Neoklasizismoa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Neoklasizismoa Euskal Herrian, Europako beste herrialde batzuetan bezala, XVIII. mende bukaera aldera hasi zen zabaltzen, antzinako joera greko-erromatarrak oinarritzat harturik eta ordura arte indarrean zegoen barrokoaren aurkako erreakzio modura.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura Nafarroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendearen bukaera eta XIX. mendearen hasiera ez zen, ekonomiaren ikuspuntutik begiratuta, momenturik egokiena Nafarroan eraikin asko egiteko. Izan ere, hainbat gerren eraginez giroa nahastua eta pobretua baitzegoen: Konbentzio Gerra lehenik, ondoren Napoleonen kontrakoa eta, azkenik, Lehen Karlistaldia, 1833. urtetik 1839 arte. Estilo honetako obra gehiago egin zitezkeen, beraz, egoera baketsuagoa izan balitz. Hala ere, neoklasizismoaren joerak ia ehun urte indarrean iraun zuenez, badira, bai arte erlijiosoaren barnean bai zibilean ere, estilo honetako hainbat eraikin eta obra.

Iruñeko katedrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko katedralaren fatxada neoklasikoa.

Lau mende lehenago egindako katedral gotiko honi ukitu neoklasikoa eman zitzaion, estilo honetako fatxada erantsiz, 1783. urtean Ventura Rodríguezek diseinaturiko planoei jarraikiz. Fatxada neoklasiko horrek erdialdean lau zutabe ditu korintoar formako kapitelekin, eta horien buru eginez frontoia du, kabildoaren armarriarekin. Parte horren beheko aldean, bestalde, ate bat dago eta horren gainean balkoi barandadun bat. Aurrealde guztia, gainera, alboetan dauden bi dorreekin loturik aurkitzen da.

Dorre horietako bakoitzak beheko aldean bi leiho dauzka bata bestearen gainean. Erdialdean friso bat dago, eta hortik gora beste zatia. Zati horretan erlojuak daude, bata eguzkikoa eta bestea mekanikoa. Ondoren gorputz oktogonal bat dago eta bertan zutabe korintoarrez eraturiko arkuak. Horien barnean daude elizaren kanpaiak. Azkenik erlaitza dago, eta ororen buru kanpai itxurako kupulatxoa. Katedral honetan egindako berrikuntza hauek, Nafarroan eginiko lehen lan neoklasikoak izanik, eredu gertatu ziren ondoren egingo ziren beste askorentzat ere.

Corellako San Migel eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corellako elizarik zaharrena den honek, mendeetan zehar hainbat berrikuntza izan ditu, horien artean 1797. urtean Fernando Martínez arkitektoaren gidaritzapean egin zena. Garai horretan elizako dorreei neoklasizismoaren ukitua eman zien horietan egindako txukuntze lanetan.

Alesbesko San Frantzisko Xabier kapera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri honetako Santa Eufemia parrokiaren jatorria XIV. mendekoa izanik ere, estilo nagusia barrokoa du. Denboran zehar eginiko berrikuntzetan erantsirik, hiru kapera ditu barnean, horietako bat neoklasikoa, hain zuzen ere San Frantzisko Xabierrekoari eskainia. Kapera hori egiteko lanak XIX. mende hasieran hasi ziren, Fernando Martin eta Miguel Hermosillak eginiko proiektuen arabera. Oinplano eliptikoa du, eta estalkitzat duen kupula ederra ere eliptikoa da. Zutabeak apaingarri gabeak ditu, eta pilastrak ildaxkaz edertuak. Horien fusteak, bestalde, marmol itxura ematen dioten polikromiaz pintaturik daude. Eliza barnetik kapera honetarako sarrera eratuz puntu erdiko arku bat dago, tinpano bat duelarik goiko aldetik eta honen gainean bi aingeru.

Marcillako agustindar errekoletoen komentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcillako komentu hau lehenagokoa da, baina 1755. urtean utzi behar izan zuten fraideek, erortzeko arriskuan zegoela eta. Urte batzuk geroago, hots, 1773. urtean, ekin zioten komentu berria egiteari, zister ordenako anaia lego batek eginiko planoen arabera eta Ignacio Asensio arkitektoaren gidaritzapean. Kupula eliptikoak ditu, lau arku semizirkularrez eratuta. Desamortizazioaren ondorioz zister ordenak 1835. urtean Marcillatik alde egin behar izan zuen, eta 1864. urtean, gaur arte bertan segitzen duten agustindar errekoletoek erosi zuten.

Asensiok eginiko obra neoklasikoa, nolanahi ere, galdu egin da hein handi batean, mende honetan egindako zenbait eraberritze direla medio.

Faltzesko Natividad parrokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza honetan geratzen diren zati zaharrenak aztertuz, badirudi lehenengo eraikina XIII. mendean egin zela. Dena dela, elizak gaur egun duen itxura 1779. urtean egindako berregituraketatik datorkio, garai horretan Ignacio Asensio arkitektoaren gidaritzapean bi urte iraun zuten lanak egin baitziren. Elizak gurutze latinoko oina du, hiru zatitan banaturiko nabe zabal batekin, eta alboetan kaperak ditu. Absidea, bestalde, sakona da.

Eliz gurutzearen gainean lau leiho daude, eta horietan palma itxurako edergarriak eta kerubin buruak aurkitzen dira. Apaindura horietatik abiatuz, goitik behera datozen erramu txirikordak sortzen dira, bukaeran lorez edertuak.

