Ote zuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ote zuri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFabales
FamiliaFabaceae
LeinuaGenisteae
GeneroaUlex
Espeziea Ulex europaeus

Ote zuria (Ulex europaeus) lekadunen familiakoa eta Ulex generoko zuhaixka da. Mendebaldeko Europakoa da jatorriz, Erresuma Batutik Portugaleraino. Ote beltzaren (U. minor edo U. gallii) antz handia du.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2,5 metroko zuhaixka izatera heltzen da eta bere adar nagusiak, beti ere tente eta arantzadunak, ziztatzeko prest azaltzen dira. Espezie horren hostoak filokladoak dira, hau da arantza-itxurakoak, eta galtzarbeetatik ateratzen dira adartxo multzoak sortuz.

Lore hori ilunak, urrintsu samarrak, 14-18 mm luzeak eta mordo txikietan eratuak izaten ditu. Arrautza itxurako fruitu beltz iletsua du.[1]

Abendutik maiatzera bitartean, filokladoen galtzarbeetan kolore hori biziko lore ugari ematen ditu, nahiz urtean zehar ere bakar batzuk azaldu. Fruitua berriz, leka beltzaxka eta ileduna izaten da. Europako mendebaldean hazten da eta Euskal Herrian, klima ozeanikoa eta lurzoruak azidoak diren lekuetan batez ere, oso arrunta da. Itsasmailatik mendi gailurretaraino dago hedatuta eta iratzetoki, harizti, amezti eta pagadien ordezko sastrakadiak eta txilardiak kolonizatu ohi ditu.

Landare honek alkaloide bat du zitisina izenekoa, eta hori dela eta bihotza tonifikatzeko erabili ohi da. Asma eta buruko mina sendatzeko ere erabiltzen da. Aipaturiko alkaloide hori hazietan egoten da gehien bat, baina kontu handiz erabili beharrekoak dira, arriskutsuak gerta daitezke eta. Loreak, infusio modura hartu izan dira hidropesiaren kontra. Behar garaietan, hostoak ongi txikitu eta aziendari eman izan zaio baserrietan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]