Nornak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nornak
Eskandinaviar mitologia
Ezaugarriak
BizitokiaUrden putzua
BaliokideakMoirak, Parkak eta Narecnitsi (en) Itzuli
Eskandinaviar mitologia, Sjódreygil eta Nornak, faroetar zigiluetan, 2006
Johannes Gehrts-en Nornak(1889).

Nornak ( antzinako eskandinavieraz: norn, plurala: nornir ), eskandinaviar mitologian, emakumezko izaki batzuk dira, jainkoen eta gizonen patua gobernatzen dutenak. Bat datoz, nolabait, beste europar mitologia batzuetan gizakien patua jagoten duten izaki edo patuekin, hala nola greziar moirak, erromatar parcae-ak eta beste.

Snorri Sturlusonek Völuspá-z egiten duen interpretazioan, Urðr (Wyrd), Verðandi eta Skuld, hiru Norna garrantzitsuenak, Urden putzuaren edo Patuaren putzuaren aurrean dagoen atarte batetik ateratzen dira. Putzutik ura atera eta inguruan dagoen harea biltzen dute, eta Yggdrasill zuhaitzaren gainean isurtzen dute, haren adarrak usteldu ez daitezen. Hiru Norna horiek neskaso ahaltsu eta erraldoi (Jötunn) gisa deskribatzen dira, zeinek, Jotunheimdik heltzean, jainkoen urrezko aroa amaiarazi baitzuten.

Hiru Norna ospetsu hauez beste, badira beste asko, pertsonen jaiotzan agertu ohi direnak haien patua determinatuz. Kristautu aurreko eskandinaviar gizarteetan, sinisten zen Nornak ikustaldia egitera joan ohi zitzaizkiela ume jaio berriei. Baziren Norna gaiztoak eta onak, eta gaiztoek munduko gertaera zoritxarreko eta gaizto guztiak eragiten zituzten, eta onak, ostera, jainko atseginak eta babesleak omen ziren.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norn izenaren jatorria ez da ziurra, baina litekeena da "irun" esan nahi duen hitz batetik eratorria izatea, patuaren haria iruten jarduten direnez haiek. Bek-Pedersenen ustean, norn hitzak suedierazko norna (nyrna) dialektozko berbarekin izan lezake lotura, aditz horrek "isilpean komunikatu" esan nahi baitu. Eta zerikusia du horrek Nornak irudikatzeko moduarekin, itzaletako izaki ezkutuen gisa irudikatzen baitira, zeintzuek ez baitizkiete gizakiei zoriari dagozkion sekretuak agertzen harik eta haien patuak gertatu arte.

Beste germaniar emakumezko jainko batzuekiko erlazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nornen freskoa Neues Museum-en, Berlin-en

Ez dago bereizketa argirik Nornen, filigjas-en, hamingjas-en eta walkirien artean, ezta dísir termino generikoarekin ere. Gainera, antzinako eskandinaviar poesian, izen horiek guztiak emakume hilkorrak izendatzeko lizentzia hartu zen.

Bek-Pedersen-en Norns in Old Norse Mythology liburuan aztertzen dira Nornen eta beste germaniar jainkosen arteko alde lauso hauek.

Teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait teoria proposatu izan dira Nornen inguruan.

Matronak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proposatu izan da ez ote zuten erlaziorik germaniar Matronek, hau da, Europa ipar-mendebaldean K.o. I. eta V. mendeen artean gurtu izan ziren emakumezko jainkosek, zeintzuk zinoparietan eta aldareetan irudikatu izan baitziren beti hirukoteak osatuz, germaniar disir, walkiria eta norn izenekoekin, eta ez ote zen hori jatorria.

Hiru Norna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proposatu izan dira teoriak esanez ez dagoela oinarririk eskandinaviar mitologian uste izateko hiru Norna nagusien artean bat iraganarekin, bestea orainarekin eta bestea etorkizunarekin bakarrik lotzeko; aitzitik, hirurek fatua irudikatzen omen dute, fatua denboraren joanarekin lotuta dagoenez gero. Gainera, beste teoria batzuen arabera, hiru Norna nagusi izatea baliteke greziar eta erromatar mitologiaren beranduko eraginez izatea, mitologia horietan ere bai baitira patuaren jainko iruleak (Moirai eta Parcae).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]