Nazio Batuen Nazioarteko Erakundeari buruzko konferentzia
| Nazio Batuen Nazioarteko Erakundeari buruzko konferentzia | |
|---|---|
| Jatorrizko izena | (en) United Nations Conference on International Organization |
| Mota | international conference (en) |
| Denbora-tarte | 1945eko apirilaren 25a - 1945eko ekainaren 26a |
| Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
| Honen ondorioa | Nazio Batuen Gutuna |
Nazio Batuen Nazioarteko Erakundeari buruzko Konferentzia (ingelesez: UNCIO, United Nations Conference on International Organization), San Frantziskoko Konferentzia bezala ezagunagoa, 50 nazio aliaturen ordezkarien konbentzio bat izan zen Bigarren Mundu Gerran, 1945eko apirilaren 25etik 1945eko ekainaren 26ra San Frantziskon (Estatu Batuak).
Konbentzio horretan, ordezkariek Dumbarton Oaks-eko akordioak aztertu eta berridatzi zituzten. Konbentzioaren ondorioz, Nazio Batuen Gutuna sortu zen, eta urte bereko ekainaren 26an aurkeztu zen sinatzeko. Alger Hiss diplomatiko estatubatuarra izan zen konferentziaren buru.
Konferentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazio Batuen proposamenerako oinarrizko esparrua Franklin Delano Roosevelt AEBetako presidentearen ikuspegiaren barruan zegoen. Bertan, Estatu Batuak, Sobietar Batasuna, Erresuma Batua eta Txina gerraosteko nazioarteko ordenaren buru izango ziren. Herrialde horiek, Frantzia gehituta, hartu lituzkete Segurtasun Kontseiluko postu iraunkorrak. Maltako konferentzian, kide iraunkorrek boto-eskubidea izatua proposatu zen. Proposamen hori Yaltako konferentzian onartu zen. Hitzaldu horretan bertan, hitzaldira gonbidapenak bidaltzen hasi ziren. 46 herrialde gonbidatu zituzten San Frantziskora. Guztiek gerra deklaratu zieten Alemaniari eta Japoniari, Nazio Batuen Adierazpena sinatuta.
Konferentziak zuzenean beste lau herrialde gonbidatu zituen: Danimarka (nazien okupaziotik askatu berria), Argentina eta Bielorrusia eta Ukrainako sobietar errepublikak. Argentinaren parte-hartzeari buruzko erabakia gatazkatsua izan zen, sobietarrek Argentinako alderdiari aurka egin ziotelako, Argentinak gerra garaian Ardatzeko Potentziei babesa eman ziela argudiatuz. Latinoamerikako hainbat herrialde Bielorrusia eta Ukrania sartzearen aurka agertu ziren, Argentina onartua izan ezean. Azkenean, Argentina konferentzian onartua izan zen, Estatu Batuen laguntzari esker eta Sobietar Batasunak konferentzian parte hartzeari eutsi nahi ziolako. Bielorrusiaren eta Ukrainaren parte-hartzea Stalin-ekin hitzartutako kontzesio bat izan zen, Winston Churchill eta Roosevelt-en partetik. Stalinek, hasieran, Sobietar Batasuneko errepublika guztiak Nazio Batuetan sartzea eskatu zuen, baina AEBek kontrakoa proposatu zuten: Estatu Batuetako estatu guztiak Nazio Batuetan sartzea, hain zuzen ere. Honek Stalin Ukraina eta Bielorrusia Nazio Batuetan sartzea onartzera bultzatu zuen Yaltako konferentzian.
Polonia, Nazio Batuen Adierazpena sinatu zuen arren, ez zen konferentzian egon, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo ezarritako gobernuaren sorrera ez baitzegoen adostuta. Beraz, lurralde hori hutsik geratu zen sinadura egiteko. Poloniako gobernu berria konferentziaren ondoren (ekainaren 28an) sortu zen, eta Nazio Batuen Gutuna sinatu zuen urriaren 15ean, Polonia Nazio Batuen sortzaileetako bat bihurtuz. 850 ordezkari izan ziren, eta haien aholkulariak, lankideak eta idazkaritzako langileak kontuan hartuta, 3.500 pertsona inguru bildu ziren. Gainera, 2.500 inguru izan ziren komunikabideetako ordezkariak eta hainbat erakunde eta gizarteetatik etorritako behatzaileak; hauek ere parte hartu zuten.
Orientazio-batzorde bat osatu zen, ordezkaritza-buruek osatua. Batzorde horrek printzipio eta arauei buruzko gai garrantzitsu guztiei buruz erabaki zuen. Herrialde bakoitzak ordezkari bakarra bazuen ere, kide kopurua gehiegi zen zeregin zehatzetarako. Beraz, 14 ordezkaritzako batzorde betearazle bati eskatu zitzaion orientazio-batzordeari gomendioak emateko.
Nazio Batuen Gutunaren proiektua 4 ataletan banatu zen, eta horietako bakoitza batzorde batek aztertu zuen. Lehenengoak bere gain hartu zituen erakundearen asmoak, printzipioak, kideak, idazkaritza eta Gutunaren zuzenketen gaia. Bigarrenak Batzar Nagusiaren eginkizunak aztertu zituen. Hirugarrenak bere gain hartuz zuen Segurtasun Kontseiluari zegokiona. Laugarrenak Nazioarteko Justizia Gortearen estatutu-proiektuaren ebaluazioaz arduratu zen. Estatutu-proiektu hori 44 herrialdetako jurisprudentziako adituek osatutako batzorde batek idatzi zuen, 1945eko apirilean Washingtonen bilduta. Konferentzian, ordezkariek Dumbarton Oakseko konferentzian adostutako testua berrikusi eta batzuetan berridatzi zuten. Ordezkaritzek eskualde-erakundeentzako rol bat adostu zuten, Nazio Batuen “aterkipean”. Halaber, idazkari nagusiaren erantzunkizunak mugatzea erabaki zen, bai eta ekonomia eta gizarte kontseilua eta administrazio fiduziarioko kontseilua sortzea ere.
