Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Opera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Artikulu hau musika-motari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Opera (argipena)».
Carmen, Magdalena Kožená eta Jonas Kaufmannekin, 2012ko Salzburgeko jaialdian

Opera testu baten (librettoa) abestien bidezko antzezpena eta partitura baten interpretazioa konbinatzen dituen forma artistikoa da.

Opera mendebaldeko antzerki musikalen usadioaren baitan kokaturik dago. Analogiaz, munduko beste eskualde batzuetan egiten diren antzeko zenbait antzerki musikalei ere opera deritze, esaterako opera txinatarra, baina ohitura haiek ez dute mendebaldeko operaren jatorri bera. Hala ere, opera ez da mendebaldeko antzerki musikal bakarra: antzinako Grezian bazegoen abesturik eta musikaz lagundurik egiten zen drama greziarra, eta aro modernoan antzeko beste adierazpide batzuk sortu dira, esaterako musikala.

Operak hitzezko antzerkiaren elementu askori eusten die, hala nola aktuazioa, eszenaratzea eta jantziak, eta zenbaitetan dantza ere barne hartzen du. Antzezpenak opera-antzokietan egiten dira gehienetan, orkestra batek edo musika-talde txiki batek lagundurik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Operak Erdi Aroko drama liturgikoetan izan zuen hasiera. Ondoren, XVI. mendearen amaieran, Florentziako kameratak antzinako greziar drama berpiztu nahian, opera berria sortu zuen. Jacopo Peri, Jacopo Corsi, Francesco Cavalli eta Claudio Monteverdi izan ziren lehen operagileak, eta Dafne, Ulises, Orfeo eta antzeko mitoak izan ziren gai nagusiak. Italiako hiri batzuetan operarako antzokiak zabaldu ziren eta XVII. mendean musikagileak garai hartako gaiak erabiltzen hasi ziren.

Frantzian, berriz, operak XVII. mendetik aurrera hartu zuen indarra, Jean-Baptiste Lully eta Jean-Philippe Rameauri esker. Ingalaterran, Henry Purcellek Dido eta Eneas maisu lana idatzi zuen. Alemanian, berriz, Heinrich Schützek lagundu zuen zabaltzen. Hala ere, XVIII. mendean opera italiarrak Europa osoa menderatzen zuen, Frantzia salbu. Londresen Haendelek ezagutarazi zuen opera eta, Scarlattiren eraginari jarraituz, italiar kutsuko opera serioak idatzi zituen.

Opera serioa izan zen Italiako opera-formarik entzutetsuena, Christoph Willibald Gluckek haren artifizialtasunaren aurka erreakzionatu eta 1760eko hamarkadan erreformatu zuen arte; beste berrikuntza garrantzizko batzuen artean, kantarien zeregina murriztu eta drama gehiago azpimarratu zuen. Mozart da XVIII. mendeko operako irudirik ezagunena. Opera serioa egiten hasi zen, baina laster opera komikoaren ezaugarriak tartekatu zituen; haren Figaroren ezkontza, Don Giovanni eta Cosi fan tutte, eta Alemaniako tradizioaren mugarri izan zen Xirula magikoa-ren mailako lanei esker, aro berri batean sartu zen opera.

Milango Teatro alla Scala, 1778an sortua, munduko opera-antzokirik ospetsuena da.

XIX. mendearen lehen herenean bel canto estiloaren gailurra iritsi zen, Rossinik, Donizettik eta Bellinik egun ere antzezten diren lanak sortu zituztenean. Grand Opera izeneko estiloaren agerpena ere gertatu zen, Giacomo Meyerbeeren lanen eskutik. Mende honen bigarren erdia operaren urrezko arotzat hartu izan da. Alemanian Wagner-ek musika dramatizatu eta garrantzi handiagoa eman zion orkestrari, eta guztiz eraberritu zuen opera; haren Die Meistersinger, Tristan und Isolde, Parsifal eta Der Ring des Nibelungen operaren lorpenik handienetakoak dira. Italian, berriz, Verdiren Otello eta Falstaff lanekin operaren mailarik gorena lortu zen. Garai bertsuan, Frantzian, operak aldi bikaina izan zuen Hector Berlioz, Georges Bizet, Léo Delibes, Charles Gounod, Camille Saint-Saëns, Jules Massenet eta André Messageri esker.

