Ortigia

Koordenatuak: 37°03′40″N 15°17′40″E / 37.061°N 15.2945°E / 37.061; 15.2945
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ortigia
Datu orokorrak
Motauharte, alde zahar eta auzo
Azalera1 km²
Geografia
Map
Koordenatuak37°03′40″N 15°17′40″E / 37.061°N 15.2945°E / 37.061; 15.2945
UTC orduaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Honen parte daSyracuse and the Rocky Necropolis of Pantalica (en) Itzuli
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Syracuse
Italiako udalerriSirakusa
Ur-gorputzaJonikoa

Ortigia (antzinako grezieraz: ὈρτυγίαOrtygia) irlak antzinatean beste izen batzuk bazituen ere, bertokoek Nasos deitzen zuten (irla, doriar dialektoan) [1] [2]. Sirakusako irla eta gotorlekua izateaz gain, hiri honen jatorrizko gunea izan zen. Izan ere, K.a. 734an, tradizioaren arabera, Eneasek sortu zuen. Lehen izena Sirako zen (zingira). Beste teoriaren ustez, jatorrizko izena ez zetorren grekeratik baizik eta finizieratik, “kaioen haitza” esan nahi zuena. Sirakusako hiria Dianari sagaratu zitzaion (jainkosa honen beste ezizena Ortigia zen). Arkeologiak kokatze indigena bat aurkitu du Ortigiako gunean, beranduago beste greziar habitat batek ordezkatu zuena. Irlak albo banatan bi portu bikain zituen: Portu Txikia edo Lakios iparraldean, eta Portu Handia hegoaldean. Dionisio I.ak Ortigia gotortu bazuen ere, Timoleonek harresiak apurtu zituen K.a. 343an, gotorlekuak tiranoen nagusitasuna errazten zuelako.

Geografia fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aretusa iturburuko papiroak

Ortigia irla Siziliako ekialdeko kostan kokatuta dago. Konfigurazio geologikoak berezko hausturak ditu eta haitz batez osatuta dago. Haitz mota honek ura iragazten du, beraz, hidrologikoki Siziliako lehorrerari lotuta dago. Lotura horrek badu erlazioa akuifero sakon eta faila batekin, non ura ugaria den. Ortigia irla, Plemmirio eta Anapo haranaren azpian, iragazgaitza den Kuaternarioko buztinezko geruza bat agertzen da. Porta Marinatik Maniace gazteluaraino, (irlaren muturrean) iturburu asko daude, zeinak itsasoko mailaren azpian agertzen diren. Horren adibidea Aretusa iturburua da. Sorburu honetan, kontinenteko ur gezak eta itsasoko ur gaziak nahasten dira. Beste iturburu batzuk Esklabuen iturria (Europako miqwè edo hebrear bainurik adierazgarrienetako bat); Erreginaren bainuontzia (itsasoaren azpian agertzen da Maniace gazteluan) eta Zilikaren begiak ia desagertuta daude. Ortigia irlaren beste alde morfologiko intesgarri batzuk hipogeoak dira. Hauek sirakusarrek greziar garaitik eta II. Mundu Gerra bitartean induskatu zituzten. Azken urte horietan babesleku antiaereo moduan erabili ziren. Hauetariko garrantzitsuena, katedraleko enparantzarena, bisitagarria da. Hango hormetan bizantziar freskoak mantentzen dira. Ortigiak hipogeo asko ditu, hebrear auzoarenak, La Giudeccak adibidez, ur geza du eta beste hipogeoen ezaugarri berdinak. Irlan golko handi bat dago, hauetako mutur batean Plemmirioko kosta agertzen da. Ageri denez, greziar kolonizazioaren ostean, irla kontinentearekin konektatu zen lubeta baten bitartez edo lurra metatuz. Beranduago, lubetaren ordez, zubi bat eraiki zen. Antzinean, kosta luzeagoa zen, Portu Txikian egindako ikerketa arkeologikoek uraren azpiko marmolezko nasa bat utzi dute agerian. Kostaren itxura harritsua eta malkartsua da, hareazko zenbait golkotxo izan ezik.

