Nesle dorreko gertaera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eugène Viollet le Ducek, 1856 inguruan, asmatutako dorrearen irudia. Dorrea, berez, eskuinaldeko zatia baino ez zen.

Nesle dorreko gertaera Luis I.a eta Karlos I.a Nafarroa eta Frantziako erregeak izango zirenen emazteek, Margarita eta Zuria Borgoinakoak, hurrenez hurren, protagonizatutako adulteriozko eskandalua izan zen.

Badago dorre horrekin lotura duen XV. mendeko elezahar bat ere, ziur asko Filipe Ederraren erreinaldian izandako gertaeran oinarritua. Kondaira honen arabera, Frantziako erregina bat Nesle dorrean oheratzen zen maitaleekin, eta ondoren gertuko Sena ibaira botatzen zituen.

Dorrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nesle Dorrea[1], jatorriz Hamelin Dorrea [2] edo Tornella Pilippi supra Sequanam[3] zeritzona, Sena ibaiaren ezkerraldean eraikia zen, Louvre gazteluaren dorrearen aurrean[4] Nesle dorrearen eraikin bikiak izen bi ere izan zituen historian zehar: Tour de la Conférence eta Tour du Coin. Eraikin biak 1214an, Paris babesteko, Filipe II.a Frantziakoak eraikitzea erabaki zuen lau basailu-dorretxeetatik bi ziren eta hegoaldeko muga zaintzen zuten, ibaiaren ur-lasterraren goialdean. Dorrea biribila eta handia zen, altueraz 25 m eta diametroz 10 m zituena. Tontorrean almenak omen zituen. Dorreak lau solairu zituen: bi makotuak eta beste bi txikiagoak. Tontorreko almena edo plataformara igotzeko, eskailera kiribila zuen, tontorra baino gorago ailegatzen zena[3].

Dorrea erregeak eraikia bazen ere, laster Nesle jaunen gertuko gazteluaren izena hartu zuen eta hauek eraikina beren eremuetara gehitu zuten. 1308an Filipe I.a Nafarroakoak Amaury Neslekoari dorrea erosi eta, 1319an, Filipe II.ak Joana emazteari eman zion. Honek dorrea saldu zuen, Parisko Unibertsitatearen zati zen Borgoinako Ikastetxea sortzeko. Dorrea 1663 edo 1665ean eraitsia izan zen, Frantziako Institutua eta Mazarin liburutegia eraiki ahal izateko.

Gertaeraren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurretikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe Ederra erregearen eta haren emazte Joana Nafarroakoaren hiru semeak, guztiak Nafarroa eta Frantziako erregeak izango zirenak, Borgoinako etxe bietako hiru printzesekin ezkondu ziren:

Umeak zirenetik lagun minak, hiru printzesak beren alaitasuna zela eta nabarmendu ziren Filipe I.aren gorte larderiatsuan[10]. Haien dotorezia eta irtirinkeriak laster sortu zuen maitale gazteak zituztelako zurrumurrua, beti ere frogatu gabea. 1314ko apirilean, haien koinata eta Ingalaterrako erregin ezkontidea zen Elisabeten bisita izan zuten. Honek egoera guztiz aldatu zuen.

Gertaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koinata eta haren senarra Eduardo II.a Ingalaterrakoa omentzeko festa batean, Elisabet ohartu zen zaldun bik, Filipe eta Gauthier Aunaykoak, gerrikoan poltsak zeramatzatela (frantsesez: aumônière)[11]. Poltsa haiek hilabete batzuk lehenago Margarita eta Blanka koinatei oparitutakoen antz handia zuten. Festa eta gero, aitari gertatutakoa kontatu zion.

Normandiako Gaillard gaztelua, printzesen presondegia.
Château-Gaillard Rikardo Lehoi Bihotza Ingalaterrako erregeak eraikia zen 1196 eta 1197 artean.
Parisetik 100 kmra dagoen gaztelu honetan bertan, Karlos II.a Nafarroakoa ere preso izan zuten Ehun Urteko Gerra garaian, baina 1357ko azaroaren 9an ihes egin zuen.

Filipe I.ak agindu zuen itaunketak zurrumurruak baieztatu zituen: Filipe Aunaykoa Margaritaren maitalea zen, Gauthier berriz Zuriarena. Maitaleen arteko zitak Nesle dorrean gertatzen ziren, senarrak kanpoan zeudela. Joanaren maitalea ez zuten aurkitu, baina adulterioak ezagutu eta estaltzen lagundu zuenez, bera ere erruduntzat jo zuten. Aunay anaiak preso hartu zituzten eta, azkenean, aitortu egin zuten; ondoren beren maitaleek gauza bera egin zuten.

