Ozterate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ozterarte» orritik birbideratua)

Ozterate erregeari gerra gastuetan laguntzeko ordaintzen zitzaion zerga edo prestazio orori deritzo.[1][2]

Zaldiak edo armak  mantentzen zituenak ez zuen ozteraterik ordaindu behar, baina berak edo soldatarik gabe gerran ziharduen beste edonork kanpainara aurkezteari uzten bazion edo behar baino lehen erretiratzen bazen, erregek finkatutako ozteratea ordaindu behar zuen (Errege Forua, 5. legea,19. titulua, 1. lib).  Herri batzuk ez zuten zerga hau ordaintzeko betebeharrik, beren zerbitzuen ordain moduan edo bertako birpopulatze eta hazkundea bultzatzeko.

Foru zaharrean ozteratea erregeren jauntasunaren berezko erregalia gisa jotzen da, koroaren boteretik banaezin:

« Estas cuatro cosas, dice, son naturales del señorío de rey, que non las debe dar á ningún home, nin las partir de sí, ca pertenescen a él por razón del señorío natural: Justicia, Moneda, Fonsadera é suos Yantares.
(Lau gauza hauek dira, dio, erregearen jaurgoaren berezkoak, ezin diezazkionak inori eman, ezta uko egin, bereak baitira jauntasun berezkoagatik: Justizia, Txanpona, Ozterartea eta bere Otorduak)
»

Orokorrean, nahiko ziurra da ozteratea gerra gastuetara bideratutako zerga bat zela, Don Alonso erregearen kronikako 12. kapituluan horrela baieztatzen baita:

« En aquel tiempo cada uno iba á servir tres meses por el que había, ca al rey no le daban nada de fonsaderas
(Garai hartan oro zihoan hiru [Armadan] zerbitzatzera, erregeri ez baitzioten ozteraterik ematen)
»

Errege espedizio militarretan laguntzeko eginbeharrari ere ozterate zeritzon.

Euskarazko ordaina Nafarroako Foru Orokorrean (XIV. m.) ageri da ( "Hay otra pecha que es clamada alfonsadera, en basquenz ozterate"). Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren arabera, berba horren osaera honako hau litzateke: ozte (euskara estandarean oste < lat. hostis) + -ra adlatiboa, + -te aditz-izengilea da (haren hitzetan: "Ozterate es «acto (-te) de ir a (-ra) la hueste (ozte)»"[3]; alegia. etxeratze hitzaren modukoa).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Escriche, Joaquín. (1847). Diccionario razonado de legislación y jurisprudencia. .
  2. Mitxelena, Koldo; Ibon Sarasola. (1987-2005). «osterate» Orotariko Euskal Hiztegia. Euskaltzaindia.
  3. Koldo, Mitxelena. (1964). Textos Arcaicos Vascos. Minotauro, 53-54 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]