Nafarroa-Biarnoren bilakaera politikoa (1479-1517)
Nafarroa-Biarnoren bilakaera politikoa (1479-1517) da Foix leinuko monarkiaren aldian Nafarroako Erresumak eta Biarnoko Bizkonderriak elkarrekin josi zuten dinamika politikoa. Dinastia horren pean, bi lurraldeok estatu burujabe bikoitz bat eratu zuten, «inoren mendeko izan gabe, salbu eta Jainkoa». XV. mendearen hondarrean eta XVI.aren hasieran, Nafarroako estatu modernoaren oinarriak jarri ziren. Bilakaera politikoa hiru epe nagusitan banatu izan da: errege-erreginen tutoretza aldia (1479-1494), gobernu eraginkorra (1494-1512) eta Gaztela-Aragoiren inbasio ondokoa (1512-1517). Aldi horretan, Biarnok eta Nafarroak buruzagi politiko berdinak izan zituzten: lehenik, Frantses edo Frantzisko Febo (1483 arte), eta bigarrenik, Katalina Nafarroakoa, Joan III.a errege ezkontidearekin batera.

Bada, 1494 arte errege-erregina adingabeek Madalena Frantziakoa eta Alano (Alain) Labritekoa izan zituzten tutore, benetako agintari, eta errege-erreginak Biarnon eta Bortuz iparraldeko beren jaurerrietan bizi izan ziren. Ordu arte, erresuma guztiz erdibiturik zegoen, baina engoitik Nafarroako errege-erreginak beren agintaritza eta estatu moderno baten funtzionamendua finkatzen hasi ziren 1494tik 1512ra.
Pirinioetako Erresuma eratzeko beren joko diplomatiko abilak aurrez aurre kausitu zituen Frantziako eta Aragoi-Gaztelako monarkia politiko handiak, Italiako gerretan inplikatuak, eta haien hegemonia ekonomiko eta militarra. 1512a urte erabakigarria izan zen: Fernando Katolikoak Nafarroa inbaditu zuen, eta Bortuz hegoaldeko erresuma zatia militarki okupatu. Hurrengo urteetan (1513-1517), nafar errege-erreginen kontrol geopolitikoa Bortuz iparraldera mugatu zen, Nafarroa Beherearen zati batera eta Biarnora.
Errege-erreginak buru-belarri saiatu ziren Nafarroa Garaia berreskuratzen, hala militarki nola diplomaziaren bitartez. Barnealdeari begira, bakea lortu zuten laburki, eta estatu egitura modernoak antolatu. Nolanahi ere, oraingoz, Bortuz bi aldeetako estatu nazional independente oso bat sortzeko Nafarroako koroaren ekimenek, hala Elizaren bidez nola juridikoki eta militarki, porrot egin zuten. 1517tik, Henrike II.a ondorengoak eta, bereziki, Joana III.a erreginak heldu zioten berriz estatu nazional burujabea eraikitzeko bideari.
Goi nobleziaren sorrera eta bandoen gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nafarroako bandoen sorrera eta aliantzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XV. mendearen bigarren erdian, Nafarroako Erresumak giro aztoratua bizi zuen: Gerra Zibila. XIV. mendean eta XV. mendearen hasieran, Evreux dinastiako erregeek goi noblezia bat sortu zuten, beren leinutik sortua, eta noblezia horrek abantaila feudalak jaso zituen dohaintzan, erresumaren ondarearen lepotik. Domeinu horietako bat Leringo Konderria izan zen. Nobleziako leinu horien artean, elkarren kontrako bi bando eratu ziren: beaumontarrak eta agaramontarrak.[1]
XV. mendearen bigarren erdian, lehenengoen buru aritu zen Luis II.a Beaumontekoa (1430 inguru - 1508), Erresumako hiri buruzagian nagusi, Iruñean. Beste hainbat lur-eremuren zein hiribilduren jabe ere bazen, bereziki Nafarroa hego-mendebaldean.[1] Nafarroa barneko gerra horretan, Luis II.a Beaumontekoak lagun zuen Bortuz iparraldera Lüküze leinua eta jauna. Kontrako aldean zituzten agaramontarrak, Bortuz Haraindiko Lurraldearen iparraldean finkatuak, baina Bortuz hegoaldera Peralta eta Nabarra leinu garrantzitsuek babestuak.[2] Agaramontarren buruzagi nagusia Piarres Peralta eta Ezpeletakoa zen.[3]
Noblezia horrek makal uzten zuen Nafarroako Erresuma monarkia auzoen aldean: Gaztela, Aragoi eta Frantzia. Monarkia auzo horiek beren asmoen alde baliatu zituzten bandoak.[2] XV. mendearen hondarrean, Frantziako koroak Narbonako bizkondea erabili zuen bere alde Bortuz iparraldeko zenbait lurraldetan.[4] Agaramontarrek Joan II.a Trastamarakoa errege ezkontidea eta haren alaba Leonor zituzten kanpoko aliatu, Nafarroako erregina bihurtzekoa. Joan II.a Nafarroako errege bihurtu zen. Alaba Leonor Gaston IV.a Foixkoa Biarnoko bizkondearen emaztea zen, eta buruzagi biarnes, aragoitar eta nafar horiek agaramontar interesen alde jokatu zuten.[5]



Bandoen bilakaera, atzerritar interbentzioaren erdian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aragoi eta Gaztelarekin, ez ziren falta lurralde tentsio eta erreklamazioak. Gerra Zibilaren testuinguruan, berriki, Gaztelak Nafarroako Los Arcos eta Sonsierra okupatu zituen (1463).[6] Eskualde horiek berreskuratzea etengabeko erreklamazioa bihurtu zen Nafarroarentzat.[4] Gainera, Joan II.a Aragoiko errege horrek, Zuria Nafarroako erreginarekin ezkondu zenean, Iberiar Penintsulako hainbat domeinu jarri zituen dotean, baina ez zen ematera heldu, eta hurrengo hamarkadetan Nafarroako koroak haiek erreklamatu zizkien Errege-erregina Katolikoei.[7]
1470eko hamarkadan, bandoen aliantzak aldatzen hasi ziren. 1471ko maiatzeko Erriberriko Itunaz, Gaston IV.a Biarnoko bizkondea eta Leonor, Joan II.aren oniritziaz, Nafarroako gobernari bilakatu ziren, eta amnistia eman zitzaien agaramontarrei. Beaumontarrek, beren burua arbuiaturik ikusita, aliantza bat josi zuten Joan II.aren ondorengo Fernandorekin eta Gaztelako Elisabetekin.[3]
Haien zorionerako, Gaston IV.a luze gabe hil zen Orreagan, beaumontarrak zapaltzera zihoala. Orduan, haren biloba, Frantses edo Frantzisko Febo haurra, izendatu zuten Gastonen ondorengo Biarnon, eta Leonorrek Nafarroako gobernari ardura atxiki zuen. Fernandok, bere aldetik, bakerako bitartekari lanetan aritzeko aurkeztu zuen bere burua, eta 1476an Tuterako Ituna sinatu zen harekin.[3]
