Organogintza Oñatin

Wikipedia, Entziklopedia askea

Organogintza nabarmena izan zen Oñatin.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendeko bigarren erdialdetik hasi ta XIX. mendeko erdialderaino, Oñatin organogintzako tailer bat egon zen jardunean (eta behar bada bat baino gehiago izan ziren), eta tailer honek entzute handiko organogileak eman zituen. Bi mende horietan izan ziren organogile gehienen artean familia lotura bat ematen zen, ta horregatik esan daiteke organogile hauen lanbidea, kasu honetan behintzat, famili-lanbidea izan zela.

Oñatiar hauen maisuak, ziurrenik, Arantzazu eta bertan izan ziren organogile handiak izango ziren. Arantzazuko organogileak (frantziskotarrak), lanbide horrek eskatzen zuen materialak eta jende aditua beharko zuten (egurra, eta sutegiak tutuak egiteko) eta Oñatik horretatik asko eskaintzen zuen. Eta jakina, frantziskotarrak esku-eskura zuten oñatiarrengana joko zuten laguntza eske. Garai horietan egin ziren edo konpondu ziren organo askotan agertzen dira aipamenak non esaten zen materiala Oñatitik zetorrela. Ondoren agertuko ditugu Oñatik organo eta organogileekin zuen harremana erakusten duten zenbait aipamen.

Carlos V.aren dokumentuen artean 1560. urtean, Pedro Ximenez Oñatikoa agertzen da klabikordio baten eta beste organo txiki baten prezioa finkatzen. 1605. urtean Vicente Aleman Oñate izeneko organogileak (Urduñakoa) Artziniegako lekaime Agustindarrentzako organoa egiteko kontratuan aipatzen da Oñatiko eta Segurako lekaimeentzat egindako organoa bezalakoa nahi zutela beraientzat ere. Bestalde, 1513. urtean Oñatiko Parrokiak bazuen organo bat, eta organistaren izena ere ezagutzen dugu: Juan Abad Garagaltzakoa.  

Arantzazuko organogileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendean Arantzazun baditugu organogile batzuk: Pedro Arkaute (Bermeokoa), 1621ean Bermeotik Arantzazura etorri zen musika-kapera sortzeko asmoz. 1626. urtean Bidaurretarako organo bat egin zuen bere ilobak lagunduta. Arantzazuko organoaren konponketa batzuetan ere bera agertzen da. 1647-1648 urteetan Arantzazun organo haundi bat egin zuen Jacinto del Rio izeneko organogile handiak.

Zeraingo Juan Bautista de Telleria organogilea Arantzazun jaio zen, ama erromes joan zenean, eta Pedro Arkauterekin ikasi zuen organogintza (beharbada Jacinto del Rio-rekin ere bai). Telleriak egin zuen 1656. urtean Oñatiko Santa Anako komentuko organoa, eta Bergarako klarisena ere. Bidaurretako organoan Logroñon erositako dultzaina bat jarri zuen.

Fr. Joseph Etxeberria (Eibartarra) (?-1691) bere garaiko organogile garrantzitsuena izan zen. Iberiar penintsulan organo ugari ta garrantzitsuak egin zituen, hala nola, Eibarkoa (San Andres), Lekeitio, Bilbo, Santiago, Sto Domingo de la Calzada, Calahorra, Otxandio, Tolosa, Bergara, Alcalá de Henares (Madril), Arrasate (kontratuan organoa bere ikasle Oñatiko Joseph Etxeberriak egingo duela aipatzen da), ta Ziortza. Palentziako organoa egiten ari zela hil zen 1691. urtean eta Fr. Domingo de Agirrek (Lazkaokoa, eta hau ere entzute handiko organogilea izan zen) bukatu zuen. Besteak beste, Plasencia (Extremaduran), Valladolid, Jaca, Ampudia, Salamanca, Sevilla ta Cordobako organoak egin zituen. 1725. urtean hil zen, Sevillako Katedraleko organoa egiten hasteko zenean.

Oñatiko organogileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen, laburtuta, organogile oñatiar garrantzitsuenen zerrenda bat.

Joseph de Etxebarria (1643 - hila 1708 urtea baino beranduago), zarauztarra jaiotzez, 

Ziortzako organoa, Joseph Etxebarriak egina

1672an oñatiko Katalina de Iransuegirekin ezkondu zen. Beharbada tailerra Berezao auzoan zegoen kokatua. Bere maisuarekin egindako organoak: Arrasate, Tolosa, Otxandio, Ziortza. Gero bere aldetik egin zituen beste batzuk, eta konponketa asko ere bai. 1708.urtean Burgoseko Katedraleko organoa egiteko eskatu zioen baina "zaharregia zegoela" ta ez zuen lana onartu. Garai honetan (1675) ere Joseph de Garate agertzen da, Oñatiko orgaogilea, Urretxuko organoan konponketa garrantzitsu bat egiten.

Antonio eta Joseph Antonio Balzategi. Aita-semeak. Aitak Abadiñon eta Azpeitiko Soreasun egin zituen organo berriak, ta zenbait konponketa garrantzitsu ere, eta gainera peritu lanak ere egin zituen beste organogile batzuek egindako organoak aztertuz. 1734an hil zen. Jose Antonio semeak konponketa garrantzitsuak egin zituen, ta bereziki aipatzekoa Haroko organoan egin zuena. 1742an hil zen.

