Ordunteko behor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ordunteko behorra
Lausako zaldia
Zaldi arraza
EspezieaEquus ferus caballus
Jatorria Euskal Herria  Gaztela eta Leon
SinonimoakGaztelako zaldikoa, Lausako zaldikoa, Lausako ponia, Merindadetako zaldia.

Ordunteko behorra, Lausako zaldia, edo Lausako ponia euskaraz, (gaztelaniaz: caballo losino), Gaztelako ipar ekialdeko zein Euskal Herriko mendebal ertzeko bertako zaldi arraza bat da[1][2]. "Burgosko behoka" (gaztelaniaz: Jaca burgalesa) zaldi honen beste izenetako bat da. Azken izendapen hau egun irauten duen Gaztelako jatorriz bertako zaldi arraza bakartzat jotzen delako erabiltzen da, nahiz eta deitura nahiko berria izan [3]. Edonola ere, arraza garai historikoetan Gaztelatik kanpo zabaldu da, Arabako mendebaldean, esate baterako. Hemen Ordunteko behorren eta pottoken arteko banaketa lerroa zehaztea zaila da. Bere tamaina zein beste hainbat ezaugarriak direla eta, Ordunteko behorra ponien sailkapen taldean sartzen da.

Garai batean, Erdi Aroan bereziki, ospe handiko gerra zaldia izan zen[4]. Gero, XX. mendeko lehen erdialdera arte, zela zalditzat, nekazaritza lanetan zein zalgurdi arinetatik tiratzeko erabilia izan zen bereziki. 1920ko hamarkadatik aurrera, Iberiar Penintsulako beste hainbat poni arrazekin gertatu zen bezala, Ordunteko behorrak kanpoko zaldi arrazekin, bretainiar zaldiak bereziki, gurutzatzen hasi ziren haragitarako tamaina handiagoko abereak lortzeko.

Senide hurbilenak zituen, beste hainbaten artean, 1950ko hamarkadan desagertutako Soriako behoka zein Gaztelako zaldia arrazak[5]. Lausako zaldia "iberiar mendiko behokak" delako sailkapen taldean sartzen dute[6], hau da, joan den mendera arte Iberiar penintsulako mendi-multzo gehienetan arras zabaldurik egon ziren poni edo behoka arrazak, eta gaur egun ordea eremu gehienetan ia erabat desagerturik daudenak. Penintsulako hizkuntz erromaniko ezberdinetan poni eta behoka (gaztelaniaz "jaca") hitzak sinonimoak dira.

Iberiar behoka hauek oro har kolore ilunekoak ziren eta esan bezala Penintsulan ugari izan arren, apurka desagertuz joan ziren. Jaitsiera bereziki joan den mendeko bigarren aldetik aurrera eman zen. Egungo iberiar poni arraza ezberdinak iberiar behoka hauen ondorengoak dira. Behoka hauek erromatar garaietatik eta lehenago ere gerra zaldiak ziren. Haien barnean sartzen da, lehen aipatutako Gaztelako bi poni arrazez gain, egun berreskuratzeko bidean dagoen Erdialdeko Mendi-multzoko Serrano zaldia.

Arraza gaur egun Burgosko iparraldean hedaturik dago bereziki, Pancorbon zein Losa edo Lausako ibarretan[7], Euskal Herriarekin mugakidea den Merindadeak eskualdean. Eskualde hau nahiko menditsu eta basotsua da. Kokapen geografiko hau dela eta, gaztelaniaz arrazaren beste izenetariko bat zera da; "caballo de las Merindades" , hau da, Merindadetako zaldia.

Garai batean abere arraza honen banaketa eremuak Euskal Herriko Ipar-mendebaldeko zenbait eskualde hartzen zuen ere, Gaubea, Aiara eta Karrantza hain zuzen. Argazki zaharretan ohikoa da mota honetako zaldiak eskualde hauetako baserrietan ikustea. Hainbat adituek arrazaren zabalpen gune historikoa gehiago handitzen dute oraindik Euskal Herrian barrena, eta garai batean Ordunteko behorrak Arabako beste hainbat eskualdez gain, Arabako mendietan barrena Nafarroaraino heltzen omen zirela uste da. [8]. Dena den, zaila izan daiteke poni hauek garai bateko pottoketatik bereiztea, oso gertuko arrazak izanik eta tokiz tokiko abere arrazen azpi-motak kontutan hartuz.

Batzuek Lausako zaldia zeltiberiar herrien zaldia omen zela uste dute[3]. Iberiar sistema mendi multzoaren barrena ere hedatzen zelako.

Bere tamainagatik Ordunteko behorra ponien sailkapen taldean sartzen da, eta aditu gehienek halakotzat hartzen dute, nahiz eta batzuentzat arrazak zaldi tamainako arrazen zenbait ezaugarri daukan. Fenotipoan poni eta zaldien ezaugarriak ditu, poniarenak nagusi izanik. Hau ohikoa da hainbat zaldi arrazekin, baina Ordunteko behorra oso lotuta dago gainontzeko Kantauri itsasoko ertzeko poni arrazekin.

Esan den bezala, ezaugarri komunak dauzka inguruko poni arraza kantabriarrekin eta neurri batean bere senidetzat hartu daitezke[9], pottoka, asturkoia eta zaldi montxinoarekin hain zuzen[10]. ADN mitokondrialarekin egindako ikerketek Ordunteko behorra inguruko antzinako zaldi arrazekin lotzen du[11]. Batzuek Pirinioetako Merensgo zaldiarekin zein Landetako poniarekin lotzen dute era berean. Baita egun desagerturik dagoen katalan zaldiarekin ere[12][13]. Ordunteko behorra bereziki egun galduta dagoen Soriako behokarekin antzekotasun handia omen zeukan.

Arrazaren egoera larria da, naiz eta 70-80. hamarkadetan ia galtzeko zorian zegoenetik zerbait hobetu den.[14]. Asociación Nacional de Criadores de Caballos Losinos eta El Bardojal delako elkarteek kudeatzen dute arraza.

Hemen aipatu behar da Ricardo de Juana Aranzana arraza kontserbatzailearen lana denek desagertuta jotzen zuten Ordunteko behorra azken unean salbatzerakoan. 1985. urtean hasita, azken aleak ikertzen eta bilatzen, gaur egun arte Pancorboko Udalari bere zaldi taldeari buruzko kudeaketan laguntza ematen[15].

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelaniaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagunenak diren zaldi honen izenak gaztelaniaz daude. Poni losino, Caballo losino, jaca burgalesa, yeguas ordunteñas besteak beste. Caballo castellano edota caballo de la meseta bezalako adiera berriagoak dira, zaldi hauen "gaztelar jatorria" azpimarratu nahian. Zeltiberiar zaldia bezala. Beste izenetariko bat caballo de las merindades da, egun eskualde hartan bereziki hedatuta dagoelako[16].

