Nafarroako sorgin ehiza (1525)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

1525eko Nafarroako sorgin ehiza Euskal Herriko erresuma horretan gertatu zen 1525ean Iruñean eta Pirinioen hego-isurialdeko hainbat eskualdetan. Jazarpena Petri Balantza Nafarroako Errege Kontseiluko kideak hasi eta zuzendu zuen eta, egindako epaiketen ondorioz (urte horretako urtarriletik abuztura), agintariek 43 herritar kondenatu eta hilarazi zituzten; beste 100 pertsona gutxienez prozesuan inplikatu zituzten.[1][2] Nafarroan XVI eta XVII. mendeetan izandako sorgin pertsekuzio uhinetan jazotako lehena izan zen, eta beste hiruk jarraitu zioten 1613 arte.[1]

1487ko Malleus malleficarum eskuliburuari buruzko 1971ko edizio bateko irudi bat

Gerra giroan murgildutako Euskal Herriko erresumaren gehiena konkistatu berritan, 1525eko sorgin ehizak neurria jarri zuen Inkisizioak oro har eta Hego Euskal Herrirako, bereziki, erabiliko zituen arau eta irizpideen inguruan, 1613 arte Nafarroan sortu ziren beste kasuetarako, eta askotariko auzitegien jurisdikzioak definitu zituen. Zehazki, Inkisizioak Nafarroaren gaineko jurisdikzioa eskuratu zuen 1525eko abenduan "fedearen kontrako delituetarako". Bestetik, 1525. urtean, Inkisizioak jarrera epelagoak agertu zituen akusatuen kontra, Nafarroako Errege Kontseiluak eta Petri Balantza sorginkeriarako batzordekide bereziak baino, azken horiek indarkeria handia erabili baitzuten, tortura ere tartean.

1521etik aurrera, Nafarroako Erresumaren konkistaren epelean, Inkisizioak neurri gogorrak hartu zituen Biarnotik eta Europatik Gipuzkoan eta Nafarroan barrena zetozen liburu erreformisten kontra, idazlanok auzitan jartzen baitzuten Erromako Elizaren doktrina ofiziala eta jokabidea. Dena den, Nafarroako sorginen pertsekuzioa Nafarroako Erresumaren konkistari lotutako barne errepresioan kokatzen da, ezarritako agindu eta araudi berriez bestela bizi ziren herritarren eta aurkari politikoen kontra, izu giro orokor bat baliatuz;[oh 1] zehazki, 1524ko apirilean Hondarribiko setio garrantzitsua amaitu eta Karlos V.a enperadoreak nafar aurkariei barkamen partzialak eman eta hilabete batzuetara hasi zen.[3] Iruñean finkatutako Juan Rena apezpikutzaren bikarioak, Nafarroaren konkistaren kudeatzaile efizienteak, rol erabakigarria izan zuen Inkisizioaren eta Nafarroako Errege Kontseiluaren tentsioak leuntzen.

Lesa maiestateko delituengatik jazarritako erronkariarren zerrenda (1514)
Egungo Monjardingo gaztelu aztarnak, Nafarroaren konkistan borroken lekuko izandakoa
Zaraitzuko Otsagabia, errepresioaren erdiguneetako bat
Karlos V.a enperadorearen erretratua (1514-1516)

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorgin ehiza berpiztua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora luzean, lehen aldia izan zen Nafarroan eta Aragoi eta Gaztelako Koroaren peko lurretan sorgin ehizarik egiten. XV. mendean lehen aldiz aurkitzen da sorgin hitza aipatuta Nafarroako prokuradore fiskalen agirietan. Erdi Aro amaiera arte, sorginen inguruko prozesuak oso bakanak izanagatik, 1487an, Malleus malleficarum idazlana argitaratu zen Spiran, Renania-Palatinatuan, sorginen kontrako teorizazio bitxi bat, 1484ko Inozentzio VIII.aren buldaren babespean argitaratua, eta Europako inkisidore gehienen eskuliburu bihurtua.[4][oh 2] Nafarroan, Andosillak De Superstitionibus idatzi zuen 1480 aldera euskal mendietako ustezko sorginkeriaz, baina idazlan moderatu hori ez zuten XVI-XVII. mendeko epaileek baliatu, Malleus baizik.[4][oh 3]

Nafarroako gerraren azken ahaleginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondarribiko setioa luze jotzen ari zen, eta hura amaitzeko, Karlos V.a enperadoreak berari gogor egindako nafarrentzako barkamen partzial bat argitaratu zuen 1523ko abenduaren 15ean;[5][6] barkamen horretatik, ordea, ez ziren gutxi izan kanpoan geratutakoak. Barkamenaren truke, nafarrek leialtasuna zin egin behar zioten enperadoreari eta Gaztelako agintariei.

