On Kixote Mantxakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
On Kixote Mantxakoa
El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha.jpg

On Kixote Mantxakoaren 4. argitalpeneko azala.

Egilea Miguel de Cervantes (1605)
Generoa Abenturazko eleberria
Datuak
Jatorrizko izenburua El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha
Jatorrizko hizkuntza Gaztelania
Argitaratzailea Imprenta de Juan de la Cuesta
Herrialdea EspainiaEspainia
Euskaraz
Izenburua Mantxako Don Kijote
Itzultzailea Pedro Berrondo
Argitaratzailea Hiria Liburuak (2005)
ISBN ISBN 8497971191

On Kixote Mantxakoa[1] (gaztelaniaz: Don Quijote de la Mancha, izenburu osoa: El Ingenioso Hidalgo Don Quijote de la Mancha) Miguel de Cervantes espainiar idazle ospetsuaren idazlan nagusia da. Bi zatitan argitaratu zen, lehenbizikoa 1605ean eta bigarrena 1615ean. Aditu askoren arabera, historiako eleberririk onenetako bat da[2]. Munduko hainbat hizkuntzatara itzulita dago, tartean euskarara[3]; halaber, ugari izan dira zinemara eraman dituzten liburuaren bertsioak.

On Kixote Mantxakoa zalduntza liburua da, alegia, Erdi Aroan arrakasta handia izan zuen zaldun eta printzesei buruzko estilokoa. Baina, kontuan hartuz Cervantesek XVII. mendean idatzi zuela, ondorioztatzen da gai horiek metaforikoki baliatu zituela beste kontzeptu batzuk helarazteko.

Zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriaren lehen partea, 1591 inguruan idatzia, El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha izenburuarekin argitaratu zen 1605ean; bigarrena, Lemosko kondeari eskainia, El ingenioso caballero Don Quijote de la Mancha tituluarekin kaleratu zen 1615ean.

Gertakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kixote-ren istorioak ez du korapilo handirik: On Kixote, zalduntza liburuen zale den aitoren seme bat, erotu egiten da, zalduna dela uste du, eta hiru bider ateratzen da bere herrixkatik abentura bila, etxera itzuli behar duen arte; gaixoturik, bere senera etorri, eta kristau zintzo baten moduan hiltzen da. Kixote-ak ez du beraz ez argumentu nahasirik, ez suspentse dei daitekeenik ere: irakurleari ez zaio uzten ero baten istorioa irakurtzen ari dela ahanzten, eta eroak arrazoia berreskuratzen duenean, bukatu egiten da eleberria.

Eromenak hiru ondorio faltsutara eramango du On Kixote, eta horiexetan dago protagonistaren kasu patologikoaren funtsa eta eleberriarena:

  • 1. On Kixotek, erotu orduko, zalduna dela uste du;
  • 2. Guztiz sinetsita dago zalduneria liburuetan irakurri duena egia historikoa dela, eta haien protagonistak iragan denboretako zaldun benetakoak eta errealak direla;
  • 3. On Kixotek uste du bere garaian -XVII. mendearen hasiera da, Filipe III.a Espainiakoaren erregealdia-, zaldunen bizimodua eta Erdi Aroko idealak berpiztu daitezkeela.

Kontuan izan behar da zalduntza liburuak, XVII. mendean, «entretenimendu handiko eta probetxu eskaseko» fikzio bezala definitzen zirela. Bestalde, Erdi Aroko eta XVI. eta XVII. mendeko gaztelar idazleak «historia» eta «kronika» hitzak modu berean erabiltzen zituzten asmakeriazko kontakizunak nahiz benetan gertatuak izendatzeko; hala, On Kixote-ko pasarte askotan eztabaidatzen dira gezurrezko gauzen kontaera eta benetako gauzena. On Kixotek, gizon jantzia baina eroa izanik, uste zuen egia kontatzen zutela heroitzat zaldun bat zuten liburu guztiek.

On Kixote, Gustave Doréren irudia.

