Edukira joan

Oiartzungo errotak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oiartzunen katalogatutako ibai- errotak

Oiartzungo errotak. Bailararen aberastasun hidraulikoaren adierazgarri dira Oiartzunen katalogatu diren 20 ibai-errotak. Hauek, herriko ondare historiko, teknologiko,  antropologiko eta etnografikoaren parte dira, lurralde antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat.

Kokapen geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzun mendiz inguratua dago, Aiako Harria irudi eta oinarri duela. Harana Oiartzun ibaiak zeharkatzen du, eta herria haren inguruan altxatuta dago.

Oiartzun ibaiaren arroak 82,27 km. koadroko eremua hartzen du: Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaiako herria zeharkatuz eginiko ibilbideak. Ibaia 16,6 km luze da, eta% 4,5eko malda du batez beste. Arroaren goialdean, Aiako Harrietan maldarik handienak ditu. Goialdeko haran estuak V itxura du. Altzibar auzoan Karrika erreka Arditurrira batzen da. Erdialdeko ibilgua leunagoa da eta uholde ordokia eratzera iristen da. Ugaldetxoko industrialdean batzen dira Aiako Harri eta Bianditz mendien magaletatik sorturiko Arditurri ibaiak eta Aldura mendiko magaletako urak. Behealdeko ibilguan, berriz, Pasaiako senaia dugu; garai batean padura handia zen, egun Pasaia eta Errenteriako herriek eta portuko instalazioek hartzen dutena.

Oiartzun ibaiaren bailara Paleozoikoan (orain 380 milioi bat urte) hasi zen eratzen; hortaz, Euskal Herriko bailara zaharrenetarikoa dela esan daiteke. Prezipitazioen aldetik, bere iturburua euririk gehien egiten duen euskal zonaldean dago (2300 mm). Ur kopuru hori dela eta, ibaiaren iturburuaren inguruan San Anton, Añarbe eta Domiko urtegiak daude.

Ehoketa –gorputz bat bi harriren artean marruskatuz txiki-txiki egin eta hauts bihurtu arte birrintzeko prozesua– gizakiaren iharduera burutsuen artean lehenetarikoa izan da.

Izugarri bultzatu zen neolitikotik aurrera, K.a. 3500 urteaz geroztik Euskal Herrian. Hala ere, elikagaiak hobeto irensteko, harriekin eta beste elementu batzuekin txikitzeko bulkada ehoketaren aitzindaria edo aurrekoa dela pentsatu behar dugu.

Eskuzko metate soilari (harri leunduzko xafla angeluzuzena eta bi eskuekin aleak ehotzeko hartzen den arrabol zilindrikoa) errota birakariak jarraitu zitzaizkion (bi harri edo errotarri biribil, behekoa finkoa eta goikoa mobila), burdin adinetik aurrera, errota-teknikan aurrerapen garrantzitsua ekarri zutenak. Horrek lana errazten du eta, ondorioz, errendimendua handitzen du, elikadura hobea ahalbidetuz.

Euskal Herrian, Estrabon (K.a. 58-K.o. 5) geografo greziarrak, bere Geografia lanean, euskotarren janaria ehotzeko ohiturari buruz idatzi zuen, zera adieraziz:

“... Menditarrak urtearen lautatik hirutan ez dira ezkurrez baizik elikatzen, zeinak, ihartu eta apurturik  denbora askoan gorde daitekeen ogi bat egiteko ehotzen baitira.”[1]

Aurkitu diren aztarnek adierazten dutenez, erromatar-iberiar kulturan erroten erabilera oso zabalduta zegoen. Erromatarren gudarostean, hamar pertsonetatik batek, eskuzko errota bat zeraman. Erromatar errotak Buñuelen, Los Arcosen, Artaxoan (Nafarroa), Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa), eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitu dira.[2]

Juan Guillermo Thalacker ingeniariak 1803an Oiartzungo Arditurriko meazuloak bisitatu zituen. 1804an plazaratu zen idatzian honela zioen: “putzu batzuetan oso ugariak dira esku-errotak, granitoz eginak“.                                              

Arditurritik datozen hiru eskuzko errota berreskuratu dira. Lehenengoak neurri ertainak ditu, 60 cm-ko diametroa eta 35 cm-ko altuera. Eskuzko errota birakari honek bi pieza zituen: behekoa, finkoa, kono-formakoa eta erdian ardatzarentzat zulo bat zuena, eta goikoa, barnehutsa forma koniko horretara egokitzeko. Goiko harriaren muturretan errefortzu batzuk prestatzen ziren zurezko armazoia jartzeko, eta horren gainean biraketa-mugimendua egiten zen, giza besoekin edo animalien laguntzarekin. Bigarrenak goiko pieza baino ez du, eta eskuzko errota zirkular birakari bat da, oinarri finko bat duena, gutxi gorabehera laua, ildaskak zizelkatuak zituena, eta goiko pieza bat, aurrekoari egokitua; biak zulatuta daude ardatza igaro eta lurrera ainguratzeko. Goiko harriak ondo kortserbatutako eraztun bat du ardatzaren pasabidearen inguruan eta bertatik alea sartzen da. Gainera, mugimendu birakaria eragiteko, zurezko heldulekua posizio bertikalean finkatzeko zuloak ditu ertzean. Bigarren errota honek 44 cm-ko diametroa du eta harri granitikokoa da. Eta hirugarrena, Erromatar garaikoa hau ere, minerala apurtzeko granitozko harri leunduzko xafla bat da.

Vitruviok deskribatutako urez eragindako erromatar irin-errota baten eredua

K.a.ko lehenengo edo bigarren mendean "la machinaria molae aquariae" edo ur-errota sortu zen, Marco Lucio Vitrubio erromatar ingeniariak K.a. lehen mendearen amaieran dokumentu bidez deskribatutako (Ktesibioren eta Arkimedesen torloju hidraulikoa, ardatz bertikaleko errota greziarraren tradizioari jarraiki) gurpil hidrauliko engranajedunaren lehen deskribapen teknikoa.

