Nemesio Etxaniz

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Nemesio Etxaniz
Nemesio Etxaniz 1959an.
Juan San Martinen argazkia.
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakNemesio Agapito Etxaniz Aranbarri
JaiotzaAzkoitia1899ko abenduaren 19a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia1982ko urtarrilaren 27a (82 urte)
Hezkuntza
HeziketaComillasko Pontifize Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta poeta
Izengoitia(k)Erratzu, Artiz'tar Xabier eta Amillaitz
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 34

Nemesio Agapito Etxaniz Aranbarri (Azkoitia, 1899ko abenduaren 19a - Donostia, 1982ko urtarrilaren 27a) gipuzkoar idazlea eta apaiz katolikoa izan zen, Euskal Herriarekiko eta euskararekiko konpromisozko jarreragatik nabarmendu zena. Besteak beste, Anttoni ta Antton kantu ezagunaren[1][2] eta Gernika. Eusko Kantata-ko letraren egilea izan zen.[3]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenbiziko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nemesio Etxaniz Azkoitian jaio zen, 1899ko abenduaren 19an, Jose Luis Etxaniz merkataria eta Maria Antonia Aranbarri etxekoandrea, azkoitiarrak biak, guraso zituela.[4] Gurasoak oso elizkoiak ziren, aita integrismo aldera lerratua, eta hamaika anai-arrebetatik bost erlijio-bizitzari lotu zitzaizkion.[5] Nemesiok sorterriko Miserikordia eta La Salle Anaiak ikastetxeetan egin zituen lehenbiziko ikasketak eta, Lekarozko ikastetxean bi urte igaro ostean, Comillasko apaizgaitegian sartu zen 1912an; 12 urte pasatu zituen bertan.[6] Seminarioko hizkuntza-aldaketak eraginda euskaltzaletasuna sortu zitzaion. Aitzol ikaskide eta lagunak zerikusi handia izan zuen eraldaketa horretan.[7] Arraldea elezaharra, aitari entzundako istorioa, argitaratu zion Argia-k 1923an.[8]

1924ko ekainean apaiztu zen, Santanderren; aita minbiziak joa zuen eta, hil aurretik apaizturik ikusi nahi baitzuen, ordenazioa aurreratu zuen.[5] Urte eta erdiz Arabako Urarten egon ondoan, Bergarako Santa Marina parrokiara apaiz-laguntzaile kargura bidali zuten. Hasieran herritarren artean moral puritanoa aldarrikatzen saiatu bazen ere, denborak aurrera egin ahala jarrera integrista haiek alboratu eta moral kontuetan lasaitze-bideari ekin zion, eta Comillasko seminarioan ikasitako dotrina auzitan jartzen hasi zen.[8] Kristau heziketaz landa, kantua, antzerkia eta zinema sustatu zituen Bergarako egonaldian.[5] Horrezaz gainera, zenbait artikulu argitaratu zituen Donostiako El Día egunkarian.[7]

36ko gerra eta gerraondoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

36ko gerra denboran, indar espainolek bultzaturik, Burgosera aldegin beharrean izan zen. Bertan a divinis zigortu zuten, eta funtzio sakraturik ematea galarazi.[8] 1937ko maiatzean, Gipuzkoara itzuli eta Deban aterbetu zen, bere anaia medikuaren etxean. Bi urte geroago, Zumaiara bidali zuten, Artadi auzoko San Migel elizako apaiz. Ez zuen luze iraun, 1940ko Aste Santuan eman zuen predikua zela-eta salatua izan baitzen; hona prediku horren zati bat:[5][9]

« ... erregeek, lehendakariek, jeneralek eta gainerako buruzagi militarrek, guduak irabazteko eta gerran nagusitu ahal izateko, beste batzuk bidaltzen dituzte aurrera bizia arriskatzera. Jesukristo, ordea, bere bizia bakarrik sakrifikatuz gailendu zen...[10] »

Francisco Javier Lauzurika gotzainarekin eztabaida latza izan zuen horren ostean, eta Erromara jo zuen laguntza eske,[7] baina deus gutxi erdietsi zuen. Harrezkero, apaiz jarraitu bazuen ere, gotzaitegiarekiko harremanak eten zituen. Hurrengo hamar urteak Deban igaro zituen, eta ospitalean mezak ematetik bizi izan zen. Kristau izatearen garrantzia barnean baldin zeraman ere, euskalgintzari eta gerratean zanpatutako euskaldunen eskubideak aldezteari ekin zion; letra gutxiko euskaldunak, euskaldun iraunarazteko eginkizunari lotu zitzaion.[8] Besteak beste, Alostorrea antzerki-taldea sortu zuen, 1947an lehenbiziko lana eskaini zuena: Manuel Ziarsoloren "Gabon-gabonetan". Gipuzkoako Gobernu Zibiletik azalpenak ematera joateko deitu zuten, euskarazko antzerki lan hori eman izanagatik.[5]