Ataungo organo barrokoa, Oñatiko Lorentzo Arrazolak egina

Lorenzo Arrazola Ugartondo (1714 – 1788). Antonio Balzategirekin ikasi zuen. 1746an bere alabarekin ezkondu zen ("ahalordez"), Diman zegoenean organo berria jartzen. Galdakaoko ta  Mungiako organoak ere egin zituen. 1748.urtean erditzearen ondorioz, emaztea ta seme jaioberria hil ziren, eta Lorenzo berriro ezkondu zen Josepha Olalde Oruesagastirekin. Honekin 3 seme-alaba izan zituen, Angela (1749), Melchora (1752) eta Santiago Lorenzo (1754).  Bere lehenengo emaztearekin auzia izan zuen, baina ondo konpondu ziren, eta horren ondorioz bere eskura pasatu zen organogintzako tailerra. Orduñarako organo txiki bat egin zuen ("realejo" deritzana) eta organo berriak Zeberio-Olabarrietan, Portugaleten, Itziarren, Ataunen (1761), Gautegiz-Arteagan (gaur egun Busturian dagoena), Santanderreko Katedralean, eta Navaridasen bere suhiarekin. 1782an Agustina Benituarekin ezkondu zen (bere suhiaren amarekin) ziurrenik oinordetza kontuak zirela eta.

Joseph Antonio Albisua (1751-1799). Bergaran jaioa. 1768an Elgoibarreko neska batek auzitara eroan zuen bien arteko semea zela-ta, baina, urte berean Angela Arrazolarekin ezkondu zen, Lorenzoren alabarekin, eta 3 seme-alaba izan zituzten, Pedro Pablo, Antonia Vicenta eta Joseph Santiago. Organo berriak egin zituen: Zornotzan, Muxikan, Abalosen, Markina-Etxebarrian, eta konponketa garrantzitsuak ere egin zituen Oñati eta Tolosako organoetan. 1785.urtean Madrileko egunkarietan organogile honi buruz erreferentzia garrantzitsu bat agertzen da. Egunkarian diote oñatiar honek organoan gauza garrantzitsu bat asmatu duela, mugimendu txiki batekin tonoerdi igotzeko edota jaisteko aukera. Asmakuntza garrantzitsua jotzen dute. Gasteizera joan zen bizitzera eta han hil zen. Pedro Pablo bere semeak jarraitu zuen organogile lanetan eta Gabirikoa egin zuen 1804an.

Domingo Garagalza Ugartondo (1729-1812). Lorenzo Arrazolaren anaiordea. 1759an Ana Maria Zabaleta Madinarekin ezkondu zen eta 6 seme-alaba izan zituzten. Semeetako batek (Manuel Xabier) Arantzazun ikasi zuen ta organojolea eta konpositorea izan zen. Bere aitarekin ere lan egin zuen, ta Oñatiko Parrokiko organojolea izan zen eta, behar bada, bera izan zen Jose Juan Santesteban musikari handiaren maisua, Jose Juan mutiko koskorra zela, 4 urtekin Donostiatik Oñatira etorri zenean (erreketaren ondorioz). Domingok organo berriak egin zituen Andoainen, Beasainen, Zegaman ta Bergarako klarisetan. Konponketa garrantzitsuak ere egin zituen, Haron, Oñatin, Tolosan, Donostiako inguruko herrietan, Loiolan, Asteasun, Aian eta Hondarribian. 1806. urtean, Manual de Ugarte bere suhiarekin Zaldibiko organo berria egin zuen.

Manuel de Ugarte Balzategi (XIX.mendeko hasierakoa) eta Jose Maria Ugarte Garagalza (1793-1862). Aita ta semea. Manuel aita, Maria Jesus Garagalzarekin ezkondu zen, Domingoren alabarekin. Aitaginarrebarekin Zaldibiako organoa egin zuen, eta bere aldetik Debakoa eta  Eskoriatzakoa. Hainbat konponketa ere egin zituen. Jose Mari Ugarte semeak Usurbilgo organoa egin zuen.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatin onganogintza-tailer bat egon zen jardunean (edo behar bada bat baino gehiago), bi mendetan zehar behintzat, hain zuzen ere XVII. mendeko bigarren erdialdetik, XIX. mendeko    erdialderaino. Aipatu ditugun organogile oñatiarren artetik bi lehenak kenduta, (Joseph de Echeberria eta Joseph de Gárate) beste guztien artean famili erlazio bat agertzen da. Egin zituzten organo berri guztiak kontuan hartzen baditugu pentsa dezakegu entzute eta ospe haundia izan zutela organero oñatiarrak. 

Artikulu honen amaiera gisa aipatuko dut Tomas Lopez kartografoak, 1802. urtean argitaratu ez zen liburu batean idatzi zuena, Gipuzkoako herri bakoitzaren xehetasunak ematerakoan,  Oñatiri buruz, beste gauza askoren artean idatzi zuen "organero bikainen herria" zela.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu hau idazteko erabili diren idazlanen egileak aipatzekoak dira: Jon Bagués, Martin Mendizabal,  Ladislao Gil, José Iturrate, Jose Maria Barrero Baladron eta Gerad A.C. De Graaf, Julián Zelaia, Aita Donostia, M.C.Rodriguez Suso, Sergio del Campo Olaso, Fernando Abaunza Martínez. Esker bereziak Jose Ramon Arrazolari.