Petrik, Nafarroako mariskalaren seme eta Hondarribian nafarrekin borrokan zebilenak, eta Frantses anaiak, onartu egin zuen baldintza hori, baita Joan Belez de Medranok ere, Amaiurko defendatzailearen anaiak.[6] Askotan, horrek, ordea, esan nahi zuen erbeste eroso bat onartzea, Nafarroaz kanpoko postuetara esleituz. Beste batzuek ez zuten hori onartu, eta hainbat nafar deserrian zeuden; itzultzea erabaki zutenetatik batzuk, kanporatu egin zituzten. Barkamenak onartuz gero, desjabetutako ondasunak ez ziren berehala berreskuratzen, eta luzea eta oztopoz betea zen horretarako bidea, Inperioko gorabehera ekonomiko-politikoei lotua.[6]

1524ko apirilean, enperadorearen tropek mendean hartu zuten Hondarribia. Nafar erregeek erresuma berreskuratzeko bultzatutako mobilizazio militarrak porrot egin zuen, baina ez ziren hor geratu ordu arteko nafar gizarte ordena hertsatu eta kontrolatzeko ahaleginak.[3] Enperadoreak erabat behartu nahi zuen bere mendeko nafarrek Henrike II.a nafar eta Frantses I.a frantziar erregeekin eta haien lurraldeekin harremanak haustea.[3]

Bertako gizarte egituren zapalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioez bi aldeetako harremanak, ordea, handiak izan ziren beti, kulturan, merkataritzan, historian, politikan zein familia arloan. Eugitik eta Bidasoa ibairako eskualdeak (Malerreka, Baztan, Bortziri, eta Hondarribia bera) Baionako elizbarrutiari zegozkion, eta horrek esan nahi zuen Baionako egoitza horren eskuetan zeudela notariotza eta jabetza gaiak, kontratuak, salerosketak, testamentuak, errentamenduak, etab.[3]

Konkistaren alde jarritako familia batzuek (Joan Arizkun, Martin Urtsua, etab.) auzi bat hasi zuten Nafarroako Errege Kontseiluaren aurrean Baionako elizbarrutiaren arabera egiten ziren errentamenduen kontra. 1525ean, lege eta erregelamendu berrien arabera, banatu egin ziren Pirinioez bi aldeetako herritarren ondasun eta lursailak, familiak eta auzokideak elkarrengandik bananduz, adibidez, aduana zergak ezarriz. Bortu horietako herriek elkarrekin zituzten herri lurren erabilera komunerako hitzarmenak (partzuergoak).[3]

1525ean Karlos V.ak debekatu egin zuen "Frantziara" joatea eta Pirinioez iparraldeko lurraldeekin merkataritza harremanik edukitzea. Arau hori urratzen zuenari, zigor gogorrak ezarriko zitzaizkion:


« lesa maiestate delitua izango da, eta [hura egiten dutenak] edozein duintasun, postu eta lehentasunetarako ezgai eta baliogabe izango dira Espainiako erresuma hauetan. »


Tentsio horien erdian, Nafarroako Errege Kontseiluak Balantza lizentziatuari esleitu zion sorginkeria Pirinioen inguruko eskualdeetan jazartzeko auzitegia osatzea.[3] Eskumenei dagokienez, tentsioak izan ziren horregatik Calahorrako Inkisizioaren auzitegiarekin.[4]

Sorginen jazarpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jazarpenaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artean, Nafarroako gizartean, baziren konkista osteko erregimenari gogor egiten edo harekiko uzkur ziren herritarrak. Iruñeko espetxean, 1512ko inbasiotik Gaztela-Aragoiko Koroaren ordezkarien eskuetan, delitu larriko presoak zeuden. Horien artean aipatzen ziren Eneko Ezker, Antso Arroia, Martin Gartzia eta abar, guztiak ere auzipetuak izateko zain. Bada, urtarrilaren hasieran, ihes egin zuten kartzelazaina erosi ondoren, eta berehala plazaratu zen iheslariak harrapatzeko agindua; Petri Balantzari esleitu zitzaion harrapaketaren ardura.[3]