Erregearen aurkako delituaz epaituak eta heriotzera kondenatuak, 1314ko apirilaren 19an, Pontoiseko herriko plazan, torturatu eta hilarazi zituzten. Oinazea latza izan zen oso: bizirik zeudela larrutu zituzten, gero zakilak moztu eta txakurrei eman zitzaizkien, eta azkenean lepoa moztu zieten. Ondoren, bi anaien gorpuak herrestan eraman zituzten besapeetatik zintzilikatuak izatera.

Zigorra hain latza izanaren arrazoiak ez zeutzan bakarrik errege-familiari egindako iruzurrean, baizik eta erresuma osoari egindakoan, kapeto leinuaren ondorengoa kolokan jarri zelako. Errege-aitatasuna zalantzan jarri zitekeenez, etorkizuneko erregeren legitimitatea eta autoritatea arriskuan izan zitezkeen. Izan ere, gertaerak, de facto, Frantzia eta Nafarroako historian marka jarri eta oinordetza-lerroa aldatu zuen.

Politikoki hain zen inportantea iruzurra, non printzesen zigorra ere ereduzkoa izan behar baitzen. Printzesa biei ilea moztu zieten, Erdi Aroan adulterio egiteagatik zigortutakoen ezaugarri fisikoa. Ondoren, beltzez jantzita, oihal beltzek estalitako gurdi batean Normandiako Les Andelys herrixkan dagoen Château Gaillard gaztelura eraman zituzten.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru anaietan nagusia zen Luis I.a Nafarroakoaren koroatzea.
Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoa, (1289-1316), ezizenez Luis Setatia edo Luis Liskarzalea deitua, Nafarroa (13051316) eta Frantziako erregea (13141316) eta Xanpaina eta Brieko kondea (13051314) izan zen.

Filipe I.a urte bereko azaroaren 29an hil zenez, Luis errege bihurtu zen. Orduan, haren emazte Margarita Gaillard gazteluko dorrearen tontorrean, lau haizetara irekitako gela batean zegoen. 1315eko apirilaren 30ean, hilik agertu zen. Batzuen arabera, senarrak agindurik ito zuten, baina beste iturri batzuen arabera hotzak hil zen[12].

Zuria Borgoinakoa, berriz, Karlos anaia txikia eta oinordekoa ez zenarekin ezkonduta zegoenez, tratu hobea izan zuen ziega batean preso eman zituen zazpi urteetan. Alabaina, Karlosen anaia biak semerik gabe hil ziren eta hau 1322ko urtarrilaren 3an errege bihurtu zen. Emaztea artean kartzelan zuenez, ezkontzaren baliogabetzea eskatu zuen. Maiatzaren 19an Joanes XXII.a aita santuak ezkontza ezeztatu zuen, odolkidetasuna zela eta. Behin ezkontza baliogabetua, Zuriak baimena lortu zuen presondegia utzi eta moja bihurtzeko. Osterantzeko bere bizitza Maubuissongo abadian, Pontoisetik gertu, eman zuen eta hantxe hil zen 1326ko apirilaren 29an.

Joana, hirugarren printzesa, Dourdanen preso izan zuten, ahizpa eta koinataren desleialtasunen sekretua babesteagatik. Zorionez, Mahaut Artoisekoa amaren laguntzari esker, Filipe senarrarekin adiskidetu zen eta 1317an Frantzia eta Nafarroako erregina ezkontide bihurtu zen. Urte bi geroago, senarrak Nesle dorrea oparitu zion.

Ondorioek luze iraun zuten. Luis I.a Nafarroakoa eta Margarita Borgoinakoak, eskandalua sortu baino lehen, Joana izeneko alaba bat izan zuten[13]. Hau hiru urte lehenago, 1311ko urtarrilaren 28an, jaioa bazen ere, haren aitatasuna zalantzan zegoen. Hori zela eta, Luis I.a eta honen seme Joanes I.a hil zirenean, erresuma bien oinordekotzatik aldendu zuten, Filipe II.aren alde. Hori egiteko bere adina (6 urte zituen) eta zalantzazko aitatasuna argudiatu zituzten. Baina sasikotasun salaketak egiaztatu ezinak zirenez, haren aurkakoek Lege Salikoa[14] erabili zuten, emakumea tronutik aldentzeko. Hala ere, Lege Salikoak Frantzian baino ez zuen balio eta, beste bi errege hil ondoren, Nafarroako erregina bihurtu zen. Honek bere aldekoak, Eudes IV.a Borgoinakoa osaba buru zutenak, edonola asebete zituen; aurkarien ikuspegitik, ordea, Nafarroako Erresumaren egoera ez zen garrantzitsuena, baizik eta Frantziako estatu osokoa.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendeko elezahar baten arabera, ziur asko Filipe Ederraren erreinaldian izandako gertaeran oinarritua, erregina adulteriogile bat Neslé dorrean oheratzen zen maitaleekin, eta egunsentian dorretik behera botazen zituen. Buridan izeneko filosofia irakasle batek (Jean Buridan filosofoan oinarritua) bizia salbatu omen zuen bere ikasleek Senatik atera zutelako, edo ikasleek ekarri zuten belar onduaz betetako ontzi batean erori zelako. Kondaira hau deuseztatzeko arrazoi nagusi bi daude:

