Pablo González Yagüe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pablo González Yagüe

Bizitza
JaiotzaMosku1982ko apirilaren 28a (41 urte)
Herrialdea Bizkaia
BizilekuaNabarniz
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakkazetaria
Enplegatzailea(k)La Sexta
Gara
Público

Twitter: PabVis Edit the value on Wikidata

Pablo González Yagüe jaio zenean Pavel Rubtsov (Mosku, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, 1982ko apirilaren 28a) kazetaria eta politologoa da. Errusian jaioa, euskal jatorria du. La Sexta telebista kateko eta Gara eta Público egunkarietako kolaboratzailea da. Bizkaiko Nabarniz herria du bizileku.[1]

Aditua da Ekialdeko Europako gatazketan berriemaile berezia izan da Ukrainako eta Karabakh Garaiko gerretan.[2]

Errusiako Gobernuarentzat espioitza lanak egiten dituela egotzita, Polonian preso daukate 2022ko otsailaren 28az geroztik, bakartuta eta tortura psikologikoaren pean, Pabloren aurkako inongo frogarik erakutsi gabe eta epaiketa egiteko datarik zehaztu gabe. Pablok nazionalitate bikoitza du, Espainiakoa eta Errusiakoa, baina Espainiak eta Europar Batasunak ez dute ezer egin giza eskubideen eta prentsa askatasunaren aurkako urraketa horren aurka.[3]

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982an jaio zen Moskun.[4] Haren aitona Errusiako umeetako bat izan zen; 1936an piztu zen Espainiako Gerra Zibilagatik Euskal Herritik Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera ihes egin behar zuten haurretako bat, alegia.[1]

Gonzalez aditua da Europako Ekialdeko herrialdeen historian eta politikagintzan, eta eskarmentu handia du munduko alderdi hartako gatazketan. Hori dela eta, Euskal Herriko eta Espainiako hedabide ugarirentzat lan egin du.

Gonzalez Nabarnizen bizi da, bere bikotekide Oihana Goirienarekin eta bikotearen hiru semeekin (Pablo atxilotu zutenean, 14, 9 eta 7 urte zituzten).[5][3]

Aleksey Rubtsov eta Pavel Rubtsov ezizenak ere izan ditu. Rubtsov bere aita errusiarraren abizena da. Bere gurasoak banatu zirenean, Pablok amaren abizena hartu eta bere izena gaztelaniaratu zuen.[6]

Atxilotua izan baino lehenagotik, zelatatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxilotua izan baino hilabete lehenago, Donbassen kazetari lanetan ari zela, Ukrainako zerbitzu sekretuen dei bat jaso zuen. Lehenbailehen Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin ziezaioten. Públicok zabaldu zuenez, galdeketa horretan «errusiazaletzat» jo zuten Gonzalez, Gararentzat lan egin izana egotzi zioten, eta susmagarritzat hartu zuten, Laboral Kutxako kreditu txartel bat izateagatik. Errusieraz ondo jakiteak eta inguruaz zuen ezagutzak ere sorrarazi zizkieten susmoak zerbitzu sekretuei, hedabide horren arabera. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera «gonbidatu» zuten, nahiz eta kanporatze agindurik ez zioten ezarri.

Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxeetara joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazio eske. Horren berri izatean, Boyek Gonzalezi lehenbailehen Espainiako Estatura itzultzeko eskatu zion, abokatuak BERRIAri adierazi zionez. Etorri zenean, baina, inork ez zuen harengana jo. «Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko», gehitu zuen abokatuak.[7]

Polonian preso[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ukrainako inbasioaren berri-emaile lanetan ari zela, 2022ko otsailaren 28an Poloniako kontraespioitza zerbitzuek atxilotu eta espetxeratu zuten Errusiako Gobernuko inteligentzia zerbitzuentzat lan egitea egotzita.[1] Harrezkero preso da Rzeszów hirian. Poloniak jakinarazi zuen litekeena zela zenbait hilabete igarotzea epaiketa egin arte.[8]

