Edukira joan

Nina Hard

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nina Hard

Bizitza
JaiotzaRio Grande do Sul, 1899ko abenduaren 13a
HeriotzaNovara, 1971 (71/72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakdantzaria
Nina Hard, Karl Schenker-en argazkia, 1922.

Nina Hard, Nina Hardt edo Nina Engelhardt (Anna Mathilde Engelhardt jaiotzaz) (Rio Grande do Sul, Brasil, 1899ko abenduaren 13an - Novara, Italia, 1970-71) XX. mendearen hasierako alemaniar dantzari espresionista, Ernst Ludwig Kirchner artistarekin batera egindako lanagatik ezaguna.

Bizitza eta lana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Heinrich Hans Engelhardt eta Nanina Mathilde Engelhardt-en alaba zen. Brasilen jaio zen, eta lehen urteak han eman zituen. Aita Brasilera emigratutako merkatari alemaniarra zuen, eta ama, brasildarra.[1] Gaztea zela, familiarekin Brasiletik Alemaniara joan zen bizitzera. Alemaniarako itsas bidaian, itsasontziko orkestrarekin harremanetan jarri zen, eta biolontxelo-jotzaile izatea erabaki zuen. Berlinera joan zen musika ikastera, baina han dantza espresiboarekin topo egin zuen, eta, azkenean, dantzaria izan zen.

1924an, Düsseldorfeko antzerki-programa batean parte hartu zuen; han, Walter Ruttmann-en Opus I filmaren eta 1922ko Opus II-ren zati batzuk Harden dantzekin txandakatuta eman ziren.[2] Berlinen, Munichen eta Zurichen aritu zen, eta publikoak zein prentsak estimatua izan zuen. Karl Schenker argazkilari austriarrak hainbat erretratu egin zizkion.

1921eko maiatzean, Zurichen, emanaldi batean, Hardek Ernst Ludwig Kirchner margolaria ezagutu zuen, garai hartan Davos Frauenkirch-en bizi zena. Harden dantzaren berehalakotasunak eta espontaneitateak Kichner, dantzaren adierazkortasuna aspaldi xamarretik aztertzen ari zena, txundituta utzi zuen, eta Davosen berarekin egotera gonbidatu zuen hainbat hilabetez. Hardek Kichnerri hainbat marrazki, xilografia, akuaforte, litografia, olio-pintura (Nina Hard dantzaria, esate baterako) eta biluzien erretratu eta argazkiak inspiratu zizkion.[3] Elkarlanean aritu ziren eszenografiaren diseinuan Harden bakarkako emanaldirako Davos ondoko Clavadeleko Zuricheko sanatorioan. Kirchnerrek publizitate-kartela eta eszena-dekoratuak (oihal eta guzti) sortu zituen.

Nina Hard Clavelen dantzan, 1921.

Davosen egon ondoren, Hard Robert Forster-Larrinaga aktore alemaniarrarekin ezkondu zen, baina laster dibortziatu zen. Senarraren bidez, Paula Ludwig idazle eta margolari austriarra ezagutu zuen, eta adiskide izan ziren bizitza guztian. 1928an, Magnus Henning konpositore eta piano-jotzaile baltikoarekin ezkondu zen. Senar bakoitzarekin ume bat izan zuen: Alfons Forster-Larrinaga eta Renée Henning.

1930eko hamarkadan, Ehrwalden, Tirolen, bizi izan zen bere familiarekin, eta han zeuden artistekin harremanetan egon zen, besteak beste, Paula Ludwigekin, egoera politikoagatik Ehrwaldera erretiratua baitzen.[4]

1939an, Brasilera joan zen seme-alabekin, eta Nova Friburgotik gertu bizi izan zen, Mury herrixkan. Senarra, Magnus Henning, Alemanian geratu zen. 1940an, Hardek naziengandik ihesi joandako Paula Ludwig etxean hartu zuen, eta 1944ra arte berarekin egon zen.[1]

1947an, Brasildik Kaliforniara joan zen bizitzera. 1952an, Alemaniara itzuli zen.

Nina Harden heriotzaren data eta leku zehatza ez dira ezagutzen: 1970ean edo 71n hil zen, agian, Erroman kalean ibilgailu batek harrapatuta[5], edo, akaso, Novaran.

Nina Hard protagonista duten Ernst Ludwig Kirchnerren artelanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Alemanez) Träume: Traumaufzeichnungen und Texte aus dem Nachlass. Wallstein, 302 or. ISBN 978-3-8353-5572-9..
  2. (Alemanez) Der tänzerische Film. Frühe Filmkultur und moderner Tanz. Schüren Verlag, 300 or. ISBN 978-3-7410-0050-8..
  3. (Ingelesez) Empire of ecstasy: nudity and movement in German body culture, 1910-1935. Berkeley: University of California Press, 27 or. ISBN 978-0-520-20663-2..
  4. (Alemanez) Erfolg und Verfolgung: österreichische Schriftstellerinnen 1918-1945: fünfzehn Porträts und Texte. Salzburg: Residenz, 284-288 or. ISBN 978-3-7017-1292-2..
  5. https://www.geni.com/people/Anna-Mathilde-Engelhardt-Larrinaga-Henning/6000000040520261770

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]