Narrasdura mantu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Narrasdura mantuetan sarritan ageri diren egiturak.

Geologian, narrasdura mantua arroka masa handi batek alderantzizko faila baten gainetik duen mugimendua da; 2[1] edo 5 km[2][3] baino handiagoa da hasierako kokalekuarekiko. Konpresioa nagusi deneko eremuetan eratzen dira batez ere, hau da, kolisio kontinentaletan eta subdukzio eremuetako plaka zamalkatzailean. Zamalkadurak dira kontinente-lurrazala loditzeko egitura eraginkorrenak, eta lurrazaleko laburdura-proportzio horizontal izugarriak xurgatzen ditu. Narrasdura mantuetan ematen den zamalkaduraren angelua baxua izaten da normalean. Zamalkadurak eragiteari uzten dionean, eskala handiko toles etzan, faila planoaren zizailatzea[4], horseak, leiho tektonikoak edo klippeak gerta litezke.

Narrasdura mantu terminoa frantsesetik dator (frantsesez: nappe de charriage). Mahai-zapi batek bultzada bat jasatearen ondorioz sortzen diren tolesak esan nahi du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alpeetako, Karpatoetako eta Balkanetako mendikateen  bereizgarriak narrasdura mantuak dira[5][6]. XIX. mendetik aurrera geologoek eskala handiko zamalkadurak dituzten zenbait zonalde aurkitu dituzte. Hauetako batzuk paleontologia irizpidetzat hartuta bereiztu izan dira. Narrasdura mantu terminoa, Marcel Alexandre Bertrandek garatu zuen. Alpeetako historia tektonikoa azaldu zuen eta nappe de charriage moduan identifikatu zuen. Arnold Escher von der Linthek eta Albert Heimek Glariskok arinago Alpeetan egindako ikerketak berrinterpretatu zituen Marcel Alexandre Bertrandek. Escher eta Maurice Lugeonen lanetan ere nabaria da haren eragina[7]. Zenbait urte beranduago, Charles Lapworthek Eskozia ipar mendebaldean ikertu zuen oso ondo ikusten den Moine izeneko narrasdura mantua. Beranduago, Lugeonek Eskozian lortutako informazioa Karpatoetako mendikateen egitura tektonikoak interpretatzeko erabili zuen.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tschingelhörner mendiko narrasdura mantua. Goiko arroka ilunak Permiar garaikoak dira, azpian dituen Jurasikoko kareharriak baino zaharragoa.

Narrasdura mantuak hainbat modutan klasifikatu daitezke euren eraketako ezaugarriak adierazteko. Zamalkadura arrunt batean, geruzapenarekiko paralelo dituen aldeak (lauguneak) eta geruzapena zeharkatzen dituzten segmentuak (arrapalak) daude. Hiru arrapala mota daude: frontala, zehiarra eta albo arrapala. Arrapala frontalak, desplazamenduarekiko perpendikular ageri dira eta ugarienak dira. Hainbat toles, zamalkadura sekundario eta duplex dituzte egitura bereizgarritzat. Narrasdura mantuetan mugimendua eragiten duen alderantzizko faila nagusiaren gainazalari, decollement (geruzapenarekiko paralelo) edo zamalkaduraren “sole fault esaten zaio. Desplazamenduarekiko zehiar edo paralelo kokatzen direnean arrapalak, albo-arrapalak edo arrapala zehiarrak dira. Segmentuok erraz bereiz daitezke, norabidea eta garraioaren norabidea paraleloak direlako. Albo arrapalen plano bertikala, “tear-fault modura ezagutzen da eta eremu desberdinen arteko mugimendu diferentziala xurgatzen dute. Mota honetako egiturarik ezagunenak, Apalatxeetan Pine mountaineko zamalkadurarekin lotutako Jacksboro eta Russel Fork tear failak dira. Bestalde, narrasdura mantuak substratuarekin duen lotura-guneari, sustrai-eremu edo “root area esaten zaio.

Zamalkatutako lurraldea higatu egiten bada azaleratzen denean, maiz ezin daiteke jakin zamalkadura emergentea izan ote den, hau da, lurrazaleraino iristen ote zen edo ez. Ondorioz, bi mota bereiz daitezke:

  • Zamalkadura itsuak edo  Blind thrust, gaur egun azala zeharkatzen ez duten zamalkadurak dira.
  • Azalean jarraitu eta kartografiatu daitezkeen zamalkadura planoak.
  • Narrasdura mantua ageri den inguruetan sarritan bi egitura tektoniko ageri dira:
  • Klippeak, xafla zamalkatzailearen zati handi bat desagertzea da, eta ondorioz, zenbait lekutan gaineko blokearen zati bat oin blokeko zati batez inguratuta ikus daiteke (edo material aloktonoa, material autoktonoz inguratuta).
  • Leiho tektonikoak, xafla zamalkatzailean zulo bat eragiten badu (higadurak), oin-blokearen zati bat ikusiko dugu, gaineko blokeko materialez inguratuta (edo material autoktonoa material aloktonoz inguratuta).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. White, George W.. (1959-09). «Glossary of Geology and Related Sciences. J. V. Howell» Isis 50 (3): 269–270.  doi:10.1086/348782. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  2. Marko, F., Jacko, S., 1999: Structural geology (General and systematic). Archived 2011-07-19 at the Wayback Machine ISBN 80-88896-36-3 Vydavateľstvo Harlequin, Košice, p. 81 - 93 (in Slovak)
  3. John G. Dennis. (1967). M 7: International Tectonic Dictionary: English Terminology  doi:10.1306/99a4d06c-3318-11d7-8649000102c1865d. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  4. Twiss, Robert J.. (1992). Structural geology. W.H. Freeman ISBN 0716722526. PMC 25200494. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  5. Schmid, Stefan M.; F�genschuh, Bernhard; Kissling, Eduard; Schuster, Ralf. (2004-05). «Tectonic map and overall architecture of the Alpine orogen» Eclogae Geologicae Helvetiae 97 (1): 93–117.  doi:10.1007/s00015-004-1113-x. ISSN 0012-9402. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  6. Gamkrelidze, I.P.. (1991-10). «Tectonic nappes and horizontal layering of the Earth's crust in the Mediterranean belt (Carpathians, Balkanides and Caucasus)» Tectonophysics 196 (3-4): 385–396.  doi:10.1016/0040-1951(91)90332-m. ISSN 0040-1951. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  7. «The International Geological Congress at Zurich» Nature 50 (1299): 510–511. 1894-09  doi:10.1038/050510a0. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]