2022ko matxoaren 10an Europako Kontseiluak Pablo Gonzalezen atxiloketa salatu zuen.[9] eta bi egun lehenago Eusko Jaurlaritzak epaiketa «justu eta azkar bat» eskatu zuen Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarrarentzat.[2]

Euskal PEN klubak eskatu zuen gerra ez erabiltzeko adierazpen askatasuna murrizteko eta PENeko ordezkaria den Urtzi Urrutikoetxeak adierazi zuen Ukrainako kideekin harremanetan zeudela, eta, besteak beste, Polonian atxilotuta dagoen Pablo Gonzalez kazetari euskal herritarra gogoratu zuen.[10]

Atxiloaldia luzatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloaldia luzatzeko eskatu zuten maiatzaren 16an Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek. Eskaera egin ondotik, epaileek zazpi eguneko epemuga zuten eskaera aztertu eta erabaki bat hartzeko. Azkenean, Poloniako Przemyślgo eskualdeko auzitegiak onartu egin du fiskaltzaren eskaera, eta, hala, Pablo Gonzalez kazetariak beste hiru hilabetez egon beharko du atxiloaldian eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egiteko aukerarik izan gabe.[11]

Konfiantzako abokaturik gabe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pablo Gonzalez kazetariaren Gonzalo Boye abokatuak sareetan zabaldu zuenez, Poloniak ofiziozko abokatu bat ezarri dio kazetariari. Hala ere, Boyek salatu du abokatu horrekin harremanetan jartzen saiatu zirela Poloniako agintariek helarazi zizkioten datuekin, baina ezinezkoa zela abokatuarekin kontaktatzea.[8]

Espainiak Polonian duen kontsulak Gonzalezekin hitz egin zuen eta, horri esker, senideek bazekiten kazetaria ondo zegoela «animoz eta osasunez»; baina hamahiru egun igaro ostean Gonzalezek bere abokatuarekin hitz egin ez izana ez dator bat Europako Batasunean ustez indarrean dauden oinarri demokratikoekin.

«Kontsula astelehen goizean egon zen harekin, eta niri astelehen arratsaldean eman zidaten horren berri», azaldu zuen Gonzalezen bikotekide Oihana Goirienak: «Geroztik ez dugu albiste gehiago izan. Ez da beste inorekin egon. Abokatuarekin kontaktuan nago egunero, eta ez dit ezeren berririk eman».[12]

2022ko martxoaren 23an Poloniak ohar bat bidali zion kazetariaren bikotekideari. Hartan, jakinarazi zioten Gonzalez maiatzaren 29ra arte egongo zela kartzelan, Rzeszóweko eskualdeko auzitegiak aginduta. Haren aurkako «frogak» zeudela zioen gutunak, baina ez zuen haien berri ematen.

Kazetaria aipatzeko, Pavel Rubtsov eta Aleksei Rubtsov izenak ere erabiltzen zituen gutunak. Haiek, senideen arabera, Gonzalezek errusiar pasaportean duen deitura eta haren aitarena dira, hurrenez hurren. Izan ere, haren gurasoak banatzearekin hartu zuen Pablo Gonzalez deitura —errusiar izenaren itzulpena eta amaren abizena dira—, baina haiek ez zituen aldatu errusiar dokumentazioan. Hala, ingurukoen kezka zen haren aurkako ustezko frogen artean egotea identitate ezberdinak dituelako ustea.

Polonia zuzenean senideekin harremanetan jarri zen lehen aldia izan zen. Halere, kazetariak oraindik ez zuen Boyerekin eta senitartekoekin hitz egiterik izan. Hura ikusi duen bakarra Espainiak herrialde hartan zuen kontsula da. Martxoaren 7an izan zen espetxean, eta Gonzalez «animoz eta osasunez» ondo dagoela adierazi zuen, baita errugabea dela irmo defendatu zuela ere.