Azkoiengo San Joan Ebanjelariaren parrokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza hau 1826. urtean hasi eta zazpi urte geroago bukatu zen, Manuel Angel Txabarri arkitektoaren gidaritzapean. Parrokia eder honek hiru nabe ditu, erdikoa beste biak baino askoz ere zabalagoa, eta erdiko nabe horren bukaeran dago kapera nagusia. Aipatu hiru nabeak eratuz lau zutabe erraldoi daude elizaren erdian. Kolore polikromoak areagotu egiten du zutabe horien handitasuna eta edertasuna. Erdiko kupula ere handia da, eta eustarku gainean eraikia dago.

Alloko Santa Maria parrokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedro Nolasco arkitektoak eginiko planoen arabera eta haren gidaritzapean hasi ziren parrokiaren eraikuntza lanak, 1805. urtean. Lan horiek luze joko zuten bi arrazoi nagusi direla medio. Batetik frantsesen inbasioa, 1808. urtetik 1817. urtera arte, eta bestetik, egin berria zuten kupula erori egin zelako, astunegia zela eta. Estilo neoklasiko berantekoa da beraz, eta 1821. urtean bukatu zuten. Parrokiak nabe bakarra du, lauki-zuzena eta sei zatitan banatua. Zutabeak Joniar ordenakoak dira, eta arkuak Erdi puntukoak. Bai nabea, bai absidea kanoi erdiko ganga batez daude estalirik.

Noain-Imarkoaingo akueduktua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Noain-Imarkoaingo akueduktua.

Iruñetik 16,5 kilometrora dagoen Subitzako iturburutik sortzen zen ura Iruñeraino eramatearren egindako lana da. Lehenengo planoak, 1774. urtean, Francisco Genci ingeniari frantsesak egin zituen. Zortzi urte geroago, Genciren egitasmoa onartu ez zelako, Ventura Rodríguezek aurkeztu zuen plan berria. Lanak 1782. urtean hasi ziren eta zortzi urte geroago bukatu, Santos Angel Otxandategiren gidaritza teknikoaren pean. Akueduktu honek 1.245 metroko luzera du eta erdi puntuko 99 arkuz dago osatua. Arku horiek saihetsetan neurri berdintsua badute ere, garaiago bihurtzen dira erdialdera jo ahala.

1790eko ekainean iruindarrek, bi urte lehenago Luis Paretek diseinaturiko iturrietan isurtzen zen Subitzako ura edan ahal izan zuten lehenbiziko aldiz. Mende bat geroago, hots, 1895. urtean, Artetatik ekarritako ur hornikuntza berria ezarri zenetik aurrera, akueduktu honen erabilera pixkanaka jaitsiz joan zen.

Gaur egun egoera onean badago ere, aspaldidanik ez du akueduktu funtziorik betetzen. Mende honetan, bestalde, zutarri bat kendu zioten azpitik pasa behar zuen trenbideari tokia egiteko. Geroago, Nafarroako autopista egiterakoan akueduktuaren azken zatia eraitsi zuten.

Tafallako Plaza Berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean hiri antolamendu berri bati ekin zitzaion Tafallan, eta horren kariaz sortu zen Plaza Berria. Plaza hori egiteko Karlos III.aren jauregitik geratzen ziren hondakinak desegin behar izan zituzten, bidenabar bertako zenbait material hartarako erabiliz.

Udalak Martin de Sarasibar arkitektoa izendatu zuen lanak zuzentzeko, 1862tik 1866 bitartean egin zirenak. Plazak luzeran 89,50 m eta zabaleran 30,40 m dituen lauki zuzena osatzen du. Lau aldeetako batek errepide nagusiaren zatia eratzen du, eta gainerantzeko beste hiruretan arkupeak daude. Erdikoak 27 arku ditu, eta saihetsetan beste 9 arku arku daude. Eraikuntzaren erdigunean udaletxea dago. Beste zatietan bezalako erdi-puntuko arkuak eta horien gainean balkoiak badaude ere, besteetan ez dauden edergarriz hornituak dira udaletxearenak. Udaletxeak sarreran zutabeak eta toskanar pilastrak dauzka, eta goiko solairuak harlanduz eginak daude, ororen gain herriko armarriak ezarrita daudela.

Arkitektura Araban[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte neoklasikoaren adierazpen bikainenak arkitekturaren alorrekoak izan ziren Araban, baina egoera ekonomiko eta politiko nahasia zela eta, eraikuntza gutxi eraiki ziren berri-berritik. Lehendik eginik zeuden eraikuntzen zaharberritze eta egokitze lanak (maestreo deituak) edo parrokiei atal berriak (dorreak, ataurreak, koruak…)eransteko egindakoak izan ziren lan gehienak. Bestalde, ordu arteko arkitektura erlijiosoaren nagusitasunaren aurrean, hirietako arkitektura zibilaren eta hirigintzaren indar hartzea izan zen, oro har, neoklasizismoak ekarri zituen ezaugarri nagusietako bat.

Hirigintzako proiektu arrazionalistak egin ziren, soilak eta trinkoak, eta hiritarren ongi izatea, osasun publikoaren eta zerbitzuen hobekuntza bilatu zen batez ere. Maestreo edo egokitze lanei dagokienez, oro har, taulamendu apaingarriak, pilare laukituen gainean eraikiak, eta joniar ordenaren erabilera dira ezaugarri nagusiak.

Lan zibilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabar neoklasizismoko arkitekto aipagarriena Justo Antonio Olagibel gasteiztarra da (1752-1818). Lan zibilak zein erlijiosoak egin zituen, Arabako Lautadan eta hiriburuan, baina Gasteizen egindako eraikuntza zibilak ditu bereziki aipagarriak: Plaza Berria, Arkupea eta Santuaren etxea.