Bitartean abertzaletasunak eragin handia izan zuen Errusian; Mikhail Glinka, Nikolai Rimski-Korsakov, Modest Musorgski, Aleksandr Borodin eta Piotr Ilitx Txaikovski izan ziren opera egile nagusiak. Txekoslovakian, Bedrich Smetanaren lan abertzaleen ondoren, Antonín Dvořákek opera lirikoagoak egin zituen.

XX. mendean Leoš Janáčeken lan errealistek gero eta arrakasta handiagoa izan zuten herrialde berean. Berak egindako izenbururik garrantzitsuena Jenufa izan zen (1904). Hungarian Béla Bartók, (Bizar-Urdinaren gaztelua) eta Espainian Manuel de Falla (La vida breve eta El retablo de Maese Pedro) nabarmendu ziren. Italian, XX. mendearen hasieran, verismoaren eskolaren barruan, Giacomo Puccini, (Madama Butterfly edo Turandot lan esanguratsuen egilea), Ruggiero Leoncavallo (Pagliacci/ Pailazoa) eta Pietro Mascagni i(Cavalleria rusticana/Herri zintzotasuna) izan ziren nagusi. Alemanian, Richard Strauss (Salome edo Elektra izenburuen egilea) da aipagarria, eta Frantzian Claude Debussy (Pelleas et Melisande) eta Maurice Ravel (L'enfant et les sortileges/Umea eta sorginkeriak).

XX. mendean zehar estetika aniztasuna biderkatu zen eta opera estilo desberdinak sortu ziren: atonalitate eta serialismoarekin (Arnold Schönbergen Moses und Aron eta Alban Bergen Wozzeck eta Lulu), neoklasizismoarekin (Igor Stravinskiren The Rake’s Progress/Lizunaren ibilbidea) edo minimalismoarekin (Philip Glass (Einstein on the Beach/Einstein ondartzan) eta John Coolidge Adams Doctor Atomic lanaren egilea). Kurt Weillen lan satiriko politikoak (Die Dreigroschenoper/ Hiru zentimoen opera) nabarmendu ziren gerren arteko Alemania aztoratuan, eta Britain Handian Benjamin Brittenen Peter Grimes edo Billy Budd ere aipagarriak dira. Azken opera hauek hizkuntza "klasikoa"goa daukate baina Brittenek egindako gizarte ingelesaren irakurketa kritikoa azalarazten dute.

Azken hamarkadetan operaren unibertsalizazioaren prozesuak ez du izan gelditzerik. Estetiken aniztasuna ere areagotu da eta horrela honako egile eta izenburuak ezagutu ahal izan ditugu: Olivier Messiaen eta bere Saint François d'Assise espitiruala, György Ligeti eta bere Le gran macabre apurtzailea edo Thomas Ádesen Powder her Face (Apaindu bere aurpegia) erotikoa.

Euskal Herriaren kasuan XX. mendeko musika-egileek ere operari arreta jarri ziote, kasu gehienetan Euskal Herri mitifikatu eta oniriko batez hitzegiteko. Euskal konpositoreen artean honako hauek nabarmendu ditzakegu: José María de Usandizaga donostiarra (Mendi-mendiyan edo Las golondrinas/Enarak), Jesús Guridi gasteiztarra (Amaya edo Mirentxu), José Olaizola (Oleskari zarra), Eduardo Mokoroa tolosarra (Leidor) eta, beranduago eta estetika aurreakoi eta abanguardiarengandik hurbilagoa dagoena Francisco Escudero zarauztarra (Zigor edo Gernika).

Grabazio-teknologia agertzean, Enrico Caruso eta pareko beste kantari batzuk ezagunagoak egin ziren operazaleen zirkuluetatik at. Caruso aintzindaria izan zen bere grabazioak egiten eta operatik kanpo zeuden pertsona askorentzat opera aria batzuk ezagunak egin ziren oso. Eragin antzekoa lortu zuen Maria Callas greziarrak 60. hamarkadan eta Luciano Pavarotti edo Plácido Domingo bezalako artistek XX. mendearen amaieran.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Opera Aldatu lotura Wikidatan