Urte horretako urtarrilaren 14an, haiek atxilotzeko agindua eman zen eta, bertan, hauxe adierazten zen besteak beste:


« "Izan ere, badugu informaziorik haiek, gure justizia eskas obedituz, erresuma honetan dabiltzala eta, errepublikaren etsaitzat deklaratuak izan diren arren, gure subjektuek harrera eta abegi egiten diete toki askotan"[3] »


Iheslarien eta beren familien ondasunen bahimendua agindu zen eta, horretarako, errege kontseiluaren eta justiziako funtzionarioen laguntza eskatzen zen, espresuki aipatuz haien emazteen dotea kentzea. Neurri horiek justifikatzeko, azken urteetan izandako legeen urraketa aipatu ziren, gerrak eta barne gatazkak zirela eta, "bereziki Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako mendietan", bertan gaizkileak isunak ordainduz aske geratzen zirelakoan. Edozein erresistentzia pasibo edo aktiborekin amaitzeko, eskumen osoak eman zitzaizkion Balantza lizentziatuari, Zangozako merindadean.[3][oh 4]

Agindu biribil horiek jasota, jabetzen eta pertsonen kontrako eta izaera politikoko delituen ikerketarekin batera, Balantzak sorginkerian aritzeagatiko prozesuei ekin zien eta, urtarrilaren 17tik aurrera, jurisdikzio inperialaren arabera jokatu zuen (Karlos V.a enperadoreak esleitutako ahalmenez). Bere ikerketetarako, "Frantziako aferarako" espioi sare bat, Iruñeko kartzelariak eta Goñi zein Anaia doktoreak izan zituen lagun.[3]

Errege Kontseiluaren batzorde berezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prozesuek, ordea, sorginkeria salaketa zuten ardatz nagusi, akusatu guztiak kargu horren pean epaitu baitzituzten. Iruñean, Otsagabian, Erronkarin eta Zaraitzun izan ziren prozesuak. Azken bi herri horietan hasi ziren lehen sorginkeria salaketak; haran horietako bi mandatarik Iruñean eskatu baitzuten Errege Kontseiluaren batzorde berezi bat eratu zedila "sorginen kontra, lurrak galarazi eta deuseztatzen zizkietelako".[2] Balantza urtarrilaren 17an abiatu zen Iruñetik Nafarroako Pirinioetara, politikoki eskualde bihurriak, borrero bat, aguazil bat eta soldadu gaztelarrak lagun zituela. Berehala hasi ziren salaketak, atxiloketak eta torturapeko galdeketak.[7]

Balantzari Nafarroako Errege Kontseiluak ematen dion aginduan, gomendatzen zaio kondenatuen exekuzioak herrietan bertan egitea, harrapatuak izan ez zirenentzat eta laguntzaile izandakoentzat eredugarri izan zitezen; bahitutako ondasunak enkante askean jarriko ziren, eskaintzaile onenari esleitzeko. Agindu horretan, Jainkoaren izena aipatzen den arren, arrazoi ekonomikoa, herritarrak kontrolatzeko gogoa eta disidentzia politikoa menderatzeko nahia antzeman daiteke, izua erabiliz. Martxoaren amaieran prozesuek indarrean jarraitzen zuten.[3]

Nafarroako Gorteek salatu egin zituzten 1526-1527an Errege Kontseiluko kideek eta errege ordezkariek osatutako batzorde berezi hauek, arduradun fiskalaren ordez. Batzordekide horien zereginetan sartu zen legedi berriaren kontra beren ohiturei eusten zieten herritarrak ikertu eta jazartzea. Hor kokatzen ziren sorginkeria salaketak, ordu arte erabili gabeko hitza; gainera, ezarritako merkataritza lege berriak urratzen zituztenen kontra jotzen zuten, lurralde kontrola ere adierazten zuena.[3] Balantzarekin batera, Verdugo delako lizentziatua ere aritu zen prozesuotan; bada, Gorteek erresumako legearen urraketa eta haren jarduna salatzen dute, herritarrengan sortutako indefentsioagatik eta haren erabakiak apelatzen zituztenei zuzenean ondasunak kentzeagatik. Karlos V.a enperadoreak erantzun zabal bat eman zion kexuari, estatu arrazoia lehenetsiz:[3]


« Bete bedi lege hori, eta gorde, salbu eta gerta baledi komeni zaiola nireganako zerbitzuari edo justiziaren onurari beste zerbait ebaztea. »


