Nafarroako korridorea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Nafarroako Korridorea Iruñea (Nafarroako hiriburua) Espainiako trenbide sarearekin abiadura normalean lotuko den abiadura handiko trenbidea (AHT) da. Espainiako AVE sarearen zati bat da. Luzaroan zehazteke izan zen Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak Euskal Y-arekin nola lotuko zen (Aizkorri eta Aralar mendikateen artean eraikitako trenbide baten bitartez egingo zelako hipotesiak ibili ziren), baina azkenean, krisialdiak eragindako aurrekontu murrizketak direla kausa, oraingo trenbidearen ibilbidea mantenduko da, Europako zabalera duten trenak ibili ahal izateko errei bat erantsita.

214 kilometroko azpiegitura horrek 3.000 - 4.000 milioi euro bitarteko aurrekontua du. 2016. urtea arte, 86 milioi euro gastatu dira.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006ko abenduan, Espainiako Senatuak Euskal Y-a eraikitzeko ezarritako ordainketa sistema ezeztatu zuen Nafarroako Foru Erkidegorako. PP, IU, EA, eta PAR alderdiek baiezko botoa eman zuten; aitzitik, PSOE, CiU, EAJ, Entesa Catalana, eta CC alderdiek kontrako botoa eman zuten. Kontrakoak gehiengo izanik, ezeztatu egin zen PPk aurkezturiko proposamena. Horrela, Nafarroako Korridorearen eraikuntza oraindik zehaztu gabe dago.

2007ko udazkenean, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Miguel Sanz akordio batera heldu ziren, urte amaiera baino lehenago Nafarroako Korridorearen eraikuntza adosten zuen agiri bat sinatzeko

2013ko maiatzean, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Herri Lanetarako kontseilari Luis Zarraulquik jakinarazi zuen Iruñea eta Castejón arteko trenbidea baizik ez zela izango abiadura handikoa Nafarroa Garaian, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Y-arekin eta Aragoiko bidearekin lotura izan gabe. Nahiz eta bakartutako 70 kilometroko zatia izan, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak ez du proiektua baztertuko. Kontseilariak adierazi zuenez, abiadura handiko trena eremu guztietan eraikitzea ekonomikoki ezinezkoa da, eta aukera merkeago baten alde egingo dute: abiadura handikoak izango ez diren oraingo trenbide zatietan, hirugarren errei bat jarriko dute; horrela, Europako zabalera duten trenek trenbide horietatik ibili ahalko dira, nahiz eta abiadura handian ez izan.[2] AHT Mugitu taldeko kide Gorka Ovejerok esan zuen halako zati txikian abiadura handiko trenak ez duela zentzurik, eta zortzi minutu besterik ez zela aurreztuko tarte horretan abiadura handia jartzearekin.[3]

2016an, azpiegituran 86 milioi euro gastatuta zeudelarik, Nafarroako Foru Erkidegoko Kontuen Ganberak adierazi zuen oparoaldian proiektatutako azpiegitura dela, geroztik garaiak errotik aldatu direla, eta Nafarroako Foru Erkidegoak trenbidearen lanak aurrera eramatearren espainiar estatuarekin egindako hitzarmena «osatugabea eta zaharkitua» dela.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanak 2009. urtean hasi ziren. Guztira Zaragoza eta Iruñea bitarteko trenbideak 1.000 milioi euroren kostua izango zuela kalkulatu zen, 2013ko murrizketaren aurretik. Murrizketaren ondoren, Castejón eta Iruñea bitarteko 70 kilometroko zatiak (berak bakarrik) 675 milioi euroren kostua izango zuela adierazi zuen Nafarroako Foru Gobernuak.

2013ko uztailaren hondarrean, Nafarroako korridorea eraikitzeko ezinbestekoa den ingurumen eraginaren adierazpena baliogabetu egin du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako 2010ean aurkeztutako helegiteari buruzko epaia ematean. Izan ere, adierazpen hori 2004an egina zen, eta bost urtera iraungitzen da adierazpen mota hori. Sustrai Erakuntzak Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuari behin eta berriz ohartarazi zion arazo horretaz, baina Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak ingurumen eraginaren adierazpena oraindik baliozkoa zela adierazi zuen 2011n. Sustrai Erakuntzari arrazoi eman dion epai horren aurka, helegitea aurkez dakioke Espainiako Auzitegi Gorenari; eta hark epaia berresten badu, Nafarroako korridorea eraikitzeko lanak bertan behera utzi beharko lirateke ingurumen eraginaren adierazpena berriro egin arte.[4][5]

Euskal Y-arekiko lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Foru Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegoko arduradun politikoak Nafarroako Korridorea eta Euskal Y-a lotzeko prest agertu ziren. Horretarako, Iruñetik Ezkio-Itsasoraino joango litzatekeen trenbide berri bat eraiki beharko zatekeen. Lotune horrek Aralar eta Aizkorri mendilerroen artean tunel luze bat eraiki beharra ekarriko zukeen.

Trenbide berri hori eraikitzeko bi aukera aztertu ziren. Bata, Irurtzun eta Uharte Arakil zeharkatzen dituen trenbidea erabiltzea; eta bestea, iparralderago Beteluko udalerrian zehar trenbide berri bat eraikitzea.

2013an, Nafarroako Foru Gobernuak erabaki zuen abiadura handiko loturarik ez egitea, baizik eta oraingo abiadura arrunteko loturak baliatzea.[2]

Etxabakoizko geltokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Korridorea Iruñean amaituko da (Euskal Y-arekiko lotura zehaztu bitartean, behintzat), eta geltoki nagusia Iruñeko Etxabakoitz auzoan eraikiko da. Geltoki berriarekin batera 6.500 etxebizitzako auzo berria eta Arostegi etorbide berria egingo dira. Eraikiko diren eraikinen artean, Iruñeko eraikinik altuena izango den Arostegi Dorrea altxatuko da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]