Euskararen aldeko langile nekaezina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nemesio Etxanizen ibilbidea Patri Urkizuren ahotan (Ahotsak proiekturako)[11]

1950ean Debatik Azkoitira aldatu zen. Bere sorterrian erdara nagusitua zela ikusteak biziki mindu zuen, eta euskal giroa berpiztearen premiaz ohartu zen.[5] Haren garaikide askok, Andima Ibiñagabeitiak, Jokin Zaitegik eta Orixek kasu, garrantzitsuena kultura egitea zela irizten zioten, goi mailako kultura, eta horretan ahalegindu behar zela bereziki. Etxanizen ustez, berriz, euskal hiztunengana iritsi beharra zegoen, hauek euskarari tinko eutsi ziezaioten. Horretarako eleberri modernoen beharra zegoen, antzerkien beharra, kanta eta dantzen beharra...[8]

Azkoitiko gazte batzuekin antzerki taldea osatu, eta "Gabon-gabonetan" lana eskaini zuten 1951ko eguberrietan. Geroago, aldiz, Nemesiok berak idatzitako "Izeko aberatsa" taularatu zuten.[5] 1951n, Kanta-kantari kantu bilduma argitaratu zuen, aitzindaria tangoak, runbak edota foxtrotak euskaraz ematen.[4] 1952an, bi antzerki argitaratzea lortu zuen: "Izeko aberatsa" eta "Irulearen negarra"; azken hau Elias Gorostidik idatzitako "La hilandera de la capilla"-ren egokitzapena zen.[5]

1953ko abenduan, Donostian kokatu zen; parrokiarik gabe egon arren, Erreparadorak komentuan ematen zuen meza egunero. Gipuzkoako hiriburuan, euskal kulturaren alde lanean ari ziren Antonio Maria Labaien, Manuel Lekuona, Karlos Santamaria edota Elbira Zipitria euskaltzaleekin jarri zen harremanetan, eta alor ugaritan jardun zuen: euskara irakasten, irratsaioak ematen La Voz de Guipuzcoa-n, antzerki lanak idazten, eta abar. 1956an, ezkutuan, Parisen antolatutako Lehen Euskal Mundu Biltzarrean parte hartu zuen. Frankismoko giroak itoa, erbesteratzekotan egon bazen ere, azkenik Euskal Herrian gelditzea erabaki zuen.[12] 1958an, haren zenbait lan eman ziren argitara Euskal Antzerkiak kontu-kontari izenburuarekin.[5]

1950eko hamarkadaren amaieran, Jarrai antzerki taldeko gazteekin jarri zen harremanetan eta bere laguntza eskaini zien. Taldeari egokia iruditu zitzaionez, Victor Ruiz Añibarrok idatzitako "Mujeres en Berrigorriaga" komedia euskaratu eta eman zien. 1961-1962an, Donostiako Antzoki Zaharrean, Arrasaten eta Orion taularatu zuten, "Ito edo... ezkondu" izenarekin. 1964an, aldiz, Eugene O'Neillen "Bestelakoa" (Diff'rent) egokitu zuen Jarrai taldearentzat.[5][13] Beharrak horrela eraginda, eta bizitzea egokitu zitzaion garaia zela-eta, era askotako lanak egin zituen hamarkada hartan: Arrate, Segura eta Loiola irratientzako gidoiak idatzi, Ez Dok Amairu taldearen lehenbiziko bilkuretan parte hartu, ikastoletako umeentzako abestiak ondu, Zeruko Argia-ko testuak sortu eta itzuli...[8][4][14]

Gizalegearen alde konprometitua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948an, agintari zibil frankistei gutunak bidaltzen hasi zitzaien, euskaldunen eskubideak urratzen zirela adieraziz. Hasieran, euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanetan paratzen zizkioten eragozpenak salatzen zituen. 1961ean, atxilotuen oinarrizko eskubideak modu sistematikoan urratzea eta tortura erabiltzea salatu zuen Gipuzkoako gobernadore zibilari bidalitako gutun batean. Hori zela-eta, 1962ko otsailean auziperatua izan zen.[15]