Landarediari dagokionez, ez da oso ugaria, irla antzinatik oso populatuta egon zelako eta eraikin asko egin zirelako. Landaredi mota klima mediterraneoari dagokio, hala nola, palma eta fikus. Harrigarria da berez hazten diren papiroak Aretusa iturburuan, horregatik Papiroen iturburua izenarekin ezagutzen da ere. Landare hauek eta beste arrain batzuk, itsasotik etorri ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sikuloak eta greziarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irla aspalditik Sirakusako gunea izan da. Antzinako Brontze Arotik biztanleriaren eta K.a. XIV. mendeko txabola biribilen aztarnek (Thapsos kulturarenak) adierazten duten moduan. Indusketak Paolo Orsi arkeologoak egin zituen. Berak ere egin zituen Aretusa iturburuaren ondoko herrixka sikuloarraren indusketa lanak. Eskualdeak, ur geza zuenez, oso egokia izan zen gizakiak ezartzeko Tuzididesen arabera, greziarrak heltzean sikuloarrek Siziliaren barruan bilatu zuten babesa, baina greziarrek Ortigiako sikuloen jainko asko onartu zuten. Badaude bi informazio iturri gertakizun berberak kontatzen dituztenak: geomori (hasierako korintoar kolonoen ondorengoak) eta kiliroi (sikuloen oinordekoak, Ortigian eta Sirakusan bizi zirenak). Geomoriek Gelon I.aren laguntza eskatu zuten eta honek kiliroiak irabazi zituen, honela bilakatu zen Sirakusako lehen tiranoa. Ortigia greziar garaian hiriko gune politikoa eta erlijiosoa izan zen. Horren isla Via Sacra zen (gaur egungo Dion eta Erroma kaleek osatzen duten ardatza). Kale horrek tenplu garrantzitsuak izan zituen, Artemision eta Ateneion (egungo Sirakusako katedrala). Ikerketek adierazten dutenez, tenpluak ekialdera begira zeuden, Ortigiako hiriko ardatza jarraituz. Nabarmendu zirenen artean Atena tenplua zen. Dirudienez, itsasargiaren funtzioa egiten zuen Ortigiara hurbiltzen ziren marinelentzat. Tenpluaren teilatuan Atenaren estatua erraldoi bat kokatu zen, urreztaturiko eskutu bat zuena, urrutitik itsasotik zetozenak gidatzeko.

Katedralaren plazan aurkitutako aztarna arkeologikoen eskema

Ortigian Sirakusako tiranoen jauregia eraiki zen. Garai hartako historialarien arabera, eraikina izugarria zen, gehienbat Dionisio I.arena. Tirano honek Ortigiako biztanleria kanporatu zuen haren gortea, lagunak eta mertzenarioak ezartzeko. Irla gotortu zuen eta Platonen idazkiek adierazten dute nolakoa zen toki horren aberastasuna. Atenastar filosofoaren arabera, eraikinak lorategi zabalak zituen. Gotorlekua hainbat ataletan banaturik zegoen, gero eta helezinagoak, horma garaiez babesturik. Dionisioren egoitza pribatua irla txiki batean eraiki zen. Lubaki batek eta zubi altxagarri batek banandu zuten gainontzeko partetik. Zubia tiranoak berak igotzen eta jaisten zuen[3]. Timoleon korintoar buruzagiak jauregia eraitsi zuen[4][5]. Agatoklesek aberatsago berreraiki zuen tiranoen egoitza, eta honen 60 oheetako eraikina, Diodororen ustez, Siziliako dotoreena zen[6]. Portu Handiak eta Portu Txikiak garrantzi handia izan zuten Sirakusako guduetan. Irla sarritan setiatua izan zen, baina Dionisioren arabera, harresiez inguratuta zegoen, Epipolas mendiraino heltzen zirenak, Euralio gazteluaren inguruan.

