Edukira joan

Oiartzungo Cavaillé-Coll Père et Fils organoa

Koordenatuak: 43°18′02″N 1°51′39″W / 43.300589°N 1.860731°W / 43.300589; -1.860731
Wikipedia, Entziklopedia askea
Oiartzungo Cavaillé-Coll Père et Fils organoa
Jatorria
Jatorrizko herrialdeaFrantzia
Ezaugarriak
Kokapena
LekuaSan Esteban Eliza
Oiartzun
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaOiartzun
Koordenatuak43°18′02″N 1°51′39″W / 43.300589°N 1.860731°W / 43.300589; -1.860731
Map

Oiartzungo Cavaillé-Coll Père et Fils organoa.Barroko eta erromantiko artean kokatzen den Cavaillé-Coll aita-semeen lehenengotako organoa da.

Cavaillé-Collen lehenengo lanetako bat dela esan daiteke. Beraz, trantsizioko organoa da, klasiko eta erromantiko garaien artean kokatua. Badu ere aurreko garaietako egite-teknika, tutu eta soinu-estetikaren arrastorik, garai berrietako aurrerapen nabariaz gainera. Cavaillé-Collen organogile lanean iraultza garaiko izate horrek egiten du benetan berezi eta entzungarri. Esan dezakegu penintsulako Cavaillé-Coll zaharrena dela eta Europako zaharrenetarikoa. Saint Louis Bédarieuxekoa (1843), Saint Pierre de Verberiekoa (1843) eta Orleanseko katedraleko koruko organoa (1846) dira Oiartzungoaren oso antzekoak. Hirurak Monumentu Historiko izendatuak, eta duten soinu apartarengatik oso estimatuak jotzaile eta adituen artean.[1][2][3]

Oiartzungo organo honen historiak eta nondik norakoak galdera ikur asko plazaratu izan ditu. Oiartzungo Udalak bultzatutako ikerketa bekari esker, Xabier Alberdi istoriagileak, 2014an, eta Denis Lacorre organogileak 2023an, lan sakonak eskaini dituzte organo honen historiaren inguruan. Erreferentziazko bi lan horiei, besteak beste, M. Lekuona, J. Arozena, J.M. Azkue, S. Del Campo, E. Elizondo, E. Landart, O. Candendo, N. Otaño, A. Leibar, J.M. Mitxelena, A. Mendizabal, F. Clastrier, D. Havard, J. Eschbach, J. Verdin, A. Parreten… ekarpenak gehitu behar zaizkie.[4]

OIARTZUNGO ORGANOA PARISEN (1844 – 1861)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo organoa Cavaillé-Coll Pére et Fils aita-seme organogileek egina zuten 1844 urterako, Parisen zuten lantegian.

Organo honek 14 soinu-multzo, 54 notako bi esku-teklatu, oinetarako 18 notako teklatua, espresio-kutxa eta oinezko loturak zituen. Cavaillé-Collen inbentarioan 10.000 liberako balioarekin azaltzen da. 1844an, Saint Vincent de Paul elizari alokatu izan zioten, urtero 1.000 libera (alokairua + afinazioa) kobratuz.

Izenpea

Pariseko Saint Vincent de Paul elizan egon zen 1844 eta 1857 urteen artean. Eliza inauguratu eta segidan alokairuan hartu zuten gero Oiartzuna ekarria izan zen organoa, eliza honetarako organo handia egiten zuten bitartean.

Garai horretako Oiartzungo organoaren jotzaile ofizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Chrétienne Urhan (1790-1845). Organista eta biola jotzailea. Hector Berliozen Harold Italian obra ezagunaren estreinaldian (1832), biola bakarlaria izan zen, N. Paganiniren ordez. Ch. Urhan, Franz Liszt pianista eta konpositore famatuaren laguna zen, eta elkarrekin jo izan zuten maiz. F. Liszt garai horietan Saint Vincent Pauleko elizatiarra zen, eta igandero entzuten omen zuen Ch. Urhan Oiartzungo organoa jotzen.
  • Louis Braille (1809-1952). Bere izena daraman Itsuentzako irakurketa-sistemaren sortzaile famatua, musikari trebea eta organista famatua zen. Sei urtez aritu zen organista Oiartzungo organoan (1845-1851).
  • Louis Dèsirè Besozzi (1814 – 1879). Organista, pianista eta konpositore talentu handikoa. Erromako sari handia irabazitakoa. Urtebetez izan zen organista Oiartzungo organoan, organo handia osatu zen bitartean (1852). Bere interpretazioak oso iritzi baikorrak jaso zituen, aipatu organoan jotako L. Cherubiniren Santusarenak (L´illustration 1852/02/12) esaterako.[4]

ORGANOA OIARTZUNEN (1861 – 2024)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organoaren erosketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1783tik, San Esteban Parrokian zegoen organoa, Asparini, Closar eta Carbajalek egina, zeharo hondatua zegoen, eta Oiartzungo Udalak organo berri bat enkargatzea erabaki zuen.