Hala ere, ez zuen etsi, eta erregimen frankistaren bidegabekerien aurkako borrokan segitu zuen. 1968 hasieratik, erregimenaren errepresio ekintzak egin zituenean, gogor salatu zituen agertzen ari ziren tortura kasu larriak, haietako batzuk Meliton Manzanas torturatzaile ezagunak eragindakoak. Bere kristau sinesmenean oinarritua, gutunak helarazi zizkion Gipuzkoako gobernadore zibilari, poliziak eragindako giza eskubideen urraketen eta agintarien utzikeriaren berri emanez. Gutun horietako batean, hauxe jakinarazi zion gobernadoreari: "Inoiz eskutitz hauek argitaratzen badira, ez da izanen nik ospea irabazi nahi dudalako, baizik eta euskal herriak jakin dezan apaizak ez garela mututurik egon botere publikoaren bidegabekerien aurrean".[16][17]

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkuezale eta gipuzkera osotuaren aldeko azaltzen zen, eta ez zuen uste euskal ikastolak indartu arte euskararen batasuna ezartzea komeni zenik.[8] Hala ere, euskara baturik izan baino lehenago, ikasle ibili zen Txillardegik eta Koldo Mitxelenak Gipuzkoako Diputazioan ematen zituzten klaseetan. Baina euskara literarioaren batasunak liskar ugari sortu zituen, eta Nemesiok ere izan zituen bereak. Izan ere, 1968an euskara batuaren oinarriak ezartzeko Euskaltzaindiak Arantzazun egindako batzarrean jaso zuen bere bizitzako minik handienetako bat; guztien gainetik, Manuel Lekuona lagun eta irakaslea bazterturik geratzeak berebiziko atsekabea sortu zion.[4][8] Bestalde, ez zuen ongi hartzen orduko gazteen sozialismorako joera, eta haiekiko harremana zailduz joan zen.[7]

1982ko urtarrilaren 27an hil zen, Donostian, azken 30 urtetan bizi izan zen hirian.[8]

Literatura lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nemesio Etxanizek sortutako literaturan poesiak hartzen du lehenbiziko lekua. Haren olerkigintza aztertu zuen Joan Mari Lekuonaren arabera, hutsune bat betetzen aritu zen Etxaniz, beste hainbat arlotan bezalatsu. Azkoitiarra poesia lantzen hasi zenerako, Lauaxeta eta Lizardi hasiak ziren euskarazko poesiagintzara molde berriak ekartzen, baina Etxanizek Espainiako olerkariengandik jaso zuen eragin handiagoa, Federico Garcia Lorca eta Juan Ramon Jimenezengandik bereziki. Esaldi laburrez osaturiko poemak landu zituen beti, eta gerra aurreko olerkarien eta gerra ondoko Gandiaga edota Iratzederren arteko zubi lana bete zuen. Gerraurreko poesiari jarraipena egin zion, baina garaiko existentzialismotik ezaugarriak ongi jasoak zituela. Lekuonak bi sail bereizten ditu Etxanizen poesian. Bata era tradiziozkoan egindako lanarena da, esaterako Kattalin euskal balada, hamarreko nagusian eginikoa, eta Iturritxo, alegia moduko bat. Beste saila Etxanizek maitalearen bizikizunetatik sorturiko poemek osatzen dute.[4]

Zazpi antzerki lan idatzi zituen, eta itzulpen bat ere egin zuen. Militantziaz idatzitako testuak dira, euskarazko lanak behar zituzten antzerki-taldeei laguntzeko prestatuak. Eugenio Arozenaren iritziz, egitura teologikoa du Etxanizen antzerkia, eta zintzoen eta gaiztoen arteko lehia agertzen du. Hiru lan nabarmentzen dira: Maite ere neurriz, Zotzean bizia eta Gabon-zauria. Antzerkigile moduan eginiko lanaz gain, antzerki munduan hasi berriak ziren gazteei eskainitako laguntza ere aipagarria da.[4]

Euskal Kantagintza Berriaren aita espirituala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951. urtean, Kanta-kantari izeneko kantutegia argitaratu zuen Nemesio Etxanizek. Hitzaurrean, ederki islatu zuen garai hartako euskal musikaren egoera zein zen. Abesbatzetan kantatzeko doinuak, otxoteen musika eta herri kantu tradizionalak kenduta, basamortua zen euskal abestigintza. Inguruko herrietan nagusitzen ari ziren doinu eta erritmo berriek ez zuten islarik gurean, erdarazko eredu inportatuetan ez bazen.[18]