Plaza Berria eraikitzeko lanak 1781ean hasi zituen, eta 1790ean amaitu, udaletxearen eraikuntza burutu zenean. Lau aldeetatik itxitako plaza da, estilo neoklasikoari dagokion eta Espainian garai hartan egin ziren plazak bezala, arrazionalista eta monumentala. Alde batean udaletxea dago, eta gainerako hiru aldeetan etxe partikularrak.

Frantziako plazetan bezala, kanpoaldeko fatxadek erregularrak behar zuten izan, baina barnealdekoak ez. Horrela, barnealdeko fatxaden antolaketa ez da erregularra. Arkupeduna dute behe solairua, erdi puntuko arkuz osatua. Sarreretan, sarrerak non diren nabarmentzeko, harroinak daude, habeen ordez. Lehen solairuko balkoiak hiruki formako frontoiez eta frontoi biribilduez, txandaka, burutuak dira, eta bigarrenekoek, berriz, arkitrabe ildaxkatu bat bakarrik dute. Udaletxea da plazako lau aldeetako eraikuntzetan bereizten den bakarra: ataurrea sei zutabe toskanar askeez osatua da. Balkoi balaustraduna du, eta, goialdean, ataurrearen zabalera bereko hiruki formako frontoi bat.

Plaza Berriari hiriko gainerako eraikuntzekiko lotura bat emateko, eta hiriaren alde garaienaren eta plazaren arteko desnibela gainditzeko, Arkupea izeneko etxeak egin zituen Olagibelek. Arkupe handiz hornitu zituen eta plataforma moduko kaleak, harmailadi eta maldak eraiki zituen, desnibela gainditzeko, kaleak kantoien bidez lotzen zirela. Lan horiekin neoklasikoan hain garrantzitsua izan zen San Fernandoko Akademiaren ideiak sartu zituen Olagibelek Araban, eta Gasteizko zabaltze urbanistikoari hasiera eman zion era horretan.

Gasteizko arkitektura zibilean eta hirigintzan garrantzia izan zuten, orobat, ondoko arkitektoek ere: Silvestre Perez (Gasteizko antzokia, 1820-1822), Mateo Garai (erietxeko planoak), Angel Etxabarri (Espolón lorategi berrien planoa). Aipagarria da, era berean, Martin Sarazibar, Diputazioaren Jauregiaren egilea. 1833-1858 bitartean eraikia da jauregia. Bi albo gorputz irten ditu, leiho eta balkoidunak. Bi gorputz horien artean gorputz nagusia dago, alboetakoak baino apur bat sartuxeagoa. Sarreran harmailadi handi bat dago, eta harmailadi buruan zutabe toskanarrez osaturiko ataurre bat. Zutabeek taulamendu eta balaustrada bati eusten diote. Balaustradaren atzean pilare laukitu joniarrak daude, eta guztiaren gainean, Arabako armarria.

Lan erlijiosoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obra erlijiosoei dagokienez, gutxi izan ziren berritik eraikiak. Olagibelek berak Gasteizen eraiki zuen Magdalena komentua da horietako bat. Komentu honetako fatxada Madrilgo arkitektura barroko eta Berpizkundekoari jarraikiz egina da: fatxada luze estua da, bi pilare laukitu ditu, etzanetara jarriak, eta Mariaren M letra soilaz apaindutako hiruki formako frontoi batez burutua da. Fatxadako parterik aipagarriena eta klasizistena atea da, marmol beltzezko bi zutabe erdiz osatua. Zutabeek kapitel elkartuak dituzte, eta haren gainean ataburua eta arkitrabea daude.

Eraikuntza pribatua denez, ez da Plaza Berria bezain obra zurruna: osagai rokoko batzuk agertzen dira, eta baita tradizio barrokoaren kutsua ere, materialetan edo eraikuntzak eratzen dituen argi-ilunetan esaterako.

Dena dela, ez da Olagibelek egina Araban estilo neoklasikoan eraiki zen obra erlijioso nagusia. Aramaioko Ibarrako eliza egile ezezagun batena da, XIX. mendean eraikia. Estilo neoklasikoko elizen eredua betetzen du, eta dekorazioari dagokionez oso eraikuntza trinkoa da. Arkitekturak du garrantzia beste ezeren gainetik. Oin poligonala du, eta abside zuzena, kupula batez burutua. Barnealdean, albo banatan, erdi puntuko arku handiak ditu, alboko aldareen babesgarri. Oinen fatxadan, berriz, frontis bat dago, pilare lauki-zuzenak eta hiruki formako frontoi bat dituena. Frontisaren aurrean harmailadi bat dago. Erretaulak eta altzariak eliza eraiki zen garai berekoak dira, eta horrek batasuna ematen dio eraikuntzari.

Eraikuntza zaharrak osatzeko egin ziren lanetan aipagarria da, bereziki, dorreen eraikuntza, Arabako Lautadan molde berezi bat sortu baitzen, Olagibelen lanari esker. Arriagako dorrea izan zen (1787), hain zuzen, estilo horren aitzindari. Oin koadroa du, eta bi gorputz, erlaitz batek bereiziak: behekoa goikoa baino garaiagoa eta leuna da. Goikoak barrurantz sartuak ditu angeluak, eta angeluetan zutabeak daude, kanpandorreko lauki zuzenean inskribaturiko erdi puntuko lau arkuei eusten dietela.

Dorre horretan oinarriturik egin ziren, besteak beste, Antoñanakoa edo Dulantzikoa. Azpimarratzekoak dira, bestalde, Olagibelek egin zituen ataurreak (Aberasturiko San Esteban elizakoa, Miguel Markoletak amaitua) eta sakristiak ere, Eltziegoko San Andres parrokiakoa adibidez. Azken horrek oin biribila du, pilare laukituen bidez zortzi ataletan banatua. Lau ataletan erdi puntuko arkuak daude. Gainerakoak estuagoak dira, eta sarguneak dituzte hormetan, ebanjelarien irudiak gordetzen dituztenak. Esfera, pilare laukituek eutsia, erdiko kupula batez burutua da.