Hasieran, kondenatuei kendutako jabetzen enkantean, senitartekoek lehentasuna izatea onartu bazen ere, 1525eko martxorako, bahitutako ondasunak hainbat ordainketa egiteko baliatu zituzten agintariek: Petri Balantza, Petri Sarria, Huart batxilerdun (beharbada Anton Uharte), Martin Bergara idazkari eta Joan Arizkun larruginaren soldatak, baina baita erregearentzako opari eta graziak ordaintzeko ere. 1525eko abuztuaren 24an, Balantzak 100 florin ordaindu zizkion Lüküzeko jaunari (Nafarroa Behereko beaumontarra) 200 dukateko ordainketa batetik, "sorginen ogasunetik aterata".[3]

Pirinioetako haranetatik Iruñea eta Malerrekara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereziki aipatzekoa da 1525eko ekainaren 19an Auritzen egindako exekuzio publikoa (hamar pertsona inguru, Idoatek dioenez), ordu arte ia inoiz ikusi ez bezalakoa; Jimeno Jurio zehatzagoa da, eta bost exekutatu aipatzen ditu: lau emakume eta gizon bat. Feria eta eskualdeko Orreagako erromeria egunean egin zen.[8][oh 5] Iruñean antzeko ikuskizunak izan ziren.[4][9] Idoatek auzipetutako 10 emakume hilarazi aipatzen ditu Orreagan.[4] Usunarizek 43 herritar exekutatuta aipatzen ditu 1525eko prozesuan, urtarriletik abuztura; noizbait, Balantzak "200 sorgin" aipatzen baditu ere (Zaraitzu, Erro eta Erronkari), gutxi gorabeherako datu hori ez du fidagarritzat jotzen Usunarizek; Monteanok ez du kopuru hori auzitan jartzen, eta adin guztietakoak izan zien gehitzen du, batez ere emakumeak. Exekuzio metodoaz, Monteanok urkatuak izan zirela dio; Idoatek, zehaztasun gutxiagoz, erreketa aipatzen du.[7][9][4] Exekutatuei, halaber, ondasun guztiak kendu zitzaizkien.

Hurrengo asteetan, psikosia zabaldu zen: uztailaren 18an, Irunberriko herri kontseiluak sorginkeria kasuak salatu zituen.[7] Luze gabe, pertsekuzioa Malerrekara zabaldua zen: Zubieta, Ituren, Urroz. Besterik ez bada, fenomenoaren hedaduraren neurri erakusten du; Balantzak Juan Rena apezpikutzaren bikario orokorrari igorritako gutunean honela diosku 1525eko apirilean: "hainbeste gaitz dago hemen, ezen komeni da ni soilik ez ohartzea", gaitz hori ez baitzen hasierako haranetan bakarrik, "Iruñeraino ere" eta "Bortzirietan eta Baztanen egiaztatu didate gaitz handia dagoela". Bigarren jazarpen eremu horretan, sorgin-aztertzaile batek ("catadora de brujas") 400 pertsona ikuskatu zituen, horietatik 12ren baitan "deabruaren aztarna" aurkitu zuen, eta lau epaituak izan ziren.[9]

Dena den, Malerrekako sorginkeria kasuetan, Anton Uharte batxilerduna izan zen mandataria, eta ez Balantza, ordurako Nafarroa Beherearen okupazioa zuzentzen. Atxiloketak eta galdeketak egin ziren arren, beste modu batean ebatzi zen gaia, eta exekuziorik, errepresio gogorrik gabe, Inkisizioaren esku epelagoaren eraginez.[7] Geroago, 1525eko urrian egindako torturapeko galdeketak Guerrero komisarioak eta Bea idazkariak egin zituzten, gaztelarrak; ondorioz, Cruzat aguazila eta Estella idazkaria aritu ziren interprete lanetan. Goihenetxek bildu duenez, 400 pertsonak pairatu zuten Balantzaren deia auzitegietara eta, bi urte geroago, 1527an, Avellaneda inkisidoreak Aezkoan 200 eta Zaraitzun beste 100 prozesatu ondoren, 80k sutan erreta amaitu zuten, sorginkeria leporatuta.[3]