Errota-tramankuluen jatorria -metateari dagokion izendapen hori alde batera utzirik- erromatarren inperio hedakor bateko eskulan eskasiari zor zaio, eta VIII-IX. mendeetan sustraitzen da, bereziki penintsulan, musulmanek hartu eta hobetu baitzituzten, emaitza bikainekin. Zehazteko, Europan aipatzen dituzten lehen dokumentu idatziek 732-775 (Alemania), 798 (Frantzia), 831 (Burgos) eta abarren artean egon zirela adierazten dute.

Euskal Herriaren kasuan, ezagutzen diren lehenen errota hidraulikoak, lehen milurtekoaren amaieran eraiki ziren: Nafarroan, 802an; Araban, 822an; Bizkaian, 1053an; Iparraldean, 1125ean eta Gipuzkoan, 1141ean. Ziur aski lehendik ere ur-errotak izango ziren Euskal Herrian, baina ez da aurkitu inolako dokumenturik.[1]

Esan bezala, Gipuzkoan, lehen aipamen historikoa 1141ekoa da, Gartzia V.a Ramiritz edo Gartzia Berrezarlea nafar erregeak San Miguel de Excelsis komunitateari Berastegiko “molendinis“-ak entregatzeko emandako agindu batean jasotakoa.

Lehen aipamen idatziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1328an Alfontso XI.a erregeak Irun-Uranzu eta Oiartzungo olagizonei emandako Burdinolen Foruan honela jasotzen da:

“...Otrosy, mandamos que los dichos ferreros para hazer / sus casas o ferrerías o molinos o ruedas, que / no ayan enbargo ninguno, no faziendo per/juizio a otros algunos, segund fuero de / ferrerías...“

“... E otrosy, mandamos que en la / nuestra tierra en las agoas, que puedan fazer / casas e ferrerías e molinos e ruedas / e veneras e redamientos e h[u]ertas / para las ferrerías, pagando nuestros derechos co/mo dicho es.

“... Otrosy, que / las ruedas e molinos que son de parte de / suso de las ferrerías e las aguas do están / pobladas qu’el agua con que las ferrerías han / e labrar, que las non represen ni enbarguen / ningunos...“

Aberastasun iturri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errotak Oiartzungo garapen sozial eta ekonomikoan garrantzitsuak izan dira, Honen adierazle da diru-sarrera iturri honek historian zehar etxekoengan nahiz kanpokoengan piztu duen interesa.

Pablo Gorosabelek “Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa” liburuan (1862) ondorengoa idazten du Oiartzun herriari eskainitako atalean:

“Oiartzungo haranak ez zituen soilik arazoak eta desadostasunak izan Errenteriako hiribilduarekin, garai bateko buruarekin, baita probintziarekin ere. Ozta-ozta lortu zuen 1453an salbuespen-pribilegioa, eta, beraz, Gipuzkoako beste hiribilduetakoek egiten zuten moduan, askatasunez erabil zezaten nahi izan zuten bertako alkateek. Baina Errenteriako hiribilduak bere atxikipenari buruz jarritako errekurtso judizialen ondorioz, Errege-Grazia horrek ez zuen eraginik izan bat-batean, ondorioz Probintziak, Errenteriari mesede handia egiten ziolarik bere gestioetan. Hori izan zen desadostasunaren iturri. Oiartzungoek ez zuten ebazpena aintzat hartu eta ez zioten bere aginduei jaramonik egin. Ermandadeak beren aginduak betetzera bidalitako herritarrek Lope eta Mingot hil zituzten, beste batzuk zauritu zituzten, eta, azkenik, beste gehiegikeria larri batzuk egin zituzten. Probintzia, bere aldetik, bere buruari obeditzeko eta hain delitu izugarriak zigortzeko asmoz, jende askorekin eta indarrez sartu zen haran honetan. Bertan hartu zituen gotorlekuak eta etxe lauak; batzuk eraitsi eta beste batzuk erre zituen; irin-errotak deuseztatu zituen, gurpilak eta harriak apurtuz; burdinolak ere suntsitu zituen, haien txalupak eta erremintak eramanez, lan egin ez zezaten. Azkenean, bertako biztanleekin borrokatu eta haietako batzuk zauritu eta hil ondoren, probintziako Ermandadeak beste batzuk hartu zituen preso. Aldi berean, honek ordenantza batzuk egin zituen, eta zigor oso larrien pean debekatu zuen haran honetako lurraldean mota guztietako hornigaiak sartzea. Ikusten da, beraz, Oiartzungo harana eta probintzia benetako gerra egoeran eratu zirela, Gipuzkoako historiaren urtekarietan ezagutu ez den tamainako gerra egoera.”

XVI. mendearen hasieran harana oparotasun eta hazkunde demografiko garai batean bizi zen, eta horrek espeziearen antropizazio eta okupazio handiagoa ekarri zuen, etxe eta instalazio berriak eraikitzeari esker, hala nola errotak eta burdinolak.

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan 19 errota aipatzen dira 1499. urtean eta beste 3 hurrengo urteetan: Yurritako errota, Isastiko errota, Arizabaloko errota, Olaizolako errota, Makutsoko errota, Aranederreko errota, Ugarteko errota, Zuloagako errota, Pagoagako errota, Isasa errota, Aranburuko errota, Bidasoroko errota, Lasaoko errota, Eldozko errota, Torresko errota,  besteak beste.

Oiartzungo errotek zuten garrantziaren jabe ziren noizean noiz bailara erasotzen zuten atzerritarrak ere. Honen adibide, 1719. urtean, Frantziarren inbasioaren ondotik Juansendoko errotan eragindako kalteak. (Oiartzungo artxibo historikoa).