Foix leinua Nafarroako koroan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzisko I.a Febo errege (1479-1483)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1479 urte erabakigarria izan zen Nafarroaren eta Biarnoren etorkizun hurbilerako, Joan II.a errege tiranikoa hil baitzen, eta haren alaba Leonor laburki erregina bihurtu.[6] Urte berean, bera ere hil, eta haren biloba bilakatu zen errege: Frantses edo Frantzisko I.a Febo haurra, 12 urtekoa, Foix leinuko lehen nafar erregea. 36 urteko Madalena zuen ama, eta tutore.[8] Tuterako Itunetik (1476), Nafarroako hainbat gotorleku Fernandoren eskuetan zeuden, terceria estatusaz, berez Nafarroaren gaineko protektoratua zena: Andosilla, Artaxoa, Uharte Arakil, Larraga, Lerin, Irunberri, Mendabia, Gares, Torralba, Viana, Zuñiga eta Iruñea bera. Beraz, nafar koroa ahula zen une horretan. Madalenaren asmoa, haatik, Itun hori deuseztatzea eta monarkiaren kontrol politiko osoa zen.[7][3]
Fernando II.a Aragoikoaren eraginpean zen Nafarroako bizitza politiko osoa. Madalenak Fernandorekin itundu zuen semearen koroatzea Zaragozan, Iruñeko apezpikuaren eta Luis II.a Beaumontekoaren presentziaz. Hitzarmen horren arabera, Viana, Tafalla, Zangoza eta Tuterako gotorlekuen gobernariek Fernandori omen egin beharko zioten.[8] 1476ko Itunaz gain, Fernandok beste itun bat sinatu zuen Agoitzen beaumontarrekin, abantailaz josia Luis jauntxoarentzat, hala nola zergak (kuartelak eta alkabalak) bildu ahal izatea eta haiek bere probetxutan baliatu ahal izatea. Luisek Erresumako kondestable izaten jarraitu zuen, Erresumako postu oso garrantzitsu eta gutiziatua.[3][oh 1]
Erresuma erdibiturik eta nahasmen handian zen, eta kanpoko monarkien presioa ere handia. Bando bakoitzak bere Erresumako Gorteak zituen, hainbat urtez, artean ere.[9] Frantziako Luis XI.a erregea Biarno Nafarroatik urruntzen saiatu zen, Pariseko Parlamentua baliatuz horretarako. Une horretan, Aragoik eta Gaztelak ongi ikusten zuten Biarno Frantziatik urrun jarraitzea. 1482an, Frantzisko I.a haurrak eta Madalenak Bortuak zeharkatu zituzten iparraldera, Nafarroa Garaiko aztoramendutik ihesi. Izan ere, 1480an, beaumontarrek Filipe II.a Nafarroako mariskala hil zuten Zarrakaztelun eta, 1482ko abenduan, haren ondorengoa, Petri Nafarroako mariskala bera erailtzeko saiakera egin zen.[10][7] Frantzisko errege gaztea, ordea, luze gabe hil zen (1483), eta Katalina arreba izan zuen ondorengo.[8]

NAFAR KOROAREN KANPO HARREMANAK (1483–1517)
| Harreman onak | Harreman epelak | Harreman txarrak | Harreman onak? |
Katalina Foixkoa eta Joan III.a Labritekoa, tutoretzapean (1483-1494)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasieran, Katalinak babes eskasa zuen Nafarroan eta, zinez, adingabea izanik, haren ama Madalena Frantziakoak zeraman koroaren lema, erreginorde gisa. Madalena Luis XI.a errege frantsesaren arreba zen. Aldiz, anaia luze gabe hil zen (1483).[11][12] 1483an, Madalenak Alano Labritekoa jaun ahaltsu gaskoiarekin adostu zuen alaba Joan III.a Labritekoa gaztetxoarekin ezkontzea. Tratu horrek, azkenean, Fernando II.a Aragoikoaren oniritzia izan zuen, ezkontzak Frantziaren kontra jokatuko zuelakoan. Frantziako koroak ere, zeharka, ontzat jo zuen uztarketa hori.
Nafarroako Gorteek nahiago zuten Joan senartzat, Fernandoren semea, baina Madalenak hori onartzea suizidio politikoa izango zen, Fernandoren eskuetan erorita. Bada, 1484tik 1494ra, Alanok eta Madalenak zuzendu zuten de facto erresuma, Pauetik.[11][12] Haien eskuetan, baita geroago ere, nafar koroa maniobra diplomatiko bihurrietan mugitu zen nazioarteko oreka bat lortzeko, Gaztela-Aragoi eta Frantziaren artean. Horri kulunkatze politika deitu izan zaio, joko politiko bikoitz bat.
Une horretan, nafar monarkiak harreman onak izan zituen Aragoiko Fernandorekin eta Gaztelako Elisabetekin, Frantziaren kontra. Izan ere, Alano Labritekoaren gidaritzapean, gatazka militarra piztu zen frantses koroaren kontra, Gerra Eroa delakoan. Nafar koroaren agintaritza ez zen handia, eta errege-erreginak 1494 arte Bortuz iparraldeko beren jaurerrietan bizi izan ziren. Justiziaren aplikazioa ere ezinezkoa zen, Luis II.a Beaumontekoaren boterea eta indarkeria giroa zirela eta: Nafarroako Errege Kontseilua ezin zen Iruñean bildu. Luis Fernando II.a Aragoikoaren gizona zen Nafarroan.[12]
1488ko martxoan, Nafarroa-Biarnoko agintariek Valentziako Itunak sinatu zituzten Fernandorekin eta Elisabet Gaztelakoarekin, Katalina eta Joan III.a gazteak Iruñean koroatzeko, Nafarroako Gorteek eskatzen zuten bezala, eta elkarren defentsarako, funtsean Nafarroa Gaztela-Aragoiren protektoratu bilakatuz. Bertan, Nafarroak eta Biarnok atzerri politika bateratuari ekin zioten, Aragoik eta Gaztelak egiten zuten bezala, eta Fernandok eta Elisabetek Biarnoren independentzia de iure aitortu zuten.[12][oh 2] Foix-Labrit leinuen agintaldian, nafar koroak inoiz ez zion omen egin frantses koroari Biarnoren izenean, eta Frantziak ez zuen Biarno frantsestzat erreklamatu XVI. mendeko lehen hamarkadaren hondarrera arte.[7]
|
Iruñeko koroatzea, Nafarroa protektoratu, Luis Beaumontekoa kanporatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1489tik, baretzen joan ziren Frantziaren harremanak Alanoekin, nafar koroarekin. 1493ko urtarrilean, Frantziako erregea, Karlos VIII.a, eta Fernando II.a Aragoikoa hitzarmen batera heldu ziren Bartzelonan. Elkarren konfiantza giro hori Katalina eta Joan III.a erregina eta errege koroatzeko ataria izan bide zen. Fernandok, une horretan, Frantziatik urrundu nahi zituen errege-erreginok, eta bando beaumontarra koroara hurbiltzea sustatu zuen. 1493ko azaroaren 6an, bi alde horiek adiskidetze hitzarmena sinatu zuten; bidea irekia zen bi hilabete geroago Iruñean koroatze ospakizuna egiteko.[13]

1494ko urtarrilean, errege-erreginek Medina del Campoko Ituna sinatu zuten, Errege Katolikoekin bakea egiteko hitzarmena. Haren bidez, Nafarroako errege-erreginek Ana beren alaba prima eta orduko erreginagaia Joan Asturiasko printzearekin edo Errege-erregina Katolikoen bilobaren batekin ezkonduko zuten; gainera, Gaztelak terceria bidez kontrolpean hartuko zituen Nafarroako hainbat gotorleku.[14] Bestalde, Luisek Artaxoako gotorlekua eta hiribildua eskuratu zituen. Medina del Campoko Itunak zioenez, Fernando eta Elisabet Errege-erregina Katolikoak bitartekari arituko ziren Luis II.a Beaumonterekin.[11] Nafarroa Gaztelaren protektoratu bilakatu zen, 1500 arte.