Inkisizioaren eskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jurisdikzio auziak Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inkisizioa Fernando II.a Aragoikoaren presiopean sartu zen Nafarroan XV. mende amaieran. Tuteran eta Iruñean jarri zituen egoitzak. Nafar agaramontarren eta frantsesen 1521eko espedizioa militarrean, auzitegi horrek Nafarroako mugaz kanpora egin zuen atzera: Calahorrara.[2] Horrek azpiegituraz eskas utzi zuen Inkisizioa Nafarroan; bestetik, Nafarroako auzitegien eta Inkisizioaren jurisdikzioak zein ziren ez zegoen ondo definituta. Nafarroako Errege Kontseiluko batzorde berezi bat aritu zen, beraz, sorgin ehizan 1525eko kasuetan.[2]

Errege Kontseiluaren interbentzio gogorrak jurisdikzio gatazka bat piztu zuen apezpikutzarekin eta Inkisizioarekin, baina Juan Renak bitartekari lanak egin ondoren, Calahorrako Inkisizioak eta, are, Toledoko Inkisidore Handiak babes osoa eman zioten Balantzari Zaraitzu eta Erronkariko sorginen inguruko ikertu, epaitu eta kondenatzeko orduan. Fresneda inkisidorea Iruñeran joan zen. Ekainaren 8an, Calahorrako Ayala inkisidoreak bere oniritzia eman zion Balantzaren ekintzei Renari igorritako gutun batean, azken finean Inkisizioaren beraren gabeziak konpontzeko lana egiten ari zirelakoan.[2]

Espainiako Inkisizioaren zigilua

Kontseiluak adierazi zuen sorginen delituen jazarpena bere eskumenekoak zirela. Dena den, une batean, Petri Balantzak txosten bat bidali zion Inkisizioko Kontseilu Gorenari sorginen fenomeno horren tamaina ikusita elkarrekin lankidetzan aritzeko, "delitu handia baita", zioenez. Renak adierazi zuen Errege Kontseiluak ezin zuela elizjendea epaitu; Inkisizioak, berriz, berari zegokiola heresiaren kontrako borroka.[7] Nafarroako Gorteek, 1525ean hasita, sorginkeria kasuak erresuman geratzearen alde azaldutako arrazoi nagusietako bat hizkuntza eta itzulpen beharra izan zen, euskaldunak (elebakarrak) baitziren akusatu gehien-gehienak, eta Calahorran/Logroñon ez zekiten euskaraz.[4]

Inkisizioaren jurisdikzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala Juan Renak nola Inkisizioak Balantzaren jarduera auzitan jarri zuten; ordurako; are, Faltzesko markesak salatu zuen ez zela sorginik existitzen, eta torturaz eskuratu zituela aitorpen horiek. Zaraitzu eta Erronkariko apaizak Balantzari kontra egin zioten, hark deabruaren adiskide izatea leporatu zien (dirudienez, haiekin bizi ziren emakumeak atxilotu zituen), eta zeharka, Henrike II.aren jarraitzaileak izatea.[7] Ondorioz, Inkisizioak, Juan Renak eta Errege Kontseiluak bilkura bat egin zuten maiatzean auzia ebazteko, baina oraindik Balantzak jarraitu egin zuen sorgin jazarpen lanetan. Errege Kontseiluko bi kide Toledora joan ziren Karlos V.arekin hitz egiteko, eta enperadoreak batzorde bat eratu zuen gaia erabakitzeko, udan.[7]

1525eko abenduaren 11n, enperadoreak Errege Kontseiluari agindu zion esku artean zituzten auziak amaitutakoan, ordutik aurrerako sorginkeria kasuak Inkisizioak (Santo Oficio) hartuko zituen bere esku, delitu "komunak" ez zirelakoan, fedearen kontrako delituak baizik. Hala, 1526 hasieran, 30-35 ustezko sorgin gatibu eman zizkion nafar erakundeak Inkisizioari, Fresneda inkisidoreari, Iruñea eta Agoitzen, eta Calahorrara eraman.[7][oh 6]

Inkisizioak hirugarren inkisidore bat igorri zuen Nafarroara, "laguntzeko". Manrique Inkisidore Nagusia buru zuen Granadako bilkura batean urte horretan bertan, ontzat eman zen sorginkeria benetakoa zela. Bilkuran, gainera, hura agintari zibilen edo Inkisizioaren jurisdikzioa ote zen erabakitzeko arauak ezarri ziren; bestalde, zehaztu ere egin ziren horretako kasuetan Inkisizioak aurrerantzean baliatuko zituen irizpideak eta zigor motak zeintzuk ziren.[2]

