Naum Illitx Akhiezer
Naum Illitx Akhiezer (errusieraz: Нау́м Ильи́ч Ахие́зер; Txerikov, Bielorrusia, 1901eko martxoaren 6a - Kharkov, Errusia, 1980ko ekainaren 3a) sobietar matematikaria izan zen. Kieveko Institutuan egin zituen lehenengo ikasketak. 1924tik aurrera, graduatu ondoren, Kieven egon zen irakasle 1933. urtera arte. Gero Kharkoveko Unibertsitatean lan egin zuen; bertan, Kharkoveko funtzioen teoriaren eskolako kide izan zen. Kharkoveko elkarte matematikoko mahaiburu eta Ukrainako zientzietako akademiako kide ere hautatu zuten. Ekarpenik garrantzitsuenak funtzioen eta hurbilketa teorian egin zituen; haien artean, Zolotareven problemaren ebatzi zuen, Txebixev, Zolotarev eta Markoven lana jarraituz. Лекции по теории аппроксимации (Hurbilketa teoria) liburuari esker Txebixev saria jaso zuen. 1937an, Mark Kreinekin elkarlanean, funtzio diferentzial periodikoen problema ebatzi zuen, Kolmogorovek egindako lana jarraituz. Azken urteetan momentuen teoria landu zuen, eta Sergei Bernsteinekin batera polinomio multzoen osotasuna aztertu zuen. Akhiezerek 130 artikulu eta 8 liburu argitaratu zituen, haien artean garrantzi handia izan zuen Теория линейных операторов в Гильбертовом пространстве (Hilbert Espazioetako Eragileen Teoria) liburua. Sergei Bernstein matematikariari eta haren lanari buruz ere idatzi zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.