Azkenean, errege-erreginak Iruñeko Andre Marian koroatu ahal izan ziren 1494ko urtarrilean bertan, bilaturiko helburu nagusia.[11] Horixe izan zen Nafarroan inoiz eginiko azken koroatzea.[14] Errege-erreginek seme-alabei Erresumaren hizkuntza irakasteko konpromisoa hartu zuten: euskara.[10] Iruñean, festa handiak, komediak eta kantuak egin ziren karrikan koroatzea ospatzeko. Egundaino heldu den kopla batek Luisekin adiskidetzea aholkatzen zion Nafarroako koroari:[15]
| « | Labrit eta Errege aita seme dirade, |
» |
Medina del Campoko Itunaren ondotik, Nafarroaren kanpoko harremanak bare zeuden. Haatik, Erresuma aztoramendu handian zen oraindik ere, eta Nafarroako koroa saiatu zen Erresuman ordena eta normalizazio administratibo bat ezartzen. Adibidez, Erresumako Gorteak Iruñean egitean eta, 1494ko apirilean, Iruñean sartzea galaraziz Luis II.a Beaumontekoa kondestableari, Petri Nafarroakoa mariskalari eta haien aliatuei zein senitartekoei. Koroaren irmotasun horren seinale, Bortuz Haraindiko beaumontar gogotsuenari, Lüküzeko jaunari, bere ondasunak konfiskatu zizkioten otsailean.[11]
Frantziako koroa alboraturik gelditu zen Nafarroa-Biarnotik. Nafar errege-erreginek koroaren ondarea berreskuratzeko ordenantzak eman zituzten. Alta, Luisek muzin egin zien. Ondorioz, nafar koroa Leringo konde hori eta beaumontarrak desjabetzen hasi zen maiatzean. Gaztela-Aragoik ez zuen bete zegokion bitartekari lana, eta gerra zabaldu egin zen. Hurrengo urtean, 1495eko otsailean, indar beaumontarrek Erriberri hartu zuten mendean. Frantziarekiko etsaigoa berpiztu egin zen Aragoi-Gaztelan eta, Fernandoren interbentzioaz, Madrilgo Ituna sinatu zen martxoaren 4an, Nafarroako gerrari amaiera eman ziona.
Itun horren arabera, Luis eta haren seme Luis eta Fernando Nafarroatik kanporatuak izan ziren aldi batez, eta haren kontrolpeko ondasunak nafar koroak berreskuratuak. Ordutik, eskualde horiek alkabalak eta kuartelak koroari ordaintzen hasi ziren, eta ez Leringo kondeari.[11]
Nafarroako koroaren eta Nafarroari buruzko nazioarteko itun nagusiak (1479-1517) | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Nafarroa-Biarnoko proiektu nazionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paktismoa eta Bortuz bi aldeetako erresuma binazionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala Nafarroak nola Biarnok ezaugarri politiko nagusi bat elkartzen zituen, beren ordezkaritza eta legegintza organoek sustatua: gobernantza paktista, eta ohituren zein foruen errespetua. Bestalde, Álvaro Adot historialariak azaldu bezala, nafar errege-erreginek helburutzat zuten Pirinioetako bloke, monarkia, burujabe handi bikoitz bat sortzea, Nafarroa beren politikaren erdigunetzat hartuz, erresuma kategoria zuen neurrian. Izan ere, Garonaz iparraldeko domeinuak (Limogesko bizkonderria eta Perigordeko konderria) ia ez zituzten bisitatu ere egin, garrantzi txikiagokotzat jotzen zituzten seinale.[7]
Biarnoren burujabetza XIV. mendetik zetorren proiektua zen, Gaston III.a Febo bizkondearen garaitik (1343-1391). Proiektua koiunturaren arabera betetzen zen, baina ez iraunkorki eta ez osoki zuzenbidearen arabera. Bada, XV. mendearen hondarrean, errege-erregina nafarrek burujabetza hori legez egonkortzen eta finkatzen saiatu ziren. Kontra zituzten bi potentzia monarkiko handi, Frantzia eta Aragoi-Gaztela, militarki eta ekonomikoki indartsuak; haien aldean, Nafarroa-Biarno zinez txikia zen.[7]
Hala atzerriko politiketan nola independentziaren defentsan, errege-erreginek Biarnoko Estatu Nagusien eta Nafarroako Erresumako Gorteen babesa izan zuten, eta horixe berretsi zuten 1510ean, adieraziz bi erakunde burujabeak jaun bakar baten pean elkarturik zeudela, eta ez beste inorenean.[7] Errege-erregina horiek, izan ere, Nafarroan bizi izan ziren denbora gehienean 1494tik 1512ra. Alegia, ahal izan zuten bitartean. Gainera, seme-alaben gehiengo handia eta, bereziki, erregegaiak Nafarroan jaio ziren. Horrek neurria ematen du beren proiektu politikoaren ernamuin gisa Nafarroari ematen zioten garrantziaz.[17][4]


Koroa bakar baten sujetak izatearen kontzientzia behin eta berriz adierazi zen Biarnon eta Nafarroan 1488tik, Valentziako Itunean bertan Alano Labritekoak eta Fernando II.a Aragoikoak aitortuta. XV. mendearen hondarrean, koroaren kantzilertzak utzi egin zion Biarno bizkonderri izendatzeari; aldiz, jaurerri edo herrialde hasi ziren erabiltzen. Biarnoko Estatu Nagusiak gogotik saiatu ziren independentzia hori aldezten. Frantziako koroa, berriz, guztiz saiatu zen Biarno Nafarroako Erresumatik urruntzen.[7]
Monarkia zabal bat osatzeko asmo politiko horretan sartzen ziren Nafarroa, Biarno, Bigorra, Marsan, Gabardan, Nebouzan, Andorra eta Castellbó, horietako asko frantses errege lurretan. Asmoak asmo, Katalinak eta Joan III.ak 1502ko maiatzean omen egin zioten Frantziako erregeari konderri eta bizkonderri horiengatik, salbu eta Biarnorengatik.[7]
Administrazioaren modernizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako errege-erreginak Erdi Aroko ereduak gaindituko zituen administrazio bat eratzen saiatu ziren, eredu horiek oinordetza bidezko nobleziari atxikiegiak zeudelakoan, baita kargu garrantzitsuen kasuan ere.[18] Bada, foru kodea eta justizia administrazioa modernizatzeko urratsak eman zituzten.[19] 1494ko koroatzearekin batera, Erresumako Gorteek errege-erreginei eskatu zieten Errege Kontseilua erreformatzea, eta otsailean bertan eta, gero, abuztuan, lehen erreformak egin ziren.[20]
Ordu arteko legeak labur bildumatzeko ahaleginak Foru Laburtua eman zuen gerora eta, 1503an, beste birmoldaketa bat egin zen: orduz gero, arau finkoz antolatu ziren Errege Gortea eta Nafarroako Errege Kontseilua, bigarren hori bilakatuz lehendabizikoaren sententzien apelazioaren helmuga.[19]
