Nevadako egunak
Nevadako egunak | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Bernardo Atxaga (2013) |
Argitaratze-data | 2013 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Nevadako egunak |
Argitaletxea | Pamiela |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bilduma | Pamiela Kondagintza |
Orrialdeak | 439 |
Sariak | Euskadi saria - Euskarazko literatura 2014an |
Nevadako egunak Bernardo Atxagaren 2013ko liburua da. Sailkatzeko garaian ez da liburu erraza: hasiera batean idazleak bere familiarekin 2007ko abuztutik 2008ko ekainera Estatu Batuetako Nevadako Reno hirian emandako urteen kronika ematen badu, laster hari hori oroimenekin eta mota guztietako beste elementuekin nahastu egiten da. Planteamendu horrek, material desberdinen konbinaketa, Obabakoak liburua gogorarazten du. Bidaia-liburua, egunerokoa, pasadizoen eta gertaeren bilduma, guztiak 150 pieza, "bukaeran nobela" bezala definitu egiten da liburuaren atzeko-azalean.
2014an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, euskarazko literatura modalitatean. Epaimahaikoen hitzetan, "hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan".[1]
Egitura eta edukiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburuak hiru atal bereizi ditu:
- Berez Nevadako egunak atala non Ipar Ameriketan igarotako hilabeteen kronika topatuko dugun. Atal honetan, lehen aipatu den bezala, eduki desberdinetako gertaerak, deskripzioak eta narrazioak biltzen dira. Hauek izan daitezke nagusiak:
- Egilearen nerabetasunaren oroimenak, bereziki ikastetxearen ingurukoak.
- Basamortuan eta Renon zeharreko joan-etorriak.
- Egilearen ametsak, oso literarioak.
- Nevadarekin lotura zuzena duten historiak, beste beste, Paulino Uzkudun boxeolariarena, Steve Fosset abenturazalearen desagerpena, Barack Obamaren kanpaina Nevadan...
- Hiltzaile baten inguruko jarraipen polizialaren historia. Hiltzaile horren gorabeherek nolabaiteko tentsioa sortzen du kronikan, horrek eta hark eragindako krimenak Renoko jendartean sortzen dituen kezkak eta beldurrak. Hiltzailea idazlearen familiaren inguruan mugitzen da eta zenbait momentutan haren zirkuluko kidea izan daitekeela ematen du.
- "Azken pieza" izenburukoa non egileak bere amaren inguruko hileta-elizkizunak Asteasun narratzen dituen (403-434 or.). Aurreko atalean behin baino gehiagotan idazleak amaren erreferentziak jaso ditu eta harekin izandako telefono bidezko elkarrizketak; hori da atal honek aurrekoarekin duen lotura bakarra zeren eta orrialdeotan ez baitugu Nevadaren inguruko daturik aurkituko.
- "Albisteak" atala non egileak, Reno Gazette Journal egunkarian jasotako berrien bitartez, lehenengo atalean argitu gabe gelditu diren informazioak burutzen dituen (435-439 or.).
Itzulpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez): Nevada Days. Margaret Jull Costa, itz. MacLehose Press Editions, 2018 [2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Astiz, Iñigo. (2014-10-08). «Euskadi literatura saria, Atxagarentzat» Berria.
- ↑ «Ingelesez argitaratu dituzte Harkaitz Canoren 'Twist' eta Bernardo Atxagaren 'Nevadako Egunak' eleberriak» Sustatu 2018-04-01.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- : Liburua idazlearen web orrian. http://www.atxaga.org/bibliografia/nevadako-egunak
- : Liburuaren aurkezpena Berrian. https://web.archive.org/web/20140102200342/http://www.berria.info/albisteak/86474/bernardo_atxagak_nevadako_egunak_plazaratu_du_150_pieza_heteroklitoz_ondua.htm