Goieneko aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errota hidraulikoen ugaritzea XVIII. mendean gertatu zen, artoaren iraultzak dakarren ehotzeko eskakizunaren gehitzeak bultzatuta. Jadanik XVII. mendean zeharo hedatuta zegoen artoaren nekazaritza Euskal Herri hezean, eta hasiera batean, artoa abereen janari moduan erabili bazen ere, laster giza-elikagai bezala onartu zen.[1]

Manuel Lekuonak "Del Oyarzun Antiguo" liburuan (1958), 1787. urteko estadistikak honela jasotzen ditu:

"Bistan dugun estatistika 1787koa da. Urte horretan 567 etxebizitza zeuden bertan. Horietatik 16 errotak ziren. Biztanleak 3.341 ziren. Apaiza, 1; Onuradunak, 8; Sakristauak, 1; Elizgizonak 4; Kapareak, gizonezkoak eta emeak, 2.317; Abokatua, 1; Eskribauak, 3; Ikaslea, bat ere ez; Laborariak, 755; Jornalariak, 184; Merkataria, bat ere ez; Fabrikatzailea, bat ere ez; Artisauak, 97; Morroiak, 182; Erret soldatadun enplegatuak, bat ere ez; Foru militarrarekin, bat ere ez. Laburbiltzen dugun oharraren arabera, emakume ezkonduak gehiago dira gizon ezkonduak baino. Izan ere, gizon asko kanpoan daude, Caracasen, Bizkaian edo Frantzian, arotz edo ikazkin lanetan.”

1850ean Pascual Madozek "Diccionario Geografico-Estadistico-Historico de España y sus posesiones en Ultramar" argitaratu zuen. Hiztegi honetan, bere garaikideen bizimodua jasotzen da, eta, aldi berean, leku, herri, hiribildu, hiri, barruti judizial eta probintzietako bakoitzean zegoen industria. Testuinguru horretan agertzen dira ibai errotak, haize errotak, tahonak, olio errotak, batanak, burdinolak eta garai hartan hidraulikoki mugitzen ziren fabrika desberdinak. Oiartzunen 12 errota aipatzen ditu: Fagoaga, Zuloaga, Ugarte, Makutso, Araneder, Isasti, Yurrita, Aranguren, Eldoz, Txalaka, Errotazar eta Zuaznabar.

Manuel Lekuonak "Del Oyarzun Antiguo" liburuan (1958), Oiartzun bailarako aberastasuna aztertzen dituen atalean, honela adierazi zuen:

"Haraneko aberastasun hidraulikoari dagokionez, 18 eraikin dira adierazgarriak, gaur egungo edo hasierako industria-xedearen adierazle gisa, errotaren (errota) izena daramatenak: Aranguren 'go errota, Juansendo' ko errota, Zuaznabar 'ko errota, Errota xar, Txalaka' ko errota, Eldoz 'ko errota, Errota legor, Gordailegi edo Aritzabalo' ko errota, Iyurrita 'ko errota, Isasti' ko errota, Araneder 'ko errota, Makutso' ko errota, Ugarte 'ko errota, Errotaberri' ko errota, Bidasoro 'errota, Arraskue' ko errota, Zuloaga’ko errota, Paguaga’ko errota, 18 errota gaizki kontatuta, baina gaur egun ez dute dozena erdi baino gehiago lan egiten, eta gainerakoak desagertu egin dira. Horien zati bat Errenteria, Pasaia eta Hernaniko irin-industria handien ekintza xurgatzailearen ondorioz sortu da, eta beste zati bat energia elektrikoa sortzeko sortu da. Horietatik, gaur egun, honako zortzi hauek funtzionatzen dute haranean: Eldotz, Makutso, Zorrola, Berinberri, Paguaga 'ko errota, Naparribia, Penadai eta Okillegui.”

Manuel Lekuonak aipatzen duen “dozena erdia“ ondorengo errotek osatzen dutela uste da: Ugarte‑errota, Arrasku‑errota, Araneder‑errota, Yurrita‑errota, Txalaka‑errota, Zuaznabar‑errota eta Juan Sendo‑errota.

Koldo Lizarralde Elberdin etnografoak 1980. hamarkadan gure herrialdean martxan zeuden errotak berrikusi zituen 2001. urtean: “Situación de los molinos Gipuzkoanos en el año 2001“. Oiartzunen, XXI. mendearen haseran, Arraskuko errota eta Yurritako errota aipatzen ditu martxan.

Kontserbazioa eta hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022tik Ugarte‑errota, Arrasku‑errota, Yurrita‑errota eta Txalaka‑errotako errotariek ekimen kulturalak antolatzen dituzte Oiartzungo erroten balioa ezagutzera emateko.[3]

Kakaoa ehotzeko errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890eko Oiartzungo boto-emaileen erroldak 28 urteko Jose Juaquin Zalacain y Larramendi izeneko bat aipatzen du, helbidea Kale Nagusiko 26. zenbakian duena eta ofizioz gozogilea. Oiartzungo Udalaren 1943-1944ko akta-liburuan esaten denez, 1944ko ekainaren 21ean Martin Zalacain Eguinok kontzejuari txokolatea egiteko bere industria instalatuta zegoen lokal berean jarraitzeko baimena eskatu zion (Mola Jeneralaren kalea, 21). 1944ko industri zentsuan "Txokolate fabrika" bat aipatzen da Oiartzunen, Martin Zalakainena. Telefonoa ere bazuen, 6156 zenbakiduna!

Kakao errota eskema

Zalakainene etxeko Kakaoa ehotzeko errotaren errotarriak Kazkazuri plaza eta Antonene etxearen artean daude ikusgai.

Kakaoa ehotzeko errotarriak Antonenen.