Eliza nazionala, asmoa eta porrota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nafarroako koroak Eliza nazional bat bilatu zuen Foix leinuaren agintaldi hasieratik, eta «nafar eliza osoki kontrolatzea», Goñi Gaztanbide ikertzailearen arabera. Nafar Eliza nazional bat eratzea Karlos III.a erregearen asmo zapuztuaren oso antzekoa zen: nafar Elizaren autonomia osoa lortzeko XV. mendearen hasierako plana, Iruñea metropolitzat ezarriz.[7]
Biarno-Nafarroako artxidiozesia eratzea nahi zuten, metropolitzat Iruñea zuela. Hartara, nafar errege-erreginek beren kontrolpeko lurraldeen kohesioa lortuko zuten, elizgizon nafarrak eta biarnesak ez ziren kanpoko artzapezpikuen mendeko izango, eta elizgizonek, gerretan, estatuaren gastuetan lagundu ahal izango zuten.[7] Nafar errege-erreginek Iruñeko apezpikuak izendatzeko prerrogatiba eskuratzea espero zuten, historikoki beti izan zutena.[7]
Aldiz, 1491ko irailean, Iruñeko apezpikua hil zenean, berehala Erromak apezpikua izendatu zuen, Cesare Borgia, nafar errege-erreginek deus jakin gabe. Erromaren eta Nafarroaren arteko harremanak guztiz ozpindu ziren.[21] Nafarroako Gorteek eta Biarnoko Estatu Nagusiek beren koroa babestu zuten, Eliza kargudunak bertakoak nahi baitzituzten, eta ez atzerritarrak.[22] Aldiz, 1492ko irailean, Fernandoren interbentzioaz, Inozentzio VIII.a aita santua Katalina eta Joan III.a errege-erreginekin konprometitu bide zen Nafarroako eta beren beste jaurerri eta domeinuetako Elizako karguak izendatu ahal izateko.[21]
Erromarekiko harreman adiskidetsuak, ordea, gutxi iraun zuen: Cesare Borgiak Iruñeko apezpikutza utzi zuen 1493ko apirilean, eta aita santu berriak, Alexandro VI.ak, krisi politikoan zein moralean bete-betean sartua, berdin jokatu zuen: oraingoan, Antonio Pallavicini izendatu zuen, nafar errege-erreginen atsekaberako;[21] gainera, ez zuten gogoko Tuterako deana ere aita santuak hautatzea (1495aren hondarrean, Pedró Villalón de Cárcena).[22] Fernando Katolikoak, orduan, aita santuaren erabakia babestu zuen.[21]
Elizako karguak izendatzeko lehentasunari buruzko auzia Joan III.ak errege iraun zuen bitartean luzatu zen.[21] 1500eko otsailean, nafar mandatariak igorri ziren Erromara, Amaneo Labritekoa buru zuela, Alexandro VI.a aita santuarekin hitz egin eta Eliza nazional nafar-biarnesaren proiektuaz konbentzitzeko. Aldiz, Erromako kuriak beste plan batzuk zituen, eta 1500. urtean nafar Eliza nazional bat eratzeko asmoa zapuztua izan zen. Horren ordez, Amaneok Elizako apezpiku karguen sorta eskuzabala eskuratu zuen egungo Frantzia hegoaldean, baita Iruñeko apezpikutza (edo haren promesa) ere.[22] Eliza nazionalaren eraikuntzari Joana III.a erreginak heldu zion berriz XVI. mendearen erdialdean, jada Biarnon zentratua.[23]
Nafarroako koroaren goraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelaren protektoratutik aske
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1495etik, Nafarroa Gaztelaren protektoratua zen (ikus goian), baina hurrengo urteetan, bando agaramontarreko jaunek eta nafar errege-erreginen aldeko beaumontarrek (Luisi ez atxikiak) Erresumako posizio kritikoak eskuratu zituzten: gaztelu eta gotorlekuak, Errege Kontseilua, baita Erresumako Gorteek eratzen zituzten batzordeak, mandatariak eta diplomazialariak ere.[24] 1500ean, Sevillako Itunaren bidez, berretsi egin ziren Gaztela eta Aragoirekiko harreman onak eta Nafarroako koroaren agintea sendotzea.[22] Gaztelarrek nafar gotorlekuetatik beren tropak atera zituzten, baina Nafarroako koroak onartu ere egin zuen Luis II.a Beaumontekoa Leringo kondea Nafarroara itzultzea; gainera, nafar errege-erreginen alaba zaharrena, Ana, Errege Katolikoen ondorengo batekin ezkonduko zuten.[13]
1503an, Henrike erregegaia sortu zen (Zangozan), eta gurasoek hitzartu zuten bera, seme zaharrena, Elisabete Gaztelako monarkaren alaba eta erreginagai Joanarekin ezkontzea, 1504ko martxoan. Hurrengo urtean, Elisabet hil zen, eta haren (eta Fernandoren) alaba Joana bilakatu zen Gaztelako erregina, Filipe Habsburgokoa Ederrarekin ezkondua. Nafar errege-erreginek abegi egin zieten monarka gaztelar berriei Orthezen.[22] Hartara, berretsi egin ziren 1500etik Nafarroa-Biarnok Gaztela-Aragoirekin zituen harreman adiskidetsuak, baina ez doa oharkabean une horretan Fernando ez zebilela jada Gaztelako agintari.[4]
Fernando, Aragoira bildua, Germana Foixkoarekin ezkondu zen, Gaston Foixkoa Nafarroako erregenahi frantsesaren arreba.[22] 1506an, Nafarroako koroak hitzarmen bat josi zuen Filipe Ederrarekin, eta orduz gero, urte batzuetan, Gaztelak utzi egin zion Nafarroa barneko auzietan muturra sartzeari.[4] Gaztelarekiko Tudela del Dueroko Itunak biziki harrotu zuen Nafarroaren kontrako Frantziaren posizioa.[24]
Beaumontar matxinoen neutralizazioa (1507)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luis II.a Beaumontekoak Viana, Sesma, Gares, Carcar, Lerin, Mendabia eta Larraga zituen kontrolpean. Nafarroako Katalina eta Joan III.a errege-erreginek behin eta berriz barkatu zuten Luis Beaumontekoa koroari desafio egitearren (Vianako gotorlekua koroari ez itzultzea). 1507an, ordea, Erresumako ordezkarien babes handiaz, Leringo konde horri setioa jarri zioten Vianan, eta kondearen kontra altxa ziren ere haren mendeko Larragako, Leringo eta beste hiribildu askotako biztanleak. Beaumontar buruzagi askok ez zuten Luis babestu.[24]