1861ean, Aristidek Cavaillé-Colli eskatu zion Udalak azkar batean organo berri bat egiteko. A. Cavaillé-Collek, ordezko lanetan S.V. Paul eta S. Clotilde elizetan erabilitako organo on eta berezi hura, organo handiak amaitu eta libre gelditu zitzaiona, eskaini zion Oiartzungo Udalari, berri bat egiteko denborarik ez zuela argudiatuta. A. Cavaillé-Coll bera etorri zen Oiartzuna, eta Udalarekin tratua zuzenean egin zuen, Udalak organoa ekarri eta muntatzeko. 14.000 libera ordaindu zituen. Jose Juan Santestebanek, Donostiako Santa Mariako organista zenak, egin zituen bitartekaritza eta muntaketa lanak, propio Oiartzuna bizitzera etorrita. Indartenean bizi izan zen. Ikuskaritza lana Damian Sanz Iruñeko katedraleko organistak egin zuen, eta organoa oso ongi muntatu zutela eta kalitate handikoa zela adierazi zuen.[4]

Hobekuntzak eta aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1861 Parisetik ekarritako organo horri pedaleko teklatuarentzako 3 soinu-multzo berri gehitu zizkion Cavaillé-Collek berak, elizaren espazio zabala ongi menderatu zezan. Organoa, era honetan, 17 soinu-multzo izatera igaro zen. 3.500 liberako kostu gehigarria izan zuen hobekuntza horrek (Udalak ordaindu zuen).
  • 1928 Ordu arte eskuz haizetzen zen sistemaren ordez, haizegailu elektrikoa ipini zitzaion.
  • 1935 Amezua y Cia etxeak[5] erreforma garrantzitsua eginzuen organoan, errezitatiboaren esku-teklatua hornituz, eta organoaren aukerak handituz. Tutu gehigarriak altzari nagusian uztartu zituen, honen itxura errespetatuz. 7.150 pezetako kostua izan zuen hobekuntzak, eta Elizak ordaindu zuen.
  • Jose Manuel Azkue Oiartzungo organoan. 2001
    1999 Azken errebisio zabala, 1999an Bernal eta Kortak[6] egin zioten organoari. Aurrekontua 2.382.000 pezetakoa izan zen. Oinetarako teklatu berria, eta eskuetarako teklatuen xafla-aldaketa osoa egin zitzaion.[4]

Kontzertuen aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko Urriaren 28an, eta Pagoarteren[7] eskutik, J.M. Azkuek eta A. Arozenak eman zioten azkenaldi oparoari (2001 – 2020) hasera.[8] Besteak beste, L. Mallié, V. Thévenaz, O. Candendo, E. Landart, E. Elizondo, A. Woolf, A.B. Garcia, L. Imaz, K. Saez, J.L. Etxetxipia… musikalari esanguratsuak hartu zuten parte Oiartzungo organoarekin. Organo honentzako bereziki sortutako obrak osatu zituzten L. Mallié, P. Zabalette, G. Cuesta eta R. Lazkano konposatzaileak. CD grabaketak egin eta argitaratuak izan ziren. Aldi honetan, S. del Campo otxandioar organogilearen zaintzapean egon zen organoa, desmuntaia gertatu bitartean.

2020tik aurrerako egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organoa desmuntatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko irailean, San Esteban Parrokiako kanpoaldean eta barrualdeko koruko aldean, artesi kezkagarriak azaldu ziren. Horien ondorioz, harrixkak eta hondarra erortzen hasia zen organoaren gainera. Organoa arrisku bizian zegoela ikusirik, berehala desmuntatzea erabaki zen. Lontarongo (Frantzia) Michel Jurine[9] enpresak organoa desmuntatu eta elizan bertan gorde zuen.[10]

Desmuntaiaren iruditegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organoaren etorkizuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo organoak garrantzi handia du, eta ondare oso preziatua da.[11] [12] Kontzertu, liturgia, bisita gidatu, grabaketa eta beste zenbait emanaldiren ardatz izan da. Higadurak eta izandako matxura ugariek zaharberritze prozesu azkar baten beharra erakutsi izan du, bere mailan mantendu nahi izanez gero. Organo zahar bat da Oiartzungoa, lekualdatze eta manipulazio asko jasandakoa. 2014ko Urtekarian, “Oiartzungo Cavaillé-Coll organoa” lanean, kezka hori azaldu zuen Antton Mendizabalek.[13] Geroztik Oiartzungo Organozaleak taldea[14] sortu zenetik eta S. del Campo organogilearen aholkuak kontuan hartuz, beti plazaratu izan da zaharberritzearen beharra, berandu baino lehen. Derrigorrezko desmuntatze horrek, Gipuzkoan zaharberritzeko dauden organoen zerrendan lehen lerroan jarri du Oiartzungoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oiartzungo Udalak bere borondatea eta konpromisoa azaldu zuten zaharberritze prozesuari lehenbailehen hasiera emateko. Lan horretan nagusiki diru publikoa erabiliko denez, organoa oiartzuarren eskura egongo dela ziurtatzeko hitzarmena sinatu zen, zeinetan jasotzen den organoaren erabilpena zabala eta irekia izango dela eta organoa Oiartzungo elizan egongo dela.