Erromatar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar setioan, K.a. 212an, Ortigia izan zen Sirakusako azken eskualdea menperatuta izatean. Setioan, portua oinarrizkoa izan zen guduak erabakitzeko. Hortik sartzen ziren kartagotarrek, sirakusarren aliatuek, bidalitako elikagaiak eta hornidura militarrak. Kartagotar itsasontziekin eta Arkimedesen gerra-makinekin erromatarren ahaleginak alperrikakoak ziren. Artemisa jaien ostean, sirakusarrak lotan zeudela baliaturik, traidore batek ateak zabaldu zituen eta erromatarrak hirian sartu ziren. Hauek irla auzoz auzo konkistatu zuten. Historiak dio soldatu erromatar batek Arkimedes hil zuela. Marko Klaudio Martzelo erromatar jeneralak pena handia hartu zuen albistea jakitean eta negar egin zuela hiriko patuaz, haren soldaduak Erromaren izenean Sirakusa konkistatu ondoren. Konkista eta gero, Martzelok debekatu zuen Ortigian bizi izatea. Beldur zen irlaren egoera estrategikoak matxinadak erraztuko ote zituen. Zizeronek, Siziliara joan zenean Verres kontsularen lapurretak salatzeko, adierazi zuen Sirakusako etxeen eta tenpluen altxor asko arpilatu zirela. Ezagunak dira haren bertsoak, Sizilian ikusitakoa adierazten zutenak, Ortigiako Atena tenplua barne: Tenplua eraitsi zen ez gerraren ondorioz baizik eta pirata talde basati batengatik. Sirakusa izan zen Siziliako erromatar gobernadoreen egoitza. Tiranoen jauregia pretoriuma bilakatu zen. Hauxe adierazten du Littorio kalean aurkitutako inskripzio batek: Flavio Gelasio Buruside gobernadoreak tiranoen eraikina zaharberritu zuen.

Bizantziar eta arabiar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maniace Gaztelua Erdi Aroan

Erdi Aroko gertaerak (Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpena, frankoen eta vandaloen konkista) direla eta, Ortigiako populazioa behera joan zen eta ia auzo gehienak hustu ziren. Geroago, bizantziarrek irla gotortu zuten eta Erromatar Inperioaren hiriburua izendatu zuten, hau da, Ekialdeko Erromatar Inperioaren hiriburua. Konstante II.a enperadoreak egoitzatzat hartu zuen. Hiriak oparotasuna ezagutu zuen, biztanleek zerga handiak jasan bazituzten ere. Konstante II.aren semeak, Konstantino IV.ak, tronua eskuratzean, inperioaren hiriburua Konstantinoplara eraman zuen. Ortigiak, K.o. 878an, arabiarren setio ankerra jasan zuen eta populazioa, goseak jota, errenditu zen hainbat hilabeteren ondoren. Horren ondorioz, Sirakusa ez zen gehiago Siziliako hiriburua izan. Ortigia, berriz, Sirakusako populazio bakarra, arabiarren eskuetara igaro zen, Siziliako islamiar emirerriaren zati bat bilakatuz. Ortigiako Erdi Aroko lekukorik handiena Maniace gaztelua da. Jurgi Maniace jeneral bizantziarrak eraiki zuen. Beranduago, Frederiko II.ak Maniace izena eman zion bizantziarraren oroimenez.