Vianako setioan, Cesare Borgiak parte hartu eta hil egin zuten. Gares izan zen beaumontar matxinoen azken gotorlekua. Bertan, Leringo kondearen indarrak guztiz garaituak izan ziren 1507ko ekainaren 12an. Luis II.a Beaumontekoa Aragoira kanporatua izan zen, eta hiribildu haietako herritar asko sarituak izan ziren. Erresumaren barnean, nafar erregetzak kontrol politiko osoa eskuratu zuen, eta bakea heldu zen. Luisen kontrolpean izan ziren eremu batzuk agaramontarrei eman zitzaizkien, eta beste batzuk, berriz, koroaren mende gelditu ziren. Erresumako Gorteek guztiz babestu zituzten Katalina eta Joan III.a errege-erreginak.[24]
Atzerriarekin tentsioa areagotzen ari zen, baina Erresumaren barnean, bakea erdietsi zen. 1510ean, Erresumako Gorteek (Hiru Estatuek) eskatu zuten Erresumako Ermandade Nagusia desegitea. Ermandade hori udalerrien sare armatu bat zen, merindadeka antolatua, gaizkileei eta Luis Beaumontekoaren altxamenduei aurre egiteko, eta justizia aplikatzeko. 1488tik, etengabe funtzionatu zuen, Nafarroako errege-erreginek sustatua, eta normalizazio instituzionalerako erreminta garrantzitsua izan zen. Mikel Burgi historialariak azaldu duen bezala, nobleen mendean eta, zehazki, Beaumonten konderrian gelditu ziren herritarrek ez zuten gogoko beren egoera, eta aske nahi zuten. Nafarren desio zabaldua zen errege lurretara itzultzea.[18][25]
Frantziaren erasoa, Nafarroaren eta Biarnoren burujabetza arriskuan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1500etik, Nafarroak ez zuen itunik lotu Frantziarekin, eta ordutik ez zuen izan ere frantses koroarekin nafar ondorengotzari buruzko ezkontza hitzarmenik.[4] Nolanahi ere, 1503. urte erdialde arte, nafar errege-erreginek harreman adiskidetsuak izan zituzten Frantziako koroarekin, Orduan, berpiztu egin zen Frantzia eta Aragoi-Gaztelaren arteko gerra, eta Luis XII.ak gaitzetsi egin zuen Gaztelarekiko adiskidantza. Mehatxuka hasi zen errege-erreginen Biarnoko eta gainerako beste lurraldeak konfiskatuko zituela, indarrez.[22]
Frantzia Foix leinuaren jaurerriak inbaditzeko prest zen. 1508ko abenduan, Frantziako Errege Kontseiluak indarra erabiltzeko agindua eman zuen, beharrezkoa balitz.[24] 1509tik, tropa frantsesak Foixko, Nebouzango eta Biarnoko atarian ziren eta, are, barnean bertan. Frantziako koroak Parisko eta Tolosako parlamentuak baliatu zituen nafar koroaren kontra, txosten juridikoen eta konfiskazio mehatxu eta aginduen bidez. Parisko Parlamentuaren txosten batek azaltzen zuen Frantziarena zela Biarnoko Bizkonderriaren gaineko subiranotasuna eta eragina, eta Frantziari omen egiten ziola, Gaskoniako Dukerriaren bidez.[24]
Auzitegien bidez ez ezik, Frantziako errege mandatariak eta haien tropak guztiz oldartu ziren 1509 eta 1510ean Foix leinuaren Nafarroaz eta Biarnoz kanpoko domeinuetan (Foix, Bigorra, Nebouzan).[24][oh 3] Izan ere, 1510eko urtarrilaren 7an, Tolosako Parlamentuak agindu zuen Labrit leinuaren lurralde frantses guztiak konfiskatzea Gaston Foixkoaren mesedetan, bertan sartuz Biarno ere. Biarnoko Estatu Nagusiek eta Nafarroako Gorteek erresistentziaren alde egin zuten.[13] 1510eko otsailean, Salbaterra Biarnon, Nafarroa-Biarno konfederazio bat eratzea proposatu zen, Biarnoren independentzia babesteko eta Nafarroaren zein Biarnoren defentsa militarra bermatzeko.[13]
Nafar errege-erreginen mandatariak, tartean zirela Joanes Jatsukoa, Petri II.a Nafarroako mariskala eta Ladron Maulekoa, jo eta ke jarri ziren lanera ahalegin diplomatikoetan. Bestalde, urrunetik bada ere, Maximiliano enperadoreak nafar koroa babesten zuen 1506tik, besteak beste Nafarroa Cambraiko Ligan sartzea bultzatuz eta era horretan erasorik ez jasotzeko nolabaiteko bermeak eskuratuz. Haatik, 1510aren hondarrean, Foixko konderria Luis XII.a errege frantsesaren tropen eskuetan zen.[24]
Inbasioaren atarian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fernandoren oldarraldia eta nazioarteko haizeen aldaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1508an, Fernando II.a Aragoikoa bueltan zen Gaztelako politikan, Gaztelako erregeorde gisa, eta etsaiturik zebilen Nafarroako koroarekin. Erreklamatu zuen bere ohiko Nafarroako konplizeari, Luis Beaumontekoari, mende hasieran zuen ondarea itzul zekiola. Hala Álvaro Adotek nola Jose Maria Lakarrak aldeztu dute Fernando Katolikoak huts egin zuela Nafarroan Gaztelaren aldeko bando bat sortzen, Luis II.a Beaumontekoa eta semea kanporatu ostean. Ondorioz, beste estrategia bat egosi omen zuen.[24]
Hori 1509ko apirilean hasi zen nabarmen gauzatzen, Nafarroaren kontra indarra erabiltzeko mehatxuen bidez, eta orduko Leringo kondeari aholkatuz Nafarroako mugetan (Errioxa, Gipuzkoa, Aragoi) sarraldi militarrak egitea eta txikizioak eragitea: higadura gerra bat. 1510eko maiatzean, Cambraiko Liga desegin zen Italiako Gerretan, eta Frantziak, Gaztela-Aragoiren etsaiak, posizio ahula zuen nazioartean.[24]
Nafarroak harreman adiskidetsuak zituen berriz ere Erromarekin, eta horren adierazle, Amaneo Labritekoa Iruñeko apezpiku izendatua izan zen, nafar koroaren hautagaia.[24] Nafar koroaren kontrako frantses apustua sendoa zen artean ere, baina gauzak aldatu egin ziren 1511n: urrian, Liga Santua eratu zen Frantziaren kontra. Frantziako Luis XII.ak, bere burua eta Frantzia inguraturik ikusita, hilabete gutxiren buruan baretu egin zituen Nafarroa-Biarno inbaditzeko zerabiltzan mehatxuak.[24]
1512ko otsailean, Fernando Katolikoak hitzarmen bat sinatu zuen Ingalaterrako Henrike VIII.arekin Frantzia elkarrekin inbaditzeko. Gainera, Frantziaren kontra, Liga Santuarekin bat egiteko presioa egin zien Katalina eta Joan III.a errege-erreginei. Bestalde, 1512ko apirilean, gertaera erabakigarri bat jazo zen: Gaston Foixkoa hil zen Ravennako Guduan, eta automatikoki Germana, Fernandoren emaztea, Biarnoko eta Bortuz iparraldeko beste jaurerrietako andre izateko hautagai bihurtu zen.