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lausako zaldia, Lausako ponia edota eta bereziki Ordunteko behorra deitzen da. Azken izen honek nahasketa dakar pottokarekin, zeren eta Karrantza aldean euskal ponia izen berberarekin ezagutzen dute. Dena den kontutan hartu behar da Ordunteko mendilerroan batzen zirela pottoka eta Lauzako zaldiaren banaketa eremuak, eta horregatik bi arrazen tarteko abereak bazirela eta badaude gaur egun ere.

Hala ere, arrazaren historiari begira, euskal kutsuko beste izen bat aurkitu dezakegu. Erromatar garaiko kronistek bi zaldi mota bereizten zituzten Iberiar penintsulako iparraldean. Bat asturkoia deitzen zuten, egungo pottoka, asturkoia eta zaldi montxinoen antzekoa. Bestearen deskribapenak bat datoz Lausako poniarekin, asturkoia baino zerbait altuagoa zen, eta gainean ibiltzeko oso aproposa. Thieldon edota Celdon deitzen zuten[17]. Izen horiek zaldirekin edo zaldi-on-ekin daukaten antzekotasuna nabarmena da ikertzaileentzat.

Arrazaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lausako arrazako behorra

Izaera eta portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraza honetako abereak azkarrak dira, iraunkorrak eta zailduak baldintza kaskarretan aurrera ateratzeko. Oso landatarra den arraza da. Izakeran urduritasun puntua badaukate ere, nahiz eta esanekoak izan. Mendietan barrena ibilbide zein lasterka luzeetan ondo moldatzen dira. Denbora dezente eman dezakete gutxi jan gabe.

Ezaugarri fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Losino arraza elipsometrikoa da, eumetriarako eta longilineorako joera duena.

Burua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

S itxurako soslaia. Behorra
Zaldi ar baten burua. S itxurako soslaia nabarmena ere.

"S" itxurako soslaia, hau da, azpi-ahurra, batzuetan nahiko nabarmena. Kopeta-muturraren profila zuzena edo apur bat ganbila. Buru handia eta neurrikoa da eta ezaugarri finak ditu.

Belarri neurrikoak dira, inoiz ez txikiak. Meheak dira eta uztai bat barru aldera barne ahurtasunarekin osatzen dute (Alfanje itxurako punta deritzotena).

Begiak aurpegiaren azalean agertzen dira. Handiak, biziak eta oso adierazkorrak dira. Gaztaina koloreko edo ilunak dira.

Sudur zulo handiak dauzka. Batzuetan sudurzuloen aldean izurtze nabarmena agertzen da. Ezpain aldea nahiko lodia dauka.

Lepoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mardula. Bularrean sarbide zabala dauka. Joera dauka beheko aldean ganbila izateko ("Orein lepoa" delakoa). Zuzena edo apur bat kurbatua goiko aldean.

Soin gurutzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soin gurutzea ez da oso nabarmena. Ez da haragirik gabekoa agertzen ere.

Soin enborra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkar zabal eta zerbait makur. Bular zabala, solomo zabala ere eta bizkarra zerbait zelatuta. Ipurgain indartsu, biribil eta erorita.

Isatsa eta zurdak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isatsaren sartzea nahiko behean geratzen da. Iletsua eta beltza da. Isats enborra ez da iskionen puntaren artean nabarmentzen. Zurdak ere oso iletsuak eta beltzak dira. Isatsaren puntan zein tupe eta zurdaren ertzetan distira gorrixkak ohikoak dira. Hanketako beheko aldean ile gutxi daukate.

Hankak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko hanka finak, artikulazio onekin: Zain eta tendoiak oso nabarmen, kanpotik. Beso onak eta berna-hezur meheak. Lehen hatz-hezurra motzak. Apatx txiki, gogor eta beltzak. Hanken beheko aldetan ile gutxi. Izterra neurrikoa da eta hanka onak eta belaunburu garbiak. Ispilutxoak hanken bi aldetan agertzen dira.

Ilaia eta kolorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beltza oro har, baita gorbeltza ere kasu batzuetan. Neguan ilaiak halako isla gorrixkak eduki ditzake. Udan berriz beltzago eta ilunagoa da, arbeltx kolorekoa. Ez dira orbanak onartzen, soilik zuri-une edo izartxo txikiak kopetan.

Altuera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soin gurutzera: 1,33 eta 1,43 m artean. 120 cm behorretan eta 130 cm zaldietan. Behor zein zaldietan gehienezko altuera onartua 147 cm. da. Egun arrazaren altuera bataz bestekoa 132,56 cm etan kokatzen da. Beraz, Ordunteko behorrak ponien sailkapen taldean kokatzen dira (Gehienez 148 cm). Baina ponien artean altueraz nahiko garaikoak dira. Luzera garaiera baina 5 cm handiagoa da.

Pisua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

300-350 kilo ingurukoa da[18].

Etologia eta zaldi samalden gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jeneralki, baldintza erdi asketan bizi diren abereen kasuan, samaldak zaldiak, hainbat behorrek eta hiru urte arteko moxalek osatzen dituzte. Samaldaren bataz besteko tamaina 10 abelburukoa da, handiagoa moxal txikiak jaiotzerakoan.

Moxalak sexualki heltzerakoan samaldatik aldentzen dira, hau da, hiru urte bete inguru. Une hartantxe zaldi mordoxka kentzen dira menditik saltzeko, hezteko edota beste hainbat erabilerarako. Mendiak geratzen diren zaldiak behor talderik gabeko beste hainbat zaldiekin batuko dira samalda batean. Handik zenbait urtetara beste behor samalda baten zaldiak izango dira lehengo zaldiarekin borroka egin eta gero, edo bestela samaldarik gabeko behorrak batzen joango dira beraien inguruan.

Pancorboko gunean samaldak kontrolpean ezartzen dira mendien eremu ezberdinetan. Era berean hazitarako zaldiak kontrolatzen dira endogamia saihesteko eta arrazaren genetika zaintzeko. Hainbat urte pasa eta gero hazitarako zaldiak beste berriengatik aldatzen dira.

Arrazaren historia XX. mende arte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liraina den eta soslai zapalekoa edo ahurra duen zaldi baten grabatua (tarpan edo "zelta poni" mota), Kantabriako La Pasiega harpean. Lausako zaldiaren motakoa, arrazaren egungo argazkiekin antzekotasuna nabarmena da.

Zaldia arras ugaria izan zen Paleolitoan Iberiar Penintsulan. Bai aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako hondakinengatik baita Solutre garaiko labar-artean agertzen diren marrazki ugariagatik.

Hainbat adituek urtetan zera mantendu dute ordea; Pleistozenoren bukaeran, duela 12,000 mila urte, gertatutako aldaketa klimatikoen ondorioz , Iberiar Penintsulako estepak desagertu omen zirela eta basoak orotara zabaldu. Haren ondorioz zaldia desagertu egin zen. Zaldiak Azken Izotz Aroaren izotzen atzetik erretiratuz joan ziren iparraldera egokiagoak zituzten habitaten atzetik.

