Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae
Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Arnaud Oihenart |
Argitaratze-data | 1638 |
Izenburua | Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae: qua, praeter situm regionis et alia scitu digna, Navarrae regum, gasconiae principum, caeterarumque, in iis, insignium vetustate & dignitate familiarum stemmata ex probatis authoribus & vetustis monumentis exhibentur : accedunt catalogi Pontificum Vasconiae Aquitanicae, hactenus editis pleniores authore Arnaldo Oihenarto Mauleosolensi |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | latina |
Egile-eskubideak | jabetza publiko |
Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae (euskaraz: «Bi Baskonien historia, iberiarrarena eta akitaniarrarena») Arnaut Oihenartek latinez idatzitako liburu bat da, Parisen 1638an argitaratua. Liburu garrantzitsua da Euskal Herriko literaturaren historian. Oihenart (Maule, Zuberoa, 1592-Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1668) poeta, legegizona, historialaria eta politikaria izan zen. Latinez idatzitako liburu horretan, gai historikoekin batera, euskararen gramatika labur bat plazaratu zuen.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oihenarten obra historiografikorik handiena da. Bi Baskonien historia, iberiarrarena eta akitaniarrarena, aztertzen du, historiaren ikuspegitik, hiru liburukitan banatuta. Antzinako baskoiei eta kantabriarrei buruz hitz egiten du, haien hizkuntzei buruz, Nafarroako antzinako historiaz, haren erregeen genealogiaz, eta azkenik Akitaniako baskoiez. Bi Baskonien ezagutza sakona erakusten du, bai eta euskaraz ongi baino hobeki dakiela ere, zeina erabilgarria baitzaio toponimoak azaltzeko. Zorroztasun kritikoz idatzita dago, eta aipatzekoa da, XVII. mendeko liburu bat izanik, Euskal Herriari buruzko batasunezko ikuspegia. Obra honen ezaugarri nabarmen bat unibertsaltasuna da, gaiari geografia, etnografiaren, hizkuntzalaritzaren eta genealogiaren ikuspuntutik ekiten baitio.[1]
Historiarekin batera, euskararen morfologiari buruzko 24 orrialde dakartza (deklinabideaz, izenordainez eta aditzaz); bertan, gramatika klasikotik —greko-latindar gramatikatik— aldendu eta euskararentzat molde berriak aurkitzen ahalegindu zen.
Lehen edizioa 1638an plazaratu zuen; eta handik ia hogei urtera, 1656an, aldaketa gutxi batzuk eginda, berriro ere argitaratu zuen.
Itzulpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Javier Gorosterratzuk 1926an liburua gaztelaniara itzuli zuen: Noticia de las dos Vasconias, la Ibérica y la Aquitana.[2]
Garrantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lan horretan, bere garaikideen artean oso zabaldurik zeuden teorien aurrean (hala nola euskokantabrismoa eta tubalismoa), oso jarrera kritikoa azaltzen du. Haatik, gerora oinarrigabea dela frogatu den beste teoria baten alde egiten du Oihenartek liburu horretan: euskoiberismoaren alde.
Halaber, euskaldunontzat liburuak beste elementu garrantzitsua du: Euskal Herri osoaren historiaren berri ematen da, hala Hegoaldea nola Iparraldea aintzat harturik, euskaldun baten ikuspuntutik.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arnaut Oihenart: Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae. Gasteiz: Eusko Legebiltzarra. Ondare Historiko bilduma, 1993. ISBN-10: 8487122469. ISBN-13: 978-8487122460.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jatorrizko liburua.
- (Gaztelaniaz): Testua gaztelaniaz, Javier Gorosterratzuren itzulpena.
- (Gaztelaniaz):Notitia utriusque Vasconiae liburuaren iturri historikoen Ricardo Zierbideren artikulua.