Espainiar koroa, inbasioa prestatzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fernandok, Gaztelako bisorrai (erregeorde) eta Aragoiko errege, biziki gogortu zuen Nafarroarekiko jarrera, errege-erreginei faltsuki leporatuz Julio II.a aita santuaren kontrako 1511 hondarreko Pisako kontzilioa babestea, Jose Goñi Gaztanbide ikertzaileak azaldu duenez. Frantziak, aldiz, bere albora erakarri nahi zituen nafar erregeak.[26][24]
Fernando maniobra diplomatiko bihurrietan aritu zen nafar ordezkariekin. Baldintzak, ordea, onartezinak zitzaizkien: Gaztelak Nafarroari berriz protektoratu bat ezartzea. Are, Fernandok Frantzia babesten zuen nafar edo biarnes ororen kontrako buldak exijitu zituen. Jose Maria Lakarra historialariaren esanetan, errege aragoitarraren ahalegin diplomatikoak distrakzio bat besterik ez ziren izan, Erroman buldak prestatu eta Nafarroako mugan tropak biltzeko.[26]
Ekainaren hondarrean, Nafarroako Gorteek (Hiru Estatuek) eta koroak defentsa indar bat sortzeko agindua eman zuten, 300 zaldizko eta 4.000 soldaduren defentsa probisioa sortuz, inbasio baterako prestatzeko.[26] Etsi-etsian, uztailaren 18an, Frantziak eta Nafarroak Bloisko Ituna sinatu zuten:[26][13] onartzen zen Biarno de facto independentea zela (ez, haatik, de iure), bertan behera gelditzen ziren Okzitaniako Tolosako Parlamentuaren (auzitegi gorenaren) konfiskazio aginduak, eta berresten zen jada ezinezkoa zen Nafarroaren neutraltasun bihurri bat, bi potentzia handiren artean harrapaturik.[26]
Bloisko Ituna hala moduzkoa izan zen Nafarroaren interesentzat. Biarnoko Estatuek distantzia hartu zuten bere jaun-andreekiko eta Nafarroarekiko. Fernando Katolikoak Itun horren bertsio faltsu bat zabaldu zuen, egiak eta gezurrak txandakatzen zituena. Nolanahi ere, inbasioaren erabakia harturik zegoen jada eta, uztailaren 10etik, martxan zen Aragoi-Gaztelaren Nafarroako Erresumako inbasioa mendialdean, Gipuzkoatik. Goizueta mendean hartuz, alegia.[26]
1512ko inbasioa eta Bortuz iparraldeko erretreta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma inbaditua (1512)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizuetako okupazioa eta astebetetik gora geroago, gaztelar espedizio nagusia Agurainen zen (uztailaren 19a), eta egunean bertan Burundatik sartu zen Nafarroako Erresumara.[27] Esarte Muniainen estimazioaren arabera, armada hori 2.500 zaldizkok osatzen zuten, 12.000 oinezkok, 1.500 lantzarik eta 20 artilleria piezak, beren morroiekin.[28] Hamar egun geroago, Iruñeak eta Nafarroako errege-erreginen konfiantzazko mandatariek kapitulazioa sinatu zuten Albako dukearekin, aitortuz Erresuma Fernandoren eskuetan zela eta operazio militarrak zeudenean geldituko zirela.[27]
Berehala, ordea, Fernandoren baldintza berriak etorri ziren, onartuak izan ez zirenak. Abuztuaren 4an, Iruñearen kapitulazioa sinatu zen. Udan, inbasioak jarraitu zuen. Katalinak eta Joan III.ak Biarnora ihes egin eta bertan hartu zuten aterpe, Orthezen eta Pauen.[oh 4] Tuterak hilabete eta erdiko setioari eutsi zion, baina Zaragozako artzapezpikuaren aragoitar tropei amore eman zien irailaren 9an. Bortuetako Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkaribarren enfrentamendu militarrak izan ziren. Irailaren 10ean, Albako dukearen tropak Donibane Garazin ziren, Akitania inbaditzeko prest. Hala ere, ingelesek alde egitea erabaki zutenez, bertan behera gelditu zen asmo hori.[28][27][oh 5]
Buldak eta Erresuma berreskuratzeko ahaleginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarren kontrako buldak eta Erresumaren estatus berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uztailaren 19an inbasioa hasi eta hurrengo egunean, Pastor Ille Caelestis bulda atera zen, nafar errege-erreginei zuzendua, baina haiek esplizituki aipatu gabe. Horren ondorioz, frantses monarkia babesten zutenak eskumikatuak ziren, eta haien ondasunen titularitatea galtzen, baldin eta leialtasun berriaren zina egitera manatzen zen epean eta tokira joaten ez baziren.
Horrekin, ordea, nahikoa eduki ez, eta aita santuak bigarren bulda bat atera zuen 1513ko otsailean, nafar errege-erregina legitimoak «Satanen ministro» izendatuz: Exigit Contumacium. Buldak nafarren desmoralizazio faktore garrantzitsua izan ziren.[26] Martxoaren 13tik 24ra, Nafarroako Gorteak, beaumontarrez osaturik esklusiban, elkartu ziren, erregeak (bisorraiaren bidez) eta erresumak elkarri leialtasuna zin egiteko[29]
Fernandok, halaber, Espainiar Inkisizioa sartu zuen Nafarroan, inkisidoreak izendatuz 1513ko irailaren 21ean, eta, abenduan, haren egoitza Iruñean ezartzea baimendu zuen. Pertsekuzioak, konfiskazioak, espoliazioak, dohaintzak, kargu-berrizendapenak eta, oro har, arbitraritateak ugaldu egin ziren, baita auziak ere. Amaneo Labritekoa Iruñeko apezpikua ondasunez desjabetua izan zen, absentzian auziperatua, Nafarroako Elizaren ondasunak konfiskatuak, eta haren errentak Nafarroako okupazioa ordaintzeko baliatu ziren, «etsaiek [errentak] Espainiaren kalterako» erabil zitzaketelakoan, Cisnerosek adierazi zuenez.[30]
Nafarroa, buldetan esaten zenaren arabera, Fernandoren «irabazitako ondasuna» zen. Okupazioko Gaztelaren protagonismoa zela eta, errege horrek erabaki zuen erresuma dohaintzan Gaztelari ematea. 1515eko ekainean, Gaztelako Kontseiluak deliberatu zuen Nafarroa Gaztelari lotzea. Fernandok uztailaren 7an berretsi zuen erabakia.[29]
Hala ere, nafarren identifikazioa handia zen bere erakundeekin. Espainiar erregeak okupazio prekarioa eta nafarren onarpena bermatuko bazituen, Nafarroaren status quoa atxiki behar zituen, pactum subjectionis gisa, 'mendekotasun itun'. bat. Nafarroak erresuma izaten jarraituko zuen, foruak atxikiz.[29] Naiarako dukeak, Nafarroako bisorrai bihurtuak, Erresumako foruak zin egin zituen 1516an, Karlos V.ak berretsita, hauxe adieraziz:[29]
| « | Gaztelako Koroan sartua izanagatik, geldi bedi Erresuma hau berezkoa, eta orain arte izan den bezalakoa.[oh 6] | » |
Okupazioaren lehen lau urte honetan, Fernandok «azenarioaren eta akuiluaren politika» aplikatu zuen, Aitor Pescador historialariak azaldu duenez. Espoliazioaren eta abusuen erdian, bere aldeko nobleziari sari sistema bat ezarri zitzaion berehala, soldata eta mesedeen eskema baten bidez. Nikolas Makiavelo pentsalariak, luze gabe, honela definitu zuen Nafarroan Fernando Katolikoak ezarritako sistema:[9]
| « | Hiru manera daude aske eta bere legeen arabera bizitzera ohitua den estatu bat atxikitzeko —konkistaz hitz egin dugu jada—: lehena da hura suntsitzea; bigarrena, [printzea] bertan bizitzea; eta hirugarrena, bere legeen arabera bizitzen uztea, harengandik tributuak eskuratuz eta haren barnean oligarkia bat sortuz, iraunarazi egingo baitu [estatuaren] leialtasuna. Izan ere, gobernu hori printzearen sorkari bat izanik, badakite [oligarkek] ezin duela iraun haren adiskidantzarik eta botererik gabe. Ondorioz, ahal guztia egingo dute printzearen dominazioa atxikitzeko. | » |
Bi potentzia monarkikoren artean, erresuma berreskuratzeko lehen ahaleginak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresumaren gehiena okupatuta, errege-erregina legitimoek kontraofentsiba antolatu zuten 1512ko urritik azarora. Salbaterra Biarnotik abiatuz, nafar erregea buruan zutela, 15.000 kideko frantses-nafar espedizio batek Bortuetako haranak kontrolpean hartu zituen, eta Iruñera heldu. Hilabetez jarri zioten setioa hiribilduari, baina neguaren eta gaztelar tropa errefortzuen etorreraz, bertan behera gelditu zen. 1512ko abenduaren 8an, erretretan zihoazen tropa haietako batzuk Belaten izan ziren garaituak.[17][27]