Teoria honen oinarrian zera zegoen, neolito garaiko aztarnategi arkeologikoetan zaldi hondakin gutxi agertu direla Penintsulan [5].

Jesus Altuna paleontologoak dioenez ordea, zaldi basatia (Equus ferus), sekula ez da ugari izan historiaurreko garaietan Hego Euskal Herrian; ez eta Kantauri itsasoko ertzaren gainontzeko eskualdetan ere. Goi Paleolitoan ere, nahiz eta zaldiak Ekaingo leizearen bezalako labar-margoetan ugari eta bikainki marraztuta azaldu, ez dira zaldien hondakin asko agertzen bertako aztarnategietan. Antza, Pirinioez beste aldetik, Akitaniako ordokietan, espeziearentzat askoz biotopo aproposagoak zeuden, Pirinioez hegoaldeko Euskal Herriko paisaia menditsu eta oihantsuetan baino.

Altunak ikertutako Hego Euskal Herriko aztarnategietan, betadunen hondakin guztien artean, zaldia %5era ozta ozta heltzen da.

Ehuneko hau gainera, askoz gehiago murrizten da hasierako mesolitikoan (Aziliar). Geroztik aipatuko denez, Mesolitikoaren amaieran eta Neolitikoan, duela gutxi arte, espeziea ez zen azaltzen arkeologia aztarnategietan. Horregatik, Jesus Altuna berak eta Jose Migel Barandiaranek urte askotan zehar uste izan zuten aldi batean zaldia Euskal Herritik desagertu omen zela.

Hau dela eta, zenbait adituek zelta ponien teoria zabaldu zuten alegia, kantauriar poniak, Ordunteko behorrak barne, zaldi basatiak desagertuz gero zelta herriek ekarritako abereen ondorengoak direla. Aurkikuntza hauekin ordea teoria honek indarra galdu zuen bertako zaldi basatien iraupenaren aurrean. Hau dela eta, gaur egun baieztatu dezakegu Burdin aroko zaldiak Paleolitoko zaldi basatien ondorengoak direla, neurri handi batean behintzat.

Beraz Nafarroako Abaurreako Zatoiako arkeologia aztarnategian egindako lehendabiziko aurkikuntza funtsezkoa izan zen teoria hau deuseztatzeko eta zera ziurtatzeko; zaldia etengabe bizi izan dela Euskal Herrian eta ondorioz Iberiar Penintsulan Paleolitiko Aurignac aldiaz geroztik, hau da, gaur egunetik duela 42.000 urte arteko denboraldia arte. Geroztik zaldi hondakin gehiago agertu ziren Karrantzako Aldeacuevan,Itziarko Urtiagako harpean zein Los Husosko harpean Araban.

Castelloko Maestrazgoko Ares del Maestratko harpean ere garai neolitikoen zaldi aztarnak agertu ziren ere.

Edozein moduan argi dago zaldiak kapazak direla giro basotsuetara moldatzeko, basoko tarpanen kasua. Gainera ezin dugu islatu izotz eta geroko Holozeno goiztiarrraen paisaia etengabeko baso itxi bat bezala. Bertan mota ezberdinetako hondamendi naturalek (Suteak, lur jauziak, uholdeak, haize erautsiek, zuhaitz gaitzak...) sortutako soilguneak egongo ziren ere, belar jale handiek profitatu eta mantendurik belarki espezieak mantenduz eta zabalduz[19].

Eneolitoan aztarnen %0,21ak hartzen du zaldiak. Brontze Aroan ere zaldi aztarnak oso urri izaten dira, (%0,07). Aurkitutako aztarna urri hauekin, gutxi zehaztu daiteke Eneolitoan Euskal Herrian bizi ziren zaldi motei buruz, bai Kantauriko isurialdean, bai Mediterraneoko isurialdean. Ezin zehaztu, orobat, ea zaldi horiek etxekotuak edo basatiak ziren.

Esate baterako, eta Iberiar Penintsulari dagokionez, 1976.en urtean, Portugalgo Torres Vedraseko Zambujalgo kastroan 348 zaldiren hondakinak topatu zirenez gero, A. v. d. Drieschek eta J. Boessneckek jarraitzen dute zehaztu ezinik ea hango zaldiak etxekotuak edo basatiak ziren.

Azkenean Altuna argi eta garbi mintzo da zaldia neolitikoan Gune Kantabriarraren ustezko desagerketaren kontra

« Teoria hori eraldatu eta baliogabetu egin da, eta zaldia ez da desagertu ez Mesolitoan, ez Neolitoan, nahiz eta ziur aski ez zen ugaria izan eskualdean Paleolitoaren amaieran, Europa erdialdeko zuhaitzik gabeko estepak hobetsi baitzituen. »

Oscar Arribasek bere aldetik zera dio ( 2004):

« Kantauri itsasoaren ertzean espeziearen ugaritasuna asko jaisten da Würm amaitzen denean, baina Meso- eta Neolitoan zehar erabat desagertu gabe. Ordokian ere ez dirudi Glaziarostean desagertzen denik, baizik eta Neolitoraino jarraitzen duela, eta han, itxuraz, ehizatzen jarraitzen duela eta etxekotu egiten dela. »

Zaldi etxekotuen aurreneko hondakin seguruak, Iberiar Penintsulan, Granadako Cerro de la Encinaren Argarren azaldu ziren, eta Brontze Aroaren erdi aldekoak dira.[20]

Apurka apurka, mendetako prozesu batean, basazaldia desagertzen Joan zen etxekotutako zaldia nagusitzen zen bitartean. Batzuen arabera duela 2.800 urte Kristo basazaldia desagertuta omen zegoen jada Euskal Herrian. Hainbat iturrik, ordea, enzebra izeneko ekido basatia aipatzen dute Iberiar Penintsulan, mende asko geroago. Ez dago argi ea enzebra hura basazaldia edo basastoa zen, nahiz eta gero eta gehiago basazaldiaren teoria nagusitzen ari den. Enzebra izeneko abere haiek Erdi Aroko agiri askotan aipatzen dituzte. Izena ere toponimian ugari da, Espainia zein Portugal aldeko hegoaldean eta mendebaldean. Euskal Herrian ere bada halako hainbat toponimo.

Nahiz eta arraro izan, zaldiaren aztarnek urri jarraitzen dute izaten gune kantabriarraren Burdin Aro zein Erromatarren aroko aztarnategietan. Honen zergatia azaltzea zaila da. Esate baterako, Guardiako La Hoya herrixkaren zeltiberiar mailan, 60 zaldiren hondakin baizik ez dira agertu, aurkitutako 4.924 ugaztunen artean; 1,21 beraz.

Urritasun hori are zentzugabeagoa da, kontuan hartuta erromatarren garaiko idazle eta kronikagile klasikoek —Diodoro, eta Estrabon greziarrek eta Polibio, Varron, Plinio eta Marcial latindarrek— penintsulan zaldien ugaritasuna aipatzen zutela, eta gero aipatuko denez Galiziako zeltiberiar gunean zein Kantabria eta Asturias aldean zaldien bikaintasuna nabarmentzen zutela.