Arkitektura Bizkaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko hiriburu eta hiri askotan bezala, estilo neoklasikoaren eskutik hainbat berrikuntza egin ziren Bizkaian hirigintzaren alorrean, Bilbon, bereziki. Garrantzi handiko proiektuak sortu ziren, nahiz eta den-denak ezin izan ziren aurrera eraman.

Lan zibilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko San Nikolas inguruan, esaterako, zenbait lan egin ziren, 1786az gero, Loredo sindikuaren eskutik. Hirigunea eraberritzeko asmo haien artean Plaza Berria eraikitzea zegoen, Gasteizkoaren molde berari jarraituz. Plazaren proiektua egiteko eskaera Alejo de Mirandari egin zioten. Haren proiektuak, ordea, ez zuen arrakastarik izan, eta bertan behera utzi zen plazaren eraikuntza, harik eta 1821ean Silvestre Perezen proiektu bat onartu zen arte. Estilo neoklasiko beteko plaza bat proiektatu zuen hark, Gasteizko Plaza Berriaren antzekoa, baina hura baino monumentalagoa. Eta, plazaz gainera, zenbait etxe ere diseinatu zituen.

Eraikuntza lanak, ordea, ez ziren 1828. urtea arte hasi. Lanen lehenengo zuzendaria Antonio Etxebarria izan zen. Zenbait aldaketa egin zituen baina, oro har, plazak ez zuen kutsu neoklasikoa galdu. Aurrerago beste zenbait aldaketa egin zituen Avelino Goikoetxeak, Etxebarriaren ondorengoak. Oro har, baditu Gasteizkoaren aldean zenbait desberdintasun: hainbeste aldaketa egin izanaren ondorioz, ez da hura bezain neurritsua, ez zituen haren funtzio berberak ere betetzen, ez erakundeei dagokienez (Bilboko udaletxea ez zen plaza hartan eraiki), ez salerosketari eta jostaketari dagokienez Plaza Zaharrean egiten ziren horiek), eta hura baino monumentalagoa da, Bilbo bezalako hiri ahaltsu bati zegokion moduan.

Bilboko Plaza Berrikoaz gainera, beste proiektu aipagarri bat egin zuen Silvestre Perezek: Hiri berriaren eta Bakearen Portuaren planta azaltzen duena, hain zuzen, 1804an egina. Ez zen aurrera eraman, baina garrantzi handiko proiektua da, Ilustrazioko ideien eta Bilbok garai hartan zuen indarraren erakusgarri bikaina den aldetik. Oso ideia handinahia zen, eta bereziki kontuan hartzekoa zuen hiriaren ordenamendu logikoa. Hiri berri bat sortzea proposatzen zuen, gerora Bilboko zabalgunea egin zen tokian. Hiri berri hura portuari lotuko zitzaion, Lisboan, Bordelen eta Londresen egin zen bezala, portua baitzen hiriaren gune nagusia. Plaza handi bat eraikiko zen San Mamesen, eta, monarkiako zenbait kideri eskainitako plazen bidez, integraturiko kaleak arrazionalizatuko ziren.

Bizkaiko arkitektura zibil neoklasikoan, badira erakundeen eraikuntza batzuk ere. Lehenengo eraiki zenetako bat Urduñako aduana izan zen, Manuel Martin Carrerak egina 1782-1792 bitartean. Aduanak herriko enparantzara irekia du fatxada. Behe solairua arkupeduna da, eta haren gainean beste bi solairu daude. Erdian tinpano bat du, monarkiaren armarriekin, eraikuntzaren izaera ofiziala aditzera ematen duena.

Estilo berean egina da Mallonako kanposantua, Bilbon. 1832-1830 bitartean eraiki zen, Juan Bautista Belauntzaranen proiektuaren arabera. Eraikuntza hartatik ataurre neoklasikoa gorde da, lau habe doriarrez osatua. Gerora beste kanposantu batzuk egin ziren, adibidez, Abandoko San Bizente elizatekoa, F. L. de Moñizena.

Neoklasikoak dira, era berean, zenbait udaletxe eta, besteak beste, Bilboko Atxuriko Ospitale Santu Zibila, fatxadan lau habe toskanar dituena, Silvestre Perezena (1819), edo Bilboko Hiriko Antzokia (1833), gaur egun desagertua.

Gernikako Batzar Etxea Euskal Herriko eraikuntza zibil neoklasiko nagusietakoa da. Antiguako Andre Mariaren ermitaren hondakinen gainean dago eraikia. XV. mendeaz gero, Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusiak Gernikako arbolaren itzalean biltzen ziren, eta Andre Mariaren ermitan zin egiten zituzten foruak. 1826-1833 bitartean eraiki zen gaur egungo eraikina, Antonio Etxebarria arkitektoaren proiektuaren arabera.

Lan erlijiosoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura neoklasiko erlijiosoari dagokionez, Bermeoko Andra Mariaren Zeruratzea eliza da Bizkaiko obra aipagarriena. Hasierako proiektua Gabriel Kapelastegi eta Martin Uribeondorena zen (1783). 1331ko Andre Maria Talaiakoaren eliza gotikoa oso hondatua zenez, han bertan eliza berria eraikitzea zen hasierako asmoa, antzinakoaren tankera eta orientazioa aldaturik betiere. Lehenengo proiektu hura aldatu egin behar izan zen, ordea, Errege Akademiak hala eskaturik.