Kontraofentsibak Gipuzkoa ekialdeari ere eraso egin zion. Aldiz, helburu sakabanatuak izatea eta aitzinamendu motela zama bihurtu ziren, eta porrotera eraman.[31] Agaramontar ugarik iparralderantz ihes egin zuten, 7.000 nafar inguruk; beste askok, ordea, nahiago izan zuten beren postuak gorde eta Nafarroa Garaian gelditu, egoera berrira moldatuz. Nafarroako errege-erregina legitimoek berehala ekin zieten mugimendu diplomatikoei eta erreakzio militar bat antolatzeari.[26]
Aldiz, 1513ko urtarrilean, Maximiliano enperadoreak nafarrak abandonatu zituen. Bestetik, Luis XII.a frantses monarkak bakea erdietsi nahi zuen Fernando Katolikoarekin, ahalegin militar osoa Italian jartzeko. Bada, 1513ko apirilean, bi monarka horiek Urtubiako Bakea sinatu zuten. Bertan, frantses monarkak uko egiten zion nafar koroari laguntzeari.[26]
Luze gabe, ordea, Joan III.ak, Bloisko Ituna berretsiz, elkar hartu zuen berriz frantses monarkarekin. Azaroan, Biarnoko Estatu Nagusiek, Orthezen bildurik, 10.000 ezkutu onartu zituzten kanpaina militar baterako. Haatik, errege frantsesaren desinteresak eta arazo ekonomikoek eragotzi egin zuten 1514an birkonkista espedizio bat.[26]
1516ko birkonkista ahalegina eta Nafarroako errepresioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1515 hasierak esperantza berriak ekarri zituen: Luis XII.a hil zen, eta Frantses (edo Frantzisko) I.a gaztea hasi zen Frantziako errege. Haren ama Luisa Savoiakoa Katalinarekin inplikatzeko zalea zen. Nafarroa Garaian, nafarren artean, beaumontarrak barne, ondoeza zen nagusi okupatzaileekin; kolokan zen beaumontarrek eta Luis Beaumontek Fernandori zioten leialtasuna.[26]
1516ko urtarrilean, nafar mandatariek jakin zuten Fernando oso gaixo zela. Egokiera ezin hobea zen birkonkista kanpaina baterako. Laguntzeko aginduak agindu, frantsesak ez ziren inplikatu; oraingoan, nafar koroak bakarrik egingo zuen ahalegina.[26] Bada, martxoan, Joan III.aren eta Petri I.a mariskalaren zutabe bana Bortuak gainditzen saiatu zen Iruñea bera atzemateko. Albistearen berri zabaldu zenean, nafarrak altxa egin ziren zenbait puntutan (Tutera, Erriberri, Zangoza); ez ziren, ordea, nahikoak izan gaztelarrak uxatzeko.[32][33]
Beaumontar kolaboratzaileen informazioak, espainiarren mugimendu militar bizkorrek (Villalba koronela) eta eguraldi zakarrak kinka larrian jarri zituzten nafar legitimistak, eta espedizio bikoitz hau porrotera eraman: nafar erregea (3.000 kideko armadaren buru omen zena) Donibane Garazin trabatu zen hiribildua setiatzen; mariskalaren armadak (800-1.200 nafar, Ipar Euskal Herriko euskaldun eta biarnes), Izaban inguratuak, errendizioa negoziatu zuen. Petri, nafarren artean maitatua eta miretsia, preso hartua izan zen, baita beste hainbat buruzagi ezagun ere.[32][33]
Nafarroa Beherea arpilatua izan zen Amikuzeraino. Baxenabartarrek leialtasuna zin egin behar izan zieten okupatzaileei. Erresuma berreskuratzeko bigarren ahaleginak huts egin zuen.[33][26] Maiatzean, Noyongo negoziazioetan, nafar koroak zirrikitu bat ikusi zuen Erresuma erreklamatzeko. Alferrik, ordea, nafar esperantzak joaten ari ziren. Ekainaren 17an, etsiak jota, Joan III.a Labritekoa erregea hil zen; Henrike II.a Zangozarra seme zaharrena izendatu zuen ondorengo.[33][26]
Maiatzaren 1ean, okupazioko agintariek Nafarroako musulmanen kanporaketa agindu zuten; are, Cisnerosek nafarren deportazio masibo baten egitasmoa umotu zuen, bertan behera utzia.[33] Ekainean, Nafarroa Garaitik, albiste asaldagarriak heldu ziren: Cisneros kardinalak, bisorraiak, nafarrekin negoziatzeari uzkur, Nafarroako gazteluak mozteko agindu zuen edozein altxamendu eragozteko.[32] Villalba koronela jarri zuen horretarako arduradun lanetan. Gutun batean, Cisnerosi adierazi zionez:[10]
| « | Guztizko jaun gehien hori, murruak eraisteko manatu zenuenetik, Nafarroa ameskeriaz hain dago apal, ezen ez den burua altxako duen gizonik.[oh 7] | » |
Abuztuan, Katalina erreginaren mandatariak hala galdetuta, Karlos gazteak ez zuen Nafarroaren auzia presazkotzat jo, eta adierazi zuen «Espainiara joatean» aztertuko zuela, Flandrian baitzen une horretan.[26]
Ezinean, Nafarroa-Biarno zatiturik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1512az geroztik, Nafarroa Biarno bikotea zatiturik gelditu zen. Bizitzako azken urtean, Katalina erreginak ez zuen etsi nazioarteko harremanen bidez Nafarroa berreskuratzeko ahaleginean. 1517ko urtarrilean, gutun bat igorri zuen Flandriako errege gortera, proposatuz Henrike Nafarroako Printze eta erregegaia Leonor Austriakoarekin ezkontzea (Karlos erregearen arreba). Hala ere, Katalinak ez zuen senarra baino askoz luzaroago iraun: 1517ko otsailean hil zen Mont-de-Marsanen.[26]
1515etik, gurasoek Parisko errege gortera igorri zuten Henrike erregegaia, artean nerabe gaztea zela, Luisa bisorrainarekin eta haren seme Frantzisko I.arekin zuten harreman ona probestuz. Izan ere, Luis XII.a Frantziakoa hil egin zen, eta esperantza berriak ireki ziren. Nafarroa-Biarno Frantziara hurbiltzen ari zen. Katalinaren eta Joan III.aren agintaldiak Nafarroako estatu modernoaren haziak erein zituen XVI. mendearen hastapenean, urte batzuk lehenago ezinezkoa zirudiena.[4]
Aldiz, 1512ko inbasioa erabakigarria izan zen. Nafarroa-Biarnok huts egin zuen proiektu burujabe bateratu bat aurrera ateratzen, ahalmen ekonomikoaren eta militarraren faltaz, mugakide zituen potentzia monarkiko nazional handien aldean.[4] Urte gutxi batzuen buruan, belaunaldi berri gogotsu batek hartu zuen gobernantzaren lema Frantzian, Aragoi-Gaztelan eta Nafarroan: hurrenez hurren, Frantzisko (Frantses) I.a, Karlos V.a (enperadorea, Gaztela eta Aragoiko I.a), eta Henrike II.a. Azken hori luze gabe altxa zuten Nafarroako errege.[4]
Nafarroako koroa eta Nafarroa (Biarno) ez ziren 1517an bukatu. Aztarna sakon bat utzi zuten Bortuz iparraldera zein hegoaldera, hurrengo mendean ikusiko zen bezala.[4] Bortuz iparraldera, Nafarroa berria eratu zen Henrike II.a erregearen gidaritzapean. Erresuma 1523ko abuztutik berrezarri zen, Nafarroa Behereko Estatuak (Gorteak) deituz Donapaleura. Henrikek eta, bereziki, haren alaba Joana III.a erreginak heldu zioten berriz Nafarroa-Biarno estatu nazioa gauzatzeko ideiari, jada Biarno erdigunetzat zuela.[34] Biei ere Elizak 1512-1513an Nafarroa konfiskatzeko eman aginduen eta bulden itzala jarraitu zien, Erresumaren zilegitasunari buruzko estigma bilakatua.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kondestablea Erresumako Gorteen beso militarreko burua zen, 1430 inguruan sortutako postua. Borroka zegoen postu hori lortzeko. Nafar errege-erreginek Luis bere ondasunez desjabetu zutenean, titulua ere kendu zioten 1494an. Bada, 1500ean, orduko hitzarmenen testuinguruan, Luisek berreskuratu egin zuen kondestable postua, 1507ko erreboltan nafar errege-erreginek garaitu zuten arte. Alonso Carrillo Peraltakoa izan zuen ondorengo. Bestetik, mariskal posizioa, hamarkadak lehenagotik, Nabarra leinuaren eskuetan zegoen. Mariskala Erresumako hirugarren arduraduna zen, monarkaren eta kondestablearen atzean, eta, praktikan, armadaren buruzagia. Filipe Nabarrakoa erail zutenean (1480), Petri izan zuen ondorengo; ikus Asiron, 2026-01-01 eta Zabalza Aldave, 1994.