Kezka horrek akuilatuta, kantagintza berritzeko beharra aldarrikatu zuen Etxanizek. Hura hasi zen zenbait tango, runba, pasodoble eta modako beste doinu batzuk moldatzen eta euskaratzen. Haren ekarpenak segida izan zuen; izan ere, handik gutxira dantza talde batzuk -Azkoitiko Kontrapuntoak eta Bilboko Soroak, besteak beste- hasi ziren kantu zaharrak modu berrian ematen. Eta horien atzetik etorri ziren besteak, egoera irauli zutenak. Tunelaren ilunean argia ikusten hasi zen. Nemesio Etxanizi zor zaio Euskal Kantagintza Berriaren aitatasuna (espirituala, bederen).[18]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gramatika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Iriondo, Joxemari. Euskal musika giroa 1960ko hamarkadan. jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  2. Etxaniz, Nemesio. Anttoni ta Antton. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  3. Lerena Gutiérrez, Mario. Sorozabal Mariezkurrena, Pablo. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  4. a b c d e f Iban, Amagoia. Hezur-mamizko zubia. Euskaldunon Egunkaria, 1999ko abenduak 18, 57-60. orrialdeak, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  5. a b c d e f g h i j Arocena, Eugenio. Nemesio Etxaniz teatrozaleen gogoan. Azpeitiako Udala, 2000, ISBN: 84-921844-6-9, amarauna.org (Noiz kontsultatua: 2020-7-11).
  6. Ganbelai, Pakito. Nemesio Etxaniz. Zuzeu, 2017ko apirilak 10, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  7. a b c d Sudupe, Pako. Nemesio Etxaniz. Bidegileak, euskara.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  8. a b c d e f g h i Integrismo katolikoan hasi eta euskaltzale sutsuan buka. Argia astekaria, 1999ko martxoak 28, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  9. Sudupe, Pako. Nemesio Etxanizen biografia eta ideologia. 73-75. orrialdeak. Euskaltzaindia-BBK Fundazioa Bilbo, 1996 (Noiz kontsultatua: 2020-7-11).
  10. Jatorrizkoa erdaraz: ...los reyes, presidentes, generales y demás jefes militares, para poder ganar las batallas y triunfar en la guerra, necesitan mandar a otros por delante a arriesgar sus vidas. En cambio Jesucristo triunfó sacrificando unicamente su vida...
  11. Nemesio Etxanizi buruzkoak. ahotsak.eus.
  12. Aulestia, Gorka. Estigmatizados por la guerra. 237-242. orrialdeak. Euskaltzaindia, 2008, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-12).
  13. Gereñu Odriozola, Idoia. JARRAI (1959-1968), abangoardiako euskal teatroaren ikur. Doktore tesia, Universidad Carlos III de Madrid, core.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-7-13).
  14. Letona Biteri, Xabier. Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak, Miren Jone Azurzaren begietatik. Argia astekaria, 2009ko abuztuak 2, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-13).
  15. Buces Cabello, Javier. Tolosa 1945-1975. aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-15).
  16. Jatorrizkoa erdaraz: Si alguna vez se publican estas cartas, no será por deseo de notoriedad de mi parte sino con el fin de que sepa el pueblo vasco que los sacerdotes no nos mantenemos mudos ante los desafueros del poder público
  17. Etxeberria, Francisco, Pego, Laura, Perez, Rakel. La práctica de los malos tratos y las torturas durante 1968. Gipuzkoa en estado de excepción, 185-215. orrialdeak, Aranzadi/UPV/EHU, aranzadi.eus ISBN 978-84-17713-00-3..
  18. a b Agote, Gontzal. Kantagintza berriaren sorrera. Badok, CC BY-SA 3.0, badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-10).
  19. a b c Nemesio Etxaniz. kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-12).
  20. Etxaniz, Nemesio. Kristau ikasbidea bertsotan : lenengo mala / Etxaniz'tar Nemesio apaizak egiña. liburuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-12).
  21. Arantzazuko Amari poz-jarioak. Euzko Gogoa, 1954-11, kritikak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-12).
  22. Itziar'ko Andre Maria'ren goramenak : Itziar'ko zaindaria, itxas gizona'ren laguntzallea. kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]