Nesken boterea (eslogana)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Nesken boterea (ingelesez: Girl power) emakumeen ahalduntzea, independentzia, konfiantza eta indarra bultzatzen eta ospatzen dituen eslogana da. Esloganaren asmakizuna Bikini Kill estatubatuar punk taldeari egozten zaio: 1991n Girl Power izeneko fanzine bat argitaratu zuen.

Lehen erabilerak eta jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

New Yorkeko 2017ko Emakumeen Martxoan "Girl power" esaten duten bandak dituzten neskak

1991n, Bikini Kill punk talde amerikarrak Girl Power izeneko fanzine feminista argitaratu zuen. Kathleen Hanna taldeko abeslariak esan zuen Black Power eslogana izan zela bere inspirazioa. Terminoa 1990eko hamarkadaren hasieran eta erdialdean ezaguna egin zen punk kulturan. Rolling Stone-ren Rock and Roll-aren Entziklopediak aldizkari hori aipatzen du esloganaren sortzaile gisa: "Bikini Kill taldeak, bere fanzine feministan, emakume gazteentzako agenda artikulatu zuen, musikan nahiz beste alor batzuetan. Taldeak ideia horiek praktikan jarri zituen. (Ironikoki, fanzineak "nesken boterea" eslogana zabaldu zuen, eta gero Spice Girls Ingalaterrako bubblegum pop taldeak bere egin zuen). Bikini Kill-ek ospe handia lortu zuen punk undergroundean, genero horretako estandar batzuei aurre egiteagatik; esate baterako, publikoari eszenatokiaren alde bat kolpatzeko eskatzea, jendeak emakumeak aurrealdetik atera ez zitzan, eta emakumeei mikrofonoa eskaintzea, sexu-abusuaz jardun zezaten".

Musikan eslogan hau erabili duen beste musika-talde bat Helen Love talde galestarra da, 1992ko " Formula One Racing Girls" abestiaren leloan. Shampoo pop-punk bikoteak ere erabili du, 1995eko Girl Power izeneko single eta diskoan.

Spice Girls eta erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spice Girls pop boskote britainiarrak eslogana ezagun egin zuen 90eko hamarkadaren erdialdean. Girl Heroes: The New Force in Popular Culture liburuan, 2002koan, Susan Hopkins irakasleak korrelazio bat proposatu zuen nesken boterearen, Spice Girls taldearen, eta XX. mendearen amaierako emakumezko akzio-heroien artean. Geri Halliwell Spice Girls taldeko kideak adierazi zuen Margaret Thatcher lehen ministro ohia, lider kontserbadorea, izan zela nesken boterearen ideologiaren aitzindaria.

Eslogana arlo akademikoaren testuinguruan ere aztertu da, adibidez, Buffy-ri buruzko ikerketetan. Komunikabideei buruzko teorikoa den Kathleen Rowe Karlyn-ek, "Scream, herri-kultura eta feminismoaren hirugarren olatua: ez naiz nire ama" artikuluan, eta Irene Karras-ek, "Hirugarren olatuaren amaierako neska: Buffy the Vampire Slayer" artikuluan, iradokitzen dute nolabaiteko lotura dagoela hirugarren olatuaren feminismoarekin. Frances Early-k eta Kathleen Kennedy-k, Athena’s Daughters: Television's New Women Warriors liburuaren sarreran, nesken boterearen eta herri-kulturan emakumezko gerlarien irudi “berriaren” arteko lotura deskribatzen dute.

Girl Power eslogana, Sacramentoko (Kalifornia) emakumeen martxa batean

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debbie Ging Dublingo Unibertsitateko Komunikazio Ikasketen Lizentziaturako presidenteak "nesken boterearen" idealak kritikatu eta haurren sexualizazioarekin erlazionatu zituen, batez ere neskatoen kasuan. Ipar Carolinako Unibertsitateko Amy McClure-k ohartarazi du ez dela itxaropen gehiegi izan behar nesken boterean, ahalduntze kontzeptu gisa. Hau dio, zehazki: "Kontsumismoan oinarritutako ideologia bat ezin da inoiz mugimendu sozial iraultzailea izan. Mugimendu iraultzaile bat delako ideia saltzaileek saltzen diguten gezur arriskutsua da; are gehiago, ideia hori sarritan geuk saltzen diogu geure buruari, atsegin handiz gainera". Komunikabideek batzuetan oso modu murritzean definitzen dute gaur egun neska izatea zer den. Adibide argi bat jostailu famatuak dira, adibidez, Mattel-en Barbie panpina. Barbie "izan naiteke" berriak "nesken boterearen" kontzeptu hori gorpuzten du: neskatoak nahi dutena izan daitezke hazten direnean. Esan liteke, ordea, Barbieren irudiak neskei identifikatzeko aukera mugatuak eskaintzen dizkiela. The Guardian egunkariko Hannah Jane Parkinson-ek termino hau kritikatu du: "Oso ondo dago emakume gazteek segurtasuna izatea euren burua feminista gisa identifikatzeko eta berdintasun-printzipioak defendatzeko, "nesken boterea" aipatu beharrik gabe". Gainera, adierazi du "neska" hitza erabiltzean emakume helduak umeak balira bezala izendatzen direla.