Osagai miragarrizko ibilerak eta gertaerak oso iragan urrunean eta lurralde exotikoetan kokatzea zen zalduntza liburuen ezaugarria. Cervantesen helburua liburu horien irakurketa galaraztea zen; hortaz, On Kixote ez da zalduneriaren edo zaldunen idealen satira, aitzitik, XVI. mendean asko irakurtzen zen genero baten parodia da. Liburu haien estilo zaharkitu eta puztuaren parodia, eta pasadizoen, gertaeren eta egituraren beraren parodia ere egiten du. Bere asmoa, liburu haiek baztertzea, osorik bete zuen Cervantesek: On Kixote agertu ondoren, behera egin zuten, guztiz desagertu arte, genero honetako liburuen argitalpenek. Literatura kritika izan zitekeen hark, ordea, Cervantesen antze eta trebetasunari esker, goragoko maila bat iritsi zuen, eta orobat esanahi eta transzendentzia iraunkorra, bere garaia eta bere gertalekua gainditu baitzituen On Kixote-k.

Kixoteren irudiak irakurlea bereganatzen du; gizon zintzoa, bihotz onekoa eta argia izanik, gehiago sentitzen baitu irakurleak haren porroten garraztasuna komikotasuna baino. Cervantesek ordea, hirugarren irtenaldian, benetako abentura batera ateratzen du bere protagonista, eta han ikusten da ez duela behar diren adorea eta heroismoa gertaerek hala eskatzen dutenean. Horregatik, zentzua berreskuratzea da irtenbidea: sendatzean, Alonso Quijano zintzoa izango da berriz ere protagonista, eta uko egingo die bere amets ero eta heroismoz beteei.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura nahiko desberdina da lehenengo partean eta bigarrenean. Lehen partea askotan eteten da, kontakizun nagusian beste batzuk, hari nagusiarekin zerikusirik gabeak, tartekatzen direlako. Eten horiek kritikatu zituztelarik, bigarren partean ezabatu egin zituen Cervantesek bigarren mailako istorio horiek, liburuaren hirurogeita hamalau ataletan bere protagonistak abandonatu gabe.

Lehenengo irtenaldia liburuaren gainerakoaren oso bestelakoa da, zeren, Santxo Panza agertu ez delarik, ez baitago haietan nagusiaren eta morroiaren arteko elkarrizketarik. Baina bi protagonisten hizketaldiek liburuko kapitulu osoak beteko dituzte gero eta, maiz, ezer gertatu gabe, buru argitasunaren, umore onaren eta zorroztasunaren agergarri dira. Haien ahoetatik ateratzen diren ameskeriek eta iritziek bestelako deskribapen prozeduren ordezko bikainak dira.

Hitz egiteko moduak bakantzen ditu pertsonaia nagusiak: zein eta nolako pertsona den, argota, erudizio hanpatua, hizketa jasoa, herrikoia... erabiliko du. Pertsonaiak dira eleberriaren aberastasunik handienetako bat. Badira guztiz asmatuak eta bere garaiko tipoak direnak, Santxo Panza adibidez; badira literaturatik hartuak eta errealitatetik hartuak; Cervantes bera agertzen da lehen partean, eta liburua bigarrenean.

On Kixote eta Santxo Panzaren brontzezko irudiak. Cervantesen omenezko monumentua, Madril.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estiloa asko aldatzen da, ekintzaren arabera: bada artzain estiloa, estilo pikareskoa, moriskoa, ereduzko eleberri direlakoen antzekoa... Oratoriaren baliabideak ere ageri dira, eta orobat gutun generokoak. Beti ere, Cervantesen estiloak bi alderdi nagusi ditu, jantzia eta tradizionala, gaztelar prosan usadiozkoa zen bezala, La Celestina-tik hasita, eta, batez ere, Amadis de Gaula-ri jarraiki; azken hori gaztelaniazko zalduntza liburua da, prosa zehatz, zorrotz eta ederrean idatzia, bere garaian irakurriena, eta Cervantesek sarrien aipatzen duena. Cervantes kontalariak prosa hori beretu eta gainditu egin zuen.

Ez da ahaztu behar, sakona eta garratza izanik ere, umorezko liburua ere badela On Kixote. Umore ona eta grazia darie liburuko orri guztiei. Izkirimiri, hitz joko eta adierazpen xelebreez gainera, ironia da nagusi haren estiloan, tituluetatik hasita xehetasunik txikieneraino. XVI. mendean filosofoen, moralisten eta elizgizonen eraso etengabeak jasan zituzten zalduntza liburuek; baina ironiak eta isekak lortu zuten liburu kaltegarri haiei izena kentzea.