Segurtasun kontseiluko kide iraunkorren botoaren gaia oztopo izan zen Nazio Batuen Gutunari buruzko akordioa lortzeko. Hainbat herrialde beldur ziren “bost handienetako” batek bakea mehatxatzen zuen jokabide bat bere gain hartzen bazuen, Segurtasun Kontseilua esku hartzeko ezinduta geratuko zela, eta Kontseiluko kode iraunkorrak ez ziren bi herrialderen arteko gatazka baten kasuan, berriz, bost herrialde handiek arbitrarioki joka zezaketela. Beraz, betoaren irismena murriztu nahi izan zuten. Baina potentzia handiek nabarmendu zuten xedapen hori ezinbestekoa zela, eta azpimarratu zuten Nazio Batuei zegokiela munduko bakeari eusteko erantzunkizunik handiena. Azkenean, herrialde horiek amore eman zuten.
Ekainaren 25ean ordezkariak azken aldiz bildu ziren San Frantziskoko operan. Lord Halifax (britaniar ordezkaritzako burua) izan zen saioaren buru, eta Gutunaren azken testua batzarraren esku utzi zuenean, esan zuen: “Gure botoarekin konpontzear gauden gaia gure bizitzetan gerta daitekeen garrantzitsuena da”. Ondoren, eskua altxatuz bozkatu beharrean modu egokiagoan jokatzea proposatu zuen. Horrela, ordezkari bakoitza zutik jarri zen, baita bertan zeuden gainerakoak ere. Honek txalo zaparrada bat ekarri zuen, Lord Halifaxek aho batez onartu zela iragarri zuenean.
Hurrengo egunean, Veterans Memorial Hall aretoan, ordezkariek Gutuna sinatu zuten. Txinak sinatu zuen lehenengo, Eskuaren Potentzia baten lehen biktima izan zelako. Truman presidenteak itxiera hitzaldian zera esan zuen:
“...sinatu berri duzuen Nazio Batuen Gutuna mundu hobe bat eraikitzeko oinarri sendoa da. Historia honek omenaldia egingo dizue. Europa eta azken garaipenaren artean, gerra suntsitzaile guztien artean, guda bera baino gehiago irabazi duzue… Gutun honi esker, munduak egun bat ikus dezake non gizon guztiak askatasunez eta duintasunez biziko diren”.
Gero, Truman presidenteak adierazi zuen Gutunak balioa izango zuela munduko herriek betearaztea erabakitzen bazuen:
“ Horretaz baliatzen ez bagara, beren bizitzak sakrifikatu zituztenak traizionatu egingo ditugu, gu hemen segurtasunez eta libreki bildu ahal izateko, hura eratzeko. Berekoikeriaz baliatzen saiatuko bagina nazio bakar baten edo nazional-talde baten onuraz, traizio horren errudun izango ginateke”.
Nazio Batuen existentzia ez zen Gutuna sinatu zenean hasi, herrialde askotan Legebiltzarrak onartu behar izan baitzuen. Gutuna Txina, Frantzia, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna, Estatu Batuak eta gainerako herrialde sinatzaile gehienek berretsi zutenean eta Estatu Batuetako Estatu Departametuari horren berri eman ziotenean gauzatuko zela adostu zen. Hori 1945eko urriaren 24an gertatu zen.
Herrialde parte hartzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arabia Saudi
- Argentina
- Australia
- Belgika
- Bolivia
- Brasil
- Kanada
- Txekoslovakia
- Txile
- Txina
- Kolonbia
- Costa Rica
- Kuba
- Ekuador
- Egipto
- El Salvador
- Estatu Batuak
- Etiopia
- Filipinak
- Frantzia
- Grezia
- Guatemala
- Haiti
- Honduras
- India
- Irak
- Iran
- Libano
- Liberia
- Luxenburgo
- Mexiko
- Nikaragua
- Norvegia
- Zelanda Berria
- Herbehereak
- Panama
- Paraguai
- Peru
- Britainia Handia
- Dominikar Errepublika
- Siria
- Hegoafrika
- Turkia
- Sobietar Batasuna
- Uruguai
- Venezuela
- Jugoslavia
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1. U.S. Department of State – Office of the Historian. (2005ko urria). The United States and the Founding of the United Nations, August 1941 – October 1945. https://history.state.gov/milestones/1945-1952/un (Jatorrizko dokumentua 2005eko urriaren 23an artxibatu zen. Kontsultatua: 2016ko abuztuaren 22an)
2. New York University. (2023ko azaroaren 24an kontsultatua). NYU. https://www.nyu.edu
3. Nazio Batuen Erakundea. (s.f.). 1945: San Frantziskoko Konferentzia. https://www.un.org (Kontsultatua: 2016ko abuztuaren 22an)
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Schlesinger, S. E. (2004). Act of creation: The founding of the United Nations: A story of superpowers, secret agents, wartime allies and enemies, and their quest for a peaceful world. Cambridge, MA: Westview Press / Perseus Books Group. ISBN 0-8133-3275-3.