Nuri al-Said
Nuri Paxa al-Said (Bagdad, 1888ko abendua – ibidem, 1958ko uztailaren 15a) irakiar militar eta politikaria izan zen. Zortzo aldiz izsn zen Irakeko lehen ministro Britainiar Agintaldian eta Irakeko Monarkian.
1906an graduatu zen Istanbulgo ikastetxe militar batean eta 1911n Otomandar Inperioko armadako ofizial bihurtu zen. 1912an Tripolitaniara bidali zuten italiar okupazioari aurre egiteko eta britainiarren aurkako gerrillari bihurtu zen Libian. Harrapatu eta Egiptora bidali zuten, eta han nazionalismo arabiarraren ideiekin bat egin zuen. Arabiar Iraultzan borrokatu zuen Faisal I.aren aginduetara eta 1918an Damasko otomandarrei kendu zieten tropa arabiarrak zuzendu zituen.
Irakeko errege izendatu ondoren, Faisalek Nuri poliziaburu izendatu zuen 1922an. 1924an indar armatuen komandanteorde bihurtu zen.
1929an lehen ministro izendatu zuten eta hurrengo urtean 1930eko Anglo-Irak Ituna sinatu zuen, agintaldian britainiar botereak berretsi zituena. 1932an kargutik kendu ondoren, militarren arteko eragina mantentzen eta britainiarren interesak babesten jarraitu zuen.
1938ko abenduan lehen ministro kargura itzuli zen estatu-kolpe baten ondoren, eta 1939an Gazi I.a erregearen auto istripuan nahastuta egotearen susmagarri izan zen.
1941eko nazien aldeko estatu-kolpearen ondoren herrialdetik ihes egin zuen, baina britainiarren inbasioaren ondoren itzuli eta lehen ministro izendatu zuten berriro. Herrialdeko politikaren figura nagusia izan zen 1940ko eta 1950eko hamarkadetan. Bere politika kontserbadoreek, nazionalista arabiarrek, britainiarren aldekoek, komunisten kontrakoek eta Nasserren kontrakoek Iraken ez oso ezagun bihurtu zuten. Herrialdearen bilakaera ekonomiko eta sozialera egokitzen ez jakitea leporatu zioten.
1955ean Itun Zentraleko Erakundea sinatu zuen eta herrialdea Mendebaldearekin eta Turkiarekin lerrokatu zuen. 1956an Frantzia, Britainia Handia eta Israel babestu zituen Suezko krisialdian. Bere politikaren aurkako manifestazio jendetsuen ondoren, lege martziala ezarri zuen. 1958an Irakeko eta Jordaniako Arabiar Federazioa sortu zen, Egiptoren eta Siriaren arteko batasunari erantzuteko.
1958ko uztailaren 14an monarkia boteretik kendu zuten eta errege-familia erail egin zuten. Nuri ihes egiten saiatu zen, baina hil egin zuten.