerikako panpetan izenekoa). Itsuak diotso bertso berri hori kaxkarra dela, hori ez dela Otañorena, eta orduan Otaño oinez abiatu da berriro, txantxetan hau erantzunda: "Horregatik joan zen Ameriketara, bertsotan ikasteko".

Mutil koxkor bat itsu aurreko
zuela aldamenian
gizon burusoil bizar zuri bat
bi makuluren gainean,
kale ertzian ikusi nuen
inora ezin joanian
ta bera nor zan jakin nahian
inguratu nintzanian...
limosnatxo bat eskatu zidan
Jainkuaren izenian.

Zerbait emanaz galdetu nion
al zan modu onenian,
jaiotzatikan al zeukan ala
gaitzak hartua mendian;
erantzun zidan: ez semia, ez,
nik sasoia nuenian,
ez nuen uste iritxitzerik
honetara azkenian...
gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.

Eta segitu zuen esanaz:
lehengo gerrate denian,
ni aurren xamar ibiltzen nintzen
beti edo gehienian.
Nekatu gabe aisa igoaz,
aldapik luzenian,
etzan burura asko etortzen
gu ala genbiltzanian...
gero limosna eskatutzerik
Jainkuaren izenian.

Odola bero eta burua
harrua dagoenian
edozein moduz sartutzen da bat
halako itsumenian:
atsekabe ta negar saminak
badatoz ondorenian,
nola ere bai batek bizia
utzitzen ez duenian
limosnatxo bat eskatu behar
Jainkuaren izenian.

Inoiz pentsatzen nere artian
ni jarritzen naizenian,
gaur ere asko dirala joango
lirakenak zuzenian.
Ez luke inork sinistatuko
zer pena ematen didan.
Ai! ho(rre)la nintzan ni ere sano
ta gazte nengoenian...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkuaren izenian.

Ai! txorakeri asko egiten
da zentzurik ez danian;
sinista zazu ur hau pasia
daukanaren esanian:
hobiago da sasoin dan arte
saiatutzia lanian.
Negar eginaz ibili gabe
gero denbora joanian...
Limosnatxo bat bildu ezinik
Jainkuaren izenian.

5/8 konpasa[5]. Sol klabean; Si bemol.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Limosnatxo bat - Zerbait - Pedro Mari Otaño» klasikoak.armiarma.eus (kontsulta data: 2026-04-05).
  2. Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale Elkartea. «Mutil koxkor bat itsuaurreko - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (kontsulta data: 2023-03-21).
  3. https://www.elkar.eus/es/musika_fitxa/otano/elizanburu/etxahun/lete-xabier/8436007063021
  4. «Elizanburu-Etxahun-Otaño» www.badok.eus (kontsulta data: 2026-03-27).
  5. bertsozale.eus. Mutil koxkor bat itsuaurreko. (kontsulta data: 2018-03-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]