Bere herriaren laguntasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik Nabarnizko herriak bere babesa eta elkartasuna erakutsi dio. Besteak beste martxoaren 6an Nabarnizeko plaza lepo bete zen euripean eta, bukatzeko, txalo zaparrada egin zuten Pablo Gonzalezen askatasunaren alde. Frontoia inauguratu zen egunetik ez zuten hainbeste jende ikusten Busturialdeko herri honetan (260 biztanle). Udalean ordezkaritza duten bi taldeek (EH Bildu eta EAJ) aho batez onartutako ekitaldia egin zen igande eguerdi horretan, hainbat komunikabiderekin batera.[13]

Kazetari eta hedabide batzuen laguntasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko martxoaren 4an Berriako langile batzordeak ohar kaleratu zuen Pablo Gonzalez kazetariaren egoeraren inguruan. BERRIAko langile batzordeak, hori ikusirik, Gonzalez «berehala» askatzeko eskatu zuen, eta «elkartasun eta babes osoa» agertu nahi izan zien haren gertuko guztiei. Hauxe zioen oharrak:[14]

« Pablo Gonzalez kazetaria behin-behinean espetxeratu dute Rzeszówen (Polonia), 'espioitza delitua' egotzita. Hori ikusirik, BERRIAko langile batzordeak zera adierazi nahi du:

1. Gonzalez berehala askatzeko eskatzen du, eta elkartasun eta babes osoa agertu nahi die haren gertuko guztiei.

2. Kazetarien lana, kasu honetan Pablo Gonzalezena, ezinbestekoa izaten ari da Ukrainako gerraren berri zuzena izateko. Hura atxilotzeak eta espetxeratzeak Gonzalezen giza eskubideak urratzen ditu, baina, horrez gain, eraso egiten die prentsa askatasunari eta herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubideari.

3. Kezkagarria iruditzen zaigu Gonzalezen aurka akusazio larriak egitea —espioitza delitua egoztea—, eta kezkagarriak, era barean, haren atxiloketaren inguruan zabaldu diren informazioak. Kazetari baten sorterria, lan egiten duen hedabidea, bere hizkuntz gaitasunak edo heziketa akademikoa ezin da inolaz ere argudio izan inor galdekatu, atxilotu eta espetxeratzeko».

»

2022ko apirilaren 5ean Pablo Gonzalez kazetaria «berehala aske uzteko» eskatu zuten zenbait kazetari eta herri komunikabidek.

Erakundeei eskatu zieten eragiteko, «frogatu delako presio diplomatikoa eraginkorra izan daitekeela». Babesa agertu zieten senideei eta lagunei.

Erakundeei eta Gonzalezen askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu diete kazetaria «lehenbailehen etxera ekartzeko» lanean hasteko. «Askotan frogatu da presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela, horretarako egiazko indarra jartzen denean. Ziur gaude hala izango litzatekeela Pablo Errusian atxilotu izan balute», adierazi dute. Informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela ekarri dute gogora.

Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Hala Bedi irratia, Ahotsa.info, Argia, Radio France eta Arabako Alea-ko hainbat kazetari. Testuaren bitartez, elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete kazetariari eta haren senideei eta lagunei, eta berehala aske uzteko eskatu dute.

«Gerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko», azaldu dute sinatzaileek. Hala ere, gogoratu dute gerra guztietan bezala, «kazetariak ere helburu militar» bihurtzen dituztela. Lekuko deserosoak direlako eraso egiten dietela uste dute, «informazio askatasuna urratuz». Are, kezkagarritzat jo dituzte ere Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen «Europako Batasunaren deriba autoritarioa», eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak.[15]

40. urtebetetzea kartzelan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko apirilaren 28an Pablo Gonzalezek 40 urte bete zituenean efemeridea aprobetxatu zuten bere lankideek, lagunek eta senideek kazetariaren egoera salatzeko beste bideo bat argitaratzeko.