Oiartzungo organoa desmuntatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu eta aurekontu deialdi bat zabaldu zuen 2022ko maiatzean, organoa zaharberritzeko. Foru Aldundiko adituen komisio teknikoak erabaki zuen zaharberritzearen irizpidea eta nondik norakoa. Era berean, Otxandioko Sergio del Campo organogilea izango da Oiartzungo organoaren zaharberritze horretaz arduratuko dena.[4]                                                                                               

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Órgano Cavaillé-Coll, Père et Fils, Iglesia de San Esteban de Lartaun, Oyarzun. Guipúzcoa» Museo virtual del Órgano 2021-05-29 (kontsulta data: 2025-01-07).
  2. Erik, Gartzia(e)ko. (2019-01-25). «Oiartzungo organoa, Gipuzkoan bakana» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2025-01-07).
  3. «Organoa - Oiartzungo ondarea» ondarea.oiartzun.eus (kontsulta data: 2025-01-07).
  4. a b c d e Mendizabal, Anton. (2024). «Zer berri OIARTZUNGO CAVAILLÉ-COLL organoaren inguruan?» Xanistebanak 2024 (Oiartzun: Oiartzungo Udala) 54: 115-119. ISSN -531-1977 SS -531-1977..
  5. (Gaztelaniaz) «Amezua y Cía» Museo virtual del Órgano 2021-02-03 (kontsulta data: 2025-01-07).
  6. (Gaztelaniaz) «Bernal y Korta» Museo virtual del Órgano 2023-12-13 (kontsulta data: 2025-01-07).
  7. https://www.euskonews.eus/0066zbk/gaia6604eu.html
  8. Alaine, Aranburu(e)ko. (2024-11-06). «Azkueren omenez organo hotsak nagusituko dira hamaikagarrenez» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2025-01-07).
  9. (Gaztelaniaz) «Michel Jurine Facteur d’orgues» Museo virtual del Órgano 2023-12-13 (kontsulta data: 2025-01-07).
  10. Erik, Gartzia(e)ko. (2023-11-17). «Altxorra, gero eta baliotsuagoa» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2025-01-07).
  11. «Organoa - Oiartzungo ondarea» ondarea.oiartzun.eus (kontsulta data: 2025-01-07).
  12. SOINUENEA. (2016-09-29). Oiartzungo San Esteban elizako bi altxor: Cavallé Coll organoa eta Ezkilak. (kontsulta data: 2025-01-07).
  13. (Ingelesez) «2014 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-08-05 (kontsulta data: 2025-01-07).
  14. (Gaztelaniaz) asociate. (2020-05-31). «OIARTZUNGO ORGANOZALEAK, KULTUR ELKARTEA | Información y opiniones» Asociaciones de España (kontsulta data: 2025-01-07).
  • Musica Vasca. J.A. Arana Martija. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastian. 1987
  • Organos franceses en el Pais Vasco y Navarra. F. Clastier / O. Candendo. Eusko Ikaskuntza. 1994
  • Les orgues Cavaillé-Coll en Gipuzkoa. Esteban Landart.L´Orgue. Zurfluh. Bourg la Reine. France. 1995
  • Gipuzkoako Organoak. J.M. Azkue, E. Elizondo, J.M. Zapirain. Kutxa Fundazioa. 1998
  • Les organistes et les maîtres de chapelle de l´église Saint Vincent de Paul. Les cahiers Boëllman-Gigout. 1998.
  • Biblioteque Nationale de France. Rés. Vma.ms.1364 (5). P. 239.
  • La organería romántica en el Pais Vasco y Navarra (1856 – 1940). Esteban Elizondo. Universidad del Pais Vasco. 2002.
  • Aristide Cavaillé-Coll. J. Eschbach. Verlag peter ewers. Vol I. 2002.
  • Oiatzungo Cavaillé-Coll organoarentzako musika. A. Iraola. Pagoarte. 2006.
  • Oiartzungo Cavaillé-Coll organoa. Anton Mendizabal. Oiartzungo Urtekaria. 2014, 28-35.
  • Oiartzungo Cavaillé-Coll Père et fils organoaren historia. Oiartzungo Organozaleak. 2023

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]