Nazioarteko Merkataritza Ganbera
| Nazioarteko Merkataritza Ganbera | |
|---|---|
| Datuak | |
| Mota | gobernuz kanpoko erakundea |
| Jarduera sektorea | Kanpo merkataritza |
| Herrialdea | Frantzia |
| Agintea | |
| Lehendakaria | Philippe Varin |
| Egoitza nagusi | |
| Historia | |
| Sorrera | 1919 |
| Sortzailea | |
| webgune ofiziala | |
Nazioarteko Merkataritza Ganbera[1] (NMG) munduko herrialde askotako enpresei babesa emateaz arduratzen den erakundea da, merkataritza eragiketei dagokienez, herrialdeen arteko interdependentzian jokabide arau batzuk hedatu nahian, hau da, herrialde nagusien ekonomian gertatzen diren gorabeherek gero eta eragin estuagoa baitute besteengan. NMG enpresa erakunde bakarra da Nazio Batuen eta haren erakunde espezializatuen aurrean aholkularitza estatusa duena.[2] Munduko Merkataritza Erakundearen nahiz nazioarteko zein eskualdeko organismo askoren laguntzaile da, besteak beste G20,[3] nazioarteko enpresen izenean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMG 1919an sortu zen Frantzian, munduko negozioei aurrera egiten laguntzeko xedez, merkataritza eta inbestimendua sustatuz, ondasun eta zerbitzuen merkatuak irekiz, kapitalen zirkulazio askearen bidez. Nortasun propioz eta elkarte izaera juridikoarekin eratu zen. Erakundearen nazioarteko idazkaritza Parisen ezarri zuten, eta 1923an NMGren Nazioarteko Arbitraje Auzitegia sortu zen. NMGko lehen presidentea Etienne Clémentel Frantziako Finantza ministroa izan zen.[4]
Misioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMGren xedea da munduko enpresen arteko merkataritza eta inbertsioa sustatzea zenbait sektoretan, eta globalizazioak eskaintzen dituen erronka edo aukera bakoitzari aurre egiten laguntzea. Misio hori lortzeko, NMGk kide talde zabal bat du: nazioarteko eragiketak egiten dituzten 130 herrialde baino gehiagoko enpresak dira, baita enpresen antolakuntzak ere, besteak beste, herrialdeetako merkataritza ganberak.
Ekintza nagusi hauek garatzen ditu NMGk, bere misioa betetzen saiatzeko:
- Zerbitzu espezializatuak eta praktikoak ematea nazioarteko enpresa komunitateari.
- Nazioarteko merkataritzan parte hartzen duten sozietate, enpresa eta erakundeen ikuspuntuak eratzen laguntzea.
- Enpresen bozeramaile izatea gobernuen arteko erakundeen, gobernuen eta beste erakunde garrantzitsu batzuen aurrean..
- Inplikatutako sektore eta industria guztiak ordezkatzea.
Erakunde espezializatuak eta tresnak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ganbera honen helburu nagusia da enpresei zerbitzu jakin batzuk ematea. Horretarako, zerbitzu espezializatuak eskaintzen dituzten zenbait erakunde sortu ditu, besteak beste:
- Ezbaiak bideratzeko zerbitzuak: merkataritza esparruko liskarrak ebazteaz arduratzen den sistema da,[5] horren barruan Arbitraje Auzitegi Iraunkorra; hori da, merkataritza jarduerei dagokienez arazoren bat sortzen bada, inplikatuek auzitegi horretara jo dezakete irtenbide eraginkor baten bila.[6]
- Nazioarteko Merkataritza Zuzenbideko Institutua: prestakuntza eta ezagutza eta esperientzia trukatzeaz arduratzen da arbitrajearen eta nazioarteko merkataritza zuzenbidearen esparruetan. Herrialde kideek elkarrengandik ikasteko sistema bat da, informazioa partekatzen baitute elkarrekin merkataritza zuzenbideari dagokionez, halako eran non, arazorik izanez gero, konponbidea aurkitzeko bide arrastoak lantzen baitira.[7]
- Munduko Ganberen Federazioa: munduko merkataritza ganberen sarerik handiena da, eta ATA txartelaren sistema administratzeaz arduratzen da; merkantziak aldi baterako onartzea errazten duen aduana dokumentu hori muga zerga batzuk askatzeko munduan egindako zenbait akordioren emaitza dela esan daiteke.[8]
- Merkataritza delituak prebenitzeko zerbitzuak: enpresen aurkako delituak prebenitzea da haien funtzioa; hau da, pirateriaren, finantza iruzurraren eta faltsifikazioen aurkako borroka, besteak beste.[9]
Sortu zenetik, NMGk nazioarteko merkataritza eta inbertsioak errazteko tresnak sortu ditu, besteak beste, Arbitraje Auzitegi Iraunkorra eta Incoterms[10] arauak, nazioarteko merkataritza erabilerak bildu eta eguneratzen dituztenak, eta trukea errazten duten enpresa jokaeraren arauak eta kodeak ezarri.