Magdalena kutxa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzungo errotariek egun desagertutako Magdalena baselizarekiko zuten ardura esanguratsua aipatzen du Manuel Lekuonak “Del Oyarzun Antiguo” liburuan (1958):

"1560an San Lazaroren gaitzaz jotako infekziosoentzako ospitale bat egin zen Santa Maria Magdalena izeneko kapera ("Basilika") batekin. Leku honi Madalen-soro deitu zitzaion eta gaur egun mutilen eskola dago bertan. Baionako Apezpikuak baimendu behar izan zuen fundazioa, oraindik ere gure Eliza haren jurisdikziopean baitzegoen (…) 1566an Baionaren jurisdikzio sekularra amaitu zen Gipuzkoako eremu horretan, baita Baztango Bortzirietan ere. 1586an Gipuzkoako Korrejidorearen komisario batek bisita egin zuen probintziako ospitaleak murrizteko azterketa egiteko, eta bisitan aurkitu zuten haraneko ospitaleak bi zirela: bata San Anton, gaixo guztientzat eta erromesentzat zena, eta bestea Magdalena, San Lazaroren gaitzarekin kaltetutakoentzat. 1593an komisario beraren bisita errepikatu zenean, San Anton ospitalerik ez zegoen, jada. Madalenakoak Santuaren Kapera bat zeukan sarreran, eta gaixoentzako Meza ematen zen. Herritar onek emandako oheak zituen; ondoan baratze on bat baina beste errentarik ez zuenez haraneko errotetan kaxa bat jartzen zen, eho behar zutenek irin eskukada bat bota zezaten, gero Ospitaleko Maiordomoak etxeko beharretarako biltzen zuena. Dohaitzan emandako behi batzuk ere bazituen. Data horretan eta medikuaren irizpenaren arabera, ospitalean bi gizon eta hiru emakume zeuden gaitzak jota... "

Prezintoak eta isunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939ko maiatzaren 14tik aurrera errazionamendua ezarri zen Espainia osoan.

1940ko azaroaren 25ean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen:

«Ley 25 noviembre 1940 (Jefatura del Estado). Trigo. Autoriza clausura de molinos maquilleros.[4]

El gran número de molinos maquileros que existen en España, y la dificultad consiguiente de ejercer sobre ellos una estrecha vigilancia, son circunstanciasque determinan sea grande la cantidad de trigo que se moltura sin sujeción estricta a las normas establecidas por las Autoridades competentes. Estos hechos originan graves dificultades para el normal abastecimiento de trigo de la Nación, sobre todo en años de escasa cosecha como es la actual, haciéndose preciso, por consiguiente, tomar con carácter transitorio medidas restrictivas que terminen con este estado de cosas.

Por todo lo cual, dispongo:

Artículo 1º. Queda facultado el Delegado Nacional del Servicio Nacional del Trigo para ordenar la clausura, durante la actual campaña triguera, de los molinos maquileros que estime conveniente.

Art. 2º. Se derogan cuantas disposiciones se opongan al cumplimiento de esta Ley».

1941eko ekainaren 30eko lege berri baten bidez, errota makileroak itxi ziren, eta ehotzeko industriei irinak egiteko baimena ematen zitzaien. Bertan ahalmena ematen da, hala ere, Gariaren Zerbitzu Nazionalaren Ordezkaritza Nazionalari, egoki iritzitako errota makileroei lan egiteko aukera eman diezaien. Aitzitik, behin betiko ixtea, kasu bakoitzean erakunde horrek zehaztuko duen kalte-ordaina jasoko dute. Agindu horrek (hasiera batean) 1942ko uztailaren 1era arte izango zuen balioa.

Errota makileroen itxiera aginduak 1952ko ekainaren 15era arte iraun zuen.

Araudi horiek betetzen direla zaintzeko, aldian-aldian Guardia Zibila eta Gariaren Zerbitzu Nazionaleko ikuskatzailea errotara joaten ziren. Ekain aldera, hala erabakiz gero, Guardia Zibilak errotako harriak zigilatzen zituen. Errotariak urte horretako kanpainarako dokumentazioa behin lortuta zigiluak kentzera pasatzen ziren iraila aldera.

Antxon Aguirre Sorondo etnografoak Gipuzkoako Gariaren Zerbitzu Nazionalak 1940tik 1960ra probintziako errotariei bideratutako jatorrizko espediente osoak aztertu zituen. 1940an martxan zeuden 142 erroten artean ditugu Oiartzungoak: Arrasku, Txalaka, Juansendo, Ugarte, Yurrita eta Zuaznabar.

Ehotze-kasu klandestinoen artean ondorengoa aipatzen du:

"1941eko azaroaren 26an Oiartzungo Arraskuko errotariaren aurkako salaketa, ezkutuko ehotzeagatik eta zigiluak hausteagatik. Tasen Probintzia Fiskaltzak zigor gogorra jarri dio: 10.000 pezetako isuna eta hiru hilabeterako ixtea. "

Eta azpijokoen artean ezaguna den asmakizun hau:

"Oiartzungo Arraskue-errotan, “Oiartzun“ ezizenez ezaguna eta erroten eraikitzaile-konpontzailea zenak, makinaren ardatza luzatuz beste errota txiki bat jarri zuen ganbaran. Ohiko harriak kentzen zituen, lan egitea ezinezkoa zela bistaratuz; lanaren ondoren, atzera lehen bezala uzten zuen errota ezer pasa ez balitz bezala".

“Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak“ ipuinean (ilustrazioen egilea: Jokin Mitxelena; idazlea: Iban Apaolaza; 1545 Argitaletxea)[5] jasotzen diren pasadizoetan azaltzen den moduan,1939ko gerra ostean, ia bost urtez, Oiartzungo errotak prezintatuak zeuden bitartean herritarrek inguruko herrietako (Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Anton) errotetan lortzen zuten arto irina. Joan-etorri gehienak gauez egin behar izaten zituzten.

Arrasku errota, Ugarte errota eta Yurrita errotako senideak.

“Tratado de molinología (los molinos de Guipúzcoa)“ liburuan Antxon Agirre Sorondok, ondorengo errotariak aipatzen ditu Oiartzungo errotetan:

  • Txarondo errota: Urrupina eta Fermin “Ttitto“.
  • Pagua errota: Pedro Jose Egiazabal e Inciarte eta Joaquin Aramendi “Frantzesa“.
  • Zuluaga errota: Pedro Jose Egizabal.
  • Ugarte errota: Josph. Ignacio de Olaciregi, Jose Nicolas Urdanpilleta y Peña, Jose Maria Urdanpilleta, Joaquina Artola eta Jose Maria Arruti.
  • Arrasku errota: Inaxio Asteasuinzarra Lertxundi, Jose Mari Asteasuinzarra Retegi eta Inaxio Asteasuinzarra Irastorza.
  • Bidasoro errota: Francisco Elizondo Soroeta.
  • Errotaberri: Inaxio Asteasuinzarra.
  • Makutso errota: Mathias de Echegoyen.
  • Araneder errota: Joseph Domingo Aleman, Miguel Ignacio Narvarte e Insauspe eta Felix Narvarte Igerategi.
  • Isasti errota: Domingo Roteta y Gurmendi, Ignacio Roteta Aranburu eta Ceferino Irigoyen.
  • Yurrita errota: Nicolas de Mitxelena, Juan Jose Lavie Astibia eta Nicolas Roteta Ezkurra.
  • Txalaka errota: Diego Unanue Aristaran.
  • Zuaznabar errota: Jose Antonio Zumeta Arregi, Ignacio Usandizaga Vidaur eta Miguel Ibarguen.
  • Aranguren errota: Nicolas del Puerto eta Cosme Retegi  Goñi.

