Netiketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Interneteko eztabaidetan eta, bereziki, posta elektronikoa edo posta zerrendak[1] erabiltzerakoan zaindu beharreko arauak dira netiketa. "Netiquette" frantseseko hitzetik dator eta net (sare) eta etiquette (etiketa) hitzak batzetik sortzen da.

Hona hemen zenbait erreferentzia lanetan aipatzen diren netiketa arauetako batzuk, Jabi Zabalak [2] eta Joxe Aranzabalek [3] bilduak.

  1. Baimena eskatu, inor gehitu aurretik posta-zerrenda batean. Talde bat antolatzen baduzu zeure mezuak bidaltzeko, egokiena duzu aurrez galdetzea taldean sartu nahi dituzunak. Zuk uste baino jende gehiagok ez du nahi horrelako zerrendetan egotea. Horregatik, baten batek ezetz esaten badizu, ez gaizki hartu.
  2. Zaindu bidaltzen dituzun artxibo erantsien neurria. Pertsona guztiek ez dute banda zabalera erosoa beren konexioan, eta Mb 1etik gorako gauzak jaistea oso astuna bihur dakieke. Era berean, postontzi elektronikoa ere gainezka jar dakieke pertsona horiei.
  3. Hobetsi formatu irekia, formatu unibertsala. Erabili formatu irekia fitxategi erantsiak bidaltzeko. Formatu pribatu edo pribatibo duten zenbait fitxategi software pribatu edo pribatiboarekin bakarrik zabaldu eta ireki daitezke. Ez duzu zertan behartu beste erabiltzaileak software hori erosi edota erabiltzera. Formatu irekia duten fitxategiak, software libreko aplikazioek onartuko dute. Eta software pribatuko aplikazioek ere onartu beharko lukete, adostutako estandarrak direlako.
  4. Identifikatu dokumentu atxikiak. Bidaltzen diozunean baten bati dokumentu bat atxikita, esaiozu zer nolako dokumentua den, hartzaileak jakin dezan zer programa beharko duen dokumentua irekitzeko. “Josune, honekin batera dokumentu bat bidaltzen dizut RTF formatuan. Beraz, ez duzu oztoporik izango Wordekin irekitzeko”.
  5. Ez idatzi LETRA LARRIZ. Honela idaztea ez dago ondo ikusia Interneten, garrasika zabiltzala adierazten baitu.
  6. Ez iraindu inor sarean. Eta, are gutxiago, ez ezkutatu anonimatuan beste inor iraintzeko. Salaketaren bat egiten baduzu inoren kontra, saiatu berau frogatzen, eta, beti, sinatu artikulu hori.
  7. Garbitu mezuen zerrenda amaigabeak. Atzera eragiten dute mezu horiek, non goialdea dozenaka (edo ehunka) izen eta helbiderekin datorren. Horrelako bat jasota erabakitzen baduzu beste norbaiti bidaltzea, aurretik, mesedez, kendu iezaiozu zabor hori guztia, mezua jasotzen duenak erraz irakur dezan han zer esaten den.
  8. Ezkutatu taldeetako helbideak. Bidaltzen diozunean mezu bat talde bati, ari zara mezu horretako irakurle bakoitzari agerian ipintzen taldeko guztien helbide elektronikoak, eta hori jende askori ez zaio bat ere gustatzen.
  9. Pertsonalizatu mezua. Inoiz erabakitzen baduzu lagun bati bidaltzea mezu bat, zabor hutsa, baina zuri gustatu zaizuna, ondo legoke ohartxo bat idaztea: “Aupa, Ander. Pentsatu dut barre apur bat egingo zenukeela hau ikusita”.
  10. Ez sinetsi hortik zehar dabiltzan gezurrak. Jasotzen duzunean izuak eragindako mezu apokaliptiko horietako bat, non ohartarazten zaituen halako birus ikaragarritik, kontuz ibili, seguruenik gezur hutsa izango da-eta, ingelesez hoax deitzen den horietakoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]