Bilkura berean, araubide orokor bat ezarri zen herritarrentzat sorginkeria kasu berriak ez gertatzeko, bost puntuz osatua: sorginkeria agertutako tokietaraino elizako ordezkariak igortzea, "akelarreak egiten diren tokietan" baseliza bana eraikitzea, herritarrak jaiegunetan eta aste barruan ere mezetara maiztasunez joan daitezen eginahalak egitea, "deabruaren tentaldiari aurre egiteko" soinean gurutzeak eraman beharra, eta sermoiak tokiko hizkuntzan ematea.[2] Neurri horiek guztiak hurrengo urteetan ezartzen joan ziren, eta 1533ko beste ustezko sorginkeria kasu batean, ordurako, Nafarroako Errege Kontseiluak tokiko agintariei adierazi zien ez zela eskuduna mota horretako auzietan.[2]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1525eko urtarrilean Erronkari eta Zaraitzun hasitako sorgin ehizak neurria ezarri zuen XVII. mende hasiera arte agertu ziren beste sorginkeria kasuei erresumako erakundeek eta Inkisizioak emango zieten tratamendurako. Sorgin ehizek 1512tik 1524 arteko konkista ondoko gizarte ordena finkatu zuten, behartuki ezarritako aginpide berrien eta Gaztelako Koroari lotutako Inkisizioaren arabera. Nafarroako errege-erreginen azken ahalegin militarrak Hondarribian porrot egin ondoren egin zen hori, baita okupatzaileei Amaiurren eta Hondarribian aurre egin zieten buruzagi ugarik Karlos V.aren barkamenak onartu ondoren ere (1523ko abenduaren 15ean, lehen aldiz).

Ia etengabe hurrengo urte eta hamarkadetan sorgin ehizak errepikatu baziren ere, lau uhin nagusi nabarmendu dira XVI-XVII. mendeetarako Nafarroan: 1525ean; 40ko hamarkadan; 1575-1577an, Odieta harana erdigune izan zuena; laugarrena eta ezagunena, berriz, 1609tik 1613ra gertatu zen, Zugarramurdi eta Urdazubin batez ere, "jazarpen handia" deitutakoa, aztoramendu kolektibo baten erdian eta Bortziriak, Baztan eta Doneztebe eskualdeak ere tartean zirela.[10]