Errotari guztien artean aipamen berezia egiten dio Antxon Agirre Sorondok Oiartzungo Inaxio Asteasuinzarra “errota konpontzailea“-ri: 

Asteazuinzarrak mugarri bat ezarri zuen errotaritzaren historian. Bere jakinduria handia zen. Intuizio mekaniko handia zuen eta konponketa guztietan aditua. Errotaren teknologia menperatzen zuen tamaina guztietan eta Gipuzkoa osoa zeharkatu zuen, azken herriraino, errotaz errota. Probintzia osoan izan zen ezaguna. Inolako akatsik gabe esan daiteke bere garaian errotei buruz gehien jakin zuen gizona izan zela.

Ikerketa etnografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Tratado de molinología (los molinos de Guipúzcoa)", Antxon Agirre Sorondo

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988. urtean Antxon Agirre Sorondok “Tratado de molinología (los molinos de Guipúzcoa)“ liburuan 20 errota aztertu zituen Oiartzunen: Txarondo‑errota, Pagua‑errota, Zuluaga‑errota, Sokolo‑errota edo Isatsola‑errota, Ugarte‑errota, Arrasku‑errota, Bidasoro‑errota, Errotaberri, Makutso‑errota, Araneder‑errota, Isasti‑errota, Iurrita‑errota, Eldotz‑errota, Txalaka‑errota, Errotazar, Zuaznabar‑errota, Juan Sendo‑errota, Aranguren‑errota, Errotalegor eta Auztegi‑errota.

"Situación de los molinos Gipuzkoanos en el año 2001", Koldo Lizarralde

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antxon Agirre Sorondok Gipuzkoako erroten inguruan burutu zuen ikerketan ezinbesteko laguntzailea izan zuen Koldo Lizarralde Elberdin etnografoa. Aditu honek, 1980. hamarkadan gure herrialdean martxan zeuden errotak berrikusi zituen 2001. urtean: "Situación de los molinos Gipuzkoanos en el año 2001"[6] Arro desberdinen artean Oiartzun ibaiaren arroa aztertzen du.

  • Arraskue errota. "2001/08/31ean egindako bisitan errota funtzionamendu-baldintza ezin hobeetan dago. Une hartan jakin genuen Jose Mari Asteasuinzarra errotaria aurreko urtean hil zela, baina bere seme-alabek arbasoen bideari jarraitzen diote. Inaxio semeak errotarekin aurrera jarraitzeko asmo irmoa azaldu zuen, nahiz eta inguruko etxeak egiteko obrek ubidean eragindako kalteak handiak izan. Gaur egun, errota zaintzeaz arduratzen diren maizterrak dituzte".
  • Yurrita errota. "2001/08/31ean Nicolas Roteta jabeak, 86 urterekin, egin zigun kasu. Errota martxan zegoela jakinarazi zigun bisita horretan, eta orain bere semearen ardurapean zegoela. Errotaren ondoan dagoen pentsu-biltegia eta partikularrentzat ehotzen dute".

“Errotarri“ Proiektua, Javier Castro

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020-2022 urte bitartean Javier Castro Montoya Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia saileko kideak, Yurrita Errota Sustatzeko Elkartearekin elkarlanean, 3 errotarri-harrobi katalogatu zituen Oiartzunen:

Oiartzunen katalogatutako errotarri-harrobien kokagunea

Europa mailako Web orrialdean jaso dira.[7]

Errotarri-harrobia errotarria fabrikatzeko arroka-ustiategi bat da. Harginek landutako harriak irin-errotak zituzten helmuga. Antzinarotik Aro Modernora, harriak herriguneetatik hurbilen zeuden harrobietan prestatzen ziren, garraioak berekin zekartzan zailtasunak zirela eta. Oiartzun bailarako errotarrien inguruko jarduera artxibo historikoetan jasotzen da:

  • 1512an Martin de Erausok, hargin-maisuak, Oiartzungo bizilagunak, errotarri batzuk saldu zituen hautsez ehotzeko, 4 harriko bi lotetan aldi bakoitzean, harri bakoitzak 1500 mirariren prezioa zuelarik (gutxi gorabehera 4 dukat).
  • 1536an honako hau aipatzen da: “ (...) ay otra librança de Juanes de Heraso, vecino de Oyarçun, de treze ducados hecha a XVIII de abrill por razon que el dicho Juanes hizo traer çiertas piedras para los molinos de conçejo (...)"
  • 1716an honako hau aipatzen da: “(...) en el partido de Zorrola conzejil de VS se alla una cantera donde se puede sacar piedra de moler zeberas en los molinos (...)“
  • 1731an Azerigorri/Altzi inguruan harrobi bat aipatzen da, Oiartzunek Iruni egindako kexa baten ondorioz; izan ere, Irungo ikazkinak Oiartzungo udal-mugartean baimenik gabe sartu ziren, txondorretarako egurra mozteko, eta beste pertsona batzuek irina ehotzeko harriak ateratzeko.
  • 1750an Errenteriako Gabiriaerrota (Gabierrota) errotako errotari den Antonio Mendizabali Bernardo Etxeberria hargin-maisuak Oiartzundik idoki duen errotarria errotara eraman ahal izateko baimena ematen dio Oiartzungo Udalak.
  • 1867an Jose Esteban Irigoien Oiartzuarrak Dn Ramon Zabala y Salazarri honela idazten dio: “(...) hace bastante tiempo que le hable al hijo del Señor Garbuno sobre las consabidas piedra molideras de Trebiño, y de la cantera de los montes de Oyárzun (...) y de las canteras de Oyárzun dice que una buena piedra cuesta un dineral (...)“. Jose Antonio Garbunoren erantzun gutunean ondorengoa irakur daiteke: “(...) Las dos duras arrancadas en el monte de Oyárzun tambien para la molienda costaron 13 onzas de oro (...)“.