Horrez gain, bere argitaletxea du, eskuliburu, bilduma eta informazio ugari argitaratzen duena, enpresek beste bidetatik nekez lor ditzaketen tresnak eskura izan ditzaten.[11]
Garapen politikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMGk globalizazioaren alde egiten du, enpresaburuarentzako onuraren ikuspegitik, eta, horretarako, arlo hauetako politikak garatzeaz arduratzen da:
- Ustelkeriaren aurkako politika
- Arbitrajea
- Banka
- Lege komertziala eta praktikoa
- Lehiakortasuna
- Erantzukizun korporatiboa
- Merkataritza trukerako araubideak
- E-business, TI eta telekomunikazioak
- Politika ekonomikoa
- Energia eta ingurumena
- Finantza eta aseguru zerbitzuak
- Jabetza intelektuala
- Marketina eta publizitatea
- Zergak
- Truke eta inbestimendu politikak
- Nazioarteko garraioa eta logistika
NMGren egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontseilua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMGren Mundu Kontseilua gobernu arteko erakunde baten batzar nagusia bezalakoa da, baina ordezkariak ez dira funtzionario publikoak, baizik enpresaburuak.[12]
Batzorde nazionalak eta taldeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMG ordezten dute beren herrialdeetan, eta haien enpresa interesak kontuan hartzen direla ziurtatzen ahalegintzen dira.[13]
Lehendakaria, idazkari nagusia eta Kontseilu Exekutiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontseiluak lehendakaria eta lehendakariordea hautatzen ditu bi urterako. Lehendakaria, bere aurrekoa eta lehendakariordea Lehendakaritzaren parte dira. Halaber, Batzorde Exekutiboa aukeratzen da, politikak aplikatzeaz arduratuko dena; 15-30 kide artean ditu, hiru urterako jardunbiderako. Idazkari nagusiak Nazioarteko Idazkaritza zuzentzen du eta batzorde nazionalekin lan egiten du.[12]
Batzordeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMGren lan batzordeetan 500 bat aditu bildu ohi dira, munduko merkataritzaren lan esparru jakinetan proposamenak egin eta proiektuak gauzatzeko.
NMG munduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NMGk egoitza ugari ditu munduan zehar barreiatuta, Frantzia izanik erdigunea. Egoitza horietako batzuk dira Brasil, El Salvador, Ingalaterra, Errusia, Alemania, Espainia, Madagaskar, Nigeria, Iran, Australia, Txina, Zeelanda Berria, Mexiko eta munduko beste herrialde garatu asko. Funtsean, mundu osora iristen da, eta garapen bidean diren herrialde gero eta gehiago dira partaide.[14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm. «kontsulta > Nazioarteko Merkataritza Ganbera» Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «ICC granted UN Observer Status» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) 2016-12-13 (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «Global Governance» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «ICC Headquarters» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «Dispute Resolution Services» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Frantsesez) «Cour permanente d'arbitrage» CPA-PCA (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «ICC Institute of World Business Law» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «ICC World Chambers Federation» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «Anti-corruption and integrity» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-27).
- ↑ (Ingelesez) «Incoterms® rules» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-28).
- ↑ (Ingelesez) «News and publications» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-28).
- 1 2 (Ingelesez) «ICC Executive Board» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-28).
- ↑ (Ingelesez) «National committees» ICC - International Chamber of Commerce (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-06-28).
- ↑ (Ingelesez) Pinto Schmidt, Mariana. (2024). «International Chamber of Commerce (ICC)» Jus Mundi (kontsulta data: 2026-06-28).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Marcus Lankford (2020) Explained: What is the International Chamber of Commerce’s role in arbitration and trade dispute resolution?. Trade Finance Global