Bigarrena Manuel Machucarena da, 1790ean onartua. Garai hartan, ordea, eliza berria beste toki batean eraikitzeko ideia zabaldu zen, eta atzera bota ziren ordu arteko erabaki guztiak. Ideia berri horren arabera herrigune berria eraikiko zen, eta udaletxearen aurrean, enparantza nagusian, Andra Maria eliza. Bi iritzien artean gorabehera asko izan ondoren, eliza herrigunean eraikitzea erabaki zen. Kokagune berrirako proiektua Silvestre Perezi agindu zitzaion 1796an. Zenbait etenaldiren ondoren, 1823an hasi ziren lanak, S. Perezek berak 1820an egindako planoen arabera, eta 1866an inauguratu.

Eliza orube berriari egokitu behar izan zitzaion, Andre Maria Talaiakoarena baino estuago eta luzeagoa baitzen berria: oina luzatu, alboetako ataurreak estutu gurutze besoen pareraino eramanez. Erromatar tradizioko zenbait elementu erantsi zizkion Pérezek, korupeko habe bikoitzak, kupularen 1:1 proportzioa eta ataurre tinpanoduna, esaterako. Ikusgarria da Andra Maria elizak eta Bilboko San Nikolas eliza barrokoak duten antza. Besteak beste, oinplano oktogonala dute biek ere, erpinen ordez horma sargunedunak dituena, eta lau beso, horietako hiru korudunak. Fatxadaren alboetan bi dorre dituzte, eta prisma batek burutua dute kupula kanpoaldetik. Adituen ustez, Bermeoko agintariek, beren helburu politikoak lortzeko, egitura fisiko egokiena San Nikolaskoari iritzi ziotela izan daiteke horren arrazoia.

Dena dela, Bermeoko Andra Maria eliza berrizalea izan zela esan daiteke. Barrokoari kontrajartzen zaion estetika du. Erromatar tradizioaren kutsua nabarmena da elizaren soiltasunean, eta ez dago zentzuen asebetetze hutserako ezarritako osagairik, guztiak du morala sendotzeko helburua. Ordena, batasuna, koherentzia eta oreka dira elizak azaldu nahi dituen ideiak. Eta ideia horiek bereziki nabarmen agertzen dira fatxada nagusian. Fatxada nagusiaren alboetan bi dorre daude, eta dorreen arteko eremua gero eta barnerago sarturiko osagai multzo baten kadentziak betetzen du.

Hala ere, ezin esan daiteke Andra Maria elizaren planoa eta emaitza biak bat datozenik. Batetik, elizaren kokaleku meharra eta enparantzaren sakontasun eza direla eta, eliza ez da bere osotasun eta handitasunean ikusten. Arkitektoak nahiago izan zuen elizaren beraren neurria eta arrazoia mantendu, inguruneari erreparatu gabe. Horrez gainera, amaitzeke gelditu zen dorre bat, eta bestea, berriz, kanpandorre neobarroko batez burutua da, horrek oreka kentzen diola. Azkenik, eraikuntzan erabilitako harri desberdinek tankera bitxia ematen diote hain nabarmen behar ez zuen osagai bati.

Bermeoko Andra Maria eredu hartuta egin ziren, bestalde, Nabarnizko parrokia, Aramaioko San Martin, Alejo Mirandarenak biak, Ajangizko Jaunaren Igokundea (Juan Bautista Belauntzaran) eta Muruetako Andra Mariaren Jaiotza (Antonio Goikoetxea) elizak.

Arkitektura Gipuzkoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan den bezala, XVIII. mende bukaeran eta, batez ere, XIX.aren lehenengo hamarraldietan, neoklasikoan hirigintzak eta arkitektura zibilak indar berria hartu zuten. Funtsezkoa izan zen horretarako Ilustrazioaren pentsamoldearen eragina batetik, eta borboitarren erreformarako joera bestetik. Euskal Herrian zehazki, RSBAP edo Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen berrikuntzarako bultzadak ere izan zuen horretan zerikusirik. Gipuzkoari dagokionez, arkitektura erlijiosoan ere badira garai honetan zenbait obra aipagarri, Mutrikuko Jasokundeko Andre Mariaren eliza, batez ere. Baina hiri moldaketak dira hemen ere nagusi, neoklasikoak bere-bereak dituen arrazionalismoa eta handitasuna lantzea bideratzen dutenak. Honela, eraikuntza zibilak (udaletxeak, justizia jauregiak, etab.), enparantzak, lorategi publikoak eta hilerriak osatzeari ere ekiten zaio.

Lan zibilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian 1813ko sute handia erabakiorra izan zen, hiriaren birmoldaketa nahitaezko eta premiazko egin baitzuen. Izan ere, Independentzia Gerran jasandako sute eta sakailak ikaragarriak izan ziren, Santa Maria eta San Bizente elizak, San Telmo komentua eta inguruko 600 bat etxebizitzetatik 36 besterik ez baitzen geratu zutik. 1813ko abenduan Pedro Manuel de Ugartemendia arkitekto andoaindarra hautatu zuten berreraikitze planoak egin zitzan. Bost hilabete geroago, bere proiektua aurkeztu zuen Ugartemendiak, arkitektonikoki oso aurreratua zena: erdian zortzi aldeko enparantza zuen (zerbitzu zibil guztien kokagune litzatekeena), bertara zortzi kale bideratzen zirela. Alboetan beste bi enparantza, koadroa portu aldekoa, eta erdi biribila Santa Maria elizakoa. Proiektu hura, ordea, oso berritzailea zen sute aurreko egituraren ondoan, eta lurren jabe asko proiektuaren aurka altxatu ziren, aurreko orube banaketa errespeta zedin eskatuz. Azkenean, Manuel de Gogorza errejidoreak beste plano bat egin zuen aurreko orube banaketa erabat mantenduz, hau da, lehengo hiriaren berreraikuntza soila proposatuz.