Errotarri harrobiko aurkikuntzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Errota zahar maitea“, Juan Mari Lekuona

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengo bertso hauek Juan Mari Lekuona (1927-2005) oiartzunarrari zor dizkiogu. Juan Mari Lekuonak bere osabaren Manuel Lekuona jarraitzailea izan zen eta osabaren bidea jorratuz, ahozko tradizioaren eta herri-lirikaren ezagule aparta izan zen.


Errota zahar maitea

uraren ertzean,

uraren ertzean da

basati beltzean:

negar egiten dezu

alea txetzean.

Ni ere triste nabil

zutaz oroitzean.

Zotin sekua dagi errotarriak,

itzalitako izar diztirak

dira neretzat zure begiak.

                   

Izar eder bat dago

hor goiko lepuan.

Errota zaharra, berriz,

erreka zokuan.

Berebiziko pena

badaukat barruan:

ezin gindezke bizi

elkarren onduan.

Bizitzaren legea nahi det onartu.

Halabeharra koraiaz hartu.

Berez dijoana zertan behartu?

Errota zaharra, artzain bizitzaren eta nekazari kultura baten pareko, bere esperientziatik jasoa eta bere sentsibilitate estetikoan txertatua, Juan Mari konturatu zen mundu baten aldaketa sakonen aurrean aurkitzen ginela, eta ez zuela luzaroan aukerarik izango errotaren trangaren musika iluna entzuten jarraitzeko.

Xabier Lete eta Lurdes Iriondo bikoteak kantatuz zabaldu zuten kantu hau Euskal Herrian.[8]

Yurrita Errota Sustatzeko Elkartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko azaroaren 25ean Eusko Jaurlaritzak Yurrita errota, kanala eta presa Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu zuen.[9]

2018ko ekainean Yurrita Errota Sustatzeko Elkartea sortu zen. Helburu nagusia, Ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren zati den Errota zaindu eta ezagutaraztea da. Zentzu honetan asko dira azken urteetan Elkarteak antolatu edo sustatutako ekintza kulturalak. Gainera, Oiartzungo Ondare Mahaiko partaide, Herriko zenbait eragileekin batera, Oiartzun herriko kultura eta ondarea berreskuratzearen aldeko ekimenak bultzatzen ditu.[10][11][12]

2022tik ospatzen da Erroten Eguna Oiartzunen. Ekimenaren eragileak Yurrita Errota Sustatzeko Elkartea, herriko errotariak, Ondarearen Mahaia eta Oiartzungo Udala dira. Bere helburua erroten funtzionamendua ezagutu eta ondare honen balio historiko eta kulturalaz jabetzea da.[3]

2022 erroten eguna. Bisita gidatua.

Antxon Agirre Sorondok “Tratado de molinología (los molinos de Guipúzcoa)“ liburuan 20 ibai-errota aztertu zituen:

1. Txarondo-Errota 

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergoien auzoan, Oiartzundik Lesakarako errepidean, Penadegi errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren eskubi aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X595528, Y4792197.

Txarondo errota

1980. urteko OIARTZUN aldizkarian Iñaki Arbelaitz-ek honela idazten du:

"1900erako eginda zeuden Naparobi edo Portuberri zentraletik oso gertu Makinetxe de Ergoyen zentraleko urak elikatzen zituzten kanalak.

Ttitto errotaria urik gabe geratzen zen, jakina, bere errotaren azenaia (turbina) mugituz, ubideekin ibaiak murrizketa handia jasan baitzuen. Txarondoko errotak ez zuen arto askorik ehotzen (artorik apenas iyotzen zen ordurako). Errotaren gainbehera zen."

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
1 - - -

XIX. mendearen amaieran ehotu zuen azken aldiz.

Urrupina sendia eta Fermin "Ttitto" izan ziren azken errotariak.

2024 antapara eta errotapea gordetzen ditu. Makineria desagertua dago.

2. Pagua-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergoien auzoan, Oiartzundik Lesakarako errepidean, "Paqui" tabernaren ondoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X594736, Y4793336.

Pagua errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Pagoagako errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 500 litro segundoko 8,2 m -
Pagua errota 1900eko mapan.

1929. urtean Candido de Orbek errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

1960. urtean ehotu zuen azken aldiz.

Joaquin Aramendi, "Frantzesa", izan zen azken errotaria. Cecilia Egiazabal eta bere semea Juan izan zituen laguntzaile.

2024ean errotapea gordetzen da bakarrik.

3. Zuluaga-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergoien auzoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren eskubi aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X593801, Y4793823

Zuluaga errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Zuloagako errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
7 250 litro segundoko 2,5 m 275 m
Zuloaga errota 1900eko mapan.

Gipuzkoan inoiz izandako errotarik handienetarikoa.

Errotak 1933an utzi zion funtzionatzeari, urte hartan gertatutako uholdeek eragindako kalteen ondorioz.

Zuloagako errotaren azken errotariak Barbara Antonia Etxebeste Lekuona eta bere seme-alabak izan ziren: Tomas “Kazko”, Margarita eta Karmen Egiazabal. Garai hartan hutsik zegoen Zuloagako errotan bizitzen hasi ziren. Aurretik Juan Kruz Elizegi ospetsua izan zen errotari etxe honetan, Pello Errota bertsolari famatuaren ahaidea.

2024ean errotatik geratzen den bakarra eraikina eta presaren hondakinak dira, eta irteerako ahoa ere ikus daiteke.