- ↑ Maximiliano enperadoreak eta haren seme Filipe Ederrak, Gaztelako errege ezkontideak, Nafarroa-Biarnoren de facto independentzia onartu zuten; ikus Adot Lerga, 2005, 71-74.
- ↑ Saint-Gaudenseko merkatuko 500 kabalen sarraskia eta gari, ogi eta oihalak ebastea, 1509ko urriaren 11n. Luze gabe, Bernard de Hons kapitainak, Katalina erreginaren aldekoak, errebantxa hartu zuen Miramontera sartuz eta Frantziako erregearen aldeko Pierre d'Andreá Commingesko jujea kanporatuz.
- ↑ Bi hiribilduok ziren Biarnoko herrigune nagusiak, Pauen gero eta protagonismo handiagoaz. Errege-erregina nafarrek, Nafarroan ez zeudenean, batez ere bi haiek hartu zituzten egoitzatzat; ikus Adot Lerga, 2005:261-291.
- ↑ Henrike VIII.a ikertu duten hainbat adituk jakintzat jo dute Fernando Katolikoa azpijokoan aritu zela, asmoa zuelakoan tropa horiek Nafarroa inbaditzen laguntzeko erabiltzea, eta ez Guiena Ingalaterrako koroarentzat berreskuratzea; ikus Adot Lerga, 2005, 236. or.
- ↑ Jatorriz, gaztelaniaz: "Non obstante la incorporacion hecha deste reyno a la Corona de Castilla, quede de por si y segunt hasta aqui ha sido."
- ↑ Jatorriz, gaztelaniaz: «Navarra esta tan baxa de fantasia despues de que vuestra señoria reverendisima mando derrocar los muros, que no ay ombre que alçe la cabeza...»
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Narbaitz 2017, 395-442 or. .
- 1 2 Narbaitz 2017, 292-312 or. .
- 1 2 3 4 5 Zabalza Aldave 1994, 1-24 or. .
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Adot Lerga 2005, 292-312 or. .
- ↑ Zuza 2026-04-01.
- 1 2 Narbaitz 2017, 443-460 or. .
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 Adot Lerga 2005, 60-85 or. .
- 1 2 3 Narbaitz 2017, 461-474 or. .
- 1 2 Pescador Medrano 2013, 11-34 or. .
- 1 2 3 Irujo, Belaustegi eta Lopez de Luzuriaga 2025, 177-264 or. .
- 1 2 3 4 5 6 Adot Lerga 2005, 120-158 or. .
- 1 2 3 4 Adot Lerga 2005, 88-119 or. .
- 1 2 3 4 5 Monreal&Jimeno 2012, 8-24 or. .
- 1 2 Floristán Imízcoz 2019, 159-174 or. .
- ↑ Jimeno Jurío 2004, 183 or. .
- ↑ Onaindia 1972, 49 or. .
- 1 2 Adot Lerga 2005, 261-291 or. .
- 1 2 Burgui 2022-12-02.
- 1 2 Salcedo Izu 1960, 1-426 or. .
- ↑ Fortún Pérez de Ciriza 1986, 165-180 or. .
- 1 2 3 4 5 Adot Lerga 2005, 86-119 or. .
- 1 2 3 4 5 6 7 Adot Lerga 2005, 159-195 or. .
- ↑ Chareyre 2010, 22-51 or. .
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 Adot Lerga 2005, 196-230 or. .
- ↑ Adot Lerga 2013, 59-60 or. .
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 Adot Lerga 2005, 231-260 or. .
- 1 2 3 4 Monreal&Jimeno 2012, 24-41 or. .
- 1 2 Esarte Munian 2001, 79-107 or. .
- 1 2 3 4 Monreal&Jimeno 2012, 25-46 or. .
- ↑ Esarte Muniain 2001, 197-250 or. .
- ↑ Narbaitz 2017, 521-569 or. .
- 1 2 3 Esarte Muniain 2001, 277-307 or. .
- 1 2 3 4 5 Esarte Muniain 2001, 308-356 or. .
- ↑ Chareyre 2010, 51-58 or. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Adot Lerga, Álvaro. (2005). Juan de Albret eta Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517). Pamplona-Iruña: Pamiela.
- Adot Lerga, Álvaro. (2013). «La conquista de Navarra: Fernando el Católico o las endebles justificaciones de un rey que anhelaba un reino ajeno» Visiones poliédricas sobre la conquista de Navarra (Pamiela) ISBN 978-84-7681-804-6..
- Asiron, Joseba. (2026-01-01). «Mariscal de Navarra» Nabarralde (kontsulta data: 2026-06-24).
- Burgui, Mikel. (2022-12-02). «La Hermandad General del Reyno de Navarra» Nabarralde (kontsulta data: 2026-06-07).
- Esarte Muniain, Pedro. (2001). Navarra, 1512-1530 : conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico. Pamiela ISBN 84-7681-340-6. PMC 49819082..
- Floristán Imízcoz, Alfredo. (2019). «Coronamientos y juramentos reales en Navarra (1494-1551): un proceso de adaptaciones» Príncipe de Viana 273: 159-174..
- Fortún Pérez de Ciriza, Luis Javier. (1986). El Consejo Real de Navarra entre 1494 y 1525. Príncipe de Viana. Anejo, 165-180 or. ISSN 1137-7054..
- Irujo, Xabier; Belaustegi, Unai; Lopez de Luzuriaga, Iñaki. (2025). Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia. Tafalla: Txalaparta ISBN 978-84-10246-51-5..
- Chareyre, Philippe. (2010). La construction d'un état protestant. Le Béarn au XVIe siècle. Pau: C.E.P.B. ISBN 2-9516186-2-X..
- Narbaitz, Pierre. (2017). Navarra. O cuando los vascos tenían reyes. Txalaparta ISBN 978-84-8136-488-0..
- Onaindia, Santi. (1972). Euskal literatura (I). Bilbao: Etor.
- Pescador Medrano, Aitor. (2013). «Las Cortes de Navarra y las Mercedes Reales. 1512-1530» Visiones poliédricas sobre la conquista de Navarra (Pamiela) ISBN 978-84-7681-804-6..
- Salcedo Izu, Joaquín. (1960 (2015)). El Consejo Real de Navarra en el siglo XVI. Tesi argitaragabea (Universidad Complutense de Madrid), 1-427 or..
- Zabalza Aldave, Mª Itziar. (1994). Ponencia IV. En el condestable Don Luis de Beaumont, tercer conde de Lerín. Su actuación en el Reino de Navarra a la primera mitade del s. XVI. Tercer congreso de historia de Navarra / Nafarroako kondairaren hirugarren batzarre orokorra, 1-24 or..
- Zuza, Mikel. (2026-04-01). «El milagro de Baiona» Nabarralde (kontsulta data: 2026-06-26).