Beraz, ez 1610eko sorgin ehizak, ez lehenagokoak, ez ziren salbuespenak izan, Nafarroan zehar konkistaren ondoren zabaldutako fenomeno baten segidan kokatutako ekintzak baizik. 1613tik aurrera, sorginkeria kasuak nabarmen gutxitu ziren, beste 15 kasu bakarrik izateraino. XVI. mende osoan, indarrean izan ziren Nafarroako erakundeen eta Logroñoko Inkisizioaren arteko eskumenei buruzko desadostasunak, tartean zela bi lurralde eta erakundeen hizkuntza desberdintasunaren gaineko eztabaida ere.[1] Hala izanik ere, Calahorra eta Logroñoko Inkisizioak hartu zuen "fedearen kontrako delituen" eskumena 1525eko abendutik aurrera, lurralde gehienean euskaldun batean erabat erdalduna eta Nafarroaz kanpokoa zen erakundea.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Adierazgarriak dira Veneziako enbaxadore Gaspar de Constantiniren 1521eko hitzak, Karlos V.a enperadoreari idatziak: "erresuma honetan, unibertsalki gorroto dituzte espainiarrak, eta haien errege naturala nahi dute"; ikus Abasolo Lopez, Patxi. "Nafar menderakaitzak" in Haria (29). Nabarralde. 2012, 55. or. Ikus baita ere 1516an Nafarroako gazteluak eraistearen bezperan Cisneros Gaztela-Aragoiko erregeordeak, Diego Lopez Aialakoari igorritako gutunean, adierazitakoak, gotorlekuak mendean hartu eta bertako alkaideak Gaztelara kanporatu beharraz: "[...] hemen [Gaztelan] zerbaitetan lanean jarri, erresuma horretan egon ez daitezen; izan ere, gertatu denez, ia ez genuen han norekin fidatu; hartara, dena oso seguru egongo da, eta Gaztelari oso lotua, eta inork ez du adorerik izango Berorren Gorentasunen zerbitzuaren kaltetan ezer egiteko, ez eta indarrik ere horretarako, bereziki horma guziak berdinduta utziz, orain egingo den bezala"; ikus Esarte, P. 2001. 323-324. or.
  2. Ekintzarako eskumen zabalak ematen zizkien inkisidoreei.
  3. Alde horretatik, argigarria izan daiteke Salazar Frías inkisidoreak 1613an Zugarramurdiko sorgin ehiza prozesuaren amaieran adierazitakoa: "Ez zen izan sorginik harik eta haien inguruan hitz egiten eta idazten hasi zen arte"; ikus Idoate, F. "La brujería en Navarra", 66. or.
  4. Patxi Abasolo Lopezek adierazi duenez, inbasio militarra bukatutakoan, desagertu egin zen nafar menderakaitzen aipamena; aldiz, "frantsesak", "sorginak", "traidoreak", "bide-lapurrak", "heretikoak" hasi ziren agertzen agirietan; ikus Abasolo, P. 2011. "Nafar menderakaitzak". Haria (29). Nabarralde, 54-57 or.
  5. Auritzen, exekuzio horien lekuko izan ziren Joan Nabarro agaramontarra (hurrengo astean, Balantzak Auritzen galdekatua eta bi asteren buruan auzipetua izango zena, zaldiak "Frantziara pasatzea" leporatuta), Lüküzeko jauna, eta Errege Kontseiluko kideak, tartean zela Martin Azpilkueta ''Zaharra'', Martin Azpilkueta pentsalari eta kanonistaren anaia. Petri Balantzak Joan Nabarroren kontrako prozesua instruitu zuen; 1525eko irailean, berriz, Nafarroa Beherea okupatzeko espedizio baten buru jarri zuen Karlos V.a enperadoreak, Henrike II.a nafar erregea gatibu zela probestuz. Nabarroren kontrako fiskalak hauxe adierazi zuen uztailaren 4an: "propongo en demanda contra Joan Nabarro, alias Nabarrico, vezino de la Puent de la Reyna, preso e acusado, e proponiendo digo que el dicho accusado, inducto por persuasion diabolica e con temeraria osadia, no temiendo a Dios ni al rigor de la justicia ni penas dende procedientes, e contra veniendo a la fidelidat que a Vuestra Magestad debe y a su naturaleza, de mucho tiempo ca ha tenido intelligencias secretas con los franceses y enemigos de Vuestra Magestad carteandose con ellos e inbiando e passando como ha inbiado e passado, caballos de los reynos de España y deste reyno de Nabarra para Francia"; Nafarroako Errege Kontseilukoek, agaramontarrek ez bezala, "Frantzia" deitzen zioten Nafarroa Behereari, ikus Jimeno Jurío, Roldan (2011).
  6. Ez da ezagutzen haien patuaren berri.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) USUNÁRIZ, Jesús María «La caza de brujas en la Navarra moderna (Siglos XVI-XVII)» www.euskonews.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-25.
  2. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Usunariz, Jesus María (2012) «La caza de brujasen la Navarra moderna (siglos XVI-XVII)» RIEV 306-350. or. ISBN 978-84-8419-238-.
  3. a b c d e f g h i j k l m n o Esarte, P. 2001, 697-715. or.
  4. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Idoate, Florencio «La brujería en Navarra» 61-66. or..
  5. Esarte, P. 2001, 672-691. or.
  6. a b c Esarte, P. 2001, 692-696. or.
  7. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Monteano, Peio (2012) Dos destinos para un reino; Navarra de 1522 a 1529 Pamiela 70-77. or. ISBN 978-84-7681-740-7.
  8. (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, Roldan (2011) «Martín de Azpilcueta el Mayor, el Consejo Real y el proceso contra Juan Navarro, defensor de la causa de los Albret en la conquista de Navarra» Principe de Viana Gobierno de Navarra 553-564. or. ISSN 0032-8472.
  9. a b c (Gaztelaniaz) USUNÁRIZ, Jesús María «La caza de brujas en la Navarra moderna (Siglos XVI-XVII)» www.euskonews.eus . Noiz kontsultatua: 2019-11-25.
  10. (Gaztelaniaz) USUNÁRIZ, Jesús María «La caza de brujas en la Navarra moderna (Siglos XVI-XVII)» www.euskonews.eus . Noiz kontsultatua: 2019-12-01.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) Esarte Muniain, Pedro (2001) Navarra, 1512-1530 Pamiela ISBN 84-7681-340-6.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]