4. Sokolo-Errota edo Isatsola-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergoien auzoan, Zuloagako errotaren ondoren, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren eskubi aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X593387, Y4793916.

Manuel Lekuonak “Del Oyarzun Antiguo” liburuan honela  dio:

"Torrea eta Olajaundegui, Ergoien bidean, Isasa edo Isatse etxea ere izan zen. Haren hondarren artean sakabanatuta daude, eraikin mota hartako elementuak, hala nola abizenaren ate arkudunak eta noblezia-armarria, etab. Haren burdinola gaur egun SOKOLO deitzen den horretan egon zen, baina dokumentuetan ISATSOLA izenarekin agertzen da. Etxetik oso gertu, minerala kiskaltzeko bi labe daude, eta, denboraren poderioz, kareharrizko labeak ere izan ziren".

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Isasa errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
- - - -

Errotaren makineria XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran desagertu zela uste da.

1981ean Presa handia dago oraindik, eta, hala ere, apenas geratzen den eraikinaren hondarrik. Lehen errota zegoen lekuan, harri batzuk eta "antepara" eder bat besterik ez dira geratzen.

5. Ugarte-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzibar auzoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren eskubi aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X592919, Y4794098.

Ugarte errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Ugarteko errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 480 litro segundoko 3,3 m 500 m
Ugarte errota 1900eko mapan

1929. urtean Dolores Bidaola Ugartek errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

1978. urtetan ehotu zuen azken aldiz.

Jose Maria Arruti izan zen azken errotaria.

Bere handitasun osoan gordetzen da. Azpiegitura ondo kontserbatuta dago.

6. Arrasku-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karrika auzoan, izen bereko errekako urekin elikatzen da. Eraikina errekaren eskubi aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X593054, Y4792982.

Arrasku errota.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
1 120 litro segundoko 3,6 m 100 m
Arrasku errota 1900eko mapan.

1929. urtean Ignazio Asteasuinzarrak errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

2024ean artoa etxerako ehotzen du.

Inaxio Asteasuinzarra Irastorza da errotaria.

Errotako makineria eta azpiegitura hidraulikoa oso ondo kontserbatzen dira.

Pieza bakarreko harrizko turtukia gorderik dago errotan. Honako inskripzioa du: “LO ISO JULIAN DE ASTEASUINZARRA EN EL AÑO 1848”.

7. Bidasoro-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karrika auzoan, izen bereko errekako urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X592897, Y4793118.

Bidasoro errota.

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Bidasoroko errota aipatzen da. Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 120 litro segundoko 1,4 m -
Bidasoro errota 1900eko mapan.

1929. urtean Ignazio Asteasuinzarrak errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

Ildefonso Mitxelena izan zen azken errotaria. Arotza ere izan zen eta tornua, zerra, eta bestelako tresnak eragiteko energia hidraulikoaz baliatu zen.

2024ean errota zaharra erabat ordezkatu zuen eraikin berria baino ez da geratzen.

8. Errotaberri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alzibar auzoan, Karrika errekako urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X592773, Y4793765.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 154 litro segundoko 4,5 m -
Errotaberri 1900eko mapan.

1929. urtean Domingo Sorondok errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

XX. mendearen erdialde arte argi indarra sortu zen bertan.

Sorondo sendiaren esku egon zen errota bere lekuan bakailao-lehortegi bat eraiki zen arte.

2024ean presa eta irteerako ahoa gordetzen dira bakarrik.

9. Makutso-Errota 

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturriotz auzoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren eskubi aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X592026, Y4794084.

Makutso errota.

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Makutsoko errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
- 700 litro segundoko 3 m -


1812ko Udal Artxiboan ( B-Neg. 5-Liburua 2.-Exp. 2), Mathias Echegoyen aipatzen da Macuso Errotako errotari gisa, baina 1889an, jada, Makutso errota ez da errota bezala azaltzen, baserri soil bezala, baizik.

1896ean Ramona Urdinola eta Maria Hompanera azaltzen dira finkaren jabe eta geroztik hainbat erabilera berri izan zituen: sagardo eta txakoli fabrika, zentral elektrikoa...

1929. urtean Margarita Arbidek errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

1959an indar elektrikoa sortzen zuen.

1960an antepara estali egin zen.

2024ean ez dago errotaren aztarnarik.

10. Araneder-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturriotz auzoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren ezker aldean kokaturik zegoen, Araneder baserriaren ondoan, Ugaldetxo eta Iturriotz artean: UTM 30N ETRS89 X591719, Y4794170.

Araneder errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Araneder-ko errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 1.250 litro segundoko 2,96 m -
Araneder errota 1900eko mapan.

1929. urtean Teodoro Uriartek errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

XX. mendearen lehen erdian ehotu zuen azken aldiz.

2024ean errotaren oinarria mantentzen da.

11. Isasti-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoan, Oiartzun ibaiaren eta Auztegi errekako urekin elikatzen zen. Eraikina Oiartzun ibaiaren eskuin aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X591228, Y4794601.

Isasti errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Isastiko errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 1400 litro segundoko 3,2 m 511 m
Isasti errota 1900eko mapan.

1929. urtean Pablo Beinerek errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

XX. mendearen lehen erdian ehotu zuen azken aldiz.

Azken errotaria Zeferino Irigoien izan zen.

2024ean ez dago eraikinaren aztarnarik. Bere tokian etxebizitzak egin dira XXI. mendearen bigarren hamarkadan.

12. Yurrita-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen da. Eraikina ibaiaren eskuin aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X590755, Y4794984.

Yurrita errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Yurritako errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 645 litro segundoko 2,8 m 270 m
Yurrita errota 1900eko mapan

XX. mendeko lehen bi hamarkadatan Errenteriako argiteria publikoarentzat argi indarra sortu zuen.

2015ean Eusko Jaurlaritzak Yurritako errota, kanala eta presa Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenean, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu zituen.[13]

13. Eldotz-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturriotz auzoan, Eldotz errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X591744, Y4792341.

Eldotz errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Eldozko errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
1 - - -
Eldotz errota 1900eko mapan.