Hori izan zen 1816an Gaztelako Kontseiluak azkenean onetsi zuena. Edonola ere, Ugartemendiak fatxada guztien estiloen bateratzea eta beste zenbait osagarriren (zokalo, hutsarte, erlaitz, teilatu hegal etab.) erregulartasuna ziurtatzen zuen araudia onartzea lortu zuen. Gainera, azkenean Ugartemendia eta Alejo de Mirandak elkarrekin egindako bigarren plano bat atera zen aurrera, sute aurretik zegoen moldaketa gauza askotan errespetatzen zuena.

Donostiako Konstituzio plaza eta Udaletxe zaharra

Donostiako Konstituzio plaza da berreraikitze prozesu honetan jasotako espazio sinboliko nagusia. Lauki zuzen egiturako enparantza da, Ugartemendia eta Mirandak diseinatua, aurretik zegoen moldaketa errespetatuz. Bere lau aldeak zein bere aldetik diseinatu ziren, eta gero taldeari osotasun itxura ematen dioten arkuen bidez lotu. Enparantza berriaren osaketak kalte eragin zien etxejabeak nolabait saritzeko, Donostiako udalak etxebizitza hauetako balkoi jarraiak egiteko laguntza eman zuen. Balkoi horiek bertatik zezenak ikusteko alokatzen ziren. Hori da, hain zuzen ere, gaur egun ataburuetan dituzten zenbakien jatorria.

Konstituzio plazako eraikuntza nagusia udaletxea da, gaur egun udal liburutegi dena. Udaletxe hori Silvestre Perez aragoiar arkitektoak (1767-1825) proiektatu zuen 1819an. Eraikuntza lanak, ordea, arazo ekonomikoak zirela medio, 1829-1837 arte atzeratu ziren. Enparantzako gainerantzeko etxeetako arkupeekin bat egiten du udaletxekoak, horrela talde osoa bateratuz. Lehenengo gorputzeko erdi puntuko bost arkuen gainean, sei zutabe toskanar erraldoik beste bi solairuak ordenatzen eta bateratzen dituzte. Eraikuntzaren buruan, ohi denez, hiriko armarria dago.

Fatxada neoklasiko aski neurrizko honetan eta eraikuntzan oro har zenbait aldaketa egin zituen, Silvestre Perez 1825ean hil ondoren, proiektua jarraitu zuen Ugartemendiak. Honek aldaketa pare bat egin zion Perezen proiektuari, fatxadaren burua eta barruko eskailerari zegozkionak. Geroztik zenbait berrikuntza ere egin izan zaizkio eraikuntza honi: Jose Goikoa arkitektoak zenbait gela gehitu zizkion 1876 eta 1895 bitartean, eta Juan Rafael Aldaik azken solairua moldatu zuen 1924an.

Donostiako Konstituzio enparantzaren antzik badu Tolosako Euskal Herria edo Justizia plazak. Bi kasuotan, enparantza laukizuzen bat osatzen duten etxebizitzak arkupe bateratuaz lotuak daude. XIX. mende erdialdera, Tolosako herria zabaltzen hasi zenean, osatua da Justizia plaza, bertan Justizia jauregia kokatzeko diseinatu baitzuen Jose Eleuterio Eskoriatza arkitektoak. Donostiakoa baino pixka bat geroxeagokoa da Tolosakoa: 1853ko data ikus daiteke hango eraikuntza nagusiaren fatxadan, frontoi txikiaren eta erlojuaren ondoan.

Lan erlijiosoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estilo neoklasikoan Gipuzkoan arkitektura erlijiosoa asko landu ez bazen ere, badira aipatzeko kasu batzuk. Batetik, Azpeitiko Soreasuko San Sebastian elizako ataurrea, 1771n Ventura Rodríguezek diseinatua, eta azkenean Frantzisko Ibero arkitektoak egina. Ataurre honen garaipen arku erromatarrak jada kutsu neoklasiko garbia du, nahiz eta oraindik estiloaren lehenengo garaietakoa den eta bertan erabiltzen diren formek liraintzera joko duten.

Dorregintzari dagokionez, barrokoan orokortu zen eredua jarraitzen da, orain jada apaingarririk gabe eta itxura klasikoa emanez, Manuel Martin Karrera Oñatiko San Migel elizako dorrea diseinatzerakoan egiten hasi zen bezala. Dena den, Gipuzkoan ez zen garai honetan ia dorre berririk osatu, ez baitzegoen Araban zebilen Olagibel bezalako dorre neoklasikoen egilerik.

Mutrikuko Jasokundeko Ama Birjinaren parroki-eliza

Bestetik, ez zati bat soilik, baizik eta erabat neoklasikoa den Gipuzkoako eliza bakarra, eredugarria gainera, Mutrikuko Jasokunde Ama Birjinaren Eliza da. Hau ere Silvestre Perezi zor zaio, besteak beste Donostiako udaletxea –gaur egun udal liburutegia–, Bilboko Plaza Berria eta Bermeoko Santa Maria eliza diseinatu zituen arkitekto berari.

1798an, Erroman bolada luzea egin ondoren, egin zituen Perezek eliza honetako planoak. Hala ere, hamaika arrazoi zirela eta (arazo ekonomikoak, Independentzia Gerra, Lehenengo Karlistaldia etab.), 1843 arte ez ziren egin eraikuntza lan nagusiak, Manuel Vicente Laka eta Mariano Jose Laskurain arkitektoek gidatuak. Silvestre Perezek, gainera, leku aproposa aukeratu zuen eliza kokatzeko. Ohi zen bezala herri erdian egin beharrean, herriko bazter hutsago bat hautatu baitzuen, Mutriku sarrerako goialdea, hain zuzen ere, eraikuntza gutxi eta aurrealdea hutsik zuen enparantza. Lurraren eta elizaren beraren garaierak, gainera, elizaren funtzio sakratua azpimarratzen du.

