Nafarroa Behereko Gorteak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Nafarroa Behereko gorteak herrialde hartako erakunde historikoa dira. Nafarroako Gorteetara biltzen ziren gaur egungo Nafarroa Behereko hiru estatuetako ordezkariak. Bi erakunde-molde bereizi ziren Nafarroa Beherean historian zehar: gaur egungo Nafarroa Beherea osatu zuten lurralde bakoitzeko Gorte Nagusiak eta Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak.

Lurraldeetako Gorte Nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mende arte Lapurdiko bizkondeen mendean egon ziren lurralde txiki batzuek osatu zuten geroago Nafarroa Beherea. Zazpi lurralde nagusi bereizten ziren: Garazi, Donibaneko hiria nagusi; Baigorri, gaur egungo Baigorri, Orzaize izan ezik; Orzaize, Orzaize eta Arrosako herriak; Oztibarreko lurraldea; Irisarri, Iholdi eta Armendaritze; Arberoa; eta Amikuze.

Garruze, Donapaleu, Larzabale, Donibane Garazi eta Bastida ziren Nafarroa Behereko hiriak. Baziren baroi-herriak ere: Landibarre eta Behorlegi. Lurralde horietan guztietan biltzen ziren Gorte Nagusiak; herri bakoitzeko biltzarren eta erreinu osoko estatuen arteko erakunde politikoa ziren. 1611ko Foru Berriak berretsi zuen herri eta lurralde bakoitzeko biztanleek Gorte Nagusietara biltzeko zuten eskubidea.

Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1523an bildu ziren lehenengoz Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak, Nafarroa Garaiko Gorteetatik bereiz. Honela banatzen zen estatuetako ordezkaritza: aitoren semeak (100-150 etxe nobletako ordezkariak), Erromatar Eliza Katolikoko hierarkia (Baiona eta Akizeko apezpikuak, Garaziko artzapezpikua, Haranbeltz, Utziat eta Donapaleuko prioreak) eta burgesak (hirietako hogeita sei ordezkari).

1611. urtean idatzi zen Nafarroa Behereko Foru Berria (Fors et coutumes deu Royaume de Navarre deça-ports, 1611. urtean idatzia eta 1644an argitara emana) eta 1620. urtean bildu ziren errege bakar batera Frantziako eta Nafarroako koroak. 1632. urtean saiatu zen Luis XIII.a Frantziakoa Nafarroa Behereko Gorteak edo Estatuak deuseztatzen. Ez zuen horrelakorik lortu, baina izugarri ahuldu ziren handik aurrera Nafarroa Behereko erakundeak, eta gero eta nabarmenago hasi ziren noble frantsesak politika- eta ekonomia-eremu guztietan agintzen.

1789. urtean, Parisko Biltzar Konstituziogileak deuseztatu zituen Nafarroa Behereko Gorteak, Lapurdin eta Zuberoan bezala.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]