1865an Inazio Oiartzabal Olaziregi azaltzen da errotari.

Erabat desagertu da, noiz desagertu zen inork esaten ez badaki ere. Horma zahar batzuk besterik ez daude, eta sastrakak estalitako irteerako ahoaren hondarrak kontserbatzen dira 2024ean.

14. Txalaka-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturriotz auzoan, Eldotz errekaren urekin elikatzen da. Eraikina errekaren eskuin aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X591550, Y4793301.

Txalaka errota

Udal Artxibategiko agiri historikoetan Txalaka errota XVIII. mendearen hasieran aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
1 150 litro segundoko 2 m 82 m
Txalaka errota 1900eko mapan.

1865ean Diego Unanue y Aristaran da errotaria.

1936ean irin errota publiko bezela alta hartu zuen Jose Zatarain Toledoren izenean. 1955ean Jose Luis Lekuona Eskisabelen eskutara pasa zen jabetza.

2024ean Iker Azurmendi da jabea eta errotaria.

15. Errotazar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoan, Eldotz errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X590977, Y4793834.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
1 141 litro segundoko 2,9 m -

Udal Artxibategiko agirietan Kosme Mitxelena ageri da errotari gisa XVIII. mendearen lehen erdian.

XX. mendearen hasieran errota martxan zegoen.

1931. urtean Rita Irazu Lopetegik errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

Eraitsia izan zen ondoren, eta 1972an «Errota-zarreko baserri» gisa azaltzen da.

16. Zuaznabar-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoan, Eldotz errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren eskuin aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X590502, Y4794175.

Udal Artxibategiko agirietan errota gisa azaltzen da XVIII. mendearen erdian.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 525 litro segundoko 3,45 m -
Zuaznabar errota 1900eko mapan.

1929. urtean Luis Zabala y Eznarrizagak errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.

Miguel Ibarguen Goñi izan zen azken errotaria.

Errotak 1973. urtean utzi zion irina egiteari.

17. Juan Sendo-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoan, Eldotz errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina errekaren eskuin aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X590588, Y4794766.

Udal Artxibategiko agirietan errota gisa azaltzen da 1677. urtean.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 200 litro segundoko 2 m 210 m
Juan Sendo errota 1900eko mapan.

XX. mendearen erdi aldera ehotu zuen azken aldiz.

Zuaznabarko industrialdea urbanizatu zenean eraitsi zuten eta erabat desagertua dago. Bere lurretan merkatalgune bat eraiki zen.

18. Aranguren-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoan, Oiartzun ibaiaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X590345, Y4795118.

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Arangurengo errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
2 450 litro segundoko 1,2 m 180 m
Aranguren errota 1900eko mapan.

Auzotarrek esandakoagatik, 1968an utzi zion funtzionatzeari.

Zuaznabar eta Juan Sendo errotak bezala, merkatalgunea eraikitzerakoan desagertu zen.

19. Errotalegor

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lintziringo auzoan, Lintzirin errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X591251, Y4796197.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
- - - -
Errotalegor 1900eko mapan.

Lintziringo industriaguneak eraikitzerakoan desagertu zen.

20. Auztegi-Errota edo Arizabalo-Errota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraguako auzoan, Auztegiko errekaren urekin elikatzen zen. Eraikina ibaiaren ezker aldean kokaturik zegoen: UTM 30N ETRS89 X591810, Y4795601.

Auzitegi errota

Oiartzungo “Estimaciones fiscales de vecinos y bienes raices (1499 - 1520)” liburuan Arizabaloko errota aipatzen da.

Deskribapen teknikoa:

Errotarri pare kopurua Ur emaria Ur saltoa Kanalaren luzera
- - - -
Auzitegi errota 1900eko mapan.

Pentsa daiteke XX mende hasieran utzi ziola lan egiteari, eta horrek justifikatuko luke inork funtzionamenduan ezagutu ez izana, ezta erregistroetan inoiz inskribatu ez izana ere.

Erabilitako bibliografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Del Oyarzun antiguo liburua. Manuel de Lekuona.
  • Oiartzun 1980 (78-81) Errotak. A. Agirre.
  • Oiartzun 1981 (92-95) Molinos en Oyarzun II. A. Agirre.
  • Oiartzun 1982 (76-77) Los molinos de Oiartzun. A. Agirre.
  • Oiartzun 1983 (21-24) . Los molinos de Oiartzun IV parte. A.Agirre.
  • Oiartzun urtekaria 1982. (81-82). Algunas notas sobre Errotaberri y otras curiosidades de la vida molinera. Iñaki Arbelaitz.
  • Tratado de molinología liburua. Antxon Agirre. Donostia Eusko Ikaskuntza 1988.
  • Oiartzungo urtekaria 1989 (17-20). Tratado de molinologia. Antxon Agirre.
  • Xanistebanak 2008 (51-53) Los chocolateros de Oiartzun. Antxon Agirre.
  • Oiartzungo artxibo historikoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c «Errota motak» www.idazten.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  2. «Erroten jatorria eta historia» www.idazten.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  3. a b «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  4. https://www.boe.es/gazeta/dias/1940/11/29/pdfs/BOE-1940-334.pdf
  5. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2023-07-24). «'Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak'» www.kulturklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  6. https://www.patrimur.es/documents/1806272/1815086/koldolizarralde.pdf/2ee2eeef-23fb-45f6-8feb-53c0fcb15c09
  7. http://meuliere.ish-lyon.cnrs.fr/
  8. Gabi de la Maza. (2009-03-26). Errota zaharra Lourdes Iriondo-Xabier Lete. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  9. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8c53a3375b90675c3. (2015-11-28). «AGINDUA, 2015eko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Oiartzunen (Gipuzkoa) den Yurrita edo Ihurrita errota, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko dena.» www.legegunea.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  10. https://ondarea.oiartzun.eus/eu/ondare-mahaia/eragileak
  11. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  12. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
  13. GOIZARIN. (2020-05-10). ««Yurritako ondarea gordetzea, zabaltzea eta balorean jartzea da elkartearen helburua»» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]