Nerbio-agente
Nerbio-agenteak edo nerbio-gasak konposatu kimiko organikoen mota bat dira, nerbioek organoetara mezuak transferitzeko mekanismoak eteten dituztenak. Disrupzioak azetilkolinesterasaren (AChE) blokeoa eragiten du, hots, azetilkolina neurotransmisorearen haustura katalizatzen duen entzimarena. Nerbio-agenteak pozoi gisa erabiltzen diren azetilkolinesterasaren inhibitzaile itzulezinak dira[1].
Sintomak eta ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nerbio-agente batek eragindako intoxikazioak begi-niniak hertsatzea, listu ugari jariatzea, konbultsioak eta nahigabeko mikzioa eta libratzea eragiten ditu, esposizioaren ondorengo segundoetan lehen sintomak agertzen direlarik. Asfixia edo bihotz-gelditzeagatiko heriotza minutu batzuetan gerta daiteke, gorputzak arnas-muskuluen eta beste muskulu batzuen gaineko kontrola galtzen duelako[2]. Nerbio-agente batzuk erraz lurruntzen dira, eta gorputzean sartzeko atari nagusia arnas-aparatua da. Nerbio-agenteak larruazalaren bidez ere xurga daitezke, eta, horretarako, beharrezkoa da agente horien mende egon daitezkeenek maskara baten gain gorputz osoko jantzia eramatea[3].
Nerbio-agenteak, oro har, likido koloregabeak eta zaporegabeak dira. Nerbio-agenteen lurrukortasuna izaeraren araberakoa da. Ez dira gasak baldintza normaletan. Hortar, nerbio-gas terminoa ez da egokia.
Tratamendua eta kontraneurriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nerbio-agente bidezko pozoitzearen tratamendu estandarra sintomak kudeatzeko antikolinergiko baten (atropina esaterako) eta antidoto gisa oxima baten (pralidoxima etsenplurako) konbinazioa da. Antikolinergikoek azetilkolinaren efektuak murriztuz tratatzen dituzte sintomak, eta oximek, berriz, kolinesterasa entzimen gune aktibotik fosfato-molekulak desplazatzen dituzte, azetilkolinaren apurketa ahalbidetuz[4].
Piridostigmina bromuroa AEBetako armadak erabili zuen Golkoko lehen gerran Somanentzako konbtraneurri gisa. Piridostigmina bromuroa soilik da eraginkorra esposizioaren aurretik hartzen bada atropina eta pralidoximarekin batera[5].
Nerbio-agenteen motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]G seriea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
G seriea horrela izendatzen da, zientzialari alemaniarrek sintetizatu zituztelako lehen aldiz. G serieko agente ez-iraunkor gisa ezagutzen dira, hau da, askatu eta gutxira lurruntzen dira, eta ez dira oso denbora luzean egoten sakabanaketa-eremuan aktibo. Klase honetako konposatu gehienak Bigarren Mundu Gerran edo lehenago aurkitu eta sintetizatu zituzten, IG Farben-en lan egiten zuten zientzialariek Gerhard Schrader-en zuzendaritzapean[6].
G serieko konposatuak organofosforo konposatuak dira, azido fosforikoaren estertzat har daitezkeenak eta ondoko irudian erakusten den egitura antzekoa dutenak. Tabuna izan ezik, guztiek fluor-atomo bat dute azido fosforikoaren OH taldearen ordez; tabunak nitrilo talde bat dauka horren ordez. Substantzia serie honek tabuna (GA, 1936), sarina (GB, 1939), somana (GD, 1944), ziklosarina (GF, 1949) eta GV(1970ko hamarkada) barne hartzen ditu (G seriearen izendapena eta lehen ekoizpen urtea parentesi artean agertzen dira).
V seriea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Serie hau Ranajit Ghosh kimikariarekin sortu zen, Imperial Chemical Industries britainiar enpresarentzat pestizidak ikertu zituena. ICIk VG garatu eta merkaturatzeko asmoa izan zuen Tetram izenarekin 1954an. Hala ere, arriskutsuegia zela ikusi zuten pestizida gisa erabiltzeko ugaztunentzat pozoitsua zelako. Alabaina Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako indar armatuek azkar oharu ziren nerbio-agente gisa izan zezaleen erabileraz, nahiz eta inoiz ez zen eskala handian ekoitzi edo pilatu ekoizpenarekin, biltegiratzearekin eta munizioekin zeuden arazo larriengatik[7].
Izena Victory (garaipena), Venomous (pozoitsu) edo Viscous (likatsu) hitzetatik dator, jatorriaren arabera. Serie honetako substantziei noizean behin Tammelin-en esterrak ere deitu izan zaie. Lars-Erik Tammelinek Lehen eta Bigarren Mundu Gerretako gerra kimikorako agenteak ikertu zituen Suediako Defentsa Ikerketa Institutuarentzat eta V seriearen garapenean ere parte hartu zuen 1952tik.
Organofosforo konposatuak dira, azido fosforikoaren esterren antzekoak, eta G seriearekin alderatuta, egonkorragoak eta bost aldiz toxikoagoak dira. Denbora gehiagoz irauten dute sakabanaketa-eremuan, arropetan eta beste objektu batzuetan, eta denbora gehiagoz gorde eta erabil daitezke, adibidez, granadetan, suzirietan eta minetan.
Konposatu likatsu eta oliotsuak dira. Hemen erakusten diren adibide ezagunez gain, zeinetatik VX eta VR bakarrik erabili diren militarki, antzeko propietateak dituzten beste deribatu batzuk ere badaude. Efektuak eta dagokien kontraneurriak G seriearen berdinak dira[6].
Serie honek VE, VG, VM, VP, VR, VS eta VX substantziak barne hartzen ditu, baita EA-2192 eta EA-3148 ere, VX izanik serie honetako gerra-agente ezagunena eta ikertuena.
Novitxok seriea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Novitxok (errusieraz: новичок, —etorri berri—) ), gutxi gorabehera 1970 eta 1990 artean garatutako Sobietar Batasuneko nerbio-agente berrien serie bati egiten dio erreferentzia. Inoiz ekoitzitako nerbio-agente hilgarrienen artean daude, eta horietako batzuk VX baino 5-8 aldiz indartsuagoak direla esaten da. Serie honetan 100 aldaera baino gehiago daude, eta horietako batzuk eskuineko diagraman ageri dira. Efektuak eta dagokien neurriak G seriekoen berdinak dira[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kaszeta, Dan. (2020). Toxic: a history of nerve agents, from Nazi Germany to Putin's Russia. C. Hurst & Co ISBN 978-1-78738-306-7. (kontsulta data: 2025-10-24).
- ↑ Sidell, FR. (1997). Medical aspects of chemical and biological warfare.. Borden Institute, Walter Reed Army Medical Center, 131-139 or. ISBN 978-99973-2-091-9..
- ↑ Medical Management Guidelines for Nerve Agents: Tabun (GA); Sarin (GB); Soman (GD); and VX. .
- ↑ ATNAA. .
- ↑ NERVE AGENTS. .
- ↑ a b Costa, Lucio G.. (2018-03-01). «Organophosphorus Compounds at 80: Some Old and New Issues» Toxicological Sciences: An Official Journal of the Society of Toxicology 162 (1): 24–35. doi:. ISSN 1096-0929. PMID 29228398. PMC 6693380. (kontsulta data: 2025-10-24).
- ↑ Ellison, D. Hank. (2008). Handbook of chemical and biological warfare agents. (2. ed. argitaraldia) CRC ISBN 978-0-8493-1434-6. (kontsulta data: 2025-10-24).
- ↑ The (agent) fate of Novichok. .