Mutrikuko eliza bere garaiko eraikuntzarik aurreratuenetarikoa da. Hierarkia jakin bati jarraitzen dioten bolumen desberdinen erabilera eredugarriak fatxada bat baino gehiago egitea bideratu zuen. Perezek ez ditu tradizioak agintzen zituen osagarri nagusiak baztertzen, baina bai eraldatzen. Dorrea, esate baterako, eraikuntza osoaren mende dago, eliz buruan kokatua; fatxada nagusiaren gainean ez da ageri ere egiten, barroko garaiko eliza dorreak ez bezala. Fatxada nagusia guztiz klasikoa da, tenplu erromatarren kutsu argikoa, aurrean eskailera sail zabalak dituela, eta sei zutabe doriar eta frontoi soila.

Halako fatxada apaingarri gabeak, kolore bakarrekoak, zurrunak, podio batean jarriak, emozioak piztu baino gehiago, zentzuzko ordena baten ideia iradokitzen du. Erroma klasikoan bezala, fatxada honek ez du osagarri edo apaingarri erlijiosorik, hiritarren bertuteak areagotzeko ideia luzatzen duela dirudi, aldiz.

Barrualdeari dagokionez, Mutrikuko elizak oinplano laukizuzena du, gangak, lau zutabe doriarren gainean, gurutze modukoa bilakatzen dena, hormak presbiterio erdi biribilarekin eta alboetako bi zabaluneekin irekiz.

Pintura eta eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estilo neoklasikoari dagokionez, pintura eta eskultura ez ziren izan oso aintzat hartzeko moduko jarduera artistikoak Euskal Herrian. Obra gutxi egin zen, eta egin ziren gutxi horietan kalitatea ez da goi mailakoa ere. Dena dela, badira garai hartan nolabaiteko garrantzia izan zuten erretaulagileak, arkitekto gisa ere ezagun egin zirenak, eskultore eta margolariak. Azken horiek gutxiago, eskulturakoa baino are produkzio murritz eta kaskarragoa izan baitzen pinturaren alorrekoa.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estilo neoklasikoko oso eskultura gutxi da Euskal Herrian. Urritasun horren arrazoi nagusiak dira, batetik, erlijio eskakizunak ordurako beterik zeudela, eta ez zela enkargu berririk egiten. Bestetik, ez zela, oro har, oso kalitate oneko artistarik, eta, azkenik, estilo neoklasikoaren ezaugarriak ez zitzaizkiola ongi egokitzen garai hartako herri erlijiotasunari.

Eskulturaren alorreko jarduera nagusiak erretaulagintza eta erretauletarako bereziki eginiko eskultura eta erliebegintza izan ziren. Dena dela, erretaulagile bikainenak arkitekturan ere nabarmendu ziren artistak izan ziren. Horren ondorioz, arkitektura bera da erretaula neoklasikoen alderik azpimarragarriena.

Ezaugarri nagusiak habe trinkoak, habe ildaxkatuak eta marmolaren imitazioa dira. Hala ere, egin ziren marmol hutsezko zenbait lan ere, garai hartan emandako Errege Ordena batek agintzen zuenaren arabera, suterik bazen-edo, erre ez zitezen. Gorputz bakarreko erretaulak izan ohi dira, oro har, erliebe handi edo imajina batez osatuak.

Gagesko kondearen hilobia. Iruñeko katedraleko klaustroa.

Erretaulak proiektatu zituzten arkitektoen artean aipagarrienetako bat Diego Villanueva da. Berak proiektatu zuen Donostiako Santa Maria basilikako erretaula nagusia, Francisco Azurmendik gauzatu zuena. Eliza hartako Bakardadeko eta Sokorroko albo erretaulen proiektuak, berriz, Ventura Rodríguezek –neoklasikoan garrantzi handia izan zuten arkitektoetako batek– egin zituen, eta Azurmendik gauzatu zituen, bi horietan ere material nagusi gisa marmola eta jaspea erabiliz. Erretaulagile eta eskultore horiek beroriek egin zituzten Errenteriako Jasokundeko Andre Mariaren elizako erretaula nagusiaren proiektua eta obra.

Justo Antonio Olagibelek eta Eustaquio Díaz de Güemes arkitektoek ere jardun zuten erretaulagintzan, arkitekturaz gainera: Gasteizko kolejiatakoa proiektatu zuen lehenak, eta Kutxukoa bigarrenak. Eta erretaulagile izan ziren, orobat, Manuel Martin Karrera (Audikana eta Okarizko erretaulak egin zituen) eta Francisco Ugartemendia (Elgoibarko erretaula nagusia egin zuena, beste zenbait artistarekin lankidetzan). Silvestre Perez aragoiarrak ere eragin handia izan zuen euskal neoklasikoan, bai arkitekturan, bai erretaulagintzan. Harenak dira, besteak beste, Tolosako Santa Maria elizako erretaula nagusia eta alboetakoak, eta Arriagarako egindakoa.

Erretaulagile gisa soilik nabarmendu zirenen artean, ordea, arabarrak dira bereziki ospetsuak, Benigno Moraza eta Antonio Rubio, batez ere. Lehenak 1789 eta 1832 bitartean egin zituen bere lanik gehientsuenak, besteak beste, Aztegieta eta Amaritako erretaula nagusiak, eta Betoñoko albo erretaula bat. Rubiorenak dira, berriz, Elorriagako San Pedro elizako albo erretaularen arkitektura egitura eta San Sebastianen erretaularena, eta Derediakoa (1803). Rubioren ezaugarri nagusia oreka da, dotoreziaren eta neurriaren batasuna. Lan bikainak egin zituzten, halaber, Manuel de Agredak eta Gregorio de Dombrasasek ere.