Aurreko astean jakin zen Pablo Varsoviatik hurbilago dagoen kartzela batera eraman zutela, bere defentsarako behar zuen laguntza kontsularra errazteko. Era berean, berak aukeratutako abokatu poloniar bat zeukan, jada; aurrez Poloniako Fiskaltzak ezarritako ofiziozko bi abokatu zituen. Hala ere, Free Pablo Gonzalez plataformak prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuenez, "Gonzalo Boye Pabloren abokatua ezin izan da oraindik berarekin harremanetan jarri".

Plataformatik salatu zutenez, "Europako Batasunean aurrekaririk ez duen kasua da, baina komunikabide handietan ia ez du eraginik izan". Horien arabera, Poloniak Pabloren aurka dituen frogak "zirkunstantzialak dira gaur egun, eta errusiar jatorriarekin lotuta daude".

Era berean, salatu zuten Espainiako Gobernuak Pabloren egoerari buruzko jarrera "epela" erakutsi zuela bi hilabete hauetan. Horrek, ziotenez, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari "jaramonik ez egiteko aukera" ematen dio Poloniari.

Change.org plataformaren bidez egindako sinadura-bilketak 6.000 babes baino gehiago jaso zituela jakinarazi zuen.[16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Hermosilla, Gotzon. (2022-03-12). «Pablo Gonzalezek ez du hitz egin abokatuarekin oraino, eta 13 egun dira preso dela» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-20).
  2. a b https://www.berria.eus/albisteak/210532/eusko-jaurlaritzak-epaiketa-justua-eskatu-du-pablo-gonzalezentzat.htm
  3. a b Letona Biteri, Xabier. «Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian» Argia 2024-02-28 (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  4. (Gaztelaniaz) Velasco, Marina. (2022-03-19). «El “insólito” caso de Pablo González, el periodista español acusado de espía ruso» Huffington Post (Noiz kontsultatua: 2022-03-20).
  5. (Gaztelaniaz) https://www.publico.es/politica/esposa-pablo-gonzalez-esto-pelicula-terror-traigan.html
  6. (Gaztelaniaz) https://www.huffingtonpost.es/entry/el-periodista-pablo-gonzalez-seguira-encarcelado-en-polonia-al-menos-hasta-el-29-de-mayo_es_623b5509e4b0c727d486cad6
  7. https://www.berria.eus/albisteak/211223/behin-behineko-espetxealdia-ezarri-diote-pablo-gonzalez-kazetariari.htm
  8. a b https://www.berria.eus/paperekoa/2070/005/001/2022-03-17/pablo-gonzalezi-ofiziozko-abokatu-bat-ezarri-diote.htm
  9. https://www.berria.eus/albisteak/210621/europako-kontseiluak-pablo-gonzalezen-atxiloketa-salatu-du.htm
  10. https://www.berria.eus/albisteak/210293/euskal-pen-klubak-eskatu-du-gerra-ez-erabiltzeko-adierazpen-askatasuna-murrizteko.htm
  11. https://www.berria.eus/albisteak/213854/hiru-hilabetez-luzatu-diote-espetxealdia-pablo-gonzalezi.htm
  12. https://www.berria.eus/paperekoa/1833/006/001/2022-03-12/pablo-gonzalezek-ez-du-hitz-egin-abokatuarekin-oraino-eta-13-egun-dira-preso-dela.htm
  13. https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220306/nabarnizek-pablo-gonzalezen-askatasuna-eskatu-du-kazetaritza-ez-delako-delitua
  14. https://www.berria.eus/albisteak/210371/pablo-gonzalez-berehala-askatzeko-eskatu-du-berriako-langile-batzordeak.htm
  15. https://www.berria.eus/albisteak/211813/pablo-gonzalez-kazetaria-berehala-aske-uzteko-eskatu-dute-zenbait-kazetari-eta-herri-komunikabidek.htm
  16. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/8816462/pablo-gonzalezek-40-urte-bete-ditu-gaur-polonian-bi-hilabete-inkomunikatuta-daramatzan-egunean/

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]