Bertako beste arraza askoren legez, hainbatetan adituak ez dira ados jartzen Lausako zaldi arrazaren jatorriaren inguruan. Zenbait teoria nagusi egon dira lausako zaldien jatorriari buruz.

  • Batzuek arraza zuzen arabiar zaldiekin lotzen dute, bere gorputzera fina eta izaera suharra dela eta. Teoria honek, oso eztabaidarriak diren ezaugarri fenotipikoen gainean eraikita, ez dauka funts handirik.
  • Bigarren teoriak zera dio; erromatarren etorrera baino lehen iberiar hiru zaldi mota indigena zeuden. Bat, penintsulako hegoaldeko zaldi mota, egun sorraia zaldia litzateke azken oinordekoa. Beste bat kantabriar eta piriniar poni arrazek osatuko lukete( pottoka, garrano, asturkoia...). Beste zaldi mota Iberiar goi-lautada eta iberiar sistemako zaldia litzateke. Lausako zaldia enbor honen azken zaldi mota litzateke[21]. Zaldi tipo honen beste arrazak, egun desagertutako soriako behoka eta Gaztelako zaldia lirateke.
Ordunteko behorrak elurrada batean. San Cebrian de Mudako zentroa.
  • Hirugarren teoriak ordunteko behorra gainontzeko zaldi arraza atlantiarrekin zelta poniak delako sailkapen taldean sartzen dute garai batean James Cossar Ewart eskoziar zoologistaren teoria jarraituz. Haren arabera hainbat antzekotasun duten poni arraza guzti hauek garai batean tribu zelten emigrazioek ekarritako abereen ondorengoak dira. Zelta ponien teoria, dena den, nahiko ezabaian dago gaur egun ikerketa genetiko ezberdinak direla medio. Bazteru gabe Indoeuropar herrien migrazioek ekarritako balizko zaldien ekarpen genetikoak, neurri handi batean bertako poni basatien ondorengotzat jotzen dira tokiz tokiko arrazak.
  • Laugarren teoriak, egun onartuena eta afroga genetikoetan eta ez soilik ezaugarri morfologikoetan oinarriturik dagoena, zera dio; Ordunteko behorrak pottoka, zaldi montxino zein asturkoi arrazengatik nahiko gertu daudela. Baita Piriniar arrazengatik ere, Merensgo zaldiaren kasu. Lausako zalditik genetikoki gertuen dagoen arraza galiziar ponia da, eta gero zaldi montxinoa. Pottoka eta asturkoia genetikoki urrutiago daude eta harritzekoa bada ere, lehen aipatu denez, nafar behoka pottoka bera baina hurbilago dute, arraza honen jatorria eta losako zaldiarena lotuz[22]. Ordunteko behorraren, seguruenik, azken izotzaldia eta gero bertan geratutako poni tamainako zaldiak dira. Basoko tarpanaren adarrekoak.
Sakontzeko, irakurri: «Pottoka#Jatorria eta historia»

Hainbat adituek diote Lausako zaldia zeltiberiarren zaldia omen zela.

Egile batzuen arabera, horien artean Castejon aipa daiteke,(1953), Iberiar-Penintsulako zaldi-populazioaren funtsezko substratu etnikoan hiru mota indigena agertzen dira, eta hiru zaldi mota hauek Iberiar Penintsulako bertako zaldun-arrazen aitzindaritzat har daitezke gaur egun arte:

• Zaldi kantauriarra, profil ahurrekoa eta 1 metro baino apur bat gehiago altuera soin gurutzera. Hemendik sortu ziren Penintsulako ipar parteko poni arraza guztiak:(Portugalgo garranoa, Galiziako ponia, asturkoia, pottoka eta Nafar behoka).

• Gaztelako zaldia, 1,30 eta 1,40 m bitarteko altuera soin gurutzera. Porfil zuzen eta gorakoa, Castejonen arabera Soriako behoka eta Orduntekjo behorrak dira bere ondorengoak.

• Andaluziako zaldia, profil ganbilekoa edo azpikonbexua eta 1,40 m-tik gorako altuera duena, eta, zalantzarik gabe beste arraza batzuen eragina izanik, egungo puruaren jatorrian egongo litzatekeena[23].

Ez dira ugari, noski, Gaztelako zaldiei buruzko aipamen historikoak. Edozein moduan Penintsulako zaldi-populazioaren barruan, Ordunteko behorrek ezaugarri bereziak eta bereizgarriak dituzte.

Ordunteko behorra gerra zaldia izan zen garai zahar zein erdi aroan. Geroztik nekazaritzako lanetan, zela zaldia bezala zein zalgurdi txikietatik tira egiteko. Joan mendearen erdi aldean, nekazaritzako lanen mekanizazio orokarrerekin batera, bere kopurua murrizten joan zen. 60. hamarkadatik aurrera zaldi haragiaren merkatua zabaldu zen, bereziki Franztiari zein Italiari begira. Horrela, iberiar beste hainbat mendiko poni arrazekin gertatu zen bezala, Lausako poniak tamaina handiko zaldi arrazekin nahastu zituzten okel ekoizpena handitzeko. Burgos eta Soriako probintzietan bertan ordurako desagerturik zueden jada mota honetako zaldiak Urbion eta Arandio mendimultzoetan Iberiar mendilerroan. Baita Gaztelako kantauriar eskualdetan ere [24]. Arrazaren punturik bajuena 80. joan den mendeko hamarkadan egon zen.

Aldi berean haragietarako abereak bezala erabiltzen hasten dira kopuru handiagoetan, eta ekoizpena handitzeko beste hainbat zaldi arrazekin nahastutzen dituzte. Haren ondorioz, esate baterako, Hispano-Bretoi zaldi haragitarako zaldi arraza sortu zuten. Mandoak lortzeko ere erruz gurutzatu ziren ordunteko behorrak astoekin, estimu handiko abereak lortzen. Ordunteko behorrak gainera esne ekoizpen handikoak dira, eta oso onak mandakumeak aurrera ateratzeko.

Garaia hartan sortzen da "Lauzako zaldia" izena abere hauek izendatzeko. Ordurarte "behokak" (gazteleraz "jaca") edo "mendiko behokak" deitzen baitzituzten. Izena arraza garbiko abereak gero eta ugariagoak ziren eta bretoi zaldiekin nahastutako hispano-breton zaldiengatik bereizteko hasi ziren erabiltzen. Ordurako Lausako harana zen abere arraza honen gordelekurik handiena, nahiz eta Merindadeak eskualde guztian zein Ebroko ibarrean barrena arraza garbiko hainbat ordunteko behorrak baziren oraindik.