Erretaula haietarako eskulturak eta erliebeak ondu zituzten artistetan aurrez aipatua izan den Francisco Azurmendi idiazabaldarra izan zen ezagunenetako bat. Herri askotan egin zituen lanak Azurmendik, Gipuzkoan bereziki. Lan ezagunenak ditu, besteak beste, Alegiko elizako estatuak eta San Joan Bataiatzailearen domina, Andoaingo Arrosarioaren erretaula, Lezoko Santo Kristokoa, Amasakoa eta Azkoitiko koruko aulki saila.

Garrantzi handia izan zuen, orobat, Miguel Antonio Jauregi maisuak ere. Marrazki irakasle izan zen Jauregi Bergarako Errege Mintegian, eta Euskal Herritik kanpo ere lan egin zuen, Errioxan hain zuzen. Aipagarria du Soraluzen eginiko erretaula bat, Ventura Rodríguezek proiektatua, marmol itxura eta Hirutasuna Ama Birjina koroatzen agertzen duen igeltsuzko erliebe bikaina duena. Eta herri hartan bertan egin zuen, era berean, mojen komenturako Santa Anaren erretaula. Harenak dira, halaber, Zumarragako Jasokundearen elizako lau albo erliebe, 1800. urtean proiektatuak.

Azpimarragarriak dira, era berean, Roberto Michelek egindako lanak ere: Donostiako Santa Mariako San Pio V.aren erretaulako erliebe handia, Kristo Gurutziltzatuaren mirariari eta Aita Santuari buruzkoa; Gasteizko Sociedad Bascongadarentzat eginiko Karlos III.aren bustoa, gaur egun Arabako Diputazioko jauregian gordetzen dena; Azpeitiko parrokiako San Sebastianen imajina handi bat, eta Gagesko konde eta erregeordearen hilobia, Iruñeko katedraleko klaustroan dagoena. Seguru jakiterik ez bada ere, Michelek egindakotzat jotzen da, halaber, Santa Maria elizako Santa Barbara erretaulako erliebea ere.

Alfonso Bergazek, berriz, Olagibelek Armentian egin zuen Diaz Espadatarren etxeko fatxadako irudia eta Getariko plazan dagoen Elkanoren irudia egin zituen. Jose Piquerrek, berriz, Silvestre Perezek Tolosako elizarako diseinatu zuen erretaula nagusiko hiru eskultura eta alboetakoak egin zituen. Eskultore berarena da Francisco Espozen mausoleo bikaina (1855), marmol zuriz ondua, Iruñeko katedraleko klaustroan dagoena. Berez, Florentziako Santa Croce elizan Antonio Canovak Alfieri olerkariaren hilobirako egindako lanaren kopia da.

Azkenik, neoklasikoko eskulturagintzaren atal honetanezin da utzi aipatu gabe Valdivieso familia arabarra. Bereziki aipagarria da Mauricio Valdivieso. Araban egin zituen lan gehienak, 1781-1822 bitartean, Antonio Moraza eta Antonio Rubio erretaulagileekin batera. Valdiviesok bere herriko erlijio sentimendua eta berrikuntza teknikoa batzen jakin zuen. Teknika zuzena eta adierazkortasun atsegina agertzen dute bere lanek. Gasteizen, Labrazan, Elorriagan daude ikusgai, beste leku batzuen artean, Mauricio Valdiviesoren lanak. Ospetsua izan zen aurrekoaren anaia Martiniano ere, nahiz eta ez zuen Mauricioren maila iritsi.

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pinturaren alorreko adierazpen urrietan badira bai pintura zibilari dagozkionak (erretratuak, erakundeek eskaturiko irudiak etab.) eta bai pintura erlijiosoari dagozkionak ere, gutxiago badira ere.

Erretratugintzan Vicente López, Antonio Carnicero eta Luis Paret y Alcázar nabarmendu ziren. Canga Argüelles kondearen erretratua da lehenaren lanik aipagarriena, gaur egun Donostiako San Telmo museoan dagoena. Antonio Carniceroren koadro esanguratsuenak, berriz, Arabako bi batzarkideren erretratuak dira. Arabako Diputazioaren Jauregian daude gorderik. Bere ezaugarri nagusiak kolorearen erabilera eta errealismoa dira. Pareten obretan, azkenik, azpimarratzekoa da Nafarroako Museoan gordetzen den Fernández de Moratínen erretratua.

Pintura ez erlijiosoan kontuan hartzekoa da, halaber, Antonio González Ruiz, Erregearen Ganbara Pintore eta San Fernandoko Akademiako zuzendari izan zena. Bere lanak neoklasizismoaren hasierakoak dira eta kutsu barrokoa dute, baina beren taxukera oso egokia eta aintzat hartzekoa da. Arabako Batzar Orokorretarako eskatu zioten Arabaren eta San Prudentzioren alegoria (1762) da bere estiloaren erakusgarri gorena. Hark egina da Gasteizko umezurztegi zaharreko Rodrigo de Rojas y Contrerasen erretratua ere.

Erlijio pinturari dagokionez, ezagunak dira Goikoetxea nafarra, Donostiako Santa Mariako erretaularako oihal gainean egin zituen margoekin, Antonio Zabala bergararra, Tolosako Santa Maria elizan Jasokundeko Ama Birjinaren koadro handi bat egin zuena, eta Jose Lopez de Torre arabarra, agirien arabera Galarreta, Urizaharra, Deredia eta Argomaizko elizetako zenbait koadroren egile izan zena, besteak beste.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]