Neuchâtel kantonamendua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Neuchâtel

Suitza Suitzako kantonamendua
{{{nongo}}} bandera {{{nongo}}} armarria
Hiriburua Neuchâtel
Eremua 803 km²
Biztanleria 172.085 (2010)
Dentsitatea 0,21 bizt/km²
Karte Lage Kanton Neuenburg 2013.2.png

Neuchâtel kantoia (alemanez Neuenburg) Suitzako 26 kantonamenduetatik bat da. 2010. urtearen bukaeran, 172.085 biztanle zituen. Hiriburua Neuchâtel da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neuchâtel izena latinetik dator: Novum Castellum. Gizakia oso aspalditik bizi izan da eskualde honetan. Aipagarria da, esate baterako, K.a. 3800 eta 3500 urteen artean Cortaillod zibilizazioa sortu zela eta gizakia herriak eraikitzen, zerealak landatzen eta zeramika-lanak egiten hasi bertan. Jura mendiguneko uren zuzenketaren garaian (1874-1881), La Tène eremuari (Marin Epagnier komuna) buruzko aurkikuntza arkeologiko bikainak egin ziren (hortik dator Bigarren Burdin Aroari La Tène kultura edo zibilizazio (K.a. 500… -50) izena jarri izana); horrek, Rodano Rodano eta Rhin ibaien arteko bideko ordainleku garrantzitsu bat izan zela pentsarazten digu.

1000. urtera arte ez dago eskualdeari buruzko material askorik. Badakigu 998an Clunyko monjeek Bevaix kapera sortu zutela eta garai berean sortu zela Neuchâtel hiria ere. Neuchâtel izena 1011. urtean agertu zen lehen aldiz Rodolfo III.a Borgoinakoak bere emazte Irmengardari zuzenduriko dohaintza-agiri batean. Lurralde kantonal hau Germaniako Erromatar Inperio Santuaren agindupean egoteaz gain, burgundiarren, Comburg-eko kideen eta kantonamendu alemaniarren mende ere egon zen.

1531n Guillaume Farel-ek erreforma protestantea zabaldu zuen kantonamenduan, horrela, Nantesko elizbarrutitik bananduz. Hori dela eta Neuchâtelgo biztanleria gehitu egin zen. Gainera, kantonamenduko iparraldea azkar hasi zen jendez betetzen. Garai hartako erregeek –Orleans-Longueville familiakoak-, nabarmenki Henrike III.ak, arreta handia jarri zuten lurraldean. 1707an Marie de Nemours hil ostean Prusiako erregea aukeratu zuten biztanleek subirano gisa.

Hurrengo mendean zehar, Neuchâtel kantoiak garapen ekonomikoa izan zuen erlojuen ekoizpenaren eta ehungintzako hainbat manufakturaren eraginez. Neuchâtelgo elkarte tipografikoak Frantzian debekatutako liburuak inprimatzen zituen. Neuchâtelgo printzerria Suitzar Konfederazioko kide egin zen 1815ean. 1848ko martxoaren 1ean kantoia Suitza modernoarekin batu zen guztiz, monarkia prusiarrarekin zuen kontaktua guztiz galduz. Egun hartan kantoia errepublika bihurtu zen berriz. Igarotze-aldi hori, Neuchâtelgo arazoa izenez ezaguna, suitzar gobernuaren eta Prusiako errege Federiko Gilenen arteko tentsio handiagatik gogoratzen da, azken horrek bere printzerria berreskuratu nahi baitzuen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neuchâtel kantonamendua mendebaldeko Suitzan dago kokatuta. Ipar-ekialdean Berna kantonamenduarekin muga egiten du, iparraldean eta ipar-mendebaldean berriz Frantziarekin. Neuchâtel aintzira kantonamenduaren hego-ekialdean dago. Vaud kantonamenduak mugatzen du hegoalde eta hego-ekialdetik eta Friburgo kantonamenduak ekialdetik. Azken horren zati bat Neuchâtel aintzirarekin eta izen bereko kantonamenduarekin mugan egonik, Vaud kantonamenduaren parte da aintziraren hego eta hego-ekialdean. Aldi berean, Vaud kantonamenduak badu zati bat Friburgo kantonamenduan ere. Zati horrek Berna kantonamendua du iparraldean, Neuchâtel kantonamendua eta aintzira mendebaldean eta Friburgo kantonamendua hego eta ekialdean.

Neuchâtelgo lurrak bi eskualdetan banatuta daude: zati garaia (Jurako mendigunea) eta beheko zatia (Plateau edo meseta). Zati garaia 1.000 m-ko altueran dago eta bertako Le Locle eta La Chaux-de-Fonds hiri erloju-ekoizleek Frantziarekin egiten dute muga. Behekoa Neuchâtel aintziraren ertzeko zati handi batetik Bienne aintziraraino luzatzen da. Vue des Alpes mendatearen azpitik eta Jura mendigunearen bihotzetik pasatzen den tunel batek La Chaux-de-Fonds (eskualde garaiko hiria) eta Neuchâtel (beheko zatiko hiri eta hiriburua) elkartzen ditu 1995 urteaz geroztik. Kantonamenduko punturik altuena Chaseral da, 1.552 m-ko altueran.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantonamendua Neuchâtel aintzira inguruan ekoitzitako ardoarengatik da entzutetsua. Bertako bailaretan abeltzaintza eta gazta-ekoizpena dira nagusi, baina Neuchâtel zaldi-hazkuntzagatik da ezaguna batez ere. Erlojugintza-industria ere garrantzitsua da kantonamenduan, baita mikrotxipen ekoizpena ere.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria ia osoa frantses hiztuna da. Biztanleen herena inguru protestantea da eta gainontzekoa katolikoa.

Barrutiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantonamendua hainbat eskualde osatzen dituzten sei barrutitan banatuta dago:

  • Neuchâtel barrutia, laku ertzeko eskualdea.
  • Boudry barrutia, laku ertzeko eskualdea.
  • Val-de-Ruz barrutia, Val-de-Ruz eskualdea.
  • Val-de-Travers barrutia, Val-de-Travers eskualdea.
  • La Chaux-de-Fonds barrutia (Montagnes Neuchâteloises).
  • Locle barrutia, Neuchâtel mendien eskualdea.

Hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantonamenduan hiru hiri daude:

  • La Chaux-de-Fonds, 37.000 biztanle (2002)
  • Neuchâtel, 31.630 biztanle (2002)
  • Le Locle, 10.247 biztanle (2002)


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Neuchâtel kantonamendua Aldatu lotura Wikidatan
Geografia
Suitza
Artikulu hau Suitzako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.