Orix arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oryx gazella» orritik birbideratua)
Orix arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
GeneroaOryx
Espeziea Oryx gazella
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia9,25 hilabete

Orix arrunt edo gemsbok orix (Oryx gazella) Oryx generoko animalia da. Artiodaktiloen artean Bovidae familiako Hippotraginae azpifamilian sailkatuta dago. Oryx generoko espezieen artean ugariena da.

Hego-mendebaldeko Afrikako basamortuetan bizi da, Namiben eta Kalaharin esaterako. Basamortuko klimara egoki moldatzen da eta guztira 373.000 aleko populazioa du. Namibian hain ohiko izanik herrialdeko armarrian ere agertzen da[1]. 1969 eta 1977 artean Mexiko Berria estatuko (AEB) Tularosa arroan sartu zituzten eta dagoeneko 3.000 orixeko populazioa aurkitzen da bertan[2].

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orix izena grezierazko Ὂρυξ (óryx) izenetik dator. Herodoto historialariak Libia aldean aurkituriko antilope bati "orus" izena ezarri zion, "zulatzailea" esan nahi du[3], izan ere antilope askok (orixak barne) zuloak egiteko joera baitute hondar azpian dauden sustraiak bilatzeko.

Gemsbok afrikaans hizkuntzatik datorren izena da, sarrio animaliaren neerlanderazko izena hartu zuen[4]. Itxura antzekoa duten arren ugaztun bien artean ez dago erlazio zuzenik.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oryx generoko espezieen artean orix arruntak dira handienak. 1,20 metrotako altuera hartzen dute sorbalda parean eta gorputzaren luzera 190-240 cm artekoa da. Isatsak 45-90 cm arteko luzera du. Orix arrak handiagoak dira emeak baino. Arrek 180-240 kg-tako pisua izaten dute eta emeek 100-120 kg artekoa. Sexu biek dituzte adar luze eta zuzenak.

Itxura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orix arrunta basamortuko putzu batean ura edaten.

Antilopearen itxura tipikoa du orixak. Orokorrean kolore grisa edo marroixka du eta gorputzaren atzealdera argituz dua kolorea. Iparraldeko populazioek kolore ilunagoa izaten dute[5]. Kokotsetik marra beltz bat ateratzen da gorputzaren azpialdetik atzeraino luzatzen dena. Sabelaldean lerro beltza zabaldu egiten da eta erdi erdian marra zuri bat azaltzen zaio. Gainaldean ere beste marra beltz fin batek elkartzen ditu burua eta isatsa. Lepoa eta sorbaldak oso gihartsuak dira. Hanketan "galtzerdi" zuriak ditu eta gainean orban beltz bat ageri da gorputzaren azpialdeko marrarekin bat egiten duena. Orixaren isatsa luzea da eta luzakin labur batetatik ile mataza luzea ateratzen da. Isatsa ia lurreraino iristen da.

Orix arrunten artean bada kasu arraro bat; "urrezko orixa". Ale gutxi batzuk baino ez dira aurkitu eta hauen berezitasuna marra beltzen ordez urre koloreko marrak izatea da.

Burua oso deigarria da, lerro bertikal beltz eta zuriez apaindurik dago. Muturra zuria da eta begialdea marra beltz batek zeharkatzen du.

Adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orixen ezaugarri nabarmenena adarrak dira. Batazbeste 85 cm-ko luzera dute eta zuzen zuzenak dira, "V" itxi baten itxura hartzen dutenak. Arrek adar sendoagoak dituzte, oinarri handiagoa dutenak eta pixka bat laburragoak. Emeen kasuan adarrak finagoak eta zertxobait luzeagoak dira. Emeek adarrak erabiltzen dituzte kumeak harrapariengandik babesteko, arrek ordea gainerako orix arren aurrean beren lurraldea defendatzeko erabiltzen dituzte[6].

Ehiztariek adarrak eskuratzeko ehizatzen dituzte orixak eta gainerako antilopeetan ez bezala emeen adarrak desiragarriagoak izaten dira. Tradizionalki orixen adarrekin turuta antzeko musika tresnak egin izan dituzte bertako aborigenek[7].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emea kume jaioberriarekin, Buffaloko zoologikoan..

Orixak 10-40 aletako multzotan ibiltzen dira. Ar dominante bat, hainbat ar ez-dominante eta emeak aurkitzen dira talde horietan. Basamortuan bizitzera ohiturik daude eta ur behar handirik ez dute haien behar fisiologikoak asetzeko. Lasterkari onak dira, 60 km/h-ko abiadura ere har dezakete. Euri sasoian belar ugari dagoenean ehun orix baino gehiagoko taldeak ere osatzen dira.

