Espainiako Langile Alderdi Sozialista

Wikipedia(e)tik
PSOE» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Espainiako Langile Alderdi Sozialista
Partido Socialista Obrero Español (PSOE)
Presidentea Micaela Navarro
Idazkari nagusia Pedro Sánchez
Sorrera 1879
Egoitza nagusia Ferraz kalea, Madril
Ideologia politikoa zentro ezkerrekoa
Nazioarteko afiliazioa Europako Alderdi Sozialista
Internazional Sozialista
Espainiako Diputatuen Kongresuan
90 / 350

Espainiako Senatuan
47 / 266

Europar Legebiltzarrean
14 / 54

Zinegotziak Espainian
20.823 / 67.611
www.psoe.es

Espainiako Langile Alderdi Sozialista edo ezagunago Espainiako Alderdi Sozialista (gaztelaniaz Partido Socialista Obrero Español PSOE) Espainiako alderdi politikoa da. 1879ko maiatzaren 2an Pablo Iglesias langileak Madrilen sortu zuen.

Egoitza federal nagusia Madrilgo Ferraz kalean du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pablo Iglesiasek, Antonio García Quejidok eta Matías Gómezek, besteren artean, 1879an sortu zuten espainiar erakunde politikoa. El Socialista aldizkariaren sorrerak (1886) eta UGT sindikatuarenak (1888) indartu zuten alderdiaren hasierako ibilbidea. Batzorde nazionaleko lehendakari Iglesias aukeratu ondoren, gauzatu zen alderdiaren oinarrizko jokabidea: langileen errebindikazioak bultzatzea, hauteskundeetan parte hartzea, alderdi burgesen, baita errepublikanoen ere, kontra jardutea etab.

Bartzelonako 1909ko matxinadaren eta Lehen Mundu Gerraren ondorioz, errepublikazale eta anarkistengana hurbildu zen PSOE. III. Internazionalean, alderdiko gehiengoak Internazionalaren kide izateari uko egin zion; hala, PSOEtik alde egin zuen talde handi batek, eta PCE alderdia sortu zuten. Hurrengo urteetan, Primo de Riveraren diktadura garaian, alderdiak garai hartan zuen krisia gainditu nahiz, lankidetzaren alde jokatu zuen, eta hala gobernuan ere parte hartu zuen. Horren ondorioz, ez komunistek ez anarkistek zuten indarra lortu zuen PSOEk; asko hazi zen garai hartan, nekazari giroan batez ere. Besteiro eta Largo Caballeroren lehendakaritzapean, gobernu errepublikanoetan parte hartu zuen, eta arrakasta handia izan zuen 1936ko hauteskundeetan, Frente Popular koalizioaren baitan.

Felipe González, 1982 eta 1996 bitarteko Espainiako lehendakaria.

Alderdi barneko arazo ideologikoak Gerra Zibilaren amaieran areagotu ziren (1939) eta Tolosako eta Suresnesko biltzarretan (1972 eta 1974) buruzagi historiko batzuek dimisioa eman zuten (Rodolfo Llopisena, besteak beste). Horrekin batera, talde berri batek, Espainian egoitza zuenak, beretu zuen alderdiaren agintaritza (Felipe González, idazkari orokor izendatu zutena, Alfonso Guerra, P. Castellanos). Franco hil (1975) eta alderdia legeztatu zenean, 1977 eta 1979ko hauteskundeetan parte hartu zuen, eta oposizioko talde nagusi bihurtu zen.

1979an, PCErekin batera, arrakasta handia izan zuen Espainiako hiri handietan, eta, marxismoa baztertuta, 1982an garaipen handia, gehiengo absolutua, lortu zuen hauteskunde orokorretan; Felipe González izan zen beraz Gobernuko Lehendakari. 1986ko hauteskunde orokorretan, berriz ere lortu zuen gehiengo absolutua, eta Felipe Gonzálezek jarraitu zuen gobernuburu. Hurrengo urteko udaletako, autonomia erkidegoetako eta Europako legebiltzarreko hauteskundeetan, ordea, jaitsiera izan zuten. Ekonomia eta hezkuntza alorreko politikan batez ere izan ditu kritika handienak; bide horretatik, UGT sindikatua, hasiera-hasieratik PSOEren aldeko izan zena, argi eta garbi jarri zen alderdiaren kontra.

1989 eta 1991eko hauteskundeetan botoak galtzen segitu zuen PSOEk; baina, hala ere, boto gehien zituen alderdia izaten jarraitu zuen. Bestalde, arazo handiak izan zituen urte horietan, alderdi barneko joerak zirela eta.

2014ko abenduaren 1ean, PSOE lan-astea 35 ordura murriztearen aurka eta erretiro adina 67 urtera luzatzearen alde agertu zen[1].

PSOEren programa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Kontuan hartuta oraingo gizartearen oinarri bakarra klaseen arteko kontrakortasuna dela; gure egunetan kontrakortasun horrek jadanik goia jo duela, argi eta garbi ikusten denez gero eta gutxiago direlako aberats-aberatsak eta beti handitzen hari delako behartsu-behartsuen multzoa; aberatsek pobreak esplotatzeko arrazoi bakarra haiek lurra, makinak eta gainerako lantresnen jabe izatea dela; jabetza hori aginte politikoari esker ziurtatuta daukatela, gaur egun agintea zapaltzailearen, hau da, erdiko klasearen esku dagoelako; (...).

Arrazoi guztiok direla eta, Espainiako Langile Alderdi Alderdi Sozialistak adierazten du bere helburua zera dela: Klaseak indargabetzea, hau da, langileen emantzipazio osoa. Norbanakoaren jabetza jabetza sozial edo gizarte osoarena bihurtzea. Langileen klaseak edukitzea aginte politikoa.

Eta helburu hori betetzera hubiltzeko berehalako bitartekoak hurrengoak: askatasun politikoak. Koaliziorako eskubidea edo grebak legezkoak izatea. (Lan) Orduak gutxitzea. Bederatzi urtetik beherako umeek lan egitea galaraztea. (...) Langileen bizitza eta osasuna babesteko legeak (...). Zaintzeko batzordeak sortzea, beharginek aukeratuta, bizi diren gelak, meategiak, lantegi eta tailerrak ikusteko (...) Lehen eta bigarren hezkuntzarako doaneko eskolak eta lanbide eskolak sortzea (...) Arma zerbitzua derrigorrez eta denentzat edo herri milizia (...) Estatuak garraio eta zirkulazio bide guztiak bere gain hartzea, baita meategiak, basoak, eta abar eta abar (...)".

Madril, 1879ko uztailak 9.

Lurralde federazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Espainiako Langile Alderdi Sozialista Aldatu lotura Wikidatan