Arrazaren azpi-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai batean jendeak bi azpi-mota bereizten zituen ohiko losino zaldiaz gain. Ordura arte beste bi barietate zeuden arrazan; “Carranzano” delako, Hau Karrantzako haranean eta “orduntiego”, edo Orduntekoa[25] Esaten zuten Lauzako poniak beste bi azpi arraza hauek baino lirainagoak zirela, sendoagoak eta ipurtalde biribilagoak zeuzkatela. Hemen larren kalitateaz gain Karrantzako zein orduntekoek pottokekin zeukaten kontaktua egon zitekeen. Esan beharra dago ere Karrantzako zein Ordunte aldeko baserritarrek Mena zein Lauzako abere azoketan erosten omen zituztela sarri beraien zaldiak.

Arrazaren aro modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • XX. en mendearen hasieran, 1915.en urtera arte, Ordunteko behorrak bere gehiengo historikoa erdietsi zuen Handik aurrera eta apurka kopuruak beherantzako joera hartuko zuen. Arraza aldi berean nahasten joan zen beste hainbat zaldi arrazekin. Behor asko mandoak lortzeko gurutzatu zituzten, baita beste hainbat zaldi arrrazekin nahastutzeko, nahiz eta tamaina txikiko zaldiak izan, beraien ezaugarri onak zirela eta[6]. Orduan abere hauen salneurria handia zen, tamaina txikiko zaldiak izan arren oso estimatuak zirelako, kanpora eramateko ere.
  • 1933.en urtean Estaduko erakundea zen "Cría Caballar" delakoak arrazako 1.455 abelburu zenbatu zituen Lauzako haranean.
  • 1940.en urtera arte esan daiteke Ordunteko behorrak nahiko zabaldurik zeudela Merindadeak delako eskualdean zein inguruetan. Haien gainbehera 50. hamarkadan hasi zen nekazal giroko herrietan urte haietan indarrez hasi zen mekanizazioaren ondorioz[21].
  • 1951.en urtean Bañuelosek 834 abelburu zenbatu zituen Mena Haranan bakarrik. Beherantzako joera azkarra hasita zegoen baina hala ere arrazak oraindik kopuru estimagarria mantentzen zuen. Edozein moduan jendea zaldi bretoiekin nahastutako hainbat abere, arraza garbiko lauzako zalditzat hasi zen hartzen.
  • 1955.en urtean "Ganaderia Española" delako zentsoak guztira arrazako 4.000 abelburu zenbatzen ditu, nahiz eta zalantzak dauden ea zenbatutako abere guztiak arraza garbikoak omen ziren.
  • 1986.en urtean ematen da arrazaren gutxienengo historikoa. 30 behor eta bi zaldi baino ez ziren geratzen, eta denak ez ziren erabat arraza garbikoak[6]. Abere hauek erdi-basatiak ziren eta harrapatzeko zailak. Horregatik mantendu ziren hainbat mendietan bretoiar zaldiekin nahastu gabe.

Arrazaren egoera larriaren aurrean hainbat pertsona bildu ziren zerbait egiteko. Geratzen ziren arrazako azken abereak erosten hasi ziren, euren patrikatik ordainduta, zailtasun handiekin. Batzuk jada harakin bati salduta zeuden eta ozta ozta salbatu ziren. Hasiera batean erositako animaliak Arabako Pinedo herriko mendia batean jarri zituzten. 1987. urtean Pancorvoco gunea abaitu zuten arrazaren suspertze txikia ahalbidetuz. Ordurako zaldi bat eta 12 behor zeuzkaten eta hainbat erakundekin kontaktatu zuten laguntza eske. Gaztela eta Leongo Junta, Burgosko Diputazioa eta Espainiako Defentsa nisterioarekin [26] . Azken hau bitxia ematen badu ere kontutan hartu behar da urte hartan Espainiar Estatuan zaldien hazkundearen eta ardura oraindik militarren eskuetan zegoen eta ez Nekazaritzako Ministerioan, abere hauek "Nazioaren defentsarako" zeukaten garrantzia zela eta[27]. Historikoki behintzat. 1988. urtean lauzako poni arraza suspertzeko asmotan zebilen taldea Zaldien Hazkuntzarako Jeneral Burua zen Gonzalo Navarro Figeroarekin bildu ziren arrazaren onarpen ofiziala lortzeko. Batzorde militarrak arraza onartzeko prozedura ireki zuen.

Urte hartako uztailan zaldizaleen taldea Gaztela eta Leongo Juntako Nekazaritza eta Abelkuntzako Kontseilariarekin bildu zen Lauzako zaldia berreskuratzeko egitasmoa aurkezteko.

1990. urtean hitzarmen bat sinatu zuten Juntarekin arraza suspertzeko eta hainbat diru laguntza jaso zuten.

1991. urtean Lauzako Zaldien Hazleeen Elkartea sortu zuten.

1992. urtean otsoen erasoak zaldien samalden kontra arazoa bilakatu ziren. 1997. urtean urte hartan jaiotako moxal guztiak akabatu zituzten eta beste hainbat behor ere zauritu zituzten. Aldi berean hainbat arazo sortu ziren lauzako zaldien gestoreen eta Gaztela eta Leongo Juntaren artean. Haien ondorioz arraza suspertzeko laguntzak asko murriztu zituzten eta zaldizaleek euren kabuz lan egin behar izan zuten, gastu gehienak euren patriketatik ordainduz aldi berean.

1996. urtean arraza garbiko 150 abelburu zeuden jada[28].

Aldi berean "Sociedad Para la Recuperación en Pureza del Caballo Losino" delako elkartea sortru zuten eta Pancorboko guneari gestionatzeari ekin zioten[29].

2004. urtean, hainbat arazo zirela medio, erakundeen boikota zein inguruko hainbat nekazariena (itxiduren kontrako sabotaiak barne, edo itxidurak moztearen ondorioz ateratako zaldiak tiroz bota) Pancorboko guneraen egoera, ia 300 aberekin, arrazaren gehiengoa berez, oso egoera larrian zegoen[30].

Izandako arazoak zirela eta Ricardo de Juana Aranzanak lauzako zaldien aldeko egitasmoa laga eta gero Gaztela eta Leongo Juntako zenbait arduradunak berekin jarri ziren harremanetan. Aranzanaren arabera zera susmatu zuen, hainbat arduradunak prest zeudela zaldiak tiroz botatzeko "arazoarekin" amaitzeko, hainbat soroetan sortutako kalteak zirela eta. Horretarako aitzakia abereak "kontrolik eta jaberik gabe" zeudela izanik.

Iritzi publikoak, "National Geographic" aldizkariaren erreportai bat zein Espainiako Telebistaren "El escarabajo verde" programaren erreportai batek atzera bota zuten abereak akabatzeko asmoa[31].

Animalien balizko hilketa baztertuta Juntako arduradunek Pancorboko udaletxearekin akordio batera heldu ziren zaldien zaintza berak egiteko diru laguntza baten truke. Ihesak eta nekazariek akabatutako abereak zirela eta, 240 abelburu geratzen ziren eta 150 hektareatako itxidura batean jarri zituzten. Horrela finkatu zen Pancorboko Lausako zaldien gunea. Edozein moduan azalera hori ez zen hainbeste abelburu mantentzeko nahikoa eta hainbat zaldi gosez akabatzen hasi ziren[32].