  • Garai hartan Sena ibaiak zuen ibilbidea zela eta, belar onduz betetako ontzi bat ezin zen dorreari hainbeste hurbildu Buridanen bizia salbatzeko.

Gertaera literatura eta zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Tour de Nesle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1832an, Alexandre Dumas eta Frédéric Gaillardetek La Tour de Nesle[15] (euskaraz: «Nesle dorrea») drama historikoa idatzi zuten. Antzezlan honen bost ekitaldietan XIV. mende hasierako Frantziako erregina baten orgia eta heriotza agertzen dira. Erregina, ziur asko, Margarita Borgoinakoa da eta Jean Buridan eta Aunay anaiak ere agertzen dira.

Antzezlana Frédéric Gaillardetek idatzi eta, geroago, Alexandre Dumasek berridatzi zuen. Porte Saint-Martin antzerkian, Parisen, 1832ko maiatzaren 29an, jokatu zen lehen aldiz.

Antzezlana, zineman ere egin dute hainbat aldiz:

Les Rois Maudits[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nesle dorrearen gertaera, kausa eta ondorioak barne, Maurice Druonek 1955 eta 1977 artean argitaratutako Les Rois Maudits (euskaraz: «Errege madarikatuak») liburuetan ezagutarazia izan zen. Eleberria zazpi liburutan banatua bazen ere, gertaera lehenengo eta bigarrenean kokatzen zen, Le Roi de fer eta La Reine étranglée izenekoetan. Liburu bi hauek 1955an argitaratuak izan ziren, eta berriro 1965-1966an, idazleak berak orraztuak.

Hain izan ziren arrakastatsuak liburukiak non telebistarako bitan filmatuak izan baitziren, 1972an eta 2005ean hain zuzen ere:

Tallandier, Le Livre national, Les romans héroïques[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1913ko abendua eta 1914ko urtarrila artean Michel Zévaco kazetari anarkistak[23] Nesle dorrearen gertaeran oinarritutako eleberria argitaratu zuen. Hala ere, orduko lana ezaguna zen 1905ean La Petite République Socialiste eta 1909an Le Journal des Romans Populaires Illustrés egunkarietan agertu zelako. Harrezkero, askotan berrargitaratua izan da.

Gertaerari buruzko liburua liburuki bitan zatituta zegoen:

  • I. liburukia: Buridan, Le Héros de la Tour de Nesle, Jean Buridanen kondairari buruzkoa.
  • II. liburukia: La Reine sanglante, Marguerite de Bourgogne, Margarita Borgoinakoaren bizitzari buruzkoa.

Zévacoren eleberria behin eraman zen zinemara: 1952an Émile Couzinetek Buridan, héros de la tour de Nesle[24] filma idatzi eta zuzendu zuen. Filmaren protagonistak Jacques Torrens (Jean Buridan) eta Clarisse Deudon (Margarita Borgoinakoa) izan ziren.

Ballade des dames du temps jadis[aldatu | aldatu iturburu kodea]

François Villon idazleak Ballade des dames du temps jadis[25] (euskaraz: «Behialako emaztekien balada») poemaren bigarren estrofan Jean Buridanen kondaira aipatzen du. 1461an idatzia, kondaira aipatzen duen lehendabiziko testua omen da. Honela dio:

(Frantsesez)

« Semblablement, où est la royne
Qui commanda que Buridan
Fust gecté en ung sac en Saine?
»


« Era berean, non ote dago
Buridan zaku batean Senara botatzea
agindu zuen erregina?
»

Balada hau, XX. mendean, Georges Brassens frantziar abeslariak moldatu eta abestu zuen.

