Osroes I.a

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Osroes I.a (partieraz: 𐭇𐭅𐭎𐭓𐭅, Khusraw) Partiar Inperioko xahanxah izan zen 109 eta 129 bitartean. Anaia Pakorus II.aren oinordekoa izan zen. Bere erregealdian zehar Partiako ekialdean ezarrita zegoen Vologeso III.aren aurka borrokatu zen.

Osroesek Armenia inbaditu zuen eta bertan bere iloba Exedares jarri zuen errege, jarraian beste horrenbeste eginez bere anaia Partamasirisekin. Erromatar Inperioaren eragingune tradizionalean etenaldi honek (bi inperioek Armeniari buruzko euren nagusitasuna konpartitu zuten Neron erromatar enperadorearen garaitik, mende erdi lehenago), zuzenean Trajano enperadorearen aurka jarri zuen.

113an Trajanok Partia inbaditu zuen, lehenik Armeniarantz joz. 114an Partamasiris errenditu egin zen eta hil egin zuten. Trajanok Armenia Erromatar Inperiora erantsi zuen. Ondoren hegoalderantz joan zen, Partiara bertara. Babilonia, Seleuzia Tigrisekoa eta, azkenik, Ktesifonte hiriburua 116an konkistatu zituen. Osroes I.a tronutik kendu zuen eta Armeniako tronuan bere errege txotxongilo propia jarri zuen, Partamaspates. Mesopotamian, Osroesen anaia Mitridates IV.ak eta bere seme Sinatruzes II.ak diadema jantzi eta erromatarren aurka borrokatu zuten, baina Trajano Pertsiar Golkora joan zen, hegoaldera, garaitu egin zituen eta Mesopotamia erromatar probintzia bihurtu zuen. Beranduago urte horretan bertan, Khuzestango mendiak zeharkatu eta Pertsian sakon sartu zen, Susa hiri handia hartuz.

Trajano hil eta Erromatar Inperioa Pertsiatik erretiratu ondoren, Osroesek erraz garaitu zuen Partamaspates, pertsiar tronua aldarrikatuz. Hadrianok fait accomplia berrartu zuen, Osroes errekonozituz, Partamaspates Osroeneko errege bezala eta bueltan bidali zuen Osroesen alaba, Trajanok preso hartu zuena.

Dirudienez, Erromarekin izandako gatazkak Osroes I.a ahuldu eta bere arerioa zen Vologeso III.a indartu zuen, gutxi gora-behera 121etik lehenaren txanpon gutxiago eta bigarrenaren gehiago agertzen baitira. Osroesen oinordekoa bere anaia Mitridates IV.a izan zen, Vologeso III.aren aurkako borroka jarraitu zuena.


Aurrekoa
Pakorus II.a
Partiako Shahanshah
109-129
Ondorengoa
Mitridates IV.a