Obraren eragina: On Kixote eta eleberri modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cervantesen ospeak, eta On Kixote-renak bereziki, ez du inoiz beheraldirik izan. Kaleratu zen urtean bertan, 1605ean, sei argitaraldi egin ziren; 1612an itzuli zen ingelesera, eta 1614an frantsesera. Alemanez XVII. mendearen erdialdean agertu zen, eta 1622an italianoz. Lehen komentarioak, dirudienez, Charles Jarvis ingelesak egin zizkion bere XVII. mendeko argitalpenean, nahiz eta XVIII.ean hasi zen ingeles kritika obraren aberatsaz ohartzen, Henry Fielding bereziki, zeinaren lanetan (Tom Jones) ageriko eragina baituen. Alemaniar erromantizismoak, XVIII. mendearen bukaeran, obraren balio filosofikoak eta sentimentalak azpimarratu zituen (Lessing, Schlegel, Herder, Goethe, Heine, etab.). XIX. mendean zehar On Kixote-k zerikusi handia izan zuen errealismoaren arrakastan: Manzoni, Dickens, Stendhal, Flaubert, Pérez Galdós, Gogol, Dostoievski, beste askoren artean, Cervantesen zordun dira.Errusiar literaturan ere funtsezko eredua izan zen: 1769an itzuli zen aurreneko aldiz errusierara, eta Turgenievek saio bat eskaini zion (1818-1883), oraindik ere baliagarriak diren ideia sail zabal bat biltzen dituena.

On Kixote-ren gaineko espainiar kritikak, XIX. mendean, mistizismora jo zuen oro har, atzerritarren lanak kontuan hartu gabe. Espainian, kaleratu zen garaian, zalduntza liburuen parodia huts baten moduan irakurri zen On Kixote; eta erromantizismoarekin hasi ziren nabarmentzen eleberriak gordetzen dituen zentzu transzendenteak. Ildo horretatik, oso garrantzitsua izan zen Unamunok bere Vida de don Quijote y Sancho (1905, «On Kixoteren eta Santxoren bizitza») liburuan egindako interpretazio bitalista. Geroztik, obra bere giroan kokatzen ahalegindu da kritika, metafisikako auzietatik urrun; zentzu horretan, aipagarria da adibidez Ramon y Cajal histologoaren Psicologia de Don Quijote y el quijotismo (1905, «On Kixoteren psikologia eta kixotismoa») obra. Ez da zaila espainiar eleberrigile modernoenetan, oraindik ere, Cervantesen oihartzuna aurkitzea (Luis Martín-Santos). William Faulknerek Kontalarien Biblia esaten zion, eleberriaren historia ez baita, ezin baita izan, On Kixote-ren komentario ezin saihestuzkoa baino.

Euskarazko itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Don Kijote Mantxa'ko

I ATALBURUA: Don Kijote Mantxa'ko zaldun famatuaren izaera ta bizikera nolakoak ziran agertzen diguna. [4]

Mantxa-aldeko erri koxkor batean, bere izenik ez nuke gogoratu nai, bizi zan denbora asko ez dala etxeko-seme bat: lantza altxa-tokian, adarga zaar, zaldi igar ta erbi-zakur dun oietakoa. Bere ondasuna, lautatik iru ontantxe zijoakion: egunero eltzekoa, beikia oparoago aarikia baino, zezinkia ia gauero, zartagiko lodia larunbat oro, lentejak ostiraletan, eta usakumeren bat igandetako goxagarri. Gaiñerako guzia, ontara: belarte-atorra, illargi gozo-fiñezko galtzak eta oiñetako leunak, eta aste-egunetan bellori fiñez jantzi-ta bere burua ederresten zuan. Etxerako laguntzalle, berrogei urtetik gorako emakume bat zuan; eta ogei urtetara eldu gabeko illobamea ere; eta morroi bat, naiz kalerako naiz lur-lanerako balio zuana, zalditxarra zelatzeko naiz kima-guraizeak artzeko prest zegona. Berrogei t'amarren bat urte izango zituan gure zaldunak alde-alde; gorpuzkera azkarra, igarra, aurpegi zimurra, goiztarra eta eizezalea. Bere izena Kijada edo Kisada omen zala diote, ontan ez bait-datoz batera alegia, gai ontaz idatzi dutenak; baina egi-itxurak liokenez, Kijana zeritzan. Onek, ordea, gutxi ajola dio gure ariari; aski bait-da arian-ariagatik egiazko bidetik bat ere ez irtetzea.