Belarra jaten dute, gramineo espezie ugari, baina sasoi lehorrean lur azpiko sustrai eta tuberkulu bila aritzen dira. Horretarako metro bat ere neurtzen dituzten zuloak egiten dituzte. Angurri eta luzoker basatiak ere jaten dituzte eta horiek ematen diete beharrezkoa duten ur kopurua (hiru litro, 100 kg-ko eta eguneko). Bovido guztiak bezala orixak ere animalia hausnarkariak dira.

Ugalketa sasoi zehatzik ez dute. Ar bakarra ugaltzen da taldeko eme guztiekin. Erditzear dauden emeek taldea uzten dute. Orixaren haurdunaldiak 270 egun irauten ditu eta kume bat edo bi jaiotzen dira. Kume jaioberriak sei astetan zehar ezkutuan egoten dira eta ondoren emea eta kumeak orix taldera itzultzen dira. Lau hile eta erdirekin kumea bere kabuz moldatzeko gai da eta 1,5-2 urte dituenean lortzen du sexu heldutasuna, izan emea ala arra[5].

Habitata eta ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Namibiako armarrian bi orix daude.

Basamortuan eta belardi zabaletan aurkitzen dira orixak, baita 900-1.200 metroko altuera duten muinoetan ere. Lautadak nahiago dituzten arren duna eremuetan eta mendi harkaitsuetan ere biziraun dezakete. Espazio zabalak nahiago dituzte baso edo zuhaitz ugariko eremuak baino[5].

Orixek hainbat harrapari natural dituzte. Lehoia, hiena, gepardoa eta leopardoa dira harrapari aipagarrienak. Lehoiak eta leopardoak hil ditzaketen antilope bakarrak izatearen fama dute orixek. Beren burua defendatzeko, adarrak lurrarekiko paralelo jaisten dituzte eta gero zehaztasun handiz jauzi egiten dute aurrera. Hala eta guztiz ere, ahal dutela ihes egiten dute korrikalari azkarrak direla aprobetxatuz.

Orixak gorputzeko tenperatura 45ºC-taraino igotzea jasan dezake, sistema termoerregulatzaile baten bidez buruko tenperatura gehienez ere 38ºC-rainoko izatea lortzen baitu. Heterotermia esaten zaio horri, gorputzeko atal desberdinek tenperatura desberdina izatea hain zuzen ere[8]. Ondoren lurrunketa bidez gorputzeko tenperatura jeistea lortzen du. Gauez bestalde, egunean pilatu duen beroari esker gorputza epel mantentzea lortzen du. Basamortuko animalia arketipikoa da.

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko Afrikan bizi da, mendebaldeko zati lehorrean. Namibia, Angola, Zimbabwe, Botswana eta Hegoafrika hartzen ditu orixaren populazioak. Namib eta Kalahari basamortuetako ohiko animalia da. Horren adierazle, Namibiako armarrian agertzen da[9].

1969an Mexiko Berriko (Estatu Batuak) Arrantza eta Joko Departamentuak Tularosa ibaiaren arroan orixak askatzea erabaki zuen. 1977 artean 93 orix sartu ziren eta dagoeneko 3.000 aletako populazioa osatzen dute. Jatekoa erruz aurkitzen dute eta harrapari naturalik ez dutenez asko ugaritu dira. Mexiko Berriko puma eta jaguarrrentzako animalia handiegiak dira eta sartu berri dituzten mexikar otsoek oraindik populazio txikiegia dute orixak erasotzeko. Dagoeneko Tularosa arrotik inguruko eremuetara hedatu dira orixak[10].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Oryx gazella. IUCN SSC Antelope Specialist Group.
  2. «White Sands NM: An Administrative History (Chapter 6)» web.archive.org 2009-01-16 (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  3. Dr. J. H. Thiel. Beknopt Grieks. Nederlands Woordenboek 4e Ed.(Wolters Groningen).
  4. «gemsbok - definition of gemsbok in A Dictionary of South African English - DSAE» www.dsae.co.za (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  5. a b c (Ingelesez) S, Sheri; ers. «Oryx gazella (gemsbok)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  6. «Mating system» web.archive.org 2010-07-26 (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  7. (Ingelesez) Making a Gemsbok Shofar. (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  8. Maloney, Shane K.; Fuller, Andrea; Mitchell, Graham; Mitchell, Duncan. (2002-01). «Brain and arterial blood temperatures of free-ranging oryx ( Oryx gazella)» Pflugers Archiv: European Journal of Physiology 443 (3): 437–445.  doi:10.1007/s004240100704. ISSN 0031-6768. PMID 11810215. (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).
  9. Merrington, A.J.. (1990). New National Symbols for the Republic of Namibia. Arma Vol 32/1990 – II.
  10. «Exotic Animal Management (African Oryx) - White Sands National Monument» web.archive.org 2012-11-23 (Noiz kontsultatua: 2021-12-25).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]