Espainiar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Porta Ligni

Espainar menpekotasunean Ortigia hirigintza-itxurak erabateko eraldaketa izan zuen eta gaurdaino irauten du. Gaztela eta Aragoiko gobernadoreek Kataluniako eta Siziliako estilo barrokoen nahasketa ezarri zuten, harrotasunez Barroko siziliarra izenekoa, Noto hiriaren antzekoa. Ortigiako estilo arkitektoniko honek oraindik ere irauten du. Garai hartan, Sirakusako hirigune bakarra zen eta Espainiarekin merkataritza-harreman gehienak gauzatzen ziren, beraz, kaleetan eta eraikinetan espainiar menpekotasunaren eragina ageria da. Ortigia Eskualdeko Ganbararen egoitza izan zen ere; Espainiaren gobernu-erakunde bat Frederiko II.a Siziliakoak[7] ezarri ondoren, Eleonora Anjuokoa emazteari opari moduan eman zion. Harrez geroztik, ganbara erregina batetik bestera pasatu zen, Karlos V.ak abolitu arte 1536an. Errege-erregina Katolikoek, 1492an monarkiaren erreinuetatik juduak kanporatuz zituzten. Sirakusako komunitateak ondorioak pairatu zituen ere, Ortigiako Giudecca auzoko juduak erbesteratu zituzten eta horren ondorioz merkataritza nabarmen behera joan zen. Espainia inperioa bilakatu zenean, egoera larritu zen. Izan ere, Espainiako enperadoreek Sizilia ariete gisa turkiarren, austriarren eta koroaren beste etsaien kontra erabiltzen zutelako. Karlos V.ak Ortigia bilakatu zuen Europako gotorlekurik sendoena, harresiak eta zubi altxagarriak eraiki zituen. Irlara bakarrik ate batetik sar zitekeen, Porta Ligni izenekotik, oso ederra benetan. Ate hau bertan behera bota zuten, espainiar beste gotorleku historiko batzuk bezala, Italiaren bateratzearen hurrengo egunean. Espainiak Ortigia gune militarra bilakatzean, Sirakusako egoera soziala eta kulturala pobretu zen.

Austriar eta borboi leinuak, eta Italiaren bateratzearen garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giuseppe Garibaldiren bustoa, Foro Italikoan, Marina di Ortigiaren ondoan.
Luciano Campisi eskultorea, 1893.

XVII., XVIII. eta XIX. mendeak oso gogorrak izan ziren Ortigia irlan. Mende horietan, harresien barruan Sirakusako populazio guztia babesten zen. Ortigia gotorleku militar bat zen austriarrengandik eta turkiarren erasoetatik defendatzeko. Azkenean, Utrecheteko Ituna zela eta, Espainiak Sizilia austriarrei eman zien. Jarraian, Savoia Piamonteko leinua heldu zen, baina monarkia honek gutxi iraun zuen ez Espainiak ezta Austriak ere ez ziotelako nahi Mediterraneoko irla handienari uko egitea. Zenbait gertakizunen ondoren, Ortigia, Sirakusa eta Sizilia borboien eskuetan bukatu zuten eta ondorioz, Sizilia Napoliko Erresumarekin elkartu zen. Beranduago, Sirakusak parte hartu zuen monarkiaren kontrako zenbait matxinadatan. Azkenean, Garibaldiren mugimenduan eta 1861eko Italiaren bateratzean parte hartu zuen. Azpimarratzekoa da 1693ko Val di Notoko lurrikarak Ortigian izan zuen eragina. Honek txikizio handiak eta hildako asko eragin zituen Sizilia osoan zehar. Ortigian, Avolan edo Noton ez bezala, kalteak ez ziren hain handiak izan jauregi batzuk zutik iraun zutelako. Geroko zaharberritzea borroko estiloan egin zen.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko 60ko eta 80ko hamarkaden artean, alderdi zaharra bertan behera utzi zen. Horrek delinkuentzia eta hondatze ekarri zuen. Geroago, zenbait hiri-plangintza egin ziren, hala nola, Urban izenekoa. Hauen helburua zen gunea berritzea eta Itsas Museoa sortzea. Egitura hauek Syrakosia partzuergoak[8] kudeatzen ditu baita hiriko beste museo batzuk ere. Gainera, irlan sartzeko beste hirugarren zubi bat eraiki da, garrantzi handikoa ziurra eta bideragarria delako. Aipatzekoa da G8ko[9] partaideak Maniace Gazteluan elkartu zirela 2009an, haien artean Ingurugiroko Ministroak baita antzeko erakundeen zenbait ordezkari ere. Ortigiak jasotako diru-funtsak gunea zaharberritzeko erabili zituen, beti ere ingurua eta jatorrizko arkitektura errespetatuz.

Arkeologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ortigiako prefekturaren eta udaletxearen inguruan indusketak egin ziren. Han agertu ziren, K.a. VI, mendeko tenplu joniar baten azpian, etxe batzuk K.a. VIII. mendeko azken hamarkadakoak, hortaz lehen kolonoei zegozkien. Haien planta karratua (4x4 m-koa) edo errektangularra (4x2,5 m-koa) da. Antolamendu horrek, kolonia fundatu zenekoa, emandako lur-sailak islatzen omen du. Indusketa hauek adierazten dute jatorrizko hiria Ortigian izan zela, baina geroago kontinentera hedatu zela. K.a. VIII. mendetik, Ortigiak kale ortogonalak zituen, ipar-hego ardatz batek zeharkaturik (gaur egun Dion eta Erroma kaleek osatzen dutena). Txikiagoak ziren beste kale batzuk zekarkatzen zuten ardatza eta horrek geroago mendebaldera biratzen zuen, istmoaren zuzenbidea jarraituz. Egiturak, Ortigiaren azalera (1500 m luze eta 600 m zabal)[10] osatzen du, Erdi Aroan zehar iraun zuen Aro Modernoa arte helduz. Gaur egun nabaria da zenbait partetan.

Apoloren tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ortigia irla eta lehorra lotzen duen zubiak zeharkatu ondoren, hau da, Uztailaren 25eko pasealekuan, Apolo tenpluaren aztarnak agertzen dira. Cavallarik aurkitu zituen 1862an. Indusketa guztiak 1938 eta 1943 artean egin ziren, espainiar koartela eta Erdi Aroko etxetxoak kendu zirenean. Tenplu honen erabilerak hurrengo hauek izan ziren: bizantziar eliza, arabiar mezkita eta normandar basilika, besteak beste. Tenplu honen gurtza badakigu zein zen ekialdeko harmaila gorenean dagoen inskripzio bati esker. Hizki arkaikoak, 8 metro luze dutenak, tenplua eraiki zenekoak dira, hau da, K.a. VI mendekoaren lehen laurdenekoak. Testuak dio:

« Kleomenesek (edo Kleomedesek) Apolorentzat egin zuen, Znidieidasen semea, eta kolomadiak eraiki zituen, lan bikainak. »

Modu honetan, arkitektoaren izena agertzen da, oso arraroa Aro Arkaikoan, eta gainera, kolomadiaren garrantzia azpimarratzen du, lan aparta garai hartan. Litekeena da Epiklesek egitea. Dudarik gabe, Siziliako tenplu peripterorik antzinena da. Eraikina, 58,10 x 24,50 m, hareharrizko blokeekin eginda dago eta honen basamentuaren sakonera 2,3 metrokoa da. Zutik, bi zutabe arkitrabedun baino ez daude, fatxadako eta hegoaldeko partearen zutabe-zati batzuk eta cellako edo naoseko hormaren atal bat. Hasieran, alde laburretan sei zutabe zeuden, eta hamazazpi alde luzeetan. Zutabe bakoitza 40 tonakoa zen, monolitikoa, eta garaiera, kapitelarekin, 7,89 m-koa zen. Zutabe hauek artekak zituzten, oso lauak eta elkarren ondoan, Aro Arkaikoan egiten ziren modukoak. Era berean, arkitrabea oso altua zen: 2,5 metrokoa. Tenpluko gunearen aurrean, 37,20 m luze eta 11,60 zabal, kolomadi bat zegoen, ekialdeko peristasiaren paraleloa, fatxadari frontalitate handiago ematen zuena. Naosak opistodomos batean bukatu beharrean, adyton luze eta estu batean amaitzen zuen (tenpluaren tokirik helezinena), Korfuko tenpluaren antzekoa, nahiz eta estuagoa izan.

Apoloren tenplua

Tenpluaren goiko atala terrakotaz apaindurik zegoen: gorgoneion batek, 1,70 m altuerakoa, frontoiaren erdiko aldea apaintzen zuen. Akrotera zentralak, berriz, harrizko zaldun bat irudikatzen zuen, zeinen soilik zati batzuk diraute. Hegoaldean eta mendebaldean, tenplutik gertu, harresien aztarnak agertu dira, santutegia inguratzen zutenak. Naosaren inskripzioak dionez, tenplu hau Apolori sagaratuta zegoen, baina Zizeronen aipuaren erruz, Artemisari egokitu zitzaion edo, aldi berean, bi jainkoei.

Artemisaren Tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beharbada, Zizeronek aipatutako tenplua, Artemisari eskainitakoa, oraindik ez da identifikatu, edo baliteke joniar tenplu bat izatea, zeinen bakarrik zimentuak irauten duten Vermexio jauregiaren azpian, katedralaren iparraldean. Dudarik gabe, Artemisaren gurtza garrantzitsua zen Sirakusan. Dakigunez, Pindarok Ortigiari Ibaiko Artemisa deitzen zion[11]. Gainera, Tito Liviok[12] zionez, Artemisaren jaia, hiru egunen zehar ospatutakoa, hiriko garrantzitsuena zen. Joniar tenpluaren zimentuen aztarnak ikusita, (59x25 m) tamaina handiko eraikina zen, Asia Txikiko tenpluen antzekoa, adibidez Efesoko bezalakoa. Tenplu horretan ere, zutabetako beheko parteak prestatuta zeuden zizelkatutako apaingarriak egiteko. Hala ere, apaintzeko lanak ez ziren inoiz burutu, beharbada hirian urte horietatik K.a. V. mende arte izandako gatazkengatik.

Zeus Olinpikoaren tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apoloarekin antza handia zuen, bai plantarengatik edo terrakotengatik. Tenplu hau Zeus Olinpikoari eskainitakoa, hiritik kanpo santutegi batean zegoen, Ziane bokalearen inguruan. K.a. 560. urtearen inguruan eraiki zen eta Siziliako ezaugarriak ditu, hala nola, fatxadaren kolomadi bikoitza. Tenplu luzanga honek (20,50 x 60 m) 8 metroko zutabe monolitikoak zituen. 1893an induskatu zen, baina egoera txarrean dago. Zutik daude krepidomaren atal bat eta bi zutabe baino ez. Diodoro Sikuloren arabera[13], K.a. 491ean, Heloros garaipenaren ondoren, Hipokrates Gelakoak tenpluaren inguruan kanpatu zen eta konturatu zenean apaiz batek eta beste jendaila batzuek estatuaren mantua eta eskaintzak, gehienak urrezkoak, lapurtu nahi zituztela, lapurrak uxatu zituen baina berak ez zituen ikutu tenpluaren altxorra. Kultua kontuan hartuz, Olinpiako santutegia gogoratzen du. Pausaniasek[14] dio atenastarrek leku berean kanpatu zirela K.a. 414an, baina altxorra ikutu gabe. Zizeronen ustez[15], Dionisio I.ak jainkoaren kapa lapurtu zuen, Gelonek eskeinitakoa Himeran lortu zuen diruarekin. Dionisiok lapurreta zuritu zuen esanez artilezko kapa batek hotzetik eta berotik hobeto babestuko zuela jainkoa.

Atenaren Tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenaren tenplua

Himerako garaipena gogoratzeko Sirakusan tenplu erraldoi bat eraiki zen, Athenaion izenekoa. Ortigiako gunean altxatzen zen, gaur egungo katedralak tenplua zurgatu eta babestu du. K.a. 480-470 urteen artean, K.a. VI. mendeko beste doriar tenpluaren gainean eraiki zen. Tenplu periptero hau handia zen (22x55 m.) doriar estilokoa, tokiko hareharriez egina. Alde laburrean 7 zutabe zituen eta luzeetan 14. Haren estaldurak marmolezkoak ziren Ziklada irleetatik ekarritakoak. Cellak (naos) pronaos eta opistodomos in antis ditu. K.o. VII. mendean, eliza kristau bat bilakatu zen. Naosa nabe zentrala izanik. Alboko nabeak naos eta kolomadien espazioarekin lortu ziren, zutabeen arteko luzera-gunea itxi zelako. Gelonek agindu zuen tenplua eraikitzea kartagotarren aurkako garaipenaren ostean. Hark ez zuen handitasuna bilatzen formaren perfekzioa eta bolumenen antolamendua baizik. Tenplu hau Himerakoaren garaikidea eta berdina da. Zizeronek laudatu zuen tenplu honen handitasuna[16]. XX. mendeko zaharberritzean, barroko garaiko apaingarriak kendu zituzten. Hasierako tenpluko ateek bolizko apaingarriak eta urrezko buloiak zituen. Barneko hormetan bazeuden margoztutako taulak non Agatoklesen zalditeria agertzen baitzen kartagotarren kontrako gudua gogoratuz. Tenplu honetan Siziliako tiranoen eta erregeen 27 erretratu zeuden, seguruena Agatoklesek enkargaturik, zeinak jatorri xumea bazuen ere, aurreko agintariekin haren lotura adierazi nahi zuen. Ondasun hauek guztiak Kaio Verresek arpilatu zituen. Ateneok zioenez, tenpluaren gainean Atenea jainkosaren urrezko eskutua kokatu zen, urrutik ikus zitekeena marineleei bidea erakusteko[17]. Baliteke tenpluko akrotera bat marmolezko nike korrikalari bat izatea, beharbada Kiosen zizelkatu zen. Gaur egun Sirakusako Museo Arkeologikoan ikusgai dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. LIDDELL, Henry eta SCOTT, Robert: Ὀρτυγία, A Greek-English Lexicon, 1940.
  2. Di Bella, 2008, p. 5.
  3. Cicerón, Tusculanae, 5,59
  4. Timoleon izan zen Sirakusako agintari demokraten gutxienetariko bat.
  5. Plutarko, Timoleonen bizitza, 21
  6. Diodoro, XVI 85
  7. Errege horrek III.aren ordinala aukeratu zuen birraitonarena errespetatu zuelako. Izan ere, Frederiko Suaviakoak Siziliako errege aukeratua izatean, Frederiko II.a enperadorea gisa sinatzen zuen. Horregatik, Frederiko Aragoikoak, III. ordinala onartu zuen, baita Siziliako armarrian Sueviako eta Aragoiko intsigniak jarri zituen ere. Hala ere, III.ordinala aukeratu izanaren beste bi bertsio gehiago daude: a) Petri III.a Aragoikoaren hirugarren semea zela eta b) Siziliako 3. erregea zela, Bartzelonako leinukoa.
  8. 29 maggio 2010: Consegna locali ex Chiesa Ara Coeli
  9. https://it.wikipedia.org/wiki/G8_Ambiente
  10. Trekking Siracusa": "http://elleciturismo.wordpress.com/escursioni-sul-monte-etna/[Betiko hautsitako esteka]
  11. Pítikas, II, 11.
  12. XXV, 33.
  13. X, 28, 1
  14. X, 27, 6
  15. De Natura Deorum, III, 83
  16. Zizeron, Verrinak II.4.124-125.
  17. Ateneo: Erudituen oturuntza, XI. 462.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]