Ara, bada-ta, aipaturiko zaldun onek, zeregiñ gabe egoten zanean, geienbat urte guzian noski, alakoxe grinaz ta pozez oi zan zaldunketa-liburuak irakurriaz, eiziko ari-bearra erabat alde batera utzi zuan eta era berean etxeko ondasun zaintza; eta ainbesteraiñotu zitzaion gai ontarako jakin-miña ta zoramena, labra-lur onenetatik golde-lur asko saldu zituan zaldunketa-liburuak erosteko ; eta onela eskuratu aal izan zituan guziak, bere etxera eraman zituan; eta danetan oberenak, besterik ez bezela, Silba'tar Feliziano'renak iruditzen zitzaizkion: ain bitxi politak bait-zerizkion aren itz-lauaren garbiari eta arrazoi-bide biurriari: eta areago oraindik, aren maita-goxozko naiz desafiozko izketak irakurtzen zituanean; an ta emen non nai, olatsukoak bait-zeuden idatzirik: «Nire adimenari egiten zaion adi-ezaren adi-indarrak ainbesteraiño nire adi-kemena auldu dit, adi-osoz ai-eneka diot zure edertasunari». Baita ere irakurtzen zuanean: «zure jainkotasuna jainko-erazten duten izarretako zeru-goiek eta zure duintasunak merezi duan mereziaren mereziak».

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2.   La mejor novela de la historia, El País, 2002-05-08, elpais.com, http://elpais.com/diario/2002/05/08/ultima/1020808801_850215.html. Noiz kontsultatua: 2015-07-04 .
  3. a b c   García Argüello, Xabier, On Kixote euskalduna, El País, 2005-01-10, elpais.com, http://elpais.com/diario/2005/01/10/paisvasco/1105389607_850215.html. Noiz kontsultatua: 2015-07-04 .
  4.   Cervantes, Miguel de, Don Kijote mantxa'ko, I Atalburua, Pedro Berrondok euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999, euskara.euskadi.eus, http://www.euskara.euskadi.eus/r59-luredir/eu/contenidos/articulo/c1703/eu_d1703017/images/Idazleak.%20018.%20Miguel%20de%20Cervantes_0.2_3.jpg. Noiz kontsultatua: 2015-07-09 .
  5.   Estornés Lasa, Bernardo, José Palacio Sáenz de Vitery, Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org, http://www.euskomedia.org/aunamendi/106143. Noiz kontsultatua: 2015-07-08 .
  6.   Cervantes, Miguel de, Donkituera umill euskalduna Cervantes-eri opatua Manchako don Quijote, seme argi ta ospatsua agertu zanetik irugarren eunki-urrunean, Julian Apraizek agindu eta argitaratutako itzulpena, liburuklik.euskadi.net, http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/25149. Noiz kontsultatua: 2015-07-08 .
  7.   Cervantes, Miguel de, Don Kixote Mantxakoa, Gabriel Arestiren itzulpena, Susa argitaletxea, armiarma.eus, http://www.armiarma.eus/emailuak/mizka/kixo.htm. Noiz kontsultatua: 2015-07-08 .
  8.   Zabala, Juan Luis, Egoskorkeria kixoteskoak, berria.eus, http://www.berria.eus/paperekoa/1484/030/001/2013-05-05/egoskorkeria_kixoteskoak.htm. Noiz kontsultatua: 2015-07-08 .
  9.   Cervantes, Miguel de, On Kixote Mantxako, Eneko Iñarrondok euskaratua, onkixotemantxako.eu, http://www.onkixotemantxako.eu/. Noiz kontsultatua: 2015-07-08 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: On Kixote Mantxakoa Aldatu lotura Wikidatan