Parte-hartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudia Izena Jaiotza Heriotza Posizioa gertaera garaian
Filipe I.a Nafarroakoa 1268 1314/XI/29 Frantzia eta Nafarroako erregea
Luis I.a Nafarroakoa 1289/X/4 1316/VI/5 Frantzia eta Nafarroako
erregearen oinordekoa
Margarita Borgoinakoa 1290 1315/VIII/14 Frantzia eta Nafarroako
erregearen oinordekoaren emaztea
Filipe Aunaykoa ? 1314/IV/19 Frantzia eta Nafarroako
erregearen oinordekoaren emaztearen maitalea
Karlos I.a Nafarroakoa 1294/XII/11 1328/II/1 Frantzia eta Nafarroako infantea
Zuria Borgoinakoa 1296 1326/IV/29 Frantzia eta Nafarroako infantearen emaztea
Gauthier Aunaykoa ? 1314/IV/19 Frantzia eta Nafarroako
infantearen emaztearen maitalea
Filipe II.a Nafarroakoa 1292-1293 1322/I/3 Frantzia eta Nafarroako infantea
Joana Borgoinakoa 1292/I/15 1330/I/21 Frantzia eta Nafarroako infantearen emaztea
Elisabet Frantziakoa 1295 1358/VIII/22 Ingalaterrako erregina ezkontidea

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) Phillipe LORENTZ eta Dany SANDRON (2006): Atlas de Paris au Moyen Âge. Paris: Parigramme. ISBN 2-84096-402-3.
  2. (Frantsesez) Guy LE HALLÉ (1995): Histoire des fortifications de Paris Horvath argitaletxea
  3. a b (Frantsesez) Eugène VIOLLET LE DUC eta Georges BERNAGE (1978): Encyclopédie Médiévale 1978, 134. orr.
  4. 48°51′27″N 2°20′14″E / 48.85750°N 2.33722°E / 48.85750; 2.33722
  5. (Alemanez) Luis I.aren genealogia Mittelalter-genealogie.de
  6. (Ingelesez) Margarita Borgoinakoaren biografia Fmg.ac
  7. (Alemanez) Filipe II.aren genealogia Mittelalter-genealogie.de
  8. (Ingelesez) Joana Borgoinakoaren biografia Fmg.ac
  9. (Alemanez) Karlos I.aren genealogia Mittelalter-genealogie.de
  10. Erregearen izaera gogorra zela eta, haren aurkari zein zaleek roi de marbre (euskaraz: «haitzurdinezko erregea») eta roi de fer (euskaraz: «burdinezko erregea») ezizenak jarri zizkioten. Bernard Saisset, Pamiersko apezpiku, aurkariaren hitzetan, «ez da gizona ezta piztia, estatua baizik»
  11. (Frantsesez) Erdi Aroko modan gerrikoa inportantea zen oso. Jantziek poltsikoak ez zituztenez, poltsak zintzilikatzen zituzten dirua edo tresnak eramateko (Jean-Louis BESSON (1986): Le livre des costumes, La mode à travers les siècles Gallimard argitaletxea, Paris, ISBN 2-07-039531-6)
  12. Marc LEFRANÇOIS (2013): Histoires insolites des Rois et Reines de France City Edition. Books.google.es
  13. (Alemanez) Joana II.aren genealogia Mittelalter-genealogie.de
  14. Klovis I.a garaiaren Pactus Legis Salicæ honela zioen latinez: De terra salica nulla portio hereditatis mulieri veniat, sed ad virilem sexum tota terræ hereditas perveniat.
  15. (Ingelesez) La tour de Nesle, drame en cinq actes et en neuf tableaux Worldcat.org
  16. (Ingelesez) La tour de Nesle (1937) Imdb.com
  17. (Ingelesez) La tour de Nesle (1955) Imdb.com
  18. (Ingelesez) Der Turm der verbotenen Liebe (1968) Imdb.com
  19. (Ingelesez) "Les rois maudits" (1972) Imdb.com
  20. (Frantsesez) Les Rois Maudits (1972) Allocine.fr
  21. (Frantsesez) Les Rois Maudits (2005) Allocine.fr
  22. (Ingelesez) "Les rois maudits" (2005) Imdb.com
  23. (Frantsesez) Zévacoren bibliografia Ebooksgratuits.com
  24. (Ingelesez) Buridan, héros de la tour de Nesle (1952) Imdb.com
  25. (Frantsesez) Poemaren testua

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alexandre Dumas eta Frédéric Gaillardet, La tour de Nesle, drame en cinq actes et en neuf tableaux, Paris, Imprimerie normale de J. Didot l'âiné, 1832.
  • Hilda Johnstone, Francia: gli ultimi Capetingi artikulua «Storia del mondo medievale» liburuaren VI. Liburukia. 1999.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]