Pancorvoko udalak egindako zaldien enkanteen bidez lortu zuten kopurua murriztea, baina aldi berea Lausako zaldien gunerik handiena kopuruaz jeitsi zen nabarmen.

MAPA delako espainar elkarte ofizialak ez zuen arrazari ezagupen ofizialik eman 1997.en urtera arte, orduan desagertzeko zorian dagoen arrazatzat hartu zuen. Hala ere Ordunteko behorra 1995.en urtean Europar Batasunaren bertako arrazen zerrendetan agertzen zen jada, eta horregatik aberezaleek diru laguntzak Europatik jasotzeko aukera izan zuten. 1998.en urtean arrazaren genealogi liburua sortu zuten.

Pancorboko gunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazari buruzko informazioa eskaintzen duen argibide-taulak Pancorboko Obarenes mendietan

Egun Ordunteko behorraren gune nagusi zein interesgarriena Pancorvo herrian kokatzen da. Bertako udaletxearen jabetza dira abereak[24]. 1988.en urtean arraza berreskuratzeko egitasmo bat abiatu zuten. Ricardo de Juana zaldizaleak, arrazarekin ibilitako albaitero baten semea, bere patrikatik eta hainbat jendearen laguntzaz arraza garbiko azkenetariko 32 zaldi erosi zituen. Abereak lehen Arabako Gaubeako Pinedo herrian eduki zituen eta azkenean, 1989. urtean samalda Pancorvoko mendietan askatu zuten, itxidura handi batean. Danera 16 km perimetro zeukan itxidura eta 700 hektarea inguru. 800 eta 1.359 m altueran kokatuta zeuden larreak. Oso leku malkartsua da eta bertan erkametzak, arteak, pagoak eta pinuen aldaketak zeuden. Leku batzuetan larre onak egon arren besteetan sastraka sarria zegoen.

Pancorboko mendien ikuspegia

Bertan egun oraindik Lautzako Zaldiaren Hazkunde eta Hautaketarako Gunea kokatzen da, eta arrazaren babesgune genetikorik handiena da.

Udaletxeak zaldi samaldaren jabetza bereganatu zuen joan den hamarkadan. Arrazaren abelburu kopurua Pancorvoko gunean 260 ingurukoa izatera heldu zen. Askoz gehiago izan zitezkeen gune eta egitasmo hauek pairatu duten hainbat eragozpenen izan ezean, arrazaren historia aro modernoan aatalean aipatzen denz.

2011. urtetik aurrera Ricardo de Juana da zentroaren arduraduna[33].

2013.en urtearen abenduan ordea Pancorvoco udalak bertako zaldien %65 salgai jarri zituen beraien mantenuaren kostoari aurre egiteko ezinean zegoelako argudiatuz.[34]. Horrela Pancorcoko babesgunean 260 abelburutik soilik 100 geratu ziren bertan.

Udalaren arabera, Ordunteko behorren samaldaren aurrekontua urtean 100.000 euroarena da, hau da, udalaren aurrekontuen %10. Hori dela eta, egoera jasanezina zaie. Arraza babesteko gunearen etorkizuna bera ere zalantzan egon zen[35].

Udalak abelburuen kopurua 130 inguruan finkatuta dauka eta handik aurrerako soberakinak enkantean saltzen ditu.

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordunteko behorrak San Cebrian de Mudako Bisontearen parkean elurrada batean.

Egun zaldi hauek bakarrik Burgosko iparraldeko Lautzako ibarrean zein Pancorbon aldean mantentzen babadira ere, duela gutxi arte Lautzako zaldiaren banaketa guneak Euskal Herriko zenbait eskualde hartzen zuen ere, hala nola Aiara, Karrantza eta Gaubea. Lauza ibarreko Jatorrizko eremuak 50 kilometro karratu hartzen ditu. Sei udalerri hartzen ditu. Berberana, Villalba de Losa, San Martín de Losa, Río de Losa, Valle de Losa eta Traslaloma. Harekin batera herri hauen bazterretan beste banaketa gunea zabaltzen zen baita ere [21]. Hainbat iturriek gehiago zabaltzen dute garai bateko banaketa eremua Euskal Herrian Araban barrena Nafarroraino. Urbasaraino hain zuzen[36]. Horrela Ordunteko behorrak egun Nafar behoka zaldi arraza larrretzen den eremuan egongo ziren, bi arrazen arteko balizko senidedatunaren hipotesia zabalduz. Esan behar dago azterketa genetikoek agerian utzi dute Lausako zaldiak hurbilago daudela genetikoki nafar behokengatik pottokengatik baino[22]. Honek azpimarratuko luke lausako zaldiaren jatorria egungo nafar behoken arrazan.

Arraza eskualde hauetan pottokaren populazioekin kontaktuan jartzen zen eta beraz bi arrazen tarteko abereak sortzen ziren. Pottoka ezaugarriak nabarmen dira Losa haraneko zenbait aberetan.

Historikoki arrazaren barnean aldaera ezberdinak ziren eta jendeak bereizten zituen "Karrantza aldeko zaldia", Orduntekoa eta Lautzakoa[8].

Zaldi mota hau Burgosko zein Kantabriako eta Palentziako mendialdean hedatzen zen ere, nahiz eta datu gutxi dago zabalpena noraino heltzen zen jakiteko [37]. Beste aldetik losinotik oso gertuko zaldi motak Soriako mendialdean baziren ere. Herri hauetako aspaldiko argazkietan zaldi losinoak agertzen dira, esate baterako Arabako Valderejon.

Ordunteko mendilerroaren Lautzako poniak Karrantzako mugan larretzen dira, eta senidetasun handia daukate bertako pottokekin[38]. Ordunten batzen ziren pottoka, zaldi montxinoa eta lauzako ponia arrazak. Lehen esan den bezala, hiru arraza gertuko arrazak dira nahiz eta bakoitzak hainbat ezaugarri berezkoak izan.

Beste zenbait bertako etxabereen arrazen kasuan bezala, haien eremu geografikoa txikia izan arren, herrialde ezberdinak hartzen ditu.

Egun zaldi hauen zenbait talde txiki daude Gaztelako mesetan zein Palentzian, eta ezin da baztertu hainbat ale irautea euskal lurraldean ere, baina horren datu zehatzik ez dago.

Palentziako San Cebrian de Mudan talde mantentzen dute erdi basati Europako bisonte zein prewalski zaldiekin batera[39] .

2008.en urtean, gune naturala gestionatzen duen Fundación Naturaleza y Hombre (FNYH) erakundeak arrazako 16 abere askatu zituen Kantabriako Aldai paduretan [40].

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordunteko urtegiaren ikuspegia. Ordunteko behorren inguru naturala

Merindadeak zein Pancorbo aldeko lurrek hainbat ezaugarri komun daukate inguru natural zein klimari dagokienez. Alde batetik, altitude batetik bestera ezberdintasun handiak daude: haranak nahiko hezeak dira, larre ugariekin. Honek eragina dauka arrazaren tamainan, beste hainbat poni kantabriarrek askoz larre eskasagoetan larratzen baitira. Goi mendiko guneak, berriz, hotzagoak dira. Klima kontinentala dago bertan, hotz-beroaren aldaketa handiekin. Neguan -10 °C inguruko tenperaturak ohikoak dira eta udan berriz aise gainditzen dira 30 °C. Obarenes mendietan zein eskualdeko gainontzeko mendietan Kantauri itsasoko Foehn efektu nabarmena dago, eta honek eragin handia dauka landaretzarengan. Eskualdean neguan ohikoak dira elurradak ere.

XVI. mendean eskualde guztia baso sarriez estalita zegoen: Artadiak, erkameztiak zein pagadiak goi aldetan. Landaretzan mediterranear basoa zein hostozabalen baso misto epela nahasten dira, inguru natural aberatsa sortuz. Giza populazioaren handitzeak baso askoren mozketa ekarri zuen. Horrela basoen lepotik larreak, hazkundeak eta herriak zabaldu ziren. Joan den mendean, moztutako basoen ordez herri sailetan kanpoko hainbat zuhaitz aldatu ziren, epe motzeko egur ekoizpenari begira. Lerrak (nahiz eta espezie hau neurri batean bertakoa den eskulade hauen hainbat mendietan), Larizio pinuak eta Itsas pinuak.

Behor baten burua

Gaur egun Lautzako zaldiak larretzen diren inguruan hiru landaretza maila daude:

Baliteke Orduneko behorrak beste hainbat kantabriar poni arraza (pottoka, asturkoi...) baina handiagoak izateko arrazoietako bat elikadura izatea. Jakina, Merindateko larreak beste arrazen ohiko larreak baina kalitate handiagokoak dira. Hainbat euskal pottoketan ere belaunaldi gutxitan soin gurutzerako altuera handitzen joan da mendiko larre eskasetatik baserrien alboko zelaietara eramaterakoan.

Harrapariak eta haien aurrean defentsarako estrategiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsoek jandako moxal baten sarraskia
Iberiar otsoa Ordunteko behorren harrapari ohikoa da. Moxalak akabatzen ditu bereziki.

Ordunteko behorrak bizi diren bi gunetan nabarmena da Iberiar otsoraren presentzia, hartza berriz falta, da nahiz eta kantabriar populazioak apurka zaldi motan hoen zabalpen gunera hurbiltzen ari den. Haren ondorioz sarri detektatu da pizti harrapari hauek moxalak akabatzen. Haren ondorioz Ordunteko behorrek basazaldien taktikak erabiltzen dituzten beraien moxalak eta samalda bera otsoen erasoen aurrean babesteko. Otsoek moxalez gain zerbaiteagatik ahul dabilen samaldako abere bat erasotu dezakete ere.

Poni kantabriarren defentsa otsoen aurrean biribil ireki bat osatzea da. Asturieraz defentsa mota hau "Korru" deitzen dute, eta ohikoa da poni asturkoietan. Erasotzaileen aurrean taldeko behorrek biribil bat osatzen dute, buruak kanpora begira eta ipurtaldeak barrura. Moxalak biribilaren barnean babesturik geratzen dira. Aldi berean taldeko zaldiak eta hainbatetan behar "ALFA"-k ere bapateko erasoak burutzen dituzte otsoen aurka biribiletik aterata. Zenbait unetan moxalik ez duten behorrek edota zaldi gazteek laguntzen dute eraso hauetan. Eraso hauek otsoen samalda zirikatzeko eta nekatzeko nagusitasuna apurtzen dute, otsoa beraiek ere larriki kolpatuak izateko arriskuan jarriz. Otsoak saituko dira taldea inguratzen eta beste ertz batetik erasotzen, bana taldea mugituko da beti aurpegia emateko. Ahal izanez gero zaldiek garbia den une bat aukeratuko dute beraien biribila osatzeko, oterik edo sastrakarik gabe.

Behorren biribila oso eraginkorra da harrapatzaileen aurrean baina hala ere batzuetan otsoek beraien helburua lortzen dute moxalen bat harrapatuz. Gainera otsoek zaldientzat kaskarragoak diren inguru baldintzak erabiltzen dituzte sarritan beraien erasoak burutzeko, elurradak esate baterako.

Dena den otsoek eta kantabriar poni arrazek milaka urte daramate elkarrekin bizitzen beraien inguru naturaletan, eta harrapakarien erasoek ere arraza hauen ezaugarriak landu dituzte.

Arrazaren sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hispano-Bretoi zaldia. Eskualdean Ordunteko behorren eta bretoi zaldien arteko nahasketa da.

Lautzako zaldia, pottoka, asturkoia eta zaldi montxinoa bezala, zelta ponien taldean sartzen da[10]. Pottoka, Lautzako zaldia eta montxinoa dira era beran Euskal Herriko jatorrizko hiru zaldi arrazak. Gainontzeko Euskal Herriko bertako beste arrazak, Auritzeko zaldia edota Euskal Herriko mendiko zaldia, bi poni hauek kanpoko beste arrazekin gurutzatuz lortu ziren.

Lautzako ibarrean bertan larretzen den Hispano-Bretoi zaldia izeneko arraza Euskal Herriko mendiko zaldiaren oso antzekoa da jatorrian zein ezaugarrietan. Arraza sortzeko, joan den mendeko 50.en hamarkadan eta bereziki 60.en hamarkadatik aurrera bertako Ordunteko behorrak Bretainako postier zein pertxeroiekin nahastu zituzten tamaina zein okelarako gaitasuna handitzeko. Hispano-Bretoi zaldia dena den arraza konkretu bat baino zaldi mota bat edo zaldi moten multzotzat hartu daiteke, ezaugarriz zein jatorriz abere ezberdinak barneratzen dituelako, Pirinioetan hasita eta Kantauriar mendikatean barrena.

Arrazaren egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lautzako zaldiaren arrazako behorrak Pancorboko babesgunean

Equus Survival Trust elkartean zaldi arrazen egoera sailkatzeko erabiltzen duen estimazioen arabera, lausako zaldia arriskuan dago, ahul egoeran hain zuzen, arraza garbiko 500 behor baino gutxiago daudelako, arriskutik at egoteko beharrezkoak diren 1500 behorretik urruti[41]. Hala ere kopuruak hainbat atzerakada jasan ditu, hala nola 2013.en urteko erabakia Pancorvoko udalaren aldetik bertako abelburuen kopurua %65ean murrizteko[34].

1930. urtean 6.000 abelburu inguru zeuden, baina nekazal laboreeen mekanizaioak arrazaren gainbehera ekarri zuen.

1984. urtea Ordunteko behorrentzat urterik kritikoena izan zen. 60 abere besterik ez zeuden, eta gainera denak ez ziren arraza garbikoak. Egindako berreskupenaren lanaren esker danera 765 abere inguru daude egun, nahiz eta hainbat adituek diote denak arraza garbikoak ez direla. Gainera kopurua ez da gehiago emendatzen eta azken urtetan hainbat arazoengatik, bereziki erakunde publikoen inplikazio eskasa dela eta, kopurua behera joan da berriro ere. Bereziki abererik hoberenak gordetzen dituen Lautzako Zaldiaren Hazkunde eta Hautaketarako Gunean.

Huamatzeko moduko arraza garbiko behorren kopurua 322 aberetan jartzen zuten 2013.en urtean[42].

2017. urtean, Espainiako ministerioaren datuen arabera humatzeko moduko 231 behor eta 71 zaldi zeuden. Arrazaren zentso guztia, moxalak, gazteak eta humatzeko moduan oraindik sailkatu gabeko abereak barne 814 aberena zen.

Ordunteko behorrak kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraza ikusgai dagoen abere azokak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordunteko behorran ondorengo abere azoketan ikusgai egoten dira, denak Burgosko probintzian:

Filatelian eta abar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ordunteko behorrak agertu ziren 90.en hamarkadan Espainiako Telefonica enpresak "Iberiar faunari" buruz ateratako telefono txarteletan.

Gaztelako kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"El Cid" Gaztelako pertsonai historikoaren oroitgarria Burgosen. Babieca izeneko bere zaldi gainean.
  • Ojo Guareña delako harpeko labar-pinturak dira zaldiaren aurreneko irudiak Gaztelan. K.A. 13.000 eta 9.000 urte artekoak dira.
  • El Cid delako Gaztelako pertsonai historiko-mitikoaren zaldia, Babieca, Lausako zaldia arrazakoa zela esaten omen dute.

Zaldia Euskal Herriko kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zamalzaina, margolana

Bertako zaldiek eragin handia izan dute Euskal Herriko kulturan. Labar artetik hasita, irudigintzan, mitologian eta herri kiroletarino[43].

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) The equinest entziklopedia. [1]
  2. (Gaztelaniaz) "Guia de campo de las razas autoctonas españolas" [2]
  3. a b https://web.archive.org/web/20130712162445/http://www.pancorbo.es/sites/www.pancorbo.es/files/pagina/elcaballolosino.pdf
  4. (Gaztelaniaz) Fuente, María García de la. (2022-02-23). «Caballos salvajes que viven en la Península desde la Prehistoria» EL ASOMBRARIO & Co. (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  5. a b "SOS caballo losino" WEB orrialdea [3]
  6. a b c https://es.scribd.com/doc/54313088/Luis-Barona-libro-Guia-campo-razas-autoctonas-espanolas
  7. (Gaztelaniaz) https://helvia.uco.es/xmlui/bitstream/handle/10396/306/13079505.pdf?sequence=1&isAllowed=y
  8. a b http://www.soscaballolosino.com/Rescate.html
  9. http://www.theequinest.com/breeds/losino/
  10. a b http://www.caballolosino.com/l2.htm
  11. The Origins of Iberian Horses Assessed via Mitochondrial DNA. L. J. Royo y otros. Journal of Heredity 2005:96(6):663–669)
  12. https://web.archive.org/web/20160304170218/http://www.equinekingdom.com/breeds/light_horses/losino_horse.htm
  13. http://www.uco.es/organiza/servicios/publica/az/articulos/2000/pdf/20valera1.pdf
  14. http://www.eldiariomontanes.es/v/20100524/region/centro-bahia/caballo-losino-continua-peligro-20100524.html
  15. http://www.diariodevalladolid.es/noticias/mundo-agrario/caballo-losino-resiste-desaparecer_101420.html
  16. (Gaztelaniaz) Centro de interpretación del caballo Losino. Las Merindades [4]
  17. Pottoka, Euskal Herriko Poneya. Egileak,Alberto Muro, Iñaki Pascual. Argitaletxea, Bizkaiko Foru aldundia. Bilbo, 1997. ISBN 84-7752-232-4
  18. http://www.caballolosino.com/l3.htm
  19. (Gaztelaniaz) Rewilding Iberia. Explorando el potencial de la renaturalización en España. Jordi Palau. 2.020. Lynx edicions. ISBN:978-84-16728-25-1
  20. H. D. Lauk, 1976).
  21. a b c https://www.mapa.gob.es/va/ganaderia/temas/zootecnia/1.1%20Gu%C3%ADa%20de%20campo%20de%20las%20razas%20aut%C3%B3ctonas%20espa%C3%B1olas._tcm39-120392.pdf
  22. a b https://web.archive.org/web/20181231144256/https://webs.ucm.es/info/genetvet/genetic_structure_caballo_monchin_horse.pdf
  23. (Gaztelaniaz) Arrazari buruzko artikulua. [5]
  24. a b https://web.archive.org/web/20131202225550/http://www.pancorbo.es/node/231
  25. http://www.soscaballolosino.com/Rescate.html.
  26. (Gaztelaniaz)SOS caballo Losino WEB orrialdea. </
  27. (Gaztelaniaz) [6]
  28. (Gaztelaniaz)Arrazari buruzko artikulua [7]
  29. http://www.soscaballolosino.com/Rescate.html
  30. (Gaztelaniaz)SOS caballo losino WEB horrialdea [8]
  31. (Gaztelaniaz) Lauzako zaldiei buruzko erreportatia "El escarabajo verde" programan[9]
  32. (Gaztelaniaz) "SOS caballo losino" WEB orrialdea [10]
  33. http://www.pancorbo.es/content/iv-feria-del-caballo-losino-de-pancorbo-6-de-octubre-de-2018
  34. a b http://www.diariodeburgos.es/noticia/Z85AC2797-07DA-81AE-AC9101A6755D63E2/20131220/pancorbo/saca/venta/180/caballos/losinos/65/mantiene/monte
  35. http://www.diariodeburgos.es/noticia/Z9CD392AE-9A71-AE45-9341C84879E870E6/20131021/pancorbo/deshara/caballos/losinos/no/hay/apoyo/institucional
  36. http://www.soscaballolosino.com/texto1.html#16
  37. http://www.caballolosino.com/l12.htm
  38. soscaballolosino.com
  39. (Gaztelaniaz) Prentsa artikulua [11]
  40. https://www.ambientum.com/ambientum/biodiversidad/crece-la-familia-de-caballos-losinos-en-la-marisma-de-alday.asp
  41. http://www.equus-survival-trust.org/documents/equineconservationlist.pdf
  42. http://www.magrama.gob.es/es/ganaderia/temas/zootecnia/Programa_de_Conservaci%C3%B3n_caballo_LOSINO_tcm7-338242.pdf
  43. Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